Home

Irantzu Pastor  – Argia

Milaka kilometro eta hainbat muga pasa dituzte gerrarik gabeko herrialde batean duin bizitzeko itxaropenez. Belgradeko tren geltokiaren atzealdean, belztutako adreiluz altxatzen diren hiru barrakoi handi ikusten dira. Hiri erdian abandonatuta bazeuden ere, orain dela hilabete batzuetatik Afganistan eta Pakistan atzean utzi dituzten 500 mutil gazteren nolabaiteko babesleku bihurtu dira. Neguan zero azpitik 20 graduko tenperaturari, gaixotasunei eta goseari aurre eginez bizirauten duten ehunka iheslari ikusezinak dira. Serbia da Europar Batasunean sartu aurreko azken geltokia, baina bidaiatzeko txartelik gabe utzi dituzte eta, antza, inon ez dira ongi hartuak.

serbia1

Ehunka pertsona ilara luzeetan egunero ikusten dira Belgradeko barrakoietan bolondres gutxi batzuek prestatutako afari beroa eta tea hartzeko. Horietako batzuek motxila beltza izaten dute bizkarrean, afaldu ondoren mugara joango diren seinale.

Hungaria edo Kroaziako harresia noiz salto egin zain dauden 10 eta 25 urte bitarteko haur eta gazteak dira The Game-eko jokalariak. Etxetik ihesean atera behar izan dutenen joko lazgarria. Horrela deitzen diote militarrez eta poliziaz jositako burdinezko harresia gainditzen saiatzeari.

serbia2-t

Mugatik iritsi berri den afganiar gazteak txakurren hozken zauriak ditu besoan. Gauez, harresia pasatzen saiatzen diren gehienak gogor torturatzen ditu Hungariako Poliziak; txakurrekin eraso egiten diete, arropa guztia kendu eta biluzik elurretan etzanarazten dituzte, jipoitu eta odoletan daudela poliziek “selfiak” ateratzen dituzte beraiekin. “Atzo biluzik eta begiak estalita nituela, ostikoka futbolera jolastu zuten nerekin hiru poliziak, mozkortuta zeuden”.

serbia3-t

Shafiullah 16 urteko afganiarra da. Orain urtebete herritik ihesean atera behar izan zuen talibanek aurpegia azidoz erre ziotelako. Afganistango gatazkak ere 16 urte bete ditu eta hango umeek eta gazteek ez dute inoiz bakerik ezagutu, gerrak idatzi du haien historia. “…baina gu bigarren klaseko errefuxiatuak gara. Siria eta Irakekoak bakarrik ikusten dira medioetan. Haiek gaizki daude, baina gu ez gara existitzen ere”, dio Shafiullah-k erdi irribarrez

serbia4-t

Bakarrik bidaiatu duten haur kopurua handia da Belgraden. Bederatzi edo hamar urteko umeen begiradan ez dago haurtzaroaren arrastorik. Hilabeteak eman behar izan dituzte oinez eta bidean haietako asko bortxatu, organo trafikatzaileen atzaparretan erori, mugan hil edo desagertzen dira.

serbia5-t

Serbia iparraldean, oinez mugatik hamabost minutura dauden eraikin edo etxe hutsetan gordeta pasatzen dute azken gaua errefuxiatuek. Generadore txiki batean mugikorra kargatu bitartean, senideei azken mezuak bidaltzen dizkiete “gezurra bada ere, beti ongi gaudela esaten diegu haiek ez kezkatzeko”, dio gazte batek.

serbia6-t

Khalid seigarren aldiz saiatuko da muga pasatzen. “The game-era etorri nintzen azken aldian sudurra puskatu zidaten polizia batzuek, errekara bota ninduten arroparik gabe ‘go to your home!’ (joan zure etxera!) oihukatzen zidaten bitartean”. Legez kanpokoa bada ere, egunero gertatzen dira kanporatze lasterrak Serbiara. Horrez gain, Hungariak ere berriki legeztatu du herrialde osoan errefuxiatuak atxilotzeak; Schengen 2.0 gisa ezagun egin diren neurrietariko bat da hau.

serbia7-t

Etsipena, urduritasuna eta esperantza nahasten dira azken kilometroan. Hurrengo orduetan pasa daitekeenaz jakitun dira. Beraiek ikusitakoaren arabera, gutxienez 9 lagun hil dituzte Hungariako mugan (errefuxiatuen testigantzez aparte, ezinezkoa da zifrarik jakitea). Bidaia txartelik ez dutenentzat, horiek dira Europar Batasunera sartzeko jokoaren arau krudelak.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s