Home

Irantzu Pastor / Argia

Beraien herrialdeetako gerretatik ihesi, milaka pertsona iritsi dira Greziara 2014az geroztik. Egun 62.000 errefuxiatu inguru daude herrialde guztian banatuta, kasu gehienetan Europa iparraldea helmuga duen bidaia jarraitu ezinik. Izan ere, 2016ko martxoan mugak itxi zizkien Europar Batasunak. Greziako egoera politiko eta ekonomiko zailari errefuxiatuen krisia gehitu zaio eta kudeatu behar izan dute Bigarren Mundu Gerratik Europak bizi izan duen krisi humanitariorik handiena. Egoera lazgarriaren aurrean era askotariko eskuhartzeak egin dituzte, eta zaila da jakiten, egun, errefuxiatuentzat Grezia kartzela handi bat ala babesleku den. Akaso, txanpon beraren bi aurpegiak dira.

5920557

Errefuxiatu gazteak Atenasi begira, horietako batzuk Italiako muga pasatzen saiatu ostean, Poliziak atzeman eta Greziara bidali dituzte atzera ere.

Kanpamentu ofizialak

Gobernuaren kontrolpeko kanpamentuak zeintzuk diren erraz igartzen da: arantzez jositako alanbre-hesiz inguratutako eremuak, Greziako Poliziak eta armadak 24 orduz kontrolatuak, catering zerbitzuetatik plastikozko bandeja zuritan iristen da janaria –egoera nahiko txarrean– eta errefuxiatuei ezer gutxi egiten uzten diete; ezin dute janaria prestatu eta medikuak edo irakasleak diren errefuxiatuei ez diete jarduten uzten, adibidez.

Atenas kanpoaldean dago Ellinikó. Garai batean bidaiari maletadunez betetako aireportuan, orain, 600 errefuxiatu afganiar daude inora mugitu ezinean. Abandonatu zuten aireportuko eraikinean dago Airport Terminal Camp eta, kanpamentuz kanpamentu ibiltzen diren boluntarioek diotenez, hau omen da guztien artean bizi baldintza txarrenetarikoak dituena. Itxaron geletako zoru gainean botatako dendetan pasatzen dituzte orduak errefuxiatuek, urtebete daramate seguruenik inoiz iritsiko ez den abioiaren zain. Haien egoera gero eta eramangaitzagoa da. Buruaz beste egin duten errefuxiatuen kopurua larriki handitzen ari da azken hilabeteetan.

58

Maindirez osatutako‘kaleak’ Ellinikó aireportu abandonatuan.

Eremu berean eta burdinezko harresiak pasa ondoren, Atenas Olinpikoaren arrasto dekadenteak daude. 2004an mundu osoko kirolari eta jarraitzaileak bildu zituen. Orain abandonatutako estadio isilaren eraikinak ehundaka errefuxiaturen bizitoki dira. Horren adibide dira Hockey Camp (500 errefuxiatu inguru) eta Baseball Camp (300 errefuxiatu inguru). Denda zuriz jositako belardi handietako fokoek errealitate mingarria argitzen dute gauero, Gobernuak inork ikustea nahi ez duen espektakulua. Izan ere, boluntarioek eta kazetariek ia ezinezko dute sartzea eta, batez ere, hango errealitatea erakusteko argazkiak ateratzea.

59

Errefuxiatuen dendez beteriko zelaia estadio abandonatuan.

Lehen eta bigarren mailako errefuxiatuen errealitate gordina.

Gatazka armatuetatik ihesi milaka etorri badira ere, denek ez dituzte eskubide berdinak. 2015eko hondarretan irakiar, siriar eta afganiarrei bakarrik utzi zieten muga pasa eta asilo politikoa eskatzen, baina handik hilabete gutxira, 2016ko otsailean, Europar Batasunak milaka afganiarri ateak itxi zizkien Mazedoniako mugan zeudela. Egun, bigarren mailako errefuxiatu izatera pasa dira, asiloa eskatzeko aukerarik gabe, Greziatik mugitu ezinik daude zain. Afganiar, pakistandar eta beste herrialdetako errefuxiatu askok pasaportea itsasora botatzen dute Greziara iristean, Poliziari siriarrak direla esanez eskubide gehiago izango dituztelakoan. Hala ere, 2016ko martxoan EBk eta Turkiak akordioa sinatu zutenetik, egoera asko zaildu da guztientzat.

