Home

5920325

Argia

Turismoaren onurak eta doaiak letra lodiz azpimarratzen dituzten artikuluez josita daude hemerotekak. Ez du faltan izan bozeramaile, ordezkari eta defendatzailerik. Baina zerbait ari da aldatzen, eta azkar aldatu ere. Gero eta gehiagoren begietan utzi dio “turismoa”-k hitz zuri, aratz eta atsegin izateari. Nor ez da izutu Gaztelugatxeko ilara amaigabeak ikusita? Nork ez du etxebizitzen prezioaren gorakada dela-eta bere bizilekua utzi behar izan duen lagun edo seniderik? Kezka zabaldu da auzo-elkarte eta asanbladetan; idatzi dira erreportaje eta iritzi-artikuluak; han eta hemen hasi dira ekintzak antolatzen; eta orain gutxi hiriek “mundu mailako erreferentzia turistiko” izan behar zutela aldarrikatzen zuten politikariek ere, diskurtsoa leundu eta “jasangarritasuna” hartu behar izan dute ahotan. Lehen mugimenduak besterik ez dira, askok berandu ikusi dugun olatu erraldoiari iskin egiteko. Edo behintzat, eusteko, nolabait, ito gabe.

Berria ez, bortitzagoa bai

Turismo masifikatua, gentrifikazioa, apartamentu turistikoak, euren bizilekuak utzi behar izan dituzten bizilagunak, turistentzako parke soil bihurtutako auzoak… Venezia edo Bartzelona gisako hiriak datozkigu burura halakoen berri izatean. Hara begira jartzen gara orduan, kezkaz, gainera datorkigun (eta etorri zaigun) olatuaren ondorioak zeintzuk izan daitezkeen aurreikusi nahian-edo. Baina ez da adibide bila hain urrunera jo beharrik. Nahikoa da Lapurdiko kostaldera begira jartzea.

Ez gara, beraz, kezka eta arazo berriez ari. Horrek ez du esan nahi, ordea, azken urteotako gorakada nabarmena izan ez denik: Bilbon, Donostian, eta kostaldeko herrietan nagusiki.

2015ean jada 4.500.000 –%8ko gorakada– bisitari jaso genituela zioen Euskal Herri osoko datuak aztertzen dituen Gaindegiak, eta gainera, lurralde denetan egin zuela gora. Iazko udan aldiz, 2015eko dan baino %9,6 bisitari gehiago jaso zituen EAEk. Goranzko joera ez da soilik kale, hondartza eta plazatan antzematen. Zenbakiek baieztatzen dute.

Gorakada horrek izan du eraginik. Piztu ditu zenbait alarma eta zabaldu du (oraintsu arte minoritario xamarra zen) turismo masiboaren ondorioekiko kezka. Gero eta ohikoagoak dira gaiaren bueltako mahai-inguruak edo iritzi artikuluak, eta herri mugimenduko ekimenek ere jo-puntuan jarri dute turismoa. Pixkanaka hasi dira han eta hemen irtenbide eta babes-neurri bila. Baina oraindik badira turismoarekiko jarrera kritikoari aurre egiteko balilatzen diren eta sakonean errotu zaizkigun esaldi batzuk.

Gero eta pitzatuagoak diruditen esaldi horien ifrentzuan arakatzea izango da datozen lerrootako ariketa. Horretarako, eta bestela abstraktuegia izan daitekeen gaiari aurpegia jartzeko, gazte baten testigantzak gidatuko gaitu. Izan zitekeen Games of Thrones-en arrastak izututako zumaiarra; izan zitekeen Gaztelugatxe inguruko nekazaria; edo izan zitekeen Bilboko 7 Kaleko auzokidea ere. Baina guk –edo nik, zer demontre– Donostiako Alde Zaharreko gazte baten testigantza hautatu dugu.

