Home

martxoak-8

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Elkartzen

Patriarkatua, jendartearen estruktura ideologiko, politiko eta ekonomikoan integratua dago eta emakumeon aurkako zapalkuntza, esplotazio eta genero menderatzearen bidez adierazten da. Honela kapitalismoak emakumeok erabiltzen gaitu bere biziraupenerako sexuen arteko lanaren banaketaren bitartez. Ideologia patriarkalak gure bizitzako esparru guztietan eragiten du.

Sistema honen biziraupena eta erreprodukzioa ziurtatzen dituzten botere harremanak betikotzeko indarkeria oinarrizko osagaia da. Egiturazko indarkeria hau antzemanezina izatea bilatzen du sistemak, existitzen ez dela sinestarazi arte. Emakumeon kontrako biolentzia guztien artean baliteke indarkeria fisikoa ikusgarriena izatea, agerikoena baita. Baina patriarkatuak, kapitalak bezala, egiturazko indarkeria beharrezkoa du.

Patriarkatuak emakumeon zapalkuntza ziurtatzeko, beste bide batzuen artean, emakumeon kondizio materialak baldintzatzen ditu, kapitalismoak bikain ikasi eta erabiltzen duena. Gizonekiko ekonomikoki menpekoak izatera kondenatu nahi gaitu.

Kapitalismoa gero eta pertsona gehiagoren pobretze prozesua eragiten ari da baina egoera hau ez da neutroa generoari dagokionez. Krisia deitu duten pobretze eta prekarizazio prozesu azkartu honek gero eta herritar sektore gehiagotan eta gero eta bizitzako esparru gehiagotan eragiten ari da. Hori egia bada ere argi izan behar dugu badaudela kolpatuagoak diren sektore sozialak. Eta sistema patriarkal baten bizi garen heinean emakumeok gara aipatu beharreko lehenengoa.

Datu batzuk ematearren: lanaldi murriztuen %80a emakumeok okupatzen ditugu eta horietatik %62ak ez dugu nahita egiten (2008an %33a ginen), lan berdinagatik emakumeon soldata gizonezkoena baino %24-28 baxuagoa da. Beste alde batetik lan merkatuan sartu izanak, emakumeon lanaldia bikoiztu edo hirukoiztu egin du, lan erreproduktiboak nagusiki gure gain jarraitzen baitu. Honi zerbitzu sozialen eta publikoen murrizketak gehitu behar dizkiogu. Murrizketa hauek bi zentzutan eragiten gaituzte zuzen zuzenean. Murrizketa horietatik eratortzen den lan karga gugan erori ez ezik zerbitzu horietan lan egiten dugun pertsonen gehiengoa emakumeak izanik soldatapeko langile moduan ere eragiten gaituzte.

Badaude gogorki kolpatutako beste sektore batzuk ere: kide bakarra den gurasoa, migratuak, emantzipatu ezin daitezkeen gazteak, langabetuak, pentsionistak eta gero eta gehiago “langile pobreak”. Aipatutako sektore guzti hauetan egoera are gehiago gogortzen delarik emakumea izanda.

Errealitate honekin batera, emakumeok, gizon gehien gehienek eta adina aintzat hartu gabe, kapitalarekin egindako aliantza pairatzen dugu. Kapitalismoa egungo familia eredu patriarkalaz baliatzen da, ezinbesteko jendarte jarduera gehiena suposatzen duen etxeko lana ikustezin bilakatuz, esplotazio oro ukatuz eta familia eredu horretan bere buruak kokatzen ez dituzten pertsona guztiak ikustezinak bihurtuz. Patriarkatuak sistema kapitalista sostengatzen duen bezala familiak patriarkatua sustatzen du, patriarkatuaren erreprodukzioa ziurtatzen laguntzen duelarik.

Bada, sistema patriarkala gainditzerako bidean urratsak ematen hasteko ezinbestekoa da lan produktiboa eta erreproduktiboa banatzea, Pobreziaren Muga ezartzea (BPG per kapitaren %37,5a) eta kantitate hau berdindu edo gaindituko duen gizarte soldata bat ezartzea. Era berean, langileen arteko gutxienengo soldata BPG per kapitaren %50ean ezarri behar da genero ezberdinetako langileen arteko soldata ezberdintasuna ekidinez. Independentzia ekonomikorik barik askatasuna eta independentzia pertsonala hitz hutsak baino ez dira. Bide honetan antolakuntza eta borroka ezinbesteko tresnak dira.

Gora borroka feminista!!!

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s