Home

argazki_1_content

http://uztarria.eus

Egitasmoa Elkar-ekinek eta Astinduk antolatu dute, eta Azpeitian eta Zestoan egingo dute, 20:00etatik 20:15era bitartean. “Arazo global” horren aurrean, maila lokalean “lan egitearen beharra” azpimarratu dute antolatzaileek.

Elkar-ekinek eta Zestoako Astinduk argi itzaltzea deitu dute martxoaren 15erako, “elektrizitate enpresa handien gehiegikeriei aurre egiteko”. Egitasmoa Azpeitian eta Zestoan egingo dute, egun berean, 20:00etatik 20:15era bitartean.

Elkar-ekinek eta Astinduk esan dutenez, “ezin dugu onartu energiari loturiko enpresa handi batzuk sekulako irabaziak izaten ari diren honetan, herritar asko, tartean haurrak, hotzak igarotzen egotea”. Bestalde, gogoratu dute, azken urteetan argindarraren prezioa % 60 baino gehiago igo dutela, eta azpimarratu dute, bitartean horretan Iberdrolak “2000 miloi eurotik gorako irabazi garbiak” atera zituela 2016ko urtarriletik irailera.

“Arazo global” horren aurrean, maila lokalean “lan egitearen beharra” azpimarratu dute Elkar-ekinek eta Astinduk, eta esan dute energiaren inguruko gogoeta sakona egitea garrantzitsua iruditzen zaiela bi arlotan: ekoizpenaren inguruan zein kontsumo ereduaren inguruan. “Gure bizitzeko moduari begirada kritiko bat ematea ere ondo etorriko litzaiguke”, esan dute. Horrez gain, Elkar-ekinen eta Astinduren apustua energia berriztagarrien aldekoa dela azpimarratu dute.

Bi taldeek idatzi duten oharra, hemen, osorik:

“Martxoak 15, batu indarrak eta itzali argiak”

Negu betean gaude, eta urtero bezala asko dira elektrizitatearen fakturari aurre egin ezinik aurkitzen diren herritarrak, edota hori ordaintzeko ezintasunaz jakitun etxeetan hotza igarotzen ari direnak. Ezin dugu onartu energiari loturiko enpresa handi batzuk sekulako irabaziak izaten ari diren honetan, herritar asko, tartean haurrak, hotzak igarotzen egotea.

Azken urte hauetan argindarraren prezioa % 60 baino gehiago igo dute. Bitartean, 2016ko urtarriletik irailera 2000 miloi eurotik gorako irabazi garbiak aterata zituen Iberdrolak. Txanpon beraren beste aurpegian, urteko hilabeterik hotzenetan norberaren etxea tenperatura egoki batean mantentzeko arazoak dituzten pertsonak 300.000tik gora dira hego Euskal Herrian, 2008an zeuden pertsonen bikoitza.

Hau ikusita, energiarena bezalako sektoreak enpresa pribatuen esku egotearen aurka gaude. Zergatik dira beraienak naturak eskaintzen dituen energia iturriak? Nork eta noiz eman zizkien?

80. hamarkadatik espainiar estatuan 120tik gora enpresa publiko pribatizatu dira. Felipe Gonzalezen garaian Endesa, Repsol, Argentaria edo Telefonicaren pribatizazioei bide eman zitzaien, geroztik etenik izan ez duen bidea abiatuz. Argindar, gas, petrolio eta komunikazio enpresa handiak pribatizatu dituzte, gehienen interesen ondoan gutxiengo baten irabaziei bide emanez. Hori bai, Bankiaren kasuan bezala, ez dute arazorik izan zorrak nazionalizatzeko.

Erakunde politikoen jarrera ere salagarria da guztiz, egoera honekin amaitzeko neurri egokiak hartzera ausartu ez direlako. Baina honen zergatia ulertzea ez da batere zaila, kargu politiko handiak eta enpresa hauetako administrazio kontseiluak oso hurbil daudela argi erakusten duten adibideak asko ditugulako. Aurrez aipaturikoez gain gertuago dugu Josu Jon Imaz beraren kasua, Petronorren hasi eta gaur egun Repsoleko kontseilari delegatua dena hain zuzen.

Argi dago energiaren arazoa oso zabala dela. Iturri energetikoak kontrolatzeko nahiak sortzen ditu gerrak, zenbaezinak diren hildakoak eta errefuxiatuak eraginez. Nazioarteko politikan eragiteko gaitasun handia du sektore energetikoak, eta herrien aberastasuna neurtzeko aldagai garrantzitsua da erregai fosilen jabetza, hain zuzen, momentu honetan Errusia eta AEB ek Sirian duten lehiak erakusten digun bezala.

Eta ezin dugu ahaztu energia ekoizten duten enpresa hauek ingurugiroaren gain ere aberasten direla. Adibidez, Mexiko eta Brasilen Iberdrola eraikitzen ari den enpresak eta zentral hidroelektrikoak, eragin politiko, ekonomiko, sozial eta kultural handia dute bertako biztanlerian eta inguru naturalean; edo eta gertuago, berriro ireki nahi duten Garoñako zentral nuklearra, Fukushimakoak bezalako erreaktorea duena. Badakigu zer gertatuko litzatekeen leherketa kasuan, eta hala ere nahiago dute arriskatu eta Garoña irekitzea.

Ez gara gu izango arazo global hau irauliko dugunak, baina gure txikian, maila lokalean, lan egitearen beharra azpimarratu nahi dugu. Gure eremuan energiaren inguruko gogoeta sakona egitea garrantzitsua iruditzen zaigu, bai ekoizpenaren eta bai kontsumo ereduaren inguruan. Gure bizitzeko moduari begirada kritika bat ematea ere ondo etorriko litzaiguke.

Honekin batera, energia berriztagarrien aldeko apostua egin nahi dugu herritik hasita, jada abian daude proiektuak bultzatuz eta berriak sortzeko lan eginez.

Gaia konplexua da, esan dugun bezala. Baina herrian bertan aldaketarako gure aletxoa jartzen saiatuko gara herritarrekin elkarlanean.

Honela, martxoaren 15ean, 20:00etatik 20:15era arte, herrian ahalik eta argi gehien itzaltzeko deia luzatzen dugu. Ekimena Azpeitian eta Zestoan egingo dugu, Azpeitiko Elkar-ekin eta Zestoako Astindu taldeek deituta.

Energia enpresa handien gehiegikerien aurka.

Justizia energetikoaren alde.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s