Home

ekerraldea

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Azkottiko zakelak

Irakurketarekin hasi aurretik zenbait gauza azaltzea gustatuko litzaidake. Lehenik eta behin, hau idaztera butzatu nauena gaur egun euskarak jasaten duen despolitizazio basatia eta ematen zaion balio folklorikoa izan da, bestetik sektore kontzienteetatik batzuetan jasaten duen indiferentzia eta azkenik, eztabaida behingoz mahaigaineratzeko gogoa. Esan nahiko nuke, euskara taldeko militante naizen arren, hau guztiz hausnarketa pertsonala dela, ez daukadala egi absolutua, eta noski taldean ez dagoela pentsaera homogeneo bat, lehen esan bezala horixe da xedea, hau irakurtzen duen orori zer pentsatu ematea eta gai honen inguruan ahal den hein handienean eztabaidatuz formatzea.

Zifra zehatza ematea zaila den arren, Ethnologue -n arabera gaur egun bizirik dirauten hizkuntzak gutxigora – behera 7.097 dira. Hauetatik gehiengoak, 100.000 hiztun baino gutxiago dauzkate eta badirudi azken ikerketek diotenez 2100. urtean hizkuntza hauen erdiak desagertu egingo direla. Fenomeno hau linguizidoa izango da, hizkuntza eta kulturen ezabaketa sistematikoa. Astero munduan, hizkuntza bat hiltzen da, mila faktorek eragin dezakete hizkuntza hauen galeran, gehiengoetan zapalkuntzaren ondorioa izan ohi dira eta zapaltzeko arrazoi nagusia sistema kapitalista honetako botere inperialisten hizkuntzen imposaketa da.

Gureari eutsiz, Euskarak 700.000 hiztun inguru ditu, munduko hizkuntza gehienek dituztenen baino hiztun gehiago. Euskararen egoera ordea ezin da esan ona denik. Euskal Herria eremu geopolitiko oso deserosoan dago hizkuntzari dagokionez, erregimen española eta erregimen jakobinoa ditu mugakide, eta bietako hizkuntza ofizialak hizkuntza hegemonikoak dira, batetik española 517,824,310 hiztunekin eta bestetik frantsesa, 229,217,640 hiztunekin. Hau honela, Euskal Herria, frantziar eta espainiar estatu inperialisten menpe egonik, nazio zapaldu eta kolonia garen heinean, hizkuntza zapalkuntza sistematikoa da. Urte luzeetan, bi estatu zapaltzaile hauen nazio, kultura eta hizkuntza asimilazioa jasaten ari gara, eta honek eragin nabarmena izan du. Herri bezala pairatzen dugun asimilazio eta errepresioak, Euskal Herriaren zatitzea eta euskal nazio askapenerako mugimendua ahultzea izan du eta dauka helburu.

Euskara betidanik izan da gurean borroka gai eta euskararen aldarria urte luzez herri honen askapenerako subjektua izan da. Azken urteotan, erregimen espainol zein frantsesak, baina batez ere PNV eta Eusko Jurlaritzak, hizkuntzaren normalizazioa eta egoera ona saldu nahi izan digute. Badirudi, euskal herritarren gehiengo batek sinetsi egin duela, izan ere, euskararen aldeko aldarria ezkutatu egin da gizartetik.

Egungo globalizazio egoera honetan, hizkuntza txikiek ez dute lekurik sistema kapitalistan. Honek, gastu txikienarekin ahalik eta kapital gehien metatzeko printzipioa jarraiki, proletalgoan hizkuntza homogeneo bera ezartzeko trikimailu guztiak darabilzki, ikus-entzunezko plataformak azpimarratuz. Euskal burgesiak deslokalizazioa eta beste hainbat erasoren bitartez herria saldu zuenean, saldu zuen herriaren hizkuntza ere, hizkuntzak zein herriak elkar elikatzen dutelako. Hemen sortu ziren enpresa askok patrikak betetzen dituzte Asia inguruan zapaldutako langileen odolarekin eta bertako langileria lanik gabe lagata. Ulertuko duzuen bezala, euskal burgesiari ez zaio axola interes kapitalengatik trukean herria, hizkuntza eta esku artean duen guztia saltzea. Aurrez salatu bezala, enpresen munduak hizkuntza hegemonikoetan jarduten baitu.

