Home

400-1488645527-m8-bf

Euskal Herriko  bilgune feminista

GURE KONDAIRA IDAZTEKO IDAZLUMA BAT

Bazen behin, Akelarreko sugarren artean hil zen Printze urdin bat. Hil zen. Bera bakarrik hil zen. Ez zuen inork erail. Printze urdinetan sinisten dutenek idatzitako ipuinetan, indarkeria matxistak erailtzen dituen erasotuak bezalaxe. Marierrauzkin izeneko esklabo bat ere bazen, dohainik lan egiteaz nekatuta, grebara joatea erabaki zuena eta baita Txanogorritxo esaten zioten laguna ere. Hala deitzen zioten, beti zeramalako buruberoki gorria aldamenean. Horrela hasten da gure istorioa, barrikadetara doazen printzesekin, inor beldurtzea gustuko ez duten otsoekin, gona daramaten gerlariekin eta siestatik esnatu nahi ez duten Loti Ederrekin.

Kondaira hori osatuz joan gara elkarren artean oso desberdinak garen idazleen artean, letraz letra, hitzez hitz, esaldiz esaldi, ipuin zaharrak irauli eta berriak sortuz. Saretuta, elkarlanean eta atsegin handiaz izan dira ehunduak, kafe eta infusio usain artean, taberna hartako mahai zaharrean, bilera lokalean, baserriko ezkaratzean zein kalean asmatu ditugun kontuak; eta hala egin dugu, bakoitzak bere jakintza esparrutik eraginda: feminismoa marraztu dute batzuek, besteek gidoia proposatu diguten bitartean eta praktika artistikoak maite dituztenek prestatu dute attrezzoa. Nekatuta daudenek, berriz, trankilago gozatuko dute obra handi hau, besaulkitik. Hemengoek eta hangoek egina, hemengo eta hangoentzako.

Hemengoentzat eta hangoentzat, azken finean denok gaudelako kondenatuta. Denok gaude borrokatzera kondenatuta. Guk badugu ordea, beste kondenatu batzuek ez daukaten zerbait. Guk, geure ipuina idazteko idazluma dugu.

Hasiera kontatu dizuegu. Korapiloa aldaketa sozial eta politikoranzko bidea da, bizitza erdigunera ekarriko duena eta beste ipuin batzuekin nahasten dena. Egia esan, ez da ezusteko handiko amaiera duen istorio horietako bat denok baitakigu Euskal Herria feminista eta burujabe baten eszenatokian amaituko dela. Hori bai, momentu hau heltzean, guk ez dugu galeperrik jango. Plazaren batean aterako gara kalabaza erraldoi batean, ilargia begira izango dugula.

Eleberri freskoa da gurea, prozesu kontzienteetatik abiatu delako eta orrialde hauek, geure buruak ahaldunduta ari direlako idazten. Elkarri zainduz eta zaintza lan horiek antolatuz goaz, pixkanaka, kolektiboki boteretzen, hortik dabilen indarraz ohartzen hasita.

Mila esker, Bilgune Feminista, aldapan gora eta behera ibilita, erratak errata, hamabost urtez, euskaraz inoiz idatzi den ipuinik ederrena amestu eta amesten laguntzeagatik. Mila esker, ipuin honen iruditegi ederra osatzen duzuen guztioi ere. Mila esker, feminismoan zaretenei, izan zinetenei eta izango zaretenoi. Mila esker, borroka feministari, FEMINISMOAK EGITEN GAITUELAKO HERRI!

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s