Home

beñat eta aitor_content

Aiaraldea.eus

“Jazarpen politikoa dago muntaia polizial honen atzean”

Aitor Martinez eta Beñat Ereño gazte laudioarrak epaituko dituzte Madrilgo Entzutegi Nazionalean maiatzaren 3an. Terrorismoa goratzen dituzten pintaketak egitea leporatu diete. Eurek adierazi dute muntaia poliziala izan dela dena, eta horren nondik norakoak azaldu dituzte.

Zein da zuen egoera orain?

BEÑAT EREÑO: Urtebeteko kartzela zigorra, 7 urteko gaitasungabetze osoa, urtebeteko zaintzapeko askatasuna eta 2.520 euroko isuna eskatzen du fiskaltzak.

Gainera, Entzutegi Nazionalari eskatu genion idazkera probak egitea, baina epaileak ukatu egin dizkigu. Epaiketa maiatzaren 3an izango da Madrilen goizeko 10:30ean.

Zerk eraman zaituzte Madrilen epaituak izatera?

B. E.: Laudioko Ertzain Etxeko polizien arabera, Aitorrek eta biok zenbait pintaketa egin eta terrorismoa goratu genuen. Muntaia poliziala egin dute.

Gure etxera etorri ziren abenduaren 16an goizeko zazpiak aldera, komisariara joatea eskatzeko. Nire kasuan gurasoen etxera jo zuten. Handik deitu ninduten esateko nire aita ez zutela topatzen, eta komisariara joan behar nintzela, bertan azalpen gehiago emango zizkidatelako.

“Iradoki zidaten Laudioko norbaiten izena emateko, bestela ni epaituko nindutela Madrilen”

Behin Ertzain Etxean nengoela jakinarazi zidaten bertaratzeak ez zuela zerikusirik nire gurasoekin, baizik eta eurak laguntzea nahi zutela. Argazki batzuk erakutsi zizkidaten eta ez zenez ezer ikusten, iradoki zidaten Laudioko norbaiten izena emateko, bestela ni epaituko nindutela Madrilen. Ertzaintzaren ustez, margoketak nik ez nituela egin jakinda, pena zen Entzutegi Nazionalean bukatzea.

AITOR MARTINEZ: Hori bere aldetik. Izan ere, norbera bere kabuz joan zen. Kanpoan topo egin genuen. Nire kasuan ez zidaten argazkirik erakutsi. Besterik gabe eskatu zidaten Laudioko jendearen izenak emateko, zin eginda ez zutela esango ni izan nintzela izen horiek eman zituena.


Idazkera proba eskatu zenuten. Zergatik?

A. M.: Alde batetik, esan behar dugu proba horiek poliziak egiten dituela, eta ez direla batere fidagarriak. Hori subjektiboa da, baina guztiz objektiboa da poliziaren irudietan agertzen diren pertsonak eskuinez egin zituztela pintaketak.

“Utziko baninduten frogatzen ni ezkertia naizela, poliziaren argudio guztiak botako nituzke, pintaketak eskuinez idatzi baitzituzten”

Ertzaintzak berak horrela jaso du txostenean, biek eskuinez idazten dutela. Horregatik da garrantzitsua. Guk ez daukagu aurrekaririk. Nik frogatzen badut ezkerra erabiltzen dudala idazteko, euren argudio guztiak botako ditut segidan.

Euren logika osoa apurtzen da. Nire susmoa da komisarian idazki bat ezkerrez sinatzen nuela ikusi zutenean erabaki zutela idazkera proba oztopatzea.

Zertan oinarritzen da zuen aurkako epaiketa?

A.M.: Bi parte ditu akusazioak. Alde batetik, argazkiena, ez gara gu agertzen diren bi pertsonak. Ni irudietakoak baino garaiagoa naiz eta Beñat txikiagoa.

