Home

tumblr_mzqzg1l0ek1s5mnvmo3_1280

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Felix Arrese

Ene lagun on batek esan ohi duen bezala, errebisionismoaren eta erreformismoaren jarduera nagusia eskatzean eta aldarrikatzean oinarritzen denez, iraultzaileen lana egitean eta sortzean datza.

Helburuez gain, erreforma eta iraultza bereizten dituen elementu nagusietariko bat euren barne-logika ere izan daiteke, helburuetara iristeko jarraitzen duten bidea: erreformak aldez-aurretiko izatedun bitartekariak darabiltzalarik, iraultzak aurrean daukan problematikaren nolakotasun guztiak aztertzen ditu, eta hortik abiatuta, kontzienteki eraikitzen ditu metodoak, zeinak efektiboagoak izateaz gain, errotik desberdinak ere badiren. Errealitateari itzulia eman ahal izateko, errealitate bera ulertzeko modua eta jarduteko era ere hankaz gora jartzen dute. Adibide gisa, eta baldarra dirudien arren, analogia egokia ezar dezake behinola entzun nuen asmakizun honek, jardun iraultzailea eta erreformista bereizteko:

Bi lagunei ontzi batean ur eta esne edalontzi bana isuri ostean bi osagaiak nahastu gabe bereizteko erronka jartzen diete. Baldintza zera da, ezin dutela ontzian inolako objekturik sartu bi likidoak fisikoki banatzeko. Lehen lagunaren txanda da, eta modu traketsean isurtzen ditu ura eta esnea, ezinbestean nahasiz. Bigarrenak, aldiz, zuhurtzia handiagoarekin, lehendabizi ura botatzen du ontzira, ontzia hozkailuan sartuta izoztu egiten du, eta behin hori eginik, gaineratzen dio esnea ur solidoari, bi elementuok forma heterogeneoan banatuz.

Lehen lagun erreformistak, begi bistan emanak zaizkion baldintza zirkunstantzialetatik haratago ikusteko ezintasunaz mugatuta, dilema ezinezkotzat jo eta otu daitekeen modu basikoenean saiatzen da ebazten, emaitza positiborik gabe, noski. Bigarren laguna iraultzailea dugu, izan ere, aurrean dituen elementuen izaera osoa modu dialektiko batean aztertzen du arrazoia eta aurretiazko esperientzia baliatuz, badaki aurrean dituen objektuen forma, horixe baino ez dela, behin-behineko forma konkretua, inondik ere ez unibertsalitate estatiko moduko bat. Objektuak eta prozesuak lotuta dauden etengabeko eraldaketaren jabe izateak ahalbidetzen dio aldaketa-prozesuon nolakotasun guztiak ezagutzea, gero exekutatu nahi duen egintzarako baliagarria zaion estrategia hautatu ahal izateko. Objektuaren kualitateen jabedun izanik hasten du aurkezten zaion dilemaren forma konkretu koiunturala gainditzeko bidea. Iraultzaileak, anbizio handiagoa izateaz gain, abiapuntu ontologiko argiago batekin hasteko igarmena du beraz eraikuntza kontzientearen aferan, aurreko elementuen berezkotasunek zabaltzen dizkioten aukera potentzial guztien edota ia guztien gaineko arrazoiaz. Beraz, muga eta baldintza objektiboak (koiuntural eta aldakor gisa ulertzen dituenak) aztertuz, ulertuz eta kontutan hartuz, badaki gainditu ahal izateko haietatik haratago pentsatzera derrigortuta dagoela, urak likidotasunaz gain beste egoera natural batzuk dituela ebazten duen bezalaxe, baldintzak bere alde jarriz. Aurrezarrita dauden legeak irauli egiten ditu, bai giza kontzientzian, bai eta errealitate materialean ere. Erreformistak legeon barruan kontrakotasunarekin “ahalik eta ongien” jokatzea edota kalteen amortizazioa kudeatzea espero duen bitartean gehienez.

