Home

la-pelota-en-el-tejado

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Basauntza

Zehatzago esanda: ezker abertzalea edo ENAMen baitan ezker iraultzaile eta sozialista gorpuztu eta antolatzen hasteko momentua da.

Azken urteetan ezker abertzaleko antolakunde nagusiek hartu duten norabidea ikusirik, erraz antzeman dezakegu nola hauek sozialdemokrazia klasikoaren parametroetara hurbiltzen ari diren. Adibideak hamaika: indarren zati nagusiena instituzio eta hauteskunde lehiara jarri izana; bakegintzaren aitzakia-pean zapalkuntzak normaltzat hartzea; teoria iraultzailerik ez garatzea; edozein konfrontaziotatik urruntzeko joera; klase ikuspegiaren galera nabarmena; jarduera politikoa posible denaren eremura mugatzea, proposamen erreformista eta progresista soilekin; eskuin autonomista-espainiarrarekin konfrontatu ez eta akordioetara iristeko etengabeko tentaldi antzua; ilusio parlamentaristaren hedatzea; jarrera autoritario eta burokraten indartze bat; hegemonia sozial eta politikoa ulertzen modu erabat instituzionalista….

Adibideen artean, baita, eredu organizatiboari dagozkionak: mugimendu eta estrategia osoa alderdi-mugimenduaren zein bere satelite bakanen inguruan monopolizatzeko ahalegina. Kontutan hartu gabe, aitortu gabe, ezker abertzalea antolakunde huts batetik harago, mugimendu bat dela, zeinen barruan Euskal Herriaren askatasuna amesten dugun baina ezkerreko ikuspegi ezberdinak ditugun sektoreak gaudela. Horren araberako urratsik eman gabe, antolatzeko askatasuna aitortu gabe, edota estrategiak eztabaidatu eta adosteko garaian ikuspegiok gurutzatu gabe.

Abian: beste aukera galdu bat. Espero zitekeen zerbait gehiago, baina ez da izan. Espero zitekeen, besteak beste, ezker abertzalearen aniztasun hori kontuan izan eta ikuspegi ezberdinak mahai gainean jarriko lituzkeen ariketa eta metodologia bat. Ariketa demokratiko bat zeinetan ezberdintasunak aberastasun bezala goraipatuko liratekeen. Bide batez, azken 8 urteetan sortutako zauriak ixten joateko. Baina nahiago izan da antzerkia egin, aurrez osatutako tesi ofiziala gailentzeko metodologiaren bidez eztabaidarik gabeko eztabaida bat egin, hainbat ahots isilduz. Finean 2008-2011 urteen artean zehar sukaldatutako estrategiari opari-paper berria jartzeko. Atea itxi dute.

Eta post-Abiana: antolakunde nagusi bakoitza, beraien kongresuak tarteko, Abianeko tesira lerrokaturik, azken urteetan ikusi gabeko eztabaida maila pobreenarekin, salbuespenak salbuespen. Aldapa beheran joan den parte hartze mailarekin gainera. Hauxe dugu beraz argazkia: mugimendu osoa monopolizatu nahi duen alderdi-mugimendua sozialdemokraziaren tesietara geroz eta makurtuagoa; ezker abertzaleko antolakunde nagusiak alderdi-mugimendu zein koalizioaren orbitan bueltaka; ikuspegi apurtzailean kokatutako herri mugimendua eta herri borroka desagerturik ez baina hondoa jota; eta ezker abertzalearen baitan zein Euskal Herrian ezker iraultzailea (bere aldaera ezberdinetan) erreferentzia, gorputz eta eragiteko gaitasunik gabe.

Ez da ez gure asmoa inoren etxeko lanak egitea, ezta etxeko lanak jartzea ere. Gutxiago eremu soziologiko berdinaren baitan biltzen garen baina ikuspegi ezberdinak dituzten besteen teilatuetara harriak botatzea. Nahikoa dugu geure etxeko lanekin, ez direla gutxi. Eta lehen etxeko lana hurrengoa: Euskal Herrian ezker iraultzaileak dituen erronkak ezker iraultzaileak berak soilik konpondu behar dituela barneratzea. Ez duelako beste inork egingo. Eta horrekin batera, beste zeregin bat: barneratzea, ezker iraultzailea gorpuztearen zeregin hau aurrera eramateko zilegitasuna, eskubidea eta areago, betebeharra ere badugula.

