Home

Lander Arbelaitz / Argia

Lekukoan mezu sekretu bat sartzen dute antolatzaileek, eta milaka lagunen eskuetatik pasa ostean, amaierako festa ekitaldian irakurtzen dute. Euskaldunen ikurra daraman egurrezko lekukoa eramatea ohoretzat hartu ohi dute eta norbanako, elkarte eta erakundeek kilometroak “erosten” dituzte hizkuntzaren alde. Euskara irakasteaz eta helduak euskaraz alfabetatzeaz arduratzen den AEK herri-eskolek antolatzen dute eta crowdfunding erraldoi honetan jasotako dirua berentzat da.

Euskara desagertzeko zorian izan da eta oraindik ere milioi bat hiztunen bueltan dabilen hizkuntza hau, UNESCOren arabera, desagertzeko arriskuan dago, leku batzuetan nabarmen. Gune batzuetan ofiziala da, nahiz eta lurraldearen parterik handienean ez den. Korrikak guztia lotzen du jai giroan. Euskararen aldeko jarrera aktiboa duten herritarrek ekimena beren hiri, herri edo auzotik igarotzen dela baliatzen dute hizkuntzaren aldeko ekintzak antolatu eta aldarrikapenak kalera ateratzeko.

Korrika ekimena, AEK antolatzailea bezala, gizarte zibiletik sortutako ekimena da, bi urtean behin egiten da eta 20. edizioa du aurtengoa. Daukan arrakasta ikusita, beste hainbat hizkuntza gutxitutako komunitateak ere beren herrietan antolatzen hasiak dira: Katalunian, Irlandan, Bretainian, Galesen, Galizian eta Aran bailaran bertako hizkuntzen alde korri egiten dute.

Zergatik behar du euskarak Korrika?

Euskarak atzerakada handia jasan du iragan hurbilean, batez ere azken hiru mendeetan. Euskaraz bakarrik jakiteagatik burlak, isunak, jipoiak eta beste jaso izan dituzte euskaldunek. Gauzak horrela, beste faktore politiko askoren artean, jazarpen psikologikoak paper garrantzitsua jokatu du herritarrek beren hizkuntza alda zezaten. Euskararen aurka Espainiaren eta Frantziaren hizkuntza politikek eragin zuzena izan dute, hizkuntzalari gehienak ados daudenez.

Eraztuna euskarak jasan duen zapalkuntzaren ikurrik gogorrenetarikoa da. Euskaraz hitz egitea debekatua zen eskolan, eta irakasleak umeren bat hizkuntza horretan ari zela entzuten zuenean, eraztuna ematen zion, hark gauza bera egin zezan bere lagunen artean. Haurrek elkar sala zezatela sustatu eta aste amaieran eraztuna zeukana zigortu egiten zuten, fisikoki askotan. Beren hizkuntza gorrotatzera iritsi ziren asko, eta gerora seme-alabei ez transmititzea erabaki zuten, beraiek sufritutakoa paira ez zezaten. Euskal Herri osoan jaso diren testigantzek agerian uzten dute eraztunaren praktika orokortua izan dela azken bi mendeetan gutxienez, eta oraindik bizirik dago berau sufritu zuen herritar asko.

Espainian erabat debekatu zuten euskara ia 40 urte iraun zuen diktaduran, kalez jantzitako Guardia Urbanoak ezartzera iritsiz, jendea zein hizkuntzatan ari zen zelatatu eta zigortzeko. Euskara bizitza publikotik ia erabat ezabatu zuten, modernitatearen kontrako hizkuntza gisa aurkeztuz.

50eko hamarkadan hasita, eta 60koan indartuta, klandestinoki antolatu eta etxeetan eskolak sortu zituzten Euskal Herrian. Hizkuntzaren aldeko mugimendu eraberritua jaio zen orduan. 70eko hamarkadan, giro politikoa pil-pilean zela, milaka pertsonak beren buruak alfabetatu zituzten, eta horretarako AEK eskolak sortu zituen mugimendu euskaltzaleak. Behin Espainiako diktadura amaituta, 1980an, finantziazio beharrez, Korrika sortu zuten garaiko ameslari batzuek.

