Home

Argia

Gasteizko Udalak OkupaTourreko trenaren baimena ukatu du, baimen tekniko guztiak bermatuta egon arren. Hilabeteetako lana, bilerak… “erabaki politiko” batekin debekatzeko, tourreko kideek azaldu duten moduan.

“Irratietako uhinak okupatu ditugu, Gaztetxeak altxatu genituen orain dela 30 urte, gazteontzako blokeak berreskuratu ditugu, auzoetan ere gazte espazioak sortu ditugu… Eta tour baten debekuak kikilduko gaituela uste duzue?”, galdetu diote Gasteizko Udalari.

“Erabaki politiko baten aurrean gaude”. Argi eta garbi, horrela adierazi dute antolatzaileek. “Ezin dugu ulertu debekua erabaki politiko bat ez bada”.

Hiri debekaturako bidaia izango zela adierazi zuten antolatzaileek. Eta, hara paradoxa: hiri debekaturako bidaia debekatu dute. “Ezin dira horrelako debekuak onartu Gasteizen”, salatu dute.

“Debekatzen diguten hiri hori” erakutsi nahi dutela azaldu dute. “Debekuen gainetik, posible delako, eta hala erakutsi dute Gaztetxeak, Hala Bedik, GES-ek, Sumendik, Arkillos 10ek, Errekaleorrek, Santo Domingok, Auzolanak… Eta hiri honetako dozenaka eragilek urteetan zehar”. Deitzaileen hiri eredua hau dela aldarrikatu dute, “urteetan zehar burubelarri aritu zareten guztiak zarete eredu guretzako”.

Hiriaren erabilera bera ere jopuntuan dagoela uste dute. “Nahi dutena kontrolatzen dute. Egunero, uneoro…”.

“Guk gure hiri eredua eraikitzen dugu. Eta hala jarraituko dugu. Eta biharko eguna, urriaren 6ko OkupaTU Gasteiz eguna, urteurren guztiak… Horren emaitza txiki bat baino ez dira izango”, esan dute.

“Tour bat egingo dugu, turismo gidetan agertzen ez den bisita gidatua, gure guneak eta gure egunerokotasuna bertatik bertara bizitzeko”. Informazio eskubidea ere ukatua izan dela gaitzetsi dute.

Gasteiz alternatibo eta autogestionatuari gorazarre egin dio OkupaTour arrakastatsuak

Hala bedi

OkupaTour-16

Gasteizko Udalaren debekuei eta goizeko lehen orduko eguraldi txarrari aurre eginez, dozenaka lagun bildu dira OkupaTour-en. Arabako hiriburuan loratutako espazio autogestionatuak ezagutzeko aukera eskaini dute, bizikletaz zein autobusez, goiz osoan zehar luzatu den ibilbidean.

Udalaren azken orduko erabaki politikoak arriskuan jarri zuen azken hilabetetotan Gasteizko kolektibo ezberdinek prestatzen ibili diren OkupaTour-a. Hala ere, gogoari eutsi eta goizeko 11.00etan 150 lagun bildu dira Andra Mari Zuriaren plazan. Bertan, bizikletaz hurbildutako lagunei, hasierako trena ordezkatu duen autobus bat batu zaie bertan, tourra gidatu duen furgoneta jarraitzeko asmoarekin. Furgonetaren gainean, gune bakoitzaren inguruko azalpenak zabaltzeko megafonia.

Lehenengo geltokia SUmendin egin dut, 2016an Judimendi auzoan berreskuratutako lokala. Honen ostean, eta Amparo Lasherasek 60-70. hamarkadetako herri mugimenduaren errealitatea azaldu ostean, Errekaleor auzora hurbildu da OkupaTour. 2013. urtean berreskuratutako auzo hau, gaur egun 150 bizilagunen etxebizitza bermatzeaz gain, kulturaren zein burujabetza energetikoaren sinboloa bihurtu da, eta bertako mural ezberdinak edo azken hilabeteotan instalatutako eguzki-panelak lehen eskutik ikusteko aukera izan dute hurbildu diren lagunek.

Jarraian, Gasteizko erdialdera itzuli da OkupaTour, eta bertan, Gasteizko herriaren historia ezagutzeko aukera paregabea izan da: Adurtza auzoan barrena, gaur egungo autogestio mugimenduaren hazia bilakatutako 80. hamarkadako mugimendu autonomoen eztandaren inguruan aritu da Juan Ibarrondo. Ondoren, erdialdetik, hiri ereduaren inguruko hausnarketarako tartea izan da, ADI ustelkeriaren aurkako elkartearen eskutik: Operación Centro, San Antonioko kasua edo Ensanche 21en ustelkeriaren inguruko hainbat datu mahaigaineratuz.

13.30ak aldera, Alde Zaharrera iritsi da ibilbidea. Bertan, auzoko gentrifikazio prozesua eta, konkretuki, Santo Domingo kalearen kasua ezagutu dute. Ibilbidearen azken txanpan, Alde Zaharreko beste espazio batzuetara hurbildu da OkupaTour: 1983an sortutako Hala Bedi irratia, 2008an berreskuratutako Auzolana Pilotalekua, Gazte Emantzipaziorako Sareak (GES) Alde Zaharrean gazteentzat berreskuratutako etxebizitzak edo 2010ean okupatutako Arkillos 10 -udal jabegoko eraikina-.

Azkenik, Gasteizko Gaztetxean antolatutako luntx batekin amaiera eman diote OkupaTour-ari. Antolatzaileek oso balorazio positiboa egin dute: “Kriminalizazio eta debeku saiakeren gainetik, gaurkoan, bestelako Gasteiz bat egunez egun eraikitzen ari diren proiektuen errealitatea jendarteratzea lortu dugu”, adierazi dute.

Gaurko ekimenari jarraipena emango ote dioten argitu ez badute ere, “Gasteizko autogestio mugimenduaren loraldia” azpimarratu dute, OkupaTU Gasteiz dinamikaren baitan Hala Bediren, Gaztetxearen, Auzolana Pilotalekuaren eta Errekaleor Bizirik-en urteurren borobilak ospatzen diren honetan. Urriaren 6an, OkupaTU Gasteiz Eguna antolatuko dute kolektibo hauek, eta adierazi dutenaren arabera, “Gasteiz berri bat sortzen ari dela argi geratuko da” egun horretan.

One thought on “Gasteizko Udalaren debekuen gainetik, OkupaTour

  1. Lehenik esta behin zorionak Gasteizen okupazioaren bidea aukeratzen ari diren pertsona guztiei, izan ere, badirudi okupazio mugimendua poliki poliki kontraboterearen espresio nagusia bilakatzen ari da.

    Hala ere, uste dut iraultzaile bezala egiten dugunaren analisi zorrotz eta zintzoa egin behar dugula eta kasu honetan ez dugu egin. Udaletxeak Okupa Tour-eko trena debekatu zuen eta debeku honen aurrean ez da inongo desobedientzia praktika/dinamikarik proposatu, bizikleta martxa baimenduta baizegoen.

    Hortaz, soilik diot gure buruarekin zintzoak izateko eta garaipena ez aldarrikatzeko egiten ditugun gauza guztietan. OkupaTour-ena ondo egon zen, baina udaletxeak nahi zuen moduan, trenik gabe burutu zen. Uste dut analisiaren abiapuntua hori izan behar dela eta ez gure buruei loreak botatzea etengabe.

    Instituzioekiko insumisio zuzen eta erradikal batetik aurrera egingo dugu edo… ez goaz inora!

    Aurrera! …ahaztu gabe nortzuk garen eta nora goazen… iraultzara!

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

w

Connecting to %s