Izenburuan aipatu dugu antolatzeko garaia dela. Horixe uste dugu. Batez ere, baldintzak ikusten ditugulako, bereziki objektiboak. Euskal Herria eta langile klasea kapitalaren aldetik bizitzen ari den erasoaldiak eskatzen du, baina baita ezker abertzalearen baitan ezker iraultzaile eta sozialistaren eremua hutsik egoteak. Baldintza subjektiboak ere egon badaude, nahiz eta lantzen jarraitu beharko diren. Batez ere parametro honetan kokaturik gauden militanteok barneratzen badugu eginkizun honetarako zilegitasuna dugula eta eztabaidak eman eta saretzen hasten bagara.

Baina nondik hasi? Lehenik eta behin aukera hau eta bere gaineko eztabaida normalizatzetik. Hori bai, errealitate birtualetik errealitate materialera urratsa emanik. Azken urteotan eztabaida asko eman dira sare sozialen bidez, asko eta asko onuragarriak, baina ez denak. Aukeran, hobeto eztabaidak kalera, mugimenduetara, gaztetxeetara, afarietara eta zergatik ez, herriko tabernetara zabalduko balira. Finean, aurrez aurrekora, hobekien ulertzen garen eremura.

Ez gara ez bat ez bi ez hiru: ehundaka gara. Hainbat eta hainbat dagoeneko antolaturik gainera, lanean buru belarri. Eginkizun horretan sakondu beharra dago, baina batez ere antzeko parametroetan lanean ari garenon sarea da eraikitzen joan beharrekoa. Sare horrek, besteak beste, Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoaren eraikuntzak beharrezkoa duen estrategia, taktika, dinamikak eta antolakuntza formak adostea izan behar du helburu, eztabaidaren bitartez.

Eta bitartean, honako etxeko lan orokor hauek ere jarri diezazkiokegu geure buruari:

– Euskal Herriko ezker iraultzailea gorpuzteko proiektua bultzatzea, zeinen bidez ezker iraultzailearen baitan kokatzen diren ildoen arteko eztabaidak emango diren. Bide batez ezker iraultzailea bera errealitate eta potentzia bezala azaleratuz Euskal Herriko panorama politikoan.

– Ikuspegi iraultzaile eta apurtzailea oinarri, Euskal Herri askea, sozialista eta feminista helburu dugun auzo, herri eta eskualdeetako kideon arteko sarea osatzen joatea, bestelako antolakuntza maila batzuetara heltzeko anbizioarekin.

– Gure indarrik nagusienak herri mugimendua indartzeko apustuan kokatzea, Euskal Herriko langile klaseak egunerokoan bizi dituen zapalkuntzen aurrean auto-antolatzeaz gain, herri eta langile botereko esparruak eraikitzeko.

Hona hemen ekarpen xume bat. Ez da herraz egina; ezta amorruz idatzia ere. Zintzotasunez idatzita dago, idazten duenak bihotzez eta buruz uste duelako ezker abertzalearen zein askapen borrokaren etorkizun eta osasuna horrelako planteamendu batetik pasatzen dela. Pilota geure teilatuan.

One thought on “Antolatzeko garaia da!

  1. Aupa,

    Ez dut uste ezker abertzalearen baitako ezker iraultzailea antolatzeko garaia denik, baizik eta ezker (ez zait termino hau batere gustatzen, baina bueno) iraultzileak ezker abertzalearekin hausteko (organikoki ez ezik, ideologikoki ere) garaia dela pentsatzen dut. Ezker abertzalearen garapen sozialdemokrata hau ezker abertzalearen baitango mugetatik eratorria da: nazionalismoa eta interklasismoa. KAS bera (burgesia demokratikoaren eskaerak ENAMen ahotan) negoziazio-estrategiari hasiera ematen eta, horrela, negoziazioa helburu, etapismoa ardatz, militarismora eta ondoren likidazionismora. Ahuntzaren umea, antxume.
    Horregatik, ENAMen baitako ezker iraultzailearen lehen betebeharra ezker abertzalearen oinarri ideologikoekin haustea dela uste dut. Benetan asmo zintzoekin zabiltza(te)la uste badut ere, nazionalismoak eta interklasismoak mugimendu iraultzailearekin ezer gutxi dute ikusteko.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s