“Zu ere bazara turista”

Sosak eta tartea ditugunean, gehienoi gustatzen zaigu, gutxi asko, ihesaldi bat egin eta bolada bat gure ohiko ingurutik kanpo igarotzea. Hala egiten dugunean gu ere turista garela gogoratuta, askori kosta egiten zaio (mota bateko edo besteko) turismoaren kontrako jarrera agertzea.

Baina zein neurritan dira kontraesan horiek bateraezinak turismoaren ondorio kaltegarriak salatzearekin? Jai genuke jokabide matxistak ditugun guztiok jokabide matxisten alde egon behar bagenu. Ezingo bagenu errauskailuaren aurkako ekintzetan parte hartu birzkiklapenaren alde gure esku dagoen guzti-guztia egiten dugula egiaztatu gabe. Ba hori. Besterik da ea turismoaren ondorioak gure azalean jasateak gure turista jokabideak zalantzan jartzera eramango gaituen. Ia ezinbestean, bai.

Donostiako Alde Zaharreko gaztea da Iraitz –nahiago du bere egiazko izena ez eman–, eta dioenez, turismoari begiratzeko modua aldatzen ari da auzokideen artean. Orain arte oso pertsonala eta difusoa zen kezka antolatzeko bidean dagoela sumatzen du. Aldaketa horren adierazle gisa, duela urte pare bat pankarta batean “Tourist go home” jarri zutenekoa dakar gogora: Orduan, jende askori gehiegizkoa iruditu zitzaion zuzenean turistak seinalatzea, baina jendea gero eta nazkatuago dago, eta hasi da pixkanaka, esaldi horren atzean dagoena ulertzen”.

Aitortzen du, hala ere, gai arantzatsua dela,  errazagoa zaigula beste gai batzuen aurrean gure jarrera zein den definitzea: “Eraso sexistei ez, denok ados. Turismoarekin aldiz, ez dago horren argi: Turismorik ez? Turismo masifikaturik ez? Turismo mota batzuk ez?” Edozein kasutan, uste du auzokideek gero eta argiago dutela muga jarri behar zaiola: “Eztabaida da ea muga hori non dagoen, ea pasa dugun jada, edo oraindik ez. Nire ustez, aspaldi pasa genuen. Ikusi besterik ez dago zenbat gauzetan eragin duen: hiri ereduan, etxebizitzan…”.

“Aberastasuna sortzen du”

Txin-txin, txin-txin, diruaren hotsa. Hori bera da turismoaren alde aritzean ozenen entzuten den argumentua: “Eta etortzen direnek hemen uzten duten diru hortaz guztiaz, zer?”. Ukaezina da Euskal Herriko bazterrotara datozen turistek lo egin, jan eta edateagatik ordaintzen dutela, eta sortzen dela, ezinbestean, aktibitate ekonomiko esanguratsu bat horren bueltan. Gaindeagiak 2015ean egindako azterketaren arabera, 3.200 establezimendu ziren sektore honetan jarduten zutenak, eta 14.000 lanpostu orotara (horietatik 9.000 Ipar Euskal Herrian). Denera, Hego Euskal Herriko BPGaren %6 hartzen zuen orduan.

Zenbaketa nabarmen puztuagoan, Donostian (goiko argazkian)turismoarekin lotutako lan-postuak 18.000 direla esan du berriki Ernesto Gasco PSEko zinegotziak. Hori bai, ostalaritzan eta komertzio txikietan ari diren den-denak sartu ditu zakuan horretarako. Neurketa-sistema bera bezain zalantzagarria da lan-postu horiek aberastasunarekin lotzeko joera.

Izan ere, lan mota horietan ari diren askoren egoerak gutxi du enbidiagarritik: kontratu labur eta aldakorrak, ordu extrak, beltzean ordaindutako soldatak, gau eta asteburuetako ordutegiak… LABek 2016ko abuztuan salatzen zuenez, Donostian zerbitzu sektorean ari ziren langileen %80 egoera prekarioan zegoen orduan; eta ez dirudi ordutik hona ehuneko horrek behera egin duenik.

