Home

kartela-web1

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egileak: Lur Gil Rey eta Nahia Belloso Sancet, Askapenako kideak

Beste behin ere, herri borondatearen aurka, NATO praktika militarrak egiten ari da Bardeako tiro poligonoan. Zortzi egunez ariko dira gerra hegazkinak bonbak jaurtitzen, martxoaren 3ra arte, hain zuzen. Tamalez, egun hauetakoak ez dira aurtengo bakarrak izan. Iaz, gainera, II. Mundu Gerratik izandako maniobrarik bortitzenak ezagutu zituen gure lurrak, guztion lurrak, Francok Estatu Batuei eta NATOri eman zizkionak.

Maniobra hauek sortzen dituzten kalteak ikaragarriak dira: natur erreserba bat suntsitzea, kutsatzea, inguruko biztanleendako segurtasun eza, diru kopuru handien xahutzea… 1986ko martxoaren 12an Hego Euskal Herriak NATOri ezezkoa eman zion erreferendumean. Gainera, ezin dugu beste alde batera begiratu Siria, Libia edo Ukraina bonbardatzen dituzten bitartean, edo bertatik milaka errefuxiatu Europar Batasunaren mugetan geratzera kondenatuak direnean. Errudunak hemen ditugu, NATOren gerra inperialisten sorburua gure lurretan dagoelako.

Ezin dugu demokrazia ezaz, errefuxiatuen krisiaz, hildakoez, terrorismoaz, emakumeen aurkako jazarpenaz edo pobreziaz hitz egin NATO aipatu gabe. Izan ere, horren guztiaren sortzailea da demokrazia, giza eskubideak edo bakea bezalako hitzekin ahoak bete arren. Eta noski, ezin dugu horretaz guztiaz hitz egin Europar Batasuna aipatu gabe. Herrion burujabetza lapurtuz, miseriara kondenatzen baikaituzte europar elite ekonomiko eta politikoen interesen menpe, horretarako pertsonak gosez, hotzez edo balaz hil behar badituzte ere; Grezian gertatzen ari den bezala. Burujabetza galdu duen herrialde honetan, errefuxiatuak eta greziarrak eurak bizitza duinik gabe utzi dituzte, eta kaltetuenak, edozein herritan bezala, emakumeak gara berriz ere. Baina AEBk eta EBak Espainiari eskatu bezala, momentu honetan gastu militar altuena duen 5 herrialdeen artean dago Grezia.

Izan ere, NATO ez da agente militar hutsa, erabaki politikoak hartzen ditu. Argigarria da 2016ko NATOren Varsoviako Gailurrean Nazio Batuen Erakundeak eta Munduko Bankuak ere parte hartu izana, eta gailur horretan erabakitako guztia betetzen ari dira: Errusia eta Iran inguratu (tartean, Espainiak Letoniara bidaliko dituen soldaduak, edo Ukrainako gerra gogortzea), Latinoamerika kontrolpean utzi (IV. flotaren aktibazioa edo Kolonbiarekin egindako akordioak), eta Europa gotorleku militar bihurtu (Mediterraneoan eta Errusiarekin mugan harresi militarra sortzea).

Maiatzean gailur berri bat egingo du NATOk Bruselan, G7 taldea (Errusia eta Txina gabe) Sizilian beste gailur batean dagoen aldi berean. Makineria inperialista martxan dago; arlo politiko, ekonomiko eta militarrean indarra hartzen ari da Europako langileon egoera eta eskubideak larriki gogortzearekin batera. Inperialismoak Sirian jaso duen porrotaren ondoren (beste Libia, Irak edo Afganistan bat bilakatzea baitzen helburua) estrategia berria zehaztera datoz potentzia inperialistak, eta aurreko gerra guztietan gertatu den bezala, Bardeako poligonoan dauden mugimenduak fase berri baten iragarle dira.

Martxoaren 12an 31 urte beteko dira inperialismoaren parte izan nahi ez genuela erabaki genuenetik. Are gehiago, inperialismoaren aurka egingo genuela erabaki genuen, horregatik ari gara egunez egun Euskal Herri internazionalista eraikitzen. Eta lehentasun bilakatzen da, NATOri, EBari eta espainiar estatuari hortzak erakutsiz Bardeako poligonoa eraistea; hala erabaki genuen, eta erabaki horretan berresten gara gaurko internazionalistok.

Horregatik, antiinperialismotik, antimilitarismotik, feminismotik, ekologismotik, eta azken finean, behean eta ezkerrean gaudenon interesengatik, poligonoaren aurkako fronte komun bat eratzea ezinbestekoa da, 2018an Bardeak herriak berreskuratu ditzan eta inperialismoak sortutako ondorio horien konplize izateari utz diezaiogun.

Internazionalistak garelako, Bardeak libre nahi ditugu!

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s