Home

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Mikel Eizagirre

Anekdota batek balio liguke gaur arteko zinema eta telesail eredua Netflix eta antzeko plataformen aurrean zer nolako egoeran geratu den ulertzeko. Campos Elíseos antzokian izan genuen ikus-entzunezko industriaren inguruko kongresu batean hizlarien artean bazen harropuzkeria handiz hitz egiten zuen SGAEko ordezkari bat, Netflixen gaia atera zenean berebiziko egonezin nabarmena zuena. Zentzu figuratiboan adierazteko, negar batean zebilen jendea ez delako zinemara joaten, ulertzera eman nahi izan zigun Netflixek ez dituela lehiaren arauak errespetatzen (eurek ezarritakoak, noski) eta une batean delirio hutsez zinema garestia ez dela esatera ere ausartu zen.

Baina nola uler dezakegu halako jarrera erreakzionarioa teknologia berriek bultzatzen duten frenetikaren erdian? Duela gutxi arte zinema eta telebistaren produkzio eta banaketan monopolioa zuten sektore enpresarialak eta Estatutik haien merkatu-interesak babesten zituzten erakundeak (SGAE) urduri daude. Atzerriko kapitalek osatzen dituzten plataforma berri hauek, euren ezaugarri berritzaileak baliatuz, lehia monopolistiko bizian dabiltza, eta oso bestelakoak diren paradigmak ezartzen dituzte lehen zinema eta telebistarena baino ez zen ikus-entzunezko produkzioen merkatuan. Medio tradizionalak lehiatik kanporatuak izaten ari diren une historiko baten aurrean gaude. YouTube fenomenoarekin aurreikus zitekeen bezalaxe, komunikabide tradizionalak zer egin ez dakitela geratu dira barra kodea jarri ezin zaion horrenbeste eduki, informazio eta interakzio euren buruen gainetik hegaka dabilela ikustean. Produkzio eta banaketa eredu zaharretik ihes egitera doan zerbait izanik, Netflix bezalako plataformekin lehiatzea kea eskuekin harrapatzen saiatzea bezalakoxea da beraientzat.

Ikus-entzunezko industria, historia bera bezalaxe, aurrerantz doa teknika hobetzen den heinean, eta medioen jabe direnen mesedetan betiere, mundu zaharreko elementuak baztertuko ditu pixkanaka. Zinema eta telesailen kasu partikularrean ere, garai historiko bakoitzak, bere produkzio-sistemak eskatzen duenaren arabera, ikus-entzunezko eduki, gai eta formatu hau ala bestea beharko du ezinbestean. Horixe bera da, kontestu historiko honetan jaiota, Netflixekin gertatzen ari dena: internetek eta berak dakarren aurrerapenak gero eta ikus-entzunezko materialaren produkzio/banaketa-sistema efiziente eta zehatzagoak sortu ditu (hileroko harpidetzak, ikusle bakoitzaren tempusetara egokituz denboraldi osoka argitaratzen diren telesailak, gailuen konbergentziak, prezioetan kontsumitzailearentzat errentagarritasun handiagoa, publizitate ametrailamenduaren abolizioa, deskarga bidezko formatu digitalak, kontratazioa saretik egitea…), aurreko produkzio/banaketa-ereduen adar zaharkituak suntsituz (zinema aretoak, astean behineko emisioak, publizitate ordu ugari, eduki-unitate bakoitzeko ordainketak, formatu fisikoak, dendako erosketak, bideoklubak…).

Amaitzeko, argi utzi nahi nuke irakurketa honen bitartez ez dela nire asmoa medio tradizionalek gaurko egunez duten boterea banalizatzea. Aldaketa ez baita guztiz gauzatu, baina norabide horretan doala interpretatzen dut. Ia abiadura supersonikoa hartzen ari den fenomeno honen erdian galduta ikusten garenez, agian garrantzitsua izan daiteke hausnarketa politiko bat egitea: non dago gizakiaren benetako erronka? Trena gelditu eta lurrun-makinetara itzultzean, ala makina-gelaren kontrola gizarte langile osoaren mesedetan hartzean?

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s