Home

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta

Gaur, martxoaren 17an, Gasteizen bildu gara Lakuako Gobernuak aurkeztutako aurrekontuen aurkakotasuna adierazi eta aldaketa sozialaren beharra aldarrikatzeko. Ekitaldia egin dugu Mendizorrotzan, eta ondoren manifestazioa egin dugu Gasteizeko Legebiltzarrerarte.

Goizeko 10:30ean eman diogu hasiera egunari Mendizorrotzan egindako ekitaldiarekin. Lehen hitza Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako koordinadora nazionalaren izenean Iratik eta Endikak hartu dute. Aurkeztutako aurrekontuen inguruko kritika izan da nagusitu den ideia nagusia.

Formari dagokionez, inolako eztabaida edota parte hartze sozialik gabe proposaturiko aurrekontuak direla salatu dute eta edukiari dagokionez berriz, aurrekontu neoliberaltzat hartu dituzte; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako patronal eta alderdi kontserbadoreen interesei erantzunez eginak direlako.

Elkarlana ere azpimarratu nahi izan da Koordinadora Nazionalaren hitzartzean. Balioa eman nahi izan diote anitzen arteko elkar ekintzari, eta ekitaldia bera adibidetzat jo dute. Lehen hitzartzea eta gero, Mugimendu feministaren izenean Belen Nevadok hartu du hitza, zapalkuntza patriarkalei topeak jarri eta generoaren araberako botere harremanak deuseztatzeko aurrekontu feministen beharra azpimarratuz. ATH-ko Loreak jarraitu du, babes sozialerako sistema publiko, integral duin eta kalitatekoa aldarrikatuz eta egungo ereduaren porrota azalduz. Apirilaren batean “eskubide sozialen defentsan murrizketarik ez!” Bilbon egingo dugun manifestazioan parte hartzeko deia ere egin du.

Gazte ikuspegia ez da falta izan ekitaldian. Gazteriak lan munduarekin duen lehen harremanaren nolakotasunean murgildu da Mikel Urdangarin: adibide gisa, enpresariei Lanbide Heziketako ikasleak debalde kontratatzeko diru laguntzak ematen dizkieten bitartean, haiek enpresako langileen lan bera baina soldatarik gabe egitera behartzen dituztela salatu du.

Garoña, fracking, errauskailua, gas putzuak, AHT… bezalako mega-proiektuen beharrizanaz hausnartu dugu ere Iñigo Leza Berriztuko kidearen eskutik. Gutxi batzuen poltsikoak bete eta gure osasuna eta natura bera arriskuan jartzen dituzten proiektuak gelditu, eztabaida soziala sustatu eta bertan inbertitu nahi den dirua behar sozialei erantzuteko erabili dezagun exijitu dugu.

Azken bi hitzartzeak ELA eta LAB sindikatuetako idazkari nagusiek egin dute. Txiki Muñozek eta Ainhoa Etxaidek bat egin dute aurrekontu hauek langileon interesen aurka daudela baieztatzerakoan. Etxaidek kata soziala balioan jarri du, Confebask-en aurrekontuen aurrean gehiengo sozial eta sindikalaren alternatiba gisa. ELA-ren idazkariak bere aldetik, politika fiskala aldatzea exijitu du, gehien duenak gehiago ordain dezan.

Ekitaldia osoa Trokolo Teatroko Rakel eta Isabelek gidatu dute, hitzartze bakoitzaren ondoren laburpena eginez eta hainbat barre algara ere sortuz. Umorerik gabeko iraultza, gorringorik gabeko arrautza omen dela diote batzuek.

Amaitzeko, manifestazioa egin dugu Legebiltzarreraino eta datozen egunotako hitzorduak gogora ekarriz amaitu dugu, bihar larunbata Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaran Asanblada Orokorra eta Apirilaren 1ean arratsaldeko 17:30ean Bilbotik abiatuko den manifestazioa besteak beste.

Sare sozialetan egunaren jarraipena egiteko #aurrekontusozialak traola erabili da.