Ordutik 35 urte igaro diren arren, euskara ez da ofiziala berau hitz egiten den lurraldearen parterik handienean. Eremu horietan, eskola publikoek euskaraz ikasteko aukera eskaintzen ez dutenez, milaka haurrek milaka kilometro egin behar dituzte urtean, beste herri batean dagoen ikastolan euskaraz ikasteko. Euskara ofiziala den eremuan, bertako erakundeekin elkarlanean aurrerapauso nabarmenak eman diren arren, Espainiako Gobernuak euskaraz funtzionatzen duten udalen aurka salaketak jartzen ditu. Horrez gain, euskaldunen memorian iltzatuta geratu da herritarrek jarritako diruarekin sortutako euskarazko egunkari bakarra nola itxi zuen Espainiako poliziak 2003an, Egunkaria izenekoa, bertako zuzendaritzako kideak torturatuz. Frantziako Estatuan frantsesa da hizkuntza ofizial bakarra, eta euskaraz irakasten duten ikastolen aurkako epaiketak izan dira, baita joan den urtarrilean euskara ofizial izendatu zuen herriaren aurkako salaketa ere.

“Euskara da kanpora eta denok Korrikara”

Munduko 7.000 hizkuntzatik erdiak mende honetan desagertuko direla diote aditu batzuek. Oraindik hizkuntza normalizatzeko lan eskerga egin beharko badute ere, Euskal Herrian ez dute hizkuntza galtzen utzi.

“Euskara da gure territorio libre bakarra”, “Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik” edo “Zein ederra zen zu euskaraz entzutea” gisako esaldiak Euskal Herriko etxe, kamiseta, komertzio eta taberna ugaritan irakur daitezke. Ehunka boluntarioren lana eskatzen duen Korrika ekimen erraldoia herri gisa aurrera ateratzeak ematen duen harrotasunez, milaka herritar anonimok hizkuntzaren aldeko lanean jarraitzeko energia pilatuko dute, beren buruak ahalduntzeko eta munduan ikuspegi propioz bizitzen jarraitzeko.

2544_Argia-27(1)

One thought on “Munduan hizkuntza baten alde egiten den ekimenik handiena: Korrika

  1. “Euskara da gure territorio libre bakarra”… Mmmmmmm….

    Esaldi hau maiz askotan entzun izan dut, eta garai batean erabat sinesten nuen hala zela.

    Gaur egun ez dut horrela pentsatzen. Euskara ez da gure territorio libre bakarra. Okerrago oraindik, territorio hori, zorigaitzez, gaur egun ia guztiz kolonizatuta, kontrolatuta eta alienatuta dago. Konkistatzaile frantses eta espainolek eta bere morroi autonomiko zipaioek ia-ia erabat menderatu dute, euskal kultura subordinatua eta alienantea sortuz, hedatuz eta nagusituz.

    Euskalduna naiz, eta kontzientzia euskalduna dut. Euskara da Euskal Herriaren territorio benetakoa. Hori egia da. Hau da, Euskaraz mintzatzen garen neurrian bizi da Euskal Herria. Gure Nazio kultural eta linguistikoa Euskaraz bizi garen edota bizi nahi dugun euskaldunok iristen garen tokiraino hedatzen da modu erreal eta objektiboan. Eta kitto. Beraz, Euskara da gure askapenaren eta emantzipazioaren baldintza bat. Euskal Herriak jasan eta jasaten ari den etnozidioaren aurka naiz osoki eta errotik. Bainan hori ez da aski. Gauzak hagitzez konplexuagoak dira.

    Gogoeta horretan Benito Lertxundiren hitzek biziki lagundu zidaten, eta espero dut zuei ere lagunduko dizuetela:

    “BERRIAK: Musikari gisa, fase asko igaro dituzu. Protesta kantutik hasi, epikotasunetik igaro, barne mundua arakatu… Garaiok egokiak dirudite berriro ere protesta kantuei heltzeko?

    BENITO LERTXUNDIK: Eta egiten ditut. Oraingo kantuetan ere badago hori, baina gaur egun ez dut protestatzen sistema baten kontra, garai batean egiten genuen bezala. Gaur egun, entzun ditudan zenbait gauza azaltzen ditut, niri topikoak egiten zaizkidanak, edo gure gizarte honetan errotua edo instalatua dagoen hitz egiteko modua, politikoetan eta abar… Ez dakit eufemismoak diren, edo gauza hori behar bezala ulertzen edo ezagutzen ez dutelako jartzen dizkioten beste izen batzuk.

    Berriak: Zertaz zehazkiago esaterik bazenu?

