
Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Mikel Eizagirre
“Erabateko kaosa dugu zerupean; egoera ezin hobea da.”
Mao Zedong
Markoan iltzatzeko moduko esaldi-zertzelada utzi zigun Jose Saramagok Gizon bikoiztua eleberrian: “Kaosa deszifratzeke dagoen ordena da”. Xumetasunez, handikeriarako xederik gabe idatzi arren, handia izan daiteke halako itzuli ontologiko batek ezpainetan uzten digun esperantza zaporea, ederra hitzok belarriratzen duten egiaren akordea. Teoria eta politikaren arloan iturri solidoen egarriz gabiltza, zentzu eta norabide bila, Morfeok Matrixen izendatzen duen errealitatearen basamortuan. Oharpen ttipi bat izan liteke beraz, horren konplexu agertzen zaigun kaos globalaren erdian betekizunik badela oroitzeko.
Kapitalismoaren naturalizazioa eta alternatiben gainbehera zeharo errotu da XXI. mendeko gizasemeon maila kontzientean, funtzionatzeko modu kaotiko (“baina”) posible bakarra izango bailitzan. Kaos gisa azaltzen eta saltzen zaigunaren baitan dagoen ordenaz jabetzeko ezinbestekoa izango da mugak haustea, propioak nahiz sistemarenak, subjektibitate kapitalista lurperatu eta Big Bang iraultzaileari hasiera emanez errealitate kosmiko berria osatzeko. Baina utz ditzagun epikak une batez, arrunta baita egunotatik halako gertakariak urrun ikustea. Historia materialean leherketak ez baitira ezerezetik sortzen, aurretiazko osagai zehatz nahiz ez horren zehatzak bilatu beharrarekin topatuko gara ezinbestean. Baina teoriaren inguruan dugun nahasmenak pitzatu eta abaildu egin du praktikaren joko zelaia, erreferenteen galerak galarazi ahalbideekiko fedea. Egia da baldintza objektiboak nabarmen bizkortu direla, baina aspaldi da ere baldintza subjektiboak ez zeudela horren hondoratuta. “Zer egin?” galdegiten zion Leninek bere buruari 1901ean.
Ez natorkizue besapean gidaliburuarekin, edo ez da hori nire asmoa behintzat. Gero eta mesfidatiagoa naiz ustezko formula argi eta mekanikoak proposatzen dituztenekin, gutxitan aurkitzen baititugu problematika errealen epizentroetan, kasualitatea ote? Arinkeria traketsa deritzot ulerbideak difuminatzen diren garaiotan forma mesianikoak hartzeari. Horrekin ez nuke aditzera eman nahi nolabaiteko horizontalismo idealizatuaren Edenak abangoardien ideia gainditu duenik. Antolatu gaitezen arriskuak hartzeko, baina kontuz ibili behar gara, ez dezagun saldu hartzaren larrua ehizatu aurretik.
Sinplista izan daiteke, baina LANA da egungo munduari erreparatzean burura datorkidan lehen hitza, egitekoa. Abstraktuak izan daitezke zehaztera ausartzen naizen betebeharrak (analisi teorikoa oinarri hartuta egungo errealitatea interpretatzea, burgesiaren botere-eremuetatik at langile klasearen antolakuntza autonomoa artikulatzen hastea, autokritikaren bidez akatsak identifikatzea, elkarri eskua luzatzea…), ia buruz errezitatzen ditugunak. Baina bada benetan sinesteko garaia, badugu nondik hasi ezer promestu aurretik. Lanaren irakaspenetatik iritsiko gara iristekotan subjektua eta norabidea identifikatzera, lanak berak legitimatu eta doituko gaitu eginkizunaren ibilbidean.
Ezer gutxi dugu argi, badelako iluntasunak dena irensten duen tarterik, galtzaile jarrerak gailenduz. Dena ezin daitekeelako guk nahi bezala suerta, ezta? Ezin aukeratu nola senti ere, dena gaizki irteten den uneotan. Benetan? Hori al da guztia? Ez zaigu besterik geratzen? Lezio mingotsa eta geure buruaren uneko irudi lotsagarria baino ez? Ezinezkoa, egon behar du kaosaren erdian ordenik, borrokarako kemena berpiztuko digun zerarik, argi-izpien gisara aurrean dugun historiaren ibilbide luzea argituko diguna.