HAUEK DIRA GURE ALDARRIKAPENAK:

1. Aldaketa soziala aldarrikatzen dugu. Aldaketa estrukturala nahi eta behar dugu politika publikoetan: aberastasunaren banaketa, kalitatezko enpleguaren sorrera, bizitzaren iraunkortasuna eta askatasun zein kultur eskubideen defentsa oinarri izango dituena.

2. Sakoneko erreforma fiskala gauzatzea eskatzen dugu, gehien dutenek gehiago ordain dezaten. Iruzur fiskala eta kapitala eta errrenta altuei azken hamarkadetan eman zaien pribilegiozko tratamenduarekin bukatzea exijitzen dugu. Aberastasunaren banaketa ahalbideratzeko politika fiskal justu eta progresiboa aldarrikatzen dugu. Neurriok ezinbestekoak dira diru sarrerak handitzeko, beti ere zerbitzu publikoak, enplegua, babes soziala eta kultur-hizkuntza eskubideak sustatze aldera.

3. Jendarteak zor handia du emakumeekin, eurak gauzatzen baitute eguneroko bizitza sostengatzen duen zaintza lana; modu ikusezin eta prekarioan, gainera. Genero ikuspegia duten aurrekontuak oinarrizko tresna dira emakumeen behar espezifikoei erantzuteko, baita gehiengoarentzat bizitza duina bermatzeko eta genero arteko botere harremana estrukturalak eraldatzeko ere.

4. Energiaren ekoizpen eta komertzializazioaren gaineko kontrol publikoa ezarri, eredu energetikoaren trantsizioa zein burujabetza ahalbidetuko duten ekoizpen zein jarduera iraunkorrak bultzatuz.

5. Abiadura Handiko Trena, Fracking-a, gas putzuak, Garoña, Errauskailuak… proiektuak eten. Natura zein gure osasunarentzat kaltegarriak diren, alperrikakoak eta aurrekontuen poltsa xahutzen duten proiektu guztiak gelditu, eztabaida sozial parte hartzailea sustatuz eta proiektu hauek suposatzen duen gastua babes sozialean inbertituz.

6. Babes Sozialeko sistema publiko, integral, duin eta kalitatezkoa aldarrikatzen dugu, bizitzaren iraunkortasuna erdigunean jarriko duen jendarte ereduaren norabidean kokatuko dena. Horretarako,

– DBE-ari (diru-sarrerak bermatzeko errentari) Lanbidek kudeatzen dituen beste prestazioei aplika diezaietela LGS-ak (Lanbide arteko gutxieneko soldatak) izan duen %8-ko igoera.
– Indargabetu dezatela prestazio sozialen zenbatekoan %7ko murrizketa ezartzen duen xedapen gehigarria.
– Pentsio sistema publiko propioaren bidean urratsak ematea.

7. Oinarrizko eskubide sozialak herritar guztioi, inolako diskriminaziorik gabe eta emergentzia sozialean daudenei lehentasunez, bermatzea:

– Alokairu sozialeko etxebizitza eskuratzeko aukera bermatu eta etxebizitza hutsen gaineko zerga ezarri.
– Menpekotasun egoera ororen estaldura, kalitatezko zerbitzu publikoen bidez.
– Osasun zerbitzu eta arreta unibertsala.
– 0 – 3 urte artean eta gainerako hezkuntza etapatan (goi mailako irakaskuntza barne), dauden (plaza) eskaera guztiak sare publikoan estaltzea, doan.

8. Zorraren auditoria azken muturreraino eramateko konpromisoa berrresten dugu. Obra erraldoiak, ezkutuko mugimenduak eta enpresa publikoen sare iluna dira zorraren egileak. Auditoria ikusten dugu zor ilegal hori ez ordaintzeok urrats gisa.

9. Aurrekontu partea hartzaileak aldarrikatzen ditugu, politika publikoak diseinatu zein erabakitzeko herritarron parte hartzea ahalbidetuko duten baliabideak bideratuz.

10. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian eredu sozial zein ekonomikoari buruzko erabakiak modu burujabean hartzeko eskubidea aldarrikatzen dugu.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s