Home

04f4ec55636a2e332b41e5c0f309361d2017ko-sortzen-jaia00-00-21-12imagen-fija001jpg

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Sortzen

Lehenik eta behin, Sortzen Elkartearen izenean, eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu  Iruñera hurbildu zineten milaka pertsonei.

Jai egun bat zen. Urte osoan egindako lanaren ondoren, ospatzeko eguna. Bestelako eskola-eredu bat nahi dugunok batzen gaituen eguna.

Izan ere, beste eskola-eredu bat behar dugu; norbanako zein herri gisa dagozkigun hezkuntza-eskubideak bermatuko dituen eredua. Ezaugarri anitzez jantzitako, aberastutako eredua bestalde:

– Bakoitzaren erritmoa onartuz, inor bidean utziko ez duena.

– Gure auzo zein herrietan, eragile eta herritarrekin elkarlanean, euskaldunak izango diren ikasle eleaniztunak sortuko dituena.

– Aniztasuna aberastasuna dela ulertuko duena.

– Ni “ni” naizelako, zu “zu” zarelako, baina “GU” garelako, norbanakoaren nortasuna zein nortasun kolektibo ezberdinak ezagutu eta errespetatuko dituena.

– Edukien transmisio hutsa alboratu, sormenari lekua egin eta bizipenetatik abiatutako heziketa bultzatuko duena.

– Emozioak ezagutuz, ulertuz eta kudeatuz heziko gaituena.

– Auzo/herria, hezkuntza-komunitateak eragiteko eremu gisa hartuko duena.

– Jangela heziketa-proiektuaren baitan ulertuko duena eta bertako elikagaien eta ekoizleen aldeko apustua egingo duena.

– Hezkuntza-komunitate osoaren parte hartzea eta inplikazioa bermatuko dituena.

Baina eskola-eredu horren lorpenerako norabidean, trabak eta zailtasunak ez dira gutxi. HEZKUNTZA-SISTEMA PROPIOA eraikitzea inoiz baino beharrezkoagoa zaigu.

Besteak beste, Madriletik inposatu, baina bertoko administrazioek ezartzen dizkiguten lege eta dekretuek eragindako kalteari aurre egin ahal izateko; azkenak LOMCE-HEZIBERRI ETA LOMCE “A LA NAVARRA”.

Baita, Vascuencearen legea, hizkuntza-ereduen sistema, zuzendari dekretuak, autonomia eza, jangelen kudeaketa, murrizketak, ikasle-ratioak handitzea, adostasunik gabe eta arduragabekeriaz sortutako makro zentroak, … amaigabea da arazoen zerrenda izan ere.

Nafarroan erregimenaren denbora agortu eta aldaketa heldu zitzaigun. Aspaldian espero genuen aldaketa. Eta gauza batzuk hasi dira aldatzen, baina, erronka handiak daude oraindik aurretik: Vascuenceren legeak indarrean dirau nafarron hizkuntza-eskubideak etengabe urratuz, murgiltze ereduaren aldeko apustu irmorik ez da egiten, jangeletako arazoak hor daude,…

Bestalde, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza sailburuak, behin eta berriz adierazten du, hezkuntza-komunitatearekin elkarlanean diharduela, egia ez bada ere. Madrilera joaten den bakoitzean, bere irudikoz lorpenak direnak salduz agertzen zaigu bueltan. Baina errealitatean ageri zaiguna zera da: hezkuntza-komunitatearen eskaintza zein eskaerak aintzat hartzen ez dituen kontseilaria, eta batez ere, Madriletik datozen inposizioei beharko litzatekeen erresistentziarik egiten ez diena.

Ordua da egoerari buelta emateko. Ordua da, hezkuntzan ere indarrak burujabetzaren norabidean kokatu eta biderkatzeko. Eskola-eredu berri bat ahalbidetuko duen hezkuntza-sistema propioaren eraikuntzan ekarpena egin eta indarrak biltzeko sortu zen gure elkartea eta gaur bide horretan urrats esanguratsuak emateko premia larria dugu.

Gure errealitate propioan eta gure beharretan oinarrituko den hezkuntza-ereduaz gogoeta egin eta erabakiak hartzea gure eskubidea da, eta baldintzak sortu behar ditugu horretarako. Herri honek hezkuntza-akordio zabala eta sendoa behar du, hezkuntza-sistema propioaren lorpenerako bidea argiz betetzeko.

Madriletik datorren hezkuntza-itun berri baten oihartzuna ez da berri ona guretzat. Handik datorren ezer ez daiteke ona izan herri bezala aitortzen ez gaituzten bitartean, eta herri bezala aitortzen ez bagaituzte, gure hezkuntza-eskubideak besteak beste, urratuak izango dira orain bezala, gero ere.

Gure bidea egin behar dugu; batetik, inposizioei aurre eginez, egun hauetan ari garen bezala Lomceren errebaliden sistemari PLANTO eginez adibidez, edota Vascuencearen legearen paretan pitzadura berriak sortuz, Nafarroan euskarazko irakaskuntzari etengabe aukera berriak zabalduz. Baina bestetik, hezkuntza-burujabetzarako bidea ekimenez eta edukiz bete behar dugu, hasiak gara, ebaluazio sistema propioaz hausnartzen, curriculum proiektu berriak sortzen, ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko Hizkuntza-proiektuak jorratzen… biderkatu egin behar ditugu ekimenak norabide horretan eta horien inguruan bildu beharreko indarrak ere bai, hezkuntza-sistema propioa errealitate bihurtu arte.

Barraskiloak legez, mantso-mantso baina gelditu gabe urrun helduko gara, gure arrastoa utziz.

Hezkuntza Burujabetza da bidea, hori delako bide bakarra, gure hezkuntza-eskubideak oinarri izango dituen hezkuntza-sistema propioa eraikitzeko, eta hortik aurrera, etorkizun ezberdin bat amesteko belaunaldi berrientzat eta baita Euskal Herriarentzat ere.

Desjabeturik nahi gaituzte, burujabetu gaitezen, baita hezkuntzan ere.

DAaPhn7XUAAFsoM

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s