Home

teopraxisplano21

Iraitz Arizkorreta / Topatu

Azken aldian nahikotxo hedatzen ari den joera deskalifikatzaile gisara kontsidera daiteke teorizismoaren estigma. Esparru militante ugaritan ematen ari den tendentzia izaki, beronen hausnarketak praxi iraultzailearekin zerikusi zuzena dauka.

“Hitz potolo”en erabilera, errealitatetik at kokatzea, anakronismoa, erromantizismoa, estrategia falta, “purutasuna”, Marx-en sakralizazioa… dira krisi sozialaren testuinguruan euren ibilbide propioa eraikitzen hasi diren mugimenduak karikaturizatzeko baliatzen diren alegatoak mugimendu sistemikoen partetik.

Beste hitz batzuekin, kapitalaren krisian (kapital harremana baita ekoizpen soziala baldintzatzen duen erlazio historiko-konkretua) politikoki (organizatiboki eta estrategikoki) independizatzen ari diren mugimenduak kontrolpean mantentzeko ezintasuna eta hauek aislatzeko intentzionalitatea adierazten dute halako esamoldeek.

Teoria teorizismoarekin ezer gutxik lotzen du. Akaso eurak baliatzen dituzten subjektuen arteko talka frontalak; horrek bakarrik.

Teoria indar materialean bilakatzen da masak kaptatzen dituen momentutik” (*) horra hor beronen funtzio nagusia; hots, ideia hutsaletan ez gelditzearen autua, subjektibitateen eraikuntza.

Teorizismoa edo jakintzagatiko jakintza burgesiaren eta bere “extensio”-en kontsumo intelektuala asetzeko ekoizpena da, ideologiak merkantzia bilakatzen direlarik horrela. Aldiz proletargoarentzat, Teoria behar bat da bere izatea (dominazio-harreman baten parte izatea) iraultzera bidean.

Hau da, guk geuk, teoriaren ezinbestekotasuna daukagu gure izate historikoa, errealitate sozialean (gizartean) aurkitzen garen posizio objektiboa ezagutu eta gainditzeko.

Beraz, klase dominatuak gizarte kapitalistan bere egoera erreala aldatzeko erabiltzen duen lanabesa da Teoria. Klase dominatuak edo proletargoak pairatzen dituen injustiziak (dominazio harremana) gainditzeko prozesuaren momentu bat da; hain zuzen ere, bere kate errealak ezagutu eta berauek ukatzeko ahalmen ulerkoia esleitzen dion momentua. Bera parte den testuinguruaren ezagutzak soilik ahalbidetu ahal baitio proletargoari estrategia egokia martxan jarri ahal izatea, estrategia erreala, klaseak desegin ahal izateko. Hitz gutxitan, klaseen suntsiketak suposatzen duen Iraultza Prozesuaren momentu bat da Teoria.

Teoriarekin soilik klase sozialen ezabaketa ezin gauza daitekeen arren, Teoriarik gabe desegite hori garatzeko ezinbestekoa den kontzientzia aspirazio utopikoan geratzen da.

Hala ere, momentu hori ez da iraungituko prozesu iraultzailea bere osotasunean exekutatua izan arte eta beraz, ezin gara mekanizismoan jausi eta Teoriaren formulazio printzipalista bat egin. Hau da, ekoizpen teorikoak klase gizarteak iraun artean berebiziko papera jokatzen du, hasieratik garaipenera arte. Hargatik, Teoria ezin uler daiteke printzipio estrategiko bat ahalbidetzen digun hasierarako inflexio puntu bezala soilik, konstante erreal bezala baizik.

Proletargoaren Teoria, funtsean, egungo gizartearen edo harreman sozialen edo gizakion arteko harreman historiko-konkretuen ikerketa konstantea da.

Jarduera teorikoa zientifikoa da alde batetik, harreman sozialek ezkutatzen dituzten barne-loturak ezin direlako fenomeno sozialek bat-batean gure kontzientzietan hartzen duten formetan aurkitu. Hau da, muturren parean ageri ohi zaizkigun erlazioek (salerosketa harremanak gure egunerokotasunean) ez dituzte adierazten erlazio horiek existitu ahal izateko ezinbesteko diren harremanak (fundamentalak, fundanteak, oinarrizkoak: produkzio harremanak). Fenomenoak eta esenziak ez dute bat egiten eta beraz, zientziaren gabezian, ezin konprenditu (eta gutxiago gainditu) daitezke egunerokoan pairatzen ditugun arazoak erlazio sozial hauen baitan.

