Home

18010236_121571048394482_2661218610553628135_n

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Eleak / Libre mugimendua

Aste honetan bertan, maiatzak hiru, Aitor Martinez eta Beñat Ereño gazte laudioarrak epaituak izango dira Madrileko Auzitegi Nazionalean. Fiskaltzak urtebeteko kartzela zigorra, 7 urteko gaitasungabetze osoa, urtebeteko zaintzapeko askatasuna eta 2.520 euroko isuna eskatzen die, margoketa batzuk egitea leporatuta. Prozedura Ertzaintzak abiarazi eta bultzatu du, gezurrak, mehatxuak eta ageriko kontraesanak tarteko. Eleak/Libre mugimenduak bi gazteekin eta haien alde piztu den ekimen herritarrarekin bat egiten du. Gazteen absoluzioa eta salbuespen politiken amaiera exijitzen ditu.

Iragan abenduaren 16an goizeko 7etan Ertzaintza Aitor eta Beñaten etxera joan zen. Gazteak euren kabuz hurbildu ziren komisaldegira. Han, margoketa batzuk egin izana leporatuta, terrorismoari gorazarrea egiteagatik auzipetuak izango zirela jakinarazi zieten. Prozedurak abiada handian egin du aurrera, eta maiatzaren 3an bertan izango dira epaituak Auzitegi Nazionalean. Aitorren, Beñaten eta gure eskubide zibil eta politikoen alde egiteko arrazoiak ugariak dira.

Prozedura bera, zuzenbidearen ikuspuntutik, ezin ahulagoa da, eta Ertzaintzaren jarrera lotsagorritzeko modukoa. Proba nagusia bi pertsona margoketak egiten agertzen dituen bideoa da. Komisaldegian bertan onartu zieten poliziek gazteei ez zekitela irudietakoak nortzuk ziren. Baina izenik eman ezean eurak izango zirela auzipetuak egin zieten mehatxu (baita mehatxua bete ere, irudietako pertsonen garaierak Beñatenekin eta Aitorrenekin alderatuta ezberdinak direla nabarmena bada ere). Bideoko bi pertsonek eskuin eskuez egiten dituzte margoketak, eta Aitor ezkertia da. Defentsak proba kaligrafikoa eskatu du, eta salbuespen auzitegiak eskaera ukatu du, defentsarako eskubidea urratuz. Hori guztia jakinik ere, ertzainek bideoko bi pertsonak Aitor eta Beñat direla baieztatzen jarraitzen dute euren txostenean.

Temakeria itsu horren arrazoia iraganean bilatu behar al dugu, akaso? Orain bizpahiru urte, bi gazte laudioarrek antzeko epaiketa izan zuten, Ertzaintzak margoketa batzuen arduradun bezala seinalatu eta gero. Probak hain ziren eskasak, fiskalak berak, Ertzaintzaren jarreraren aurka, akusazioa erretiratzea erabaki zuela. Epaiketarik ere ez zen izan ondorioz. Ordea, indargabetutako akusazio hura bera erabili du Ertzaintzak oraingo epaiketari begira aurkeztutako txostenean, gazteak kriminalizatu asmoz.

Berriz ere bi gazte euskaldun salbuespen epaitegi batean. Oraingoan Ertzaintzaren ekimenez, margoketa batzuk leporatuta eta terrorismoari gorazarre egin izanaren akusaziopean. Hamaikagarrenez; Salbuespen epaitegiak eta legediak ordenamendu jurdikotik desagertu behar dute; margoketa bat, edozein dela ere, ezin da terrorismo delitua izan.

Zoritxarrez, Madrileko epaitegiek zein “bertako” poliziek ez dituzte gure eskubideak euren borondatez inoiz errespetatuko. Gure ardura eta erantzunkizuna da errespetaraztea. Aitorren eta Beñaten inguruan elkartasuna antolatuz, salbuespen politiken aurka eginez, bateko zein besteko mozalak onartu gabe gure eskubide zibil eta politikoak praktikatuz.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s