Datuak falta zaizkion arren, maiz aipatzen den diru hori guztia esku gutxi batzuetan pilatzen dela uste du Iraitzek: “Jakin nahiko nuke Alde Zaharreko taberna eta pentsioak zenbat pertsonaren eskutan dauden, zenbat inbertsore talde eta antzeko dauden atzean… Nire gurasoek komertzio txiki bat dute, adibidez, eta ez nuke esango turista gorakadak mesede egiten dienik. LiDL bai, betetzen da egunero, baina denda txikietan ez da gehiago saltzen”. Ez da izenburukoa baino baieztapen ausartagoa: turismoak lan-postu prekarioak sortzen ditu, eta horrenbestez, gutxi batzuk aberastu arren, prekarietatea sortzen du.

“Ingurua hobetzen du”

Turistek doazen tokian uzten duten diru horren guztiaren zati bat heltzen omen zaie erakundeei, eta horrenbestez, diru horrekin, inguru horretako azpiegitura eta zerbitzuak ere hobetzen dituzte. Ez da falta hala dela uste duenik, eta egia izango da, zenbaitetan, Udalek arreta bereziz zaintzen dituztela turistikoak diren zonaldeak. Baina norentzat egiten dira moldaketa horiek? Nolako bihurtzen dira zonalde horiek?

Iraitz bera oso kritikoa da turismoak hiri ereduan duen eraginarekin. Auzo atsegin batean bizitzeagatik zortedun direla pentsatzetik, kontrakoa sentitzera pasa dira: “Parranda eta pintxoak gustatzen bazaizkizu bai, primeran, baina bestela? Ez dugu kultur-etxerik, gero eta espazio komun gutxiago ditugu…” Auzoko aisialdi taldeko kide ere bada, eta lotsagarria iruditzen zaio auzoan duten baliabide falta.  “Urtean zehar 200 edo 300 umerekin ordaindu ezin den lana egiten dugu mimo handiz, eta hala ere,  gauzak Intxaurrondoko lokal batean eta gure etxeetan gorde behar ditugu”. Udalari aspaldi eskatu arren, ez dute Alde Zaharrean lokal txiki bat izaterik lortu. Beste aukerarik ezean, kalea erabiltzen dute euren ekintzetan. Baina horretarako ere, trabak izaten dituzte askotan, turistek oztopatu edo argazkiak egiten dizkietalako. “Orain gutxi mahai-inguru bat gelditu behar izan genuen Trinitate Enparantzan, turista talde handi bat iritsi, eta mikrofono eta guzti, talde txikitan banatzen hasi zirelako”

Komertzioak ere turistentzat eta turistengatik sortuak dira, gero eta gehiago, auzotarren premiak ahaztuta. “Lehen zapatilak konpontzen zenituen tokian, orain Donostiako argazki bat saltzen dizute; eta lehen fruta erosten zenuen lekuan orain garagardoa bakarrik dago”.

“Ekonomia kolaboratiboa da”

Ez dira asko izango oraindik Airbnb plataformaren berri izan ez dutenak, baina badaezpada, hauxe deskribapena: Aldi baterako etxe edo logela alokairua lortu, edo zurea eskaintzeko aukera ematen duen sareko plataforma da. Ekonomia kolaboratiboaren filosofia jarraituz sortu zen arren, haren sortzaileek 11.000 milioi dolar irabazi dituzte zortzi urtean, ARGIAn bertan gaia bikain landu duen Lukas Barandiaran kazetariak gogorarazi zuenez. Zergatik? Batetik, etxe bat alokatzen den aldiro diru horren zati bat plataformarentzat delako, eta bestetik, mundu mailako erreferentziazko webgune bilakatu delako; zenbait hiritan hotelek baino ohe eta gela gehiago eskaintzeraino.