Gainera, ni ezkertia naiz. Hala ere, polizia batek dio identifikazio batean % 90ean ziur dagoela eta bestean % 70ean. Horrekin ari dira saiatzen itxura objektiboa ematen.

Baina muntaia poliziala egiteko oinarri juridikoa erabili dute. Berez, duela 2 edo 3 urte Beñatek eta biok epaiketa izan genuen; eta hori erabili nahi dute froga moduan.

“Absolbituak izan ginen epaiketa erabili nahi dute frogatzeko gu izan ginela pintaketen egileak, atzekoz aurrerako logika da”

Edonola ere, fiskalak akusazioak erretiratu zituen eta absolbitu gintuzten. Pintaketa batzuk egiteaz akusatu gintuzten baina inoiz ez dute frogatu gu garenik horien egileak. Edozein kasutan, zigortuak izan bagina ere, proba horiek ezingo lituzkete orain erabili, ez baita konprobatu gu izan ginenik. Horretarako egiten harrapatu behar gintuzten, edo idazkera proba egin berresteko. Alabaina, ez dute bata ez besta egin. Ondorioz, poliziak faltsutu du gertatutakoa, eta gezurrak esan ditu. Hortaz, absolbituak izandako epaiketa erabili nahi dute frogatzeko gu izan ginela.

Atzekoz aurreko logika da, duela bi urteko pintaketak baliatu nahi dituzte beste margoketa batzuk guri leporatzeko, nahiz eta ez duten frogatu nork egin zituen.

Zer uste duzue gertatuko dela epaiketan?

B. E.: Angela Murillo da epailea eta badakigu zer nolako jarrera duen. Ziurrenik eskaeraren zigor osoa edo guztia egokituko zaigu; eta guk onartuko dugun gauza bakarra absoluzioa da. Guk ez ditugu pintaketak egin ,eta frogatu dezakegu; uzten badigute, jakina.

Entzutegi Nazionalak ez bagaitu absolbitzen, Epaitegi Gorenera joko dugu, edo Konstituzionalera.

“Angela Murillo izango da gure epailea eta ezin gara oso itxaropentsuak izan”

A. M.: Aurrekariak ikusita, ezin gara oso itxaropentsuak izan. Ez da ohikoa prozesua hain azkarra izatea. Abenduaren 16an gure etxeetara etorri baziren, bi asteren buruan izan zen deklarazioa, eta dena izaten ari da erlojupean.

Oso modu zorrotzean betetzen ari dira epeak. Adibidez, epaiketaren berri emateko hilabeteko epea beharrezkoa da; eta hori izan da, hain zuzen, eman digutena. Apirilaren 3an jakinarazi ziguten eta maiatzaren 3an izango da epaiketa. Horrela, bide batez, ekidin dute guk frogak aurkezteko denbora izatea.

Zein izango da zuen jarrera?

B. E.: Herrian hasi gara plataforma sortzen, informazioa zabaltzeko kalean zein sare sozialetan. Gutxiengo interpelazioa egin nahi diogu Laudioko Ertzaintzari. Salatu nahi dugu muntaia poliziala dela eta inpunitate osoz egin dutela.

A.M.: Helburua da erakustea askotan hitz egiten dugula muntaia polizialez, baina ez dugula urrun jo behar, gure herrian ere gertatzen direla. Gure lanketa horrelako gauzak hemen gertatzen direla salatzera bideratuko dugu, modu errazean eta ur handitan erori gabe.

“Hau leporatu digute uste dutelako gure ideiak politikoak ezagutzen dituztela”

Ezin dugu esan hau edozeini gerta dakiokeenik, izan ere, jazarpen politikoa dago atzean. Hau leporatzen digute politikoki ezagutzen gaituztelako; edo, hobe esanda, uste dutelako politikoki ezagutzen gaituztela.