    Benitok: Esaterako, zenbait euskaltzalek Euskarari buruz diotenaz. Kontra ez naiz altxatzen, baina komentatu egiten dut. Baldin eta herri menperatu baten baldintzetan ez badago bat konponketa orokor baten atzetik, eta zatia soilik ikusten badu, zati hori Euskara izanik ere, jakin behar du Euskaraz ere menperatzen dela Herria. Azken batean, inperio ideologia Euskaraz ere egin liteke. Beti egin izan da, eta egiten da egun ere. Asko egiten da.

    Berriak: Euskaraz ere menperatzaile izan zaitezkeela, alegia?

    Benitok: Izan zaitezkeela ez, badirela. Euskal Herriaren menperatzaile badirela, eta, Herria ideologia aldetik behar bezala jantzi gabe dagoelako, Euskaraz egiten duten horiek dira inperialismoaren abangoardia, gure etxeetan sartzen baitira, euskaltzale direlako. Hori gertatzen denean, inperialismoak ez du Guardia Zibilik behar, eta ezta poliziarik ere. Konplizeek egiten dute beren lana, lanik kualifikatuena…

    Berriak: Zeinez ari zara zehazki?

    Independentzia txarra dela diotenez, baina beraiek independente izanik; bai frantsesak eta baita espainolak ere. Inperialistek besteen begietan ikusten dute lastoa, baina eurenean habe bat izaten dute, eta hura ez: hura sakratua da. Inperialisten diskurtsoa ezaguna da, «nazionalismoa bidaiatuz sendatzen da» dioena. Nik beti esaten dut: zenbat eta gehiago bidaiatu, orduan eta abertzaleagoa etorri naiz bueltan, mundu guztian ikusi ditudalako ni baino askoz ere nazionalistagoak direnak. Inperialistek diote besteon independentzia ez zaigula komeni, baina eurena bai; esaterako, Espainiarena bai. Beren independentzia kolokan balego, jakin nahi nuke nik zer egingo luketen. Eta euskaltzale direnak era badira, eta besteoi identitario deitzen digute. Nahi dutena da guk beren identitatea izatea. Eta ikusten dut Herria ez dagoela oso sendo erresistentzia horretan.”

    BERRIA, 2016-06-21 / Gorka Erostarbe.

    Ni erabat ados gogoeta honekin:

    “BALDIN ETA HERRI MENPERATU BATEN BALDINTZETAN EZ BADAGO BAT KONPONKETA OROKOR BATEN ATZETIK, ETA ZATIA SOILIK IKUSTEN BADU, ZATI HORI EUSKARA IZANIK ERE, JAKIN BEHAR DU EUSKARAZ ERE MENPERATZEN DELA HERRIA. AZKEN BATEAN INPERIO IDEOLOGIA EUSKARAZ ERE EGIN LITEKE.”

    Beraz, jakina, Euskararik gabe ez dago Euskal Herririk, bainan Euskaraz ere Euskal Herria menperatzen da, gero eta gehiago.

    Euskara behar dugu, noski, bainan ororen gainetik, kontzientzia iraultzaile euskalduna behar dugu. Gure menperakuntza Euskaratuz, euskaldunago izanen gara, dudarik ez, bainan ez libreago.

    “Euskaraz egiten duten horiek dira inperialismoaren abangoardia, gure etxeetan sartzen baitira, euskaltzale direlako. Hori gertatzen denean, inperialismoak ez du Guardia Zibilik behar, eta ezta poliziarik ere. Konplizeek egiten dute beren lana, lanik kualifikatuena…”

    Bada garaia espainolista eta frantximant “euskaltzale” eta euskaldun horiek argiki salatzeko, konkistatzaileen konplizeak direlakotz. Eta horietariko aunitz badira euskal intelligentsian, euskal kulturan, euskal literaturan, euskal komunikabideetan… Jaun eta jabe, harro eta burgoi…

    Euskaraz egiten den borroka iraultzailea da zinez gure territorio libre bakarra.

    Euskarazko kultura askatzailea, independentista eta sozialista iraultzailea behar dugu, pormodernia burgesari aurre eginen diona. Kontzientzia komunista euskalduna, burgesia nazionalista baskoaren aurka ERE eginen duena, eta bere laguntzaile euskaldun zipaioak ERE salatuko dituena, ahoan legarrik gabe.

    Euskaraz ere menperantzen da Euskal Heri Langilea, eta bereziki Euskal Langile Klasea.

    Beraz, gora KORRIKA, eta gora EUSKAL IRAULTZA SOZIALISTA!

    Euskara Ta Askatasuna! Biak batera, eta bietan jarrai!

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s