Elkarri etxea edo logela utzita merkeago bidaiatu ahal izateak atsegina dirudi, bai, baina datuek erakusten duten errealitatea oso bestelakoa da. Donostiara itzulita, Airbnb-k 4.553 plaza eskaintzen ditu bertan (Bilbon 1.484 eta Gasteizen 361), Hirikilabs eta Montera34k egindako ikerketaren arabera. Bada, alokairu horiek kudeatzen dituzten Airbnb-ko 10 erabiltzaile dira ohe horien laurdenaren (%24,6a) jabe. Lehenengo 50en artean aldiz, oheen %43 biltzen dute. Horrenbestez, auzitan jartzekoa da plataforma horrek “ekonomia kolaboratiboa”-rekin duen lotura, enpresa gutxi batzuek aberasteko erabiltzen duten tresna ere badelako. Pisu-turistikoak arautzen dituzten legediak errespetatzen ez dituzten asko ere badaude, gainera.

Plataformaren izaera definitzea baino premiazkoagoa da horrek dituen ondorioei begira jartzea ordea. Hirietako zonalde turistikoenetan gero eta gehiago dira bestelako alokairu formulak baztertu eta alokairu turistikoetara bideratutako etxeak –direla enpresenak, direla partikularrenak–. Horrek, ezinbestean, ohiko alokairuen eskaintza murriztea eta prezioen gorakada nabarmena ekarri ditu.

Donostiaren kasuan, aurretik ere estatuko hiri garestienetakoa zen arren, urte bakarrean %17 igo da bataz-besteko alokairua. Alde Zaharrean bizitzea ia ezinezkoa dela dio Iraitzek. “Edo familiatik datorkizun etxe batean bizitzeko zortea duzu, edo bestela ez dago aukerarik. Gainera, kasurik onenean urtean hamar hilabetez soilik egon ahal izango duzu, jabe askok udan turistei alokatzen baitiete etxea, diru gehiago egiteko”. Joera horrek auzoko gazteak pixkanaka baina etengabe kanpora bidaltzen ditu.

“Ez dago ezer egiterik”

“Zu ere bazara turista”-ren aldaera neoliberala da. “Zer nahi duzu egitea, toki hau erakargarria bada, eta jendeak hona etorri nahi badu eta etxeak bertan erosi, guk ezin dugu ezer egin hori eragozteko”. Uste horren arabera, herri-mugimendu mailan egindako guztia alferrik da, eta erakundeek esku hartzea aldiz, gehiegizko interbentzionismoa. Ez da ezinbestekoa beste herrialdeetara begiratzea horri kontra egiteko, baina hala eginez gero ere, argia dago: nazioarteko hiri turistikoenetan neurriak hartzen ari dira masifikazio horri aurre egiteko.

Adibide batzuk: Airbnb San Francisco hirian sortu zen arren, eztabaida askoren ondoren, pertsona bakoitzak etxebizitza bakarra eskain dezake bertan. Hiria zonaldeka aztertu eta zati batzuetan pisu eta hotel berriak sortzea debekatu dute Bartzelonan. Berlinen, aldiz, Udalari baimen berezia eskatu behar zaio pisu turistiko bat martxan jarri ahal izateko, eta hala egiten ez duenak 100.000 euroko isuna jaso dezake. Gehiago ere badaude: Londres, Madrid, Amsterdan… Denak, turismoaren ajeak leuntzeko neurriak hartzen.

Eneko Goia Donostiako alkateak ere, urte askotan hiriaren promozioan indarrak jarri ondoren, bizilagunen ikuspuntua aztertu eta igoera hori modu iraunkorrean kudeatzen jakin behar dutela adierazi du. Badirudi, hainbat neurri aztertzeko prest direla, hiria zonaldeka banatu eta egoeraren arabera arautzea kasu. Iraitzek, hala ere, ez du gauza handirik espero. “Arriskutsua da instituzioengan konfiantza izan eta mugak jarriko dituztela sinestea. Kontrol neurri batzuk hartzeaz hitz egiten da badakitelako zerbait ari dela mugitzen, zerbait dagoela lehertzear. Erakundeek neurriak hartzea nahi badugu, guk gurearekin jarraitu behar dugu”.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s