Home

web-tp-memoria-soviet-imag

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Hegoa Zaratiegi

Kapitala-ren Marx-ek Juggernautaren adibidearekin irudikatzen du hau bera. Indian kokatua dagoen Puri herrian ospatzen den prozesio eta beraz sinesmen batean erroa du hitzak, etengabe aurrera egiten eta ezerrek geldiarazi ezin duen indarra, guztia zanpatu eta suntsitzen duen gurdia. Maiz, gurdiari eta beraz etorkizunari alternatibarik ez dagoelaren ideia txertatzen digute burgesek, adiorik ez Margaret. Ustea den gurdi honek oinarri materialak ditu ordea, boterea harreman materialen bitartez sortzen eta egonkortzen da, irauli eta desjabetuon gehiengoaren mesedetara berbideratu daitezkeen harremanak dira hortaz. Norbanakook gure ekintzen eta produkzioaren bitartez idazten dugulako historia, 1917. urtean abanguardia izan zen talde txiki batek historia bera iraultzea lortu zuen.

Hamarkada askoren zehar Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna izan da gizateria eta “demokrazia” mehatxatzen zuen mamua. Gaur egun, sozialismoaren porrotaren eredu bezala irudikatzen dena. Baina, gauzak hain gaizki joan baldin baziren, nolatan gelditzen da oraindik ere honen ostalgie-a, nola azaldu errusian aurrera eramaten diren batasunari buruzko galdeketetan ematen diren erantzunak? Goazen afera guzti hau pixkat argitzera.

Erregimen Zaristaren BPG-a guztiz estankatua aurkitzen zen, garaian zegoen egoera eta ekonomiaren isla. Lenin eta lagunok boterea hartu zuten arte. Lehenengo berritzea erreforma laborantza baten bitartez egingo zuten, nekazariei lurrarekiko jabetza emanez. Hala ere, proletargoaren diktaduraren gauzatzearen hasiera ez zen gauza erraza izango, Lehenengo Mundu Gerra eta Urriko Iraultzarekin bat, Errusiako Gerra Zibilari aurre egin beharko ziotelako, guda zibil benetan odoltsua izan zen, non atzemandakoak zuzenean tren galdaretara jaurtitzen zituzten bizirik kiskaltzeko. Stalinek zioen bezala: sozialismoarekin aurrera joan ahala, klase borroka areagotzen doa, kolektibizazioak ekarri zituen Kulaken mendekuak, alderdiarean bihotzean sortutako korronte desberdinak, alderdikide konkretuen goranahiak etb. Ulertzen saiatu behar den testuinguru ankerra. Leninek laguntza internazionala eskatzeko premia eduki zuen herrialdeak lazeri biziki gordina jasaten ari zelako. Oztopoak oztopo, 1921. urtean planifikazio zentro bat eratuko zuten, honekin batera GEOLRO deitutako plan handizalea, historian aurretik ikusi ez zen herrialde guztiaren elektrifikazioaren plana, gerora beste hainbat infraestruktura aurrera eramateko oinarri izango zena. Herrialdearen ekonomiak laster ikusaraziko zuen hazkuntza.

Sobietarrek ekonomia planifikatzeko aurrera eramandako erak ekarri zuen arrakastaren egiaztatzea. Hirurogeita hamargarren harmakadara arte eman zen hazkuntzan erraz kausi genezake, hirurogeita hamar-laurogei hamarkadetan motelarazi egingo zen ordea, garaian emandako blokeoaren eskutik. Honek guzti honek beldurrak bultzatutako inspiraziorako balio izan zuen, keynesianismoaren eskutik sistema eredua baldarki kopiatzera behartuko zituen eta. Urriko iraultzaren zikloa akituaraziz kontrairaultzaileek kapitalismorako itzulia gidatuko zuten, alderdiaren XX. kongresua amaitu eta hurrengo egunean Kruschevek “hitzaldi sekretua”-rekin abiaraziko zuen kontrairaultza, kuantitatiboki urteetan zehar zetorren arribisten rebisionismoa kualitatiboki agerian utziz, hitzaldian egondako hemeretzik, zetorrenak behartuta, buruaz beste egitera bultzatuz. Gogorarazi, Kruscheven semeak gerran desertatu eta naziekin kolaboratu zuela, gerora Stalinen aginduz atzemandu, epaitu eta fusilatua izan zen. Tentuz hartu behar ditugu metafisikak saltzen dizkigun aldaketa mekanikoak, Berlingo harresiarekin inplosionatu zuela sistema osoak edo eta laurogeita hamaikeko estatu kolpearekin etorri zela gainbehera. Gomendio gisa eta gauzak hobekiago argitze aldera, Ludo Martens-en SESB-a eta ilegurizko kontrairaultza liburuak maisuki kontatzen digu hau guztia.