Nahi ala ez, ez da kasualitatea hezkuntzan bigarren hizkuntzatzat aukeretan ingelesa, frantsesa, alemaniera, … eta gisako hizkuntza handiak izatea. Ezagutzaren izenean peoi kualifikatu bilakatzen gaituzte, etorkizunean esplotatzeko prestatuta izango duten langileriatzat. Honekin ez dut esan nahi hizkuntza bat ikastea gaizki dagoenik, are gutxiago, hizkuntza bat ikastea hegemonikoa ala gutxitua, guztiz aberasgarria da, herri eta kultura askoren ateak zabaltzen dituelako, honekin esan nahi dudana da, inork ez dugula erabaki ingelesa ikastea, sinestarazi digutela beharrezkoa dela, gero euren interesei serbitzeko eta sistema hau birproduzitzeko besterik ez denean izango.

Honi jarraituz, iruditzen zait euskararen auzia gaur egun klase – borrokaren baitan ulertu behar dugula, euskal burgesiak euskal langileriaren hizkuntza bera jakin arren, badakielako berau noiz erabili dauzkaten interesen arabera. Dinamika euskalzale guztiak herritik eta herriarentzat sortuak izan dira historian zehar, esaterako hor ditugu, ikastolen mugimendua, korrika (aipatzekoa aurtengo abestiaren despolitizazio) , Euskal Herrian Euskaraz, … Baina orain, normalizazio artifizialaren garaian badirudi dinamika guztiak instituzioetatik ari direla irteten, azkenengo kasua, txantxangorriena dugu. Dinamika hauen helburua ez da euskara normalizatzea, ezta urrik eman ere, dinamika hauen helburua euskal jendarteari sinestaraztea da euskararen auzia irabazitako gudu bat dela. Egoera normalizatuta dagoela saltzea. Zoritxarrez, mezua ongi barneratu dela dirudi eta euskaren aldeko borroka bigarren plano batera pasa dela ukaezina da.

Sektore kontzienteei eta militantziari dagokionez ere, gudu honen sustengua gero eta txikiagoa da, gure artean normaltzat jotzen ditugu batzuetan erdarazko erlazioak, bai eremu formaletan, asanbladetan esaterako, bai eta, eremu informaletan ere, tabernan, lantegian, eskolan, … Nahiz eta hau, inkontzienteki egin, hausnarketa sakon baten beharrean gaude. UEMA -ren azken datuen arabera ezagupena gora doan arren eremu erdaldunetan, zorioneko berria dena, erabilera beheraka doa eta batik – bat eremu euskaldunetan.Nahiz eta, euskaraz geroz eta gehiago dakigun , geroz eta gutxiago erabiltzen dugu, eta ezagupenak ez du hizkuntza bat bizirauten, erabilerak baizik.

Gure helburua herri aske sozialista, feminista eta euskalduna bada, argi dago gertuen euskaldunetik dagoela, horrek bidea nolako gogorra izango den isladatzen digu, euskaldunetik baitago gertuen eta herri euskalduna urrunegi baitago. Horregatik hartu behar da euskara subjektu iraultzaile bezala, borrokatzeko asko dagoelako eta borroka ez delako euskararen egunean bertso poteoak antolatzea.

Garrantzitsua iruditzen zait euskaldunon harrotasun ezaren eta jada barneratuegi ditugun tabuei buruz ere hitz egitea. Horietako bat inposaketa da, noiztik da inposaketa herrialde bateko hizkuntza herrialde bertan irakastea? Herrialde potentzietan irakaspena izan den bitartean eta betebeharra, herrialde zapalduetan inposaketa eta pertsonaletik gutxi daukan aukera pertsonala izan da. Askok pentsatuko duzue, herri euskaldun baten bizi naizelako ari naizela hau horrela idazten eta izan liteke. Hala ere, uler dezaket herri ez – euskaldunetan bizi diren euskaltzaleen egoera eta dudarik gabe, nirea baino latzagoa izango da, honek ez du esan nahi ordea lotsa alde batera utzi eta jarrera irmo bat hartu behar ez denik.

Garaiotan bizi garen sistema kapitalista eta heteropatriarkalean, aurrez idatzitako dogma batzuk zuzenki egotzi eta birproduzitzera bultzatu gaituzte, hala ere, ez diogu inoiz utzi sistema sozialista eta jendarte feminista baten aldeko borrokari. Esklabu nahi gaituen sistema hau ordea, askotan ahaztu egiten zaigu erdalduna dela, zer dela eta noiz utzi genion jendarte euskaldun baten bizitzeko gogoari? Euskara, berriro ere nazio askapeneko lehen lerrora ekartzea ezinbestekoa da. Nazio nortasuna maila baxuan dagoen une honetan, euskara da berau berpizteko erraminta nagusia. Kalean, etxean zein militantzian, klase, genero eta arraza zapalkuntzak salatzen ditugun bezala, hizkuntza zanpaketa salatzea beharrezkoa da.