Bestalde, fenomenoak zientifikoki analizatzeko metodoak berebiziko garrantzia dauka Teoria ekoizterakoan; izan ere, gertakari sozialak ulertu nahian gabiltzanaren ondotik, fenomeno klimatikoak, kimikoak, fisikoak, etab. konprenditzeko baliatzen diren herraminta zientifikoek (mikroskopioa kasu) ez dute balio erlazio sozialak aztertzerako garaian. Bada, Marxek planteatzen duen dialektikan aurkitzen da gizartea analizatzeko metodo zientifikoa, zentzu konkretuan.

Puntu honetan, adierazi produkzio teorikoa prozesu iraultzailearen momentu etengabeko bat delaren jabe izanik, Marxek egiten duen ekarpenak proletargoaren zientziaren pasarte bat betetzen duela. Hortik aurrera, zientzia dialektikoa metodo gisa baliatzen duen proletargoaren ekoizpen zientifikoari Marxismoa deituko diogu, beti ere praxiaren zentzuan, hau da, kapitalismoaren kritikatik eta praktika iraultzailetik eta, noski, teorizismo ororekin talkan(**).

Metodora itzuliz, XIX.mendeko 50. hamarkadan baliatzen du lehen aldiz Marxek metodo zientifiko dialektikoa gizarte kapitalistaren inbestigaziorako lanabes gisa. Bada, egunerokotasunean gertatzen diren fenomenoak hartzen ditu abiapuntutzat (krisi ekonomikoak) eta horiek azaltzen saiatzen da, beti ere osotasunaren ikuspegitik; hots, kontziente izanik gizarte kapitalista mundu mailan hedatzen ari dela eta krisiak mundu mailan gertatzen direla eta beraz, aztertzen ari den objektua osotasunaren printzipioaren baitan kokatu behar duela. Hau da, inbestigazioaren objektua osotasun konkretua dela eta gure kontzientzietan partzialki ageri zaizkigun fenomenoak totalitatean soilik azaldu daitezkeela. Esaterako, enpresa bat ixten denean (fenomeno partziala) totalitate konkretuaren baitan kokatu behar da, gizarte kapitalistaren dinamikaren baitan.

Dinamika kapitalista edo gizartearen mugimendua (totalitate konkretua) ezagutzeko abstrakzioa erabiltzen du Marxek. Alegia, osotasunean faktore edo determinazio ugarik eragiten dutelaren kontzientziaz, determinazio horiek abstraitu edo partzializatzen ditu, berauek bakarka ezagutuz (determinazio konplexuenetatik, adb dirua, determinazio sinpleenetara joz, adb ekoizpena), eta paraleloan determinazio horiek euren artean harremanetan jartzen ditu, modu horretan totalitatea azaltzen duten kategoriak ekoitziz. Puntu hau ilustratzera begira, egunerokoan garatzen ditugun harremanek (salerosketa harremanak edo harreman merkantilak: adb,tabernan trago bat hartzerakoan) dirua eta merkantzien salerosketa etengabeko bat adierazten digute. Baina zirkulatzen doazen elementu horiek ekoizpen esfera bat aurresuposatzen dute (edaria produzitu egiten da eta guk dirua nonbaitetik lortzen dugu). Beraz, zirkulazioaren esferan a priori gure kontzientzietan erreflejatzen diren determinazio formalak (formak) determinazio konplexuak dira, haien baitan determinazio gehiago ezkutatzen dituztelako: ekoizpenaren esferakoak. Beraz, ekoizpenean eragiten duten determinazioak abstraitu beharko lirateke funtsean gizakiek esfera honetan dituzten harremanetara iristeko: klase harremanetara. Sekuentzialki eta errealitateak galdegiten dituen erritmoak errespetatuz, determinazio horien arteko erlazioa (ko-determinazioa) fijatu beharko litzateke kategoria esplikatiboak eraikitzeko eta horrela abstraktutik konkretura jotzeko. Hots, osotasun konkretua ezagutuz (gizarte kapitalistaren dinamika) eta fenomeno partzialei azalpena emateko gaitasuna lortuz.

