
Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Lekeitioko Ernai
Azken asteotan komunikabide manipulatzaileek Ernai, eta orokorrean borroka sozialetan inplikatuta dauden gazteak kriminalizatzeko saiakera egin dute. Eta hara, “kale borroka”, “turismofobia”, “antisistemas radicales” eta antzekoak entzuten genituen bitartean, “BILBORRATAS KANPORA” izeneko artikulu bat ikusi genuen sare sozialetan bueltaka. Gure alkate ohi txit agurgarriak idatzia zen, Jose Maria Cazalis Eiguren jaunak.
Irakurtzen hasi eta ohartu ginen ez zarela gai izan eztabaida non kokatzen dugun igartzeko ere. Zure jardunean ohikoa den bezala, gezur batekin hasi zenuen artikulua: “…Ernai… ha abierto una campaña contra el turismo en Euskadi”. Ez, ez gaude turismoaren aurka eta ez gaude turisten kontra; zuek, herri hau zuen poltsikoen mesedetara saltzen duzuenok, sostengatzen duzuen turismo ereduaren aurka gaude, herriaren mesedetara baino, postal batean ondo geratzen den herria ari zaretelako eraikitzen, herriarentzat eta herritarrentzat horrek dakartzan ondorioei lepoa emanez. Horregatik, turismo eredu hori eta bere ondorioak ikusi eta gaiaz eztabaidatu nahi dugu, eredu hau eztabaidagai bihurtu nahi dugu, zalantzan jarri; herritarren iritziak jaso eta erabakiak hartu behar direla uste dugu.
“Creación de la nación vasca” aipatzen zenuen, eta arreta piztu digu hori ere erdaraz izateak (kontraesankorra, ezta?). Baina gure arteko ezberdintasunetan sartu beharrean, idatzi duzunari erantzun bat ematen saiatuko gara, euskaraz eta argudio sinple batzuk erabiliz, zuk egin ez duzun bezala.
Eguzkiak eta gure herriko paisaia ederrek erakarrita gure herriko biztanleria bikoizten den honetan, herriko gazte gehienek zerbitzuen sektorean lan egiten dute, terrazetan edota barraren bestaldean, baita partikularrak ematen zein umeak zaintzen ere. Lan prekarioak dira, kontratu gabekoak gehienak, beltzean egiten direnak. Kontratua duten gazte askok, gainera, ordu extrak egiten dituzte orduko 5€ baino gutxiagogatik. Lotsa behar da gero, turismoari esker Lekeitioko familiek aurrera egiten dutela esateko, urtean zehar herritarrek lanera kanpora joan behar dutenean.
Eta bai, alkate ohi jauna, gazteek “hacen su agosto” terrazetan prekarietatean zerbitzatuz, bezperan jakinez hurrengo eguneko ordutegia… hori da gure abuztua, zure senatuko aulkitik ikustea zaila izan daitekeen arren. Gustura ikusiko zintuzkegu ostalaritzako abuztuko erritmo eta baldintzetan lanean. Seguru apaltasun pixkat hartuko zenukeela.
Lan arloan ez ezik, etxebizitzen arazoa ere hor dugu. Lekeitioko etxeen %40 (2000 etxe inguru) hutsik daude urte osoan zehar. Ez dira alokairuan ere jartzen, eta udalak ere ez du politika aktiborik etxe horiek erabilgarri jartzeko. Etxe hutsen zergak (IBI) igo dituzte, baina horrek ez du konpontzen herriko gazteok herrian emantzipatzeko dugun ezintasuna. Etxeetako jabeek nahiago dute udako hilabeteetan soilik alokatu etxea, prezio altuagoak izaten direlako udan (hilabetea 1000€-2000€). Hots, denboraldi bat pasatzera datozen turistei bideratzen zaizkie herriko etxe hutsak. Ondorioz, herriko jendeak zailtasun handiak ditu urte osorako etxe bat alokatzeko, are gehiago gazte prekariook.
Turismorako bizi den herri bat sortu diguzue, eta ez da inbertsiorik egiten beste sektoreetan. Beraz, lanera edota bizitzera kanpora joaten ez denak zapalkuntza bikoitza bizi du: soldata miserableak eta alokairu altuak.
Eta guk gure herrian bizi nahi dugu. Bizirik dagoen herri bat nahi dugu, urte osoan zehar. Udako postalen atzean izaera eta bizitza dituen herri bat, baita neguan ere. Bertoko herritarren neurriko herri bat nahi dugu, geuk erabakia eta geuk eraikia, geure behar eta nahien mesedetara.
Lotsa gabe aipatzen zenuen artikuluan, gainera, ikasle bizitza luxu bat balitz bezala. Luxu bat izango balitz bezala urtero unibertsitateko tasak (igotzen ari direnak) ordaindu behar izatea pisuaren alokairuarekin batera, azken honetan ere nabaria den espekulazioarekin (prezio itogarriak). Uste duguna baino askoz kasu gehiago dira urte guztian zehar lan prekarioenetan aritu behar izaten diren ikasleen kasuak, ikasle bizitzari aurre egin ahal izateko: partikularrak ematen, umeak zaintzen, tabernetan… Ez da denon errealitatea, Cazalis jauna, hilabetero poltsikoak milaka euroz betetzea poltrona batean eserita herritarren eskubide eta bizitzekin jolasean egoteagatik, batek daki zenbat kotxe izatea, bi etxe Lekeition bertan… beraz, ez dugu uste zuk aipatzen dituzun “incoherencia” horietan ari garenik, gazteon errealitatea argia baita urte osoan zehar: prekarizatua.
Eta erantzule zuzenak ditu gure herriak bizi duen egoera honek. Herria saltzeko PSOE eta PP-rekin akordioak egin dituzten horiek zarete honen eragile, gure hizkuntza, kultura eta herri-izatea argazki batean saldu nahi duten horiek, poltsikoak bete bitartean.
Beraz, Cazalis jauna, zure eta zure lagunen hitz hutsalez komunikabideak betetzen dituzuen bitartean, guk gure herria defendatuko dugu zuen interes ekonomikoen aurrean: Lekitto euskalduna eta herritarren mesederako eraikia nahi dugu, eta ez gaituzue geldituko. Ez gaitu egun dugun udaletxearen politika zentsuratzaileak isilduko, eta gure jarduna kriminalizatzeko egiten duzuen ahalegin oro aurrera jarraitzeko arrazoi bat gehiago izango da. Finean, betikoa da: zuek diruagatik, guk maitasunagatik.