Bukatzeko, hamaika aldiz esan dudan bezala, ez dezagun ahaztu normalizazioaren haizatzea arlo guztietan gezurra izaten dela, emakume eta gizonak berdintasunean bizi direla esatea bezalako astakeria da euskara normalizatuta dagoela esatea. Erabili dezagun euskara subjektu iraultzailea balitz bezala, har dezagun nazio askapenerako instrumentutzat eta urrun dezagun folklorea politikatik. Astindu ditzagun mailua, igitaia eta mihia!

EUSKAL HERRI EUSKALDUNA IRABAZTEKO EGUNA!

2 thoughts on “Euskara, langile batasuna eta nazio askapena

  1. Aupa! Banoa mamitsua izan daitekeen eztabaida bat hastera, edo nik behintzat, auzi honekiko horren beharra daukat.

    Hasteko, artikulua gainditzeko modukoa iruditu zaidala (azkenaldian behar nuen hausnarketan murgiltzen delako, baina nire ustez, asko garatu gabe) argi utzi nahi dut eta zenbait gauza kritikatuko baditut ere, gai honekiko orokorrean egiten diren irakurketen ondoan txalogarria dela.

    Azkenaldian generoaren edota naturaren ustiapenaren auzia klase ikuspegi batetik konfrontatzeko moduaren inguruan asko jaso dugu blog honetan eta eztabaida politikorako beste espazio batzuetan. Baina euskararen gaian horren hutsunea sumatu dut nik. Hori dela eta, ”Honi jarraituz, iruditzen zait euskararen auzia gaur egun klase – borrokaren baitan ulertu behar dugula […]” irakurtzean, poztu naiz ni ere hausnarketa horren bueltan ari bainintzen azkenaldan.

    Hala ere, iruditu zait gaia klase borrokaren baitan planteatzeak suposatzen duenera ez duela hurbilpen handirik egiten artikuluak, instituzioen kanpainen aurreko jarreraz haratago. Zentzu horretan, hirugarren paragrafoa ez zait asko gustatu. Ez dut uste gakoa euskararen egoeran (parametro burgesetan neurtua) dagoenik, hiztun kopuruan eta holakoetan. Nire ustez, gakoa honakoa da zergatik hitz egin behar dugu euskaraz? (Azkoitian agian, erantzunak ez dauka zailtasun handirik, baina zergatik tematu Erriberara euskara eramaten?) Horri erantzuteko hizkuntzek munduan dauden bi klase antagonikoen artean jokatzen duten papera aztertu beharra dago.

    Alde horretatik, oso ongi egiten duzu zuk analisia. Klase zapaltzaileak esplotazioa eta beraz, kapital metaketa planteatzeko planteatzeko patroi bakarra nahi du eta horregatik gizarte homogeneoak sortzea da bere helburua: hizkuntza bakarra edo gutxi batzuk, elikadura berdina, janzkera, zinema, musika, telesailak… Beste era batera esanda, esplotazioa ehunka hizkuntzera itzultzeko lana aurreztea da kapitalaren asmoa. Horregatik, euskara horren aurreko erresistentzia gisa ulertzea dagokigu euskal langileoi. Beraz, hizkuntza tresna (eta ez subjektu) iraultzaile gisa hartu eta eduki iraultzailez jantzi beharra dugu.

    Horrek esan nahi du ezin dugula egungo euskalgintzak nahi duen bezala, espazio guztiak euskaldundu. Ezin ditugu esplotazioan oinarrituriko espazioak euskaldundu, enpresa multinazionalak, eta abar; ezin dugu alienaziorako sorturiko kultura euskaldundu (Huntza, Gu ta gutarrak, Go!azen…). Nire ustez, klase zapalketaren erreprodukzioa gaztelera, frantsesa eta ingelesarekin lotu behar dugu eta klase zapalketaren dinamikak atzean uzteko aurrerapausuak emango duen edozer euskararekin.

    Gustatuko litzaidake jendeak nire proposamen txatxu hau kritikatzea. Izan ere, ez dago batere garatua eta oso tresna teoriko gutxirekin planteatzen dut, nahiko era instintiboan. Hala ere, espero dut eztabaidarako balio izango duela.

  2. barkatu berriz irakurri dut iruzkina eta gainditzearen espresioa ez zait batere gustatu; ez dakit nola bururatu zaidan hori idaztea. Adierazi nahi nuena da zenbait kontu kritikatzera nindoan arren, orokorrean ona iruditu zaidala artikulua.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s