Oso sintesian, eta bulgaritatez josita, azaltzen saiatu naizen metodo dialektikoa baliatuz ikertzen du Marxek gizarte kapitalistaren dinamika (eta krisia bere erreprodukziorako muga historiko bezala). Bere planean Merkatu Mundiala totalitate gisa ikertzea planteatzen zuen proposamen politiko konkretuak egiteko eszenatoki teoriko moduan, nahiz eta ez zen apustu hori gauzatzera iritsi.

Metodo dialektikoa, baina, langileriaren zerbitzura geratu den ondare historikoa da, zeina gizarte burgesa aurkitzen den momentu historikoa identifikatzeko lanabes baliagarrienetakoa zaigun gaur-gaurkoz. Hala, metodoaren eraginkortasun analitikoa gure eginez, proletargoaren zientzia elikatzen jarraitu behar du langileriak, historian zehar gizon-emakume ugarik egin dituzten ekarpenek erakusten duten moduan eta beti ere, beste harreman sozial batzuk gauzagarri eta beharrezko direlaren optika iraultzailetik.

Bada, historiak demostratu du Teoria Iraultzailea dela eta hala izan daitekeela soilik, sistema kapitalistaren ezagutzak iraultza komunistarako abagunea besterik ez duelako irekitzen klaserik gabeko gizartea eraikitzeko bide bakar moduan. Bestelako posibilitateak deuseztatuak izan dira eta beraz, langile zientzia, zientzia iraultzailea dela baieztatzera iristen gara.

Ondorioz, Teoria Iraultzaileak ahalbidetzen badigu historiaren fase honetan jokatzen dugun papera argi edukitzea, Teoriarekin soilik ezagutu ahal badugu “gure existentziaren arrazoi sekretua”, ekoizpen teorikoa Iraultzaren momentu bat gehiago bada eta etsaiaren aurrean posizio egokiak hartu zein hura azken hatsera arte borrokatuz garaipena lortzeko premisetako bat etsai hori aurkitzen den koordenadak ezagutzea bada, ezin onar daitezke etsaia desitxuratzen duten analisi ez-errealak ez eta hauen baitan eraikitzen diren proposamen politikoak.

Haratago, ezin dugu onartu proposamen horien defentsoreek estrategia eza, errealitatetik at kokatzea, teorizismoa eta bestelako falaziak baliatzea langileriaren antolakuntza propiorako mugimenduak karikaturizatzeko.

Teoria iraultzaileak ahalbidetzen duen klase kontzientzia, ez da masa proletarioei eskuratzeko ezinezkoa zaien kontzientzia gradu bat, beren eginbehar historikoaren parte baizik. Kontrako noranzkoan, baina, planteamendu politiko klasikoek gailentasun moral batetik begiratzen dituzte langile masak; errealitatetik at kokatzen dituzte alienaturiko edo subsumituriko langile masen behar terminologiko subjektiboetara subordinatzen ez diren planteo politikoak.

Logika honen baitan, langileriak herria, hiritargoa, klase ertaina edota gizarte zibila bezalako kategoriaekin pentsatzen badu bere burua, kategoria idealista horietara egokitu behar ei dira proposamen politikoak. Etsaitasuna Estatuen izaera krudeletara edo oligarkia finantzieroetara mugatzen badu soilik, antzeko zerbait.

Baina masek, ongi aski artikulatzen dituzte klase kontzientzia garatzeko elementu objektiboak: potentzialitate iraultzailea. Are gehiago: langile masek ez dute iraultzaile profesionalik behar klase kontzientziaren garapenaren zein fasetan aurkitzen diren azaldua izan zatzaien ez eta ematen ari diren aurrerapausoak (independentzia politikoa kasu) oztopatzeko kuadro profesional hauek baliatzen duten sasi-jakinduriarik. Gure errealitate gordinaz jabetzeko nahikoa dugu gure eguneroko sufrikarioa bizitzearekin eta errealitate material honen baitan, soilik, eraikitzen ditugu gure apustu politikoak; gauzagarriak baina beharrezkoak zaizkigun ekinbideak pentsatzen ditugu. 