Halaber, iraultza sortzaile gisa azaltzen zaigu, zeken historiko asegaitz bat bailitzan. Uneoro “erreala” dena kolpatzeko beharra du, eta horrela zabaltzen ditu ezinezkotzat jota zeuden bide berriak, utopia materializatzeko horren baliagarriak direnak. Klase-borrokak ez du ihes egiten operazio horretatik: blokeo egoeren aurrean erreformistek metodo agortuak baliatzen dituzte, esnea eta ura nahasten jarraituko dute elementuok besterik gabe banatzea ezinezkoa dela enpirikoki kontrastatua eta irrazionala izan arren, ez dute akatsa onartuko, eta gainera euren ezgaitasuna horren ageria izan ez dadin, iraultzaileak isilarazten saiatuko dira. Zein da beraz iraultzaileen lana? Honezkero argi geratu ez bada, aurrera egin ahal izateko bestelako eskemetan pentsatzera eta sortzera derrigortuta daudela esan behar dugu, modu antagonikoan betiere. Irakaspen historikoak jasotzen eta baloratzen goazen heinean ikus dezakegu prozesu iraultzaile guztietatik bat berak ere ez duela izan bitarteko nagusitzat emanak zaizkion baldintzekin jardutea, alderantziz, baldintza mesedegarri berriak eratuz ematen dio historiari jarraibidea, borroka etsaiarentzat kontrola ezinezkoak diren termino, dimentsio eta egoeretara eramanez. “Haiek ala gu” mugiezin eta zintzo batekin, askapenaren uztak ihartuta, antzututa aurkitzen diren lekuan jartzen dute iraultzaileek esperantzaren hazia, arrazoiaren argia.

Lan neketsu eta gogorra izanik ere, pragmatismo errealistaz pozoitutako bazter guztietan ustezko heldutasun politikoa ematen omen duten logika eta erretorika erreakzionario, apatiko eta konformistei gupidarik gabe ideologikoki aurre egiteko kemena izan dute. Argi dutelako “zer nolako errealitatetan bizi garen” etengabe gogorarazi nahi diguten horiek ez dutela inolako asmorik errealitatea aldatzeko.  Iraultzaileek ez dute pultsu dardartia izan erreformari iraultza izena jarri nahi izan zaion bakoitzean, aise biluztu dituzte ardilarruz jantzitako otsoak eta itxura berritzailezko eitea duten zahardadeak, igarmen handiz deitu diote gauza bakoitzari bere izenez. Kategoriak karikaturen gainetik ipini dituzte, abstrakzioa zehaztasunez gaindituz, objektiboa subjektiboari lehenetsiz, kolektiboa banakoari, idealismoa materialismoarekin deuseztatu dute, estatikotasuna dialektika zorrotzaren bidez utzi dute atzean, partzialtasuna osotasunaren baitan ikusten jakin dute, berehalakotasunari antolakuntza kontzientea gailenduz, inmobilismoaren aurrean ekinbidea piztuz. Erreforma espazio, denbora eta historiaren korronte berean baldin badabil igerian, iraultzak haien aurka jarduten duelako, errealtzat emana zaion oro geldiezina den indar ukatzaileaz ezeztatuz, gaindituz.

Iraultzaileek ez dute ezer negoziatzeko, irabazteko baizik. Helburuak erdiesteko beharrezkoak diren tresnak gero eta autonomia indartsu nahiz zehatzagoaz garatzen dituzte, inoiz ikusi gabeko bide eta forma berri propioak sortuz, inoren onespena itxaron gabe ekinez. Ez dira harritzen eta ez dute biktimismoaren beharrik burgesia oldartzen zaien bakoitzean, defendatu egiten dira. Ez dute etsaiaren logika eta joku-arauketa onartzen, hortik at borrokatzen dute. Ez dute barkamenik espero, garaipena baizik!

 

Instruíos, necesitaremos toda vuestra inteligencia. Agitaos, necesitaremos todo vuestro entusiasmo. Organizaos, necesitaremos toda vuestra fuerza”.

Antonio Gramsci

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

w

Connecting to %s