Oinarri politikoa erabilita egiten dute hori. Zentzu horretan, muntaia poliziala izanik, helburua jazarpen politikoa da, ez isun administratiboa; baizik eta Madrilgo Entzutegi Nazionalean epaituko den kasua,  modu politikoan epaituko baitute.

18010236_121571048394482_2661218610553628135_n

https://www.facebook.com/muntaipolizialik.ez

https://twitter.com/muntairikez

…………………….

Ez ditugu espraiak entregatuko

Zuhaitz Ordoki / Zuzeu

Laudio. Ia 20.000 biztanlerekin Arabako bigarren herri populatuena da, baina beti esan izan da soziologikoki “Bizkaia” dela, omen. Industria gune indartsua da, eta beste txoko ugarik bezala, gure herria goitik behera eta ezker eskuin zeharkatzen duen gatazka bizi du.

Laudioar batzuk beren bizitzak hobetzeko esparru ezberdinetan egiten duten lan; horietako bi dira Beñat Ereño (1990) eta Aitor Martinez (1988).

Abenduaren 16an Ertzaintza Martinez eta Ereñoren bila joan zen. Ereñori telefonoz deitu zioten: “Esan zidaten gurasoen etxean zeudela, eta zerbait gertatu zela. Larritu nintzen. ‘Zerbait gertatzen zaie gurasoei?’. ‘Delikatua da, hobe hona [gurasoen etxera] etortzen bazara, edo zuzenean ertzain etxera”. Martinezi etxera joan zitzaizkion bila, eta komisaldegira eraman zuten. Bakoitzari bere aldetik, “terrorismoari gorazarre” egitea egozten zietela esan zieten, azaroan margoketa batzuk agertu zirela. Ereñok hau zioen galdeketaz: “Argazki bat erakutsi zidaten. Bi pertsona ikusten ziren: atzealdetik, kaputxarekin, ilunpetan… Ez zen inor ezagutzen, eta ni baino altuagoak eta argalagoak ziren, gainera”.

Gazteek azaldu dutenez, biak ertzain etxera eramatea zen polizien xedea, auzitegietatik pasatu aurretiko deklarazio bat egiteko. Gertaerak aitortzen ez zituztela ikusita, beste batzuk salatzeko eskatu zieten ertzainek: “`Zu ez bazara, esan zein diren bi hauek’, esan zidaten. Nik ez nekien nor ziren. ‘Ba, ez baldin badakizu, esan bi izen, edo Madrilen bukatuko duzu bestela´”.

Martinez eta Ereño aurretik seinalatuta zeuden. Herri mugimenduetan arituak dira biak, eta beste auzi bat izan zuten aurretik, margoketengatik. Absolbituak izan baziren ere, Ertzaintzak hori erabili du froga moduan.

Maiatzaren 3an epaituko dituzte Ereño eta Martinez, non eta Entzutegi Nazionalean. Urtebeteko kartzela zigorra, 7 urteko erabateko gaitasun gabetzea eta 2.520 euroko isuna eskatu dizkie fiskaltzak, margoketa batzuk egitea egotzita.

Laudioko gazteak babesteko taldea sortu du herritar talde batek. Facebook orria ere egin dute. Bertan salatu dute muntaia polizialaren ondorioa dela epaiketa.Gainera, elkartasun taldeak jakinarazi du gazteek idazkera probak egin nahi zituztela erakusteko eurek ez direla margoketen egileak, baina epaitegiak ukatu egin duela.

Egun hauetan adierazpen arras esanguratsuak egin dituzte zenbait politikari espainiarrek, armagabetzea dela eta: “orain desarme ideologikoa egin behar dute”. Hori da kontua, hori izan da kontua beti. Margoketak egin zituzten ala ez gutxienekoa da poliziarentzat. Gure pentsamoldeari eta baloreei uko egin eta espraiak entregatzea da nahi dutena, horregatik joan behar dute Madrilera bi gazte hauek: ideia batzuk praktikan jarri eta herri mugimenduan aktibo izateagatik.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s