Beraz, klaserik gabeko gizartea eraikitzera bidean iraultza komunista proletargo osoaren eginbehar historikoa izanik (alderdi komunista historikoa), klase kontzientzia bada horretarako baldintzetako bat (ez bakarra) eta hori Teoria masetan funditzearekin gauza badaiteke, estigma eta kalifikatibo oro albo batera utzi eta has gaitezen benetan garena bezala izendatzen geure burua; has gaitezen kategoria errealetan pentsatzen eta azaltzen gure egunerokoa. Ez gaitezen engaina eta ez gaitezen saia inor engainatzen kategoria, termino zein eslogan desitxuratu eta taktizistekin. Pentsa dezagun, bada, gure elebazioa Alderdi izatera, gure errealitate historikoak exijitzen duen kontzientziara; pentsa dezagun gu geu langile masen parte gisa nola birjabetu gaitezkeen Teoriaz eta nola bilakarazi genezakeen hura, subjektiboki, gure eguneroko herramintan. Plantea diezaiogun gure buruari nolaz erauzi teoria iraultzailea akademizismo burgesaren (teorizismoaren santutegia) atzaparretatik. Teoria Iraultzailea burgesiaren instituzioetatik (joera burokratikoak, joera akademizistak, abangoardista klasikoak…) berriro ere proletargoaren proiektu iraultzailera subsumitzeko baldintzak analiza ditzagun; teoriza dezagun, beraz.

Izan ere, iraultza komunista, klaseen suntsiketa eta “askatasunaren erreinua” lortzeko prozesua, mugimendu espontaneoa izatetik harago, ekinbide kontziente bat izanen da soilik; ekinbide kontziente baina kolektibo bat, langile klase osoaren konkista. Progresiboki errealitate bilakatzen joango den forma sozial eta politiko berria.

Euskal Herrian badugu zer hausnartu honen gainean eta hausnarketa horrek denok interpelatzen gaitu subjektu gisa. Are gehiago orain, teorizazioaren ardura oso gutxinaka gazte ugariren egunerokotasunean gorpuzten ari den momentuan erreakzio burgesa bere ezker hegala ari delako baliatzen teoriaren iraultzarekiko subsuntzioa ekiditeko, eta horrek, noski, gure lurraldean jada aktibazio-maila agerikoagoa izaten ari den klase borrokan posizio garbi bat hartzera behartzen gaituelako, denoi.

(*) Contribucion a la critica de la filosofia del derecho de Hegel, Marx 

(**) Ikus marxologo, marxiano eta marxisten arteko bereizketa artikulu honetan.

https://irteen.net/los-marxistas-los-marxologos-y-los-marxianos-y-el-marxismo/

 

One thought on “Teoria: proletargoaren arma iraultza prozesuan

  1. Interesgarriak egin zaizkit teoriaren inguruan aipaturiko hainbat aspektu… hala ere, eta azken parrafoetan aipatutako testuinguruan, uste dut teoriaren izaera zientifikoak ez duela teoria dogma bihurtu behar.
    Orduan, hainbat galdera datozkit burura…. Guztiak ere, azaleko analisi batean oinarrituta (ez baitut betarik orain
    1) kontuan hartzen dituugu teoria solido bat izateak eragiten digun argitasun sentsazioa (nolabaiteko fanatismoa) eta honen ondorioak?
    (errespetu osoz diot hori, eta gehiegi ez psikologizatzeko gogoz, traszendentzia sentsazio garrantzitsuhori hor egon baita iraultza guztietan)
    2) Ez ote dago diskurtsoa (diskurtso “txikiak” gure herrietako eguneroko borroketakoak) lauso bezala irudikatzeko arriskua, mugimenduotako kapa txiki (eta nahiko uniforme) batek teoria landua izanagatik?
    3) Zer egingo dugu oinarri teoriko ezberdina duten kide eta antolakundeekin?
    4) Nola kudeatuko ditugu (gure testuinguruan era ebidentean) teoriaren ezagutzak sortzen dituen desoreka, segurtasun falta edota delegazionismoak?

    Eta azkenik, kritika bat ere… amaiera aldera doan “erreakzio burgesa bere ezker hegala ari delako baliatzen” horren inguruan. Uste dut arriskutsua dela hau horrela azaltzea, agindu bat emateko gaitasun bat bezala edo. Hau da, ezker politikoak (ohikoak) sektore komunistagoak kritikatzearen erroan arrazoi material sendoagoak daude, eta beldur naiz ez ote den manikeismoan jausten azalpen horrekin.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s