62_1

Greziara txalupaz iritsitako familia siriarra.

OMNES proiektua; gizarteratzea eta elkarbizitza.

2014 bukaeran Idomeni inguruan (Mazedoniako mugan dagoen herrixka) gero eta errefuxiatu gehiago ikusten hasi ziren herritarrak. Haiek izan ziren errefuxiatuak laguntzen aurrenekoak, nazioarteko komunikabide eta erakundeen arretarik ez zegoenean. Herritar horietako batzuek ondorengo urteetan integrazio proiektu interesgarri bat garatu dute Grezia iparraldeko Kilkis hirian. Ideia sortu zen hiri alboan ‘Chelso’ Gobernuaren errefuxiatu kanpamentu ofiziala eraiki zutenean; “bertako bizi baldintzak jasanezinak ziren, armadako medikuak berak esan zigun han geunden boluntarioei umeak handik ateratzen ez bagenituen hotzez hilko zirela, errefuxiatu kanpamentuak hustu behar dira, gerran dauden herrialdeetan bakarrik izatean dira kanpamentuak eta Grezian gerrarik ez da”, dio Cristina izeneko boluntarioak. ‘Chelso’ kanpamentua hustutzea lortu zuten eta errefuxiatuak hiriko etxeetara ekarri zituzten. Horretarako sortu zuten Omnes elkartea (latinez “denok” esan nahi du). Grezian etxe huts asko dagoela ikusirik, alokairuan dauden etxebizitzak alokatzen dituzte errefuxiatuak han bizi ahal izateko. Herrian kontsumitzea eta bertakoei irabazi ekonomikoak sortzea ezinbesteko ikusten dute eskuindarren argudioak indargabetzeko. Hirian hobeto integratzea eta ghettorik ez sortzea helburu nagusietako bat dutenez, auzo ezberdinetan banatzen dituzte errefuxiatuen familiak. Errefuxiatuak eguneroko bizitzan parte hartuz Greziako gizartean integratu nahi dituzte. Soziologoek, gizarte langileek, psikologoek, itzultzaileek, abokatuek eta medikuek osatzen dute Omneseko lan taldea. 60 etxebizitza kudeatzen dituzte eta haietan 482 errefuxiaturi aterpea ematen diete.

60

Omneseko soziologoak familia yezedi (Irak) batekin astero egiten duten bisitan.

Autogestioan oinarritutako proiektuak

Greziako krisi ekonomikoaren ondorio dira eraikin, eskola eta hotel huts eta abandonatuak. Horietako asko egun babesleku bilakatu dira errefuxiatuentzat. Nazioarteko boluntario ugari daude proiektu alternatibo hauetan lanean; elkarlana, bizikidetza, autogestioa eta aldarrikapena dira oinarri nagusiak. Gobernuaren kanpamentuetan errefuxiatuak ospitaleko gaixoen antzera tratatzen dituzte, proiektu alternatiboetan aldiz, subjektu aktibo dira guztiak, antolatuta daude eta denek egiten dute lan elkarbizitza bermatzeko.

Krisi ekonomikoa dela eta 2009an itxitako hotela da Atenas erdiguneko City Plaza. 2016an ezkerreko ekintzaile batzuek okupatu zuten errefuxiatuak hartu eta kanpamentu ofizialetakoa baino bizitza duinago bat eskaintzeko.

60_1

Errefuxiatuei aterpea ematen dion City Plaza hotela Atenasen.

Egun, 300 errefuxiatu inguru bizi dira City Plaza hoteleko geletan. Umeentzat askotariko aktibitateak antolatzen dituzte, ingelesa, greziera, alemaniera eta gaztelerazko klaseak ematen dituzte eta garbiketa egiteko edota otorduak prestatzeko txandak daude. Biktimaren papera alde batera utzita, pertsona eta lagun moduan hartzen ditu hotelak errefuxiatuak. Hori dela eta, gero eta errefuxiatu gehiago hurbiltzen da, motxila bizkarrean duela, horrelako esparru autogestionatuetara ate joka, gobernuaren kanpamentuetatik ihesi; “kanpamentuetan animalia bezala hartzen gaituzte, horrelako esparruetan, berriro pertsona garela sentitzen dugu”, dio Mahmoud irakiarrak, City Plazako bere logela berritik.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s