Home

17760200_1611345882227839_2967120050047716957_n

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: PREST Leioa

Marixol Iparragirre, EPPKko mintzakidearen mezua Ikasle Mugimenduari.

Agur bero bat, presook ikasteko eskubidearen alde ekiteko prest zaudeten guztioi. Etsaiak, militantzia eredua unibertsotik erautsi, gure gorputzak gatibu hartu, eta berak diseinatu, erabaki, eta kontrolatutako zakarrontzi hontan giltzapetzen gaitu. Espero du, bertan ustelduko garela, bere unibertso hits eta pobrean desegingo garela. Pertsona eta militantea desegiteko eta deuseztatzeko ez-lekua da kartzela; Euskal militanteok ez-leku sendoa dugu gure herria, eta gure proiektu politikoa, edota isolatuta egonda ere, gure herriaren taupadak entzun, eta borrokatzen jarraitzen dugu.

Ikasketek, gu aberastearekin bat, taupada horiek oraindik ere modu zehatzagoan aztertzeko eta ulertzeko baliabideak ematen dizkigute. Gure herriaren eraldaketan modu aberatsean trebatzeko prestatzen. Ikasitakoari esker, gure begirada propiotik eraiki ditzakegu gure proposamen, ildo, eta estrategia berriak. Horregatik zaie jasanezin guk ikastea. Horregatik dira etengabeak jartzen dizkiguten trabak, oraingoan Osny-ko kartzelan bezala. Eta horregatik zaigu beharrezkoa zuen babesa, zuen laguntza. Estatu frantseseko kartzeletan badugu aukera Euskal Herriko Unibertsitatean ikasteko, eta zuek bezala ohartzen gara, zenbat borroka, eta zenbat lan dugun parean, amesten dugun Euskal Unibertsitate publiko, nazional, eta euskaldun hori eraikitzeko. Euskal Herrian ere, Unibertsitatea ere botere gunea da. Zerk? Nork? Nori? Zeren truke? Edota nola irakatsi haiek markatzen dute beren abantailarako. Gurean, Unibertsitate sarea erdal oinarritik abiaturikoa da. Ideia eta egitura zaharkitu eta menperatzaileak oinarri dituena. Bertan bizi-bizirik ageri dira gaur egun ere indar kontrajarrien arteko tirabirak.

Taldean eta erne, gaztaroak ematen duen indar eta freskurarekin, zuen ikuspegi kritikoa zorroztu, eta lastoa eta urrea, oztopoa eta tranpolina bereizten ikasiz, eta jakinduriaren gordeleku izendatu ditugun egituretan, ikasitakoa gizartearen onerako erabiltzeko bidean zaudete. Euskal Herri burujabe, ez-patriarkal eta libre baten alde borrokan ari garenok, badugu zeregin ugari. Milesker bide horretan parte-hartzeko prest zaudeten guztioi, gure besarkadarik beroena, Jo Ta Ke.

Marixol Iparragire.

17796431_10155158568184929_1924443474293697932_n


17796680_716837711810273_447160052887455279_n

3 thoughts on “Osnyra egindako ikasle martxa! Ikasle presoak klasera!

  1. Nahi den guztia baina egokia zen martxa hori gaur egun Osnyra joatea edota Oier Gomez, Aitzol Gogortza, Ibon Iparragirre eta abar dauden espetxeetara joatea?
    Preso politiko batzuk hiltzeko zorioan dauzkagu. Espainak esan berri du gaixo larri dauden euskal preso politkoak salatu eta damutzen ez badira hitzear direnean soilik kaleratuko dituztela. Gauzak horrela daude.
    Eta ikasteko eskubidea aldarrikatzea bururatzen zaigu. Eta ez zaigu Oier Gomezengana joatea bururatzen. Edota 17 urte isolamenduan dagoen batengana joatea. Edo…
    Hauxe diogu bai horra joan diren ikasleentzat, bai presondegi horretan dauden EPPentzat zein artikuku hau sinatu duenarentzat. Artikulua ondo dago baina PRESO GAIXO LARRIAK HILTZEN ARI ZAIZKIGU. Eta ikasten (ala ez) ari garen bitartean ere.
    Batzuk euskal errepublika 9 urterako irudikatzen dute, preso larri gaixoak kalera ekartzerik ez dugunean. Zer gertatzen ari da hemen?
    Armak etsaiari entregatu, sumisio itsusiena erakutsiz. ….
    Egoera demokratiko batean sinistaraziz, etsaiaren bide demokratikoaz baliatu ahal garela independentzia eskuratzeko, inperialismoak lagunduko digula bide horretan…
    Trump beharbada. Horregatk EHBilduk zoriontzeko igorritako gutuna bere gobernuarekin kolaboratzeko prestutasuna erakutsiz aurreko gobernuarekin egin zuten bezala?….JODER ze nazka!

    • Kaixo! Lehenik eta behin, uste dut ez dezula ulertu zein den ikasle presoen sostengurako talde baten eginkizuna. Ikasle presoen aldeko taldeak, ikasle mugimenduaren baitan antolatzen diren taldeak dira, ikasle presoek ikasteko dituzten zailtasunak salatu, hauei laguntza helarazi eta euren askatasuna exijitzen dute, ikasle prespektiba batetik. Osnykoa, ikasle presoek sufritutako apunte blokeo baten ondorioz eta problematika mahaigeratzeko asmoz egin zen. Ikasle presoetara mugatzen den talde bati, gainontzeko presoen aferaz ez arduratu izana kritikatzea absurdoa da, ez baitago indar nahikorik ikasle presoetaz haratago lan integral bat egiteko. Presoen aferan, bakoitzak bere esparrutik borrokatu behar du hauen baldintzak hobetzeko taktikoki, eta denaren gainetik, hauek etxera ekartzeko. Kasu honetan, klasera ekartzeko aldarria da, ikasle mugimendutik botatzen dena, hori delako ikasle presoen aldeko taldeek jorratu beharreko alderdia. Preso gaixoak kalean nahi ditugu, baina hori Herri Mugimenduko beste plataformen esku dago gehienbat, guk baino baliabide hobeak dituztelarik. Hortaz, ikasle presoengana martxa egitea leporatzea, guztiz lekuz kanpo dagoen kritika bat da, are gehiago ikasle mugimenduko errealitatea kontuan hartu ez denean eta ikasle presoen aldeko taldeen eginkizuna zein den jakiten ez denean.

      Ikasle presoak klasera.
      Preso gaixoak kalera.
      Euskal preso politiko guztiak kalera!

  2. Zorionak ikasleei ekimenagatik!!
    Nolakoak diren batzuek, beti alderdi negatiboa aurkitu behar denari. Ez egin eta ez egiten utzi. Zergatik dago lekuz kanpo preso dauden ikasleekiko elkartasuna? Makina bat ekimen badaude martxan larriki gaixo daudenei bideratuta. Maiatzaren 6n Gasteizen milaka ta milaka izango gara. Ondarru, Lasarte, Hernani, Iruñea, Tolosa, etab,etab,etab,…
    Plano politikoan, lehen lerroan dagoen gaia da.
    Aupa ikasleak!! BIKAIN!!!

Leave a reply to Zur eta lur Utzi erantzuna