Batasunaren ekonomiaren erorialdi bakarra bigarren mundu gerrarekin bat etorriko zen. Hollywood-ek saltzen digun gerraren aldean, SESB-a izan zen nazien aurkako guda hau irabaztearen protagonista nagusia. Guda Stalingradon irabazi zen eta ez Normandian. Soilik Stalingradon mendebaldeko fronte osoan baino nazi gehiago akatu zituzten. Hala ere, sozialismoaren motorrak aurrera jarraitzen zuen, gerra bitartean dantza eta musika xede zituzten hogeita hamalau jauregi erraldoi eraikiz. Lurralde osoa hondaturik gelditu zen, naziek atzera egindakoan bidetik aurkitzen zuten guztia suntsitzeko agindua zeukaten, aitzitik, sobietarrek herri elkarlanen bitartez hiriak eta ekonomia indarberritzen denbora errekorra hautsi zuten. 1948an Alemania, Frantzia eta Erresuma Batuan ordea, arrazionamendu txartelak zituzten oraindik ere.

Europak EEBB-etatik etorritako diru laguntzen injekzioa behar izan zuen status quo ekonomikoa berreskuratzeko. SESB-ak ez. Batasuna herrialde aurreratuak baino azkarrago ari zen hedatzen, garaian pentsaezinak ziren mailetara iristsiz.

1963. urtean Errusia nekazaritza atzerakoian oinarritutako ekonomia monarkiko batetik bere bolumen industriala bider berrogeita hamabi egitera pasa zen planifikatutako ekonomiaren eskutik. Historian lehen aldiz ikusitako garapen kuotak dira hauek, beste herrialde batzuen baliabide naturalen lapurketa edo jendartearen esklabizazioa erabili ez zutela ahaztu gabe. Inperialismo finantzieroak egiten duen lez. Honen kalitate industrialak askotan mendabaldearena gainditzen zuen, elektrogailuen iraupena derrigortzen zituzten arauak, iraupen luzeko bonbilaren asmaketa -merkatu kapitalistek errefusatu zutena- etb.. Gaur egun oraindik ere funtzionatzen duten tresnen fabrikatzea ahalbidetu zuen.

Sozialismoak herritarrengan hobekuntza aipagarriak ekarri zituen. Hezkuntzan, osasunan, beharrean.. Bizi itxaropena hirurogeita hamar urtera igo zen lau hamarkadetan, haurren heriotza-tasa ehuneko laurogeita hamar murriztu zen. Arestian aipatutako oztopoek, goseteak ekarri zituzten, hala ere, hauek gailendu eta gizartearen bataz besteko altuera igo zuen, elikadura hobetzeari esker. Lehen debaldezko osasun sistema unibertsala sortu zuten, batasunaren txoko guztietara zabaldu zena. OMS-ek 1963. urtean kaleratutako ikerketan zioen bezala: sistema bateratu bat osatzen du, batasunaren hamabost errepubliketara hedatzen dena, herrixka eta alde urrutietaraino iritsiz. Osakidetzak ez bezala, hortzak, ikusmena, entzumena eta berezko ditugun zenbait arazo estaltzen zituena.

Osasunaz gaindi, lehenengo hezkuntza sistema unibertsal eta debaldezkoa sortu zuten, unibertsitatea barneratzen zuena. Lan-banatzea deuseztatzeko inoiz ez ikusitako saiakera paregabea. Musika eta xakea derrigor egin eta eskola material guztia hornitzen zuena. Hirurogeita hamargarren hamarkadan SESB-ak EEBB-ek baino bost aldiz ingeniari gehiago zituen eta sistema kapitalistak, ehuneko hogeitairuko langabetzearekin depresio handia pairatzen zuen bitartean – berezko eta zikliko diren krisietako beste bat – SESB-a errendimendu osoarekin eutsi zen. Langabezia bulegoak laurogeigarren urtera arte itxita mantendu ziren. Gainera, lanbide-baldintzak ez ziren nolanahikoak, 1936. urteko sobietar konstituzioan zazpi orduko lanaldia ezarri zen, sei edo lau ordura murriztu zitekeena ogibide neketsuagoetan: igeltsero, zamaketari eta abarren kasurako. Jubilazioa hirurogei urterekin erdietsi zenezakeen, berrogeita hamar urtetara aurreratuz hainbat lanbidetan. Hogei urte behar ziren besterik ez pentsio osoa eskuratzeko. Gaixotasun bajetan ehuneko ehun kobratzen jarraitzen zenuen eta zure umea gaixorik jartzen bazen baja hartzeko eskubidea zeneukan.

Amatasun baja urte bete irauten zuen, emakumea etxetik eta batez ere nekazal gunetik aterarazi zen, aurretik pentsaezinak ziren espazioak eta lanbideak lortuz. Dibortzioa eta abortua legalak ziren. Estatuak zaintza lanen pisua hainbat zerbitzu publikokin betetzen zuen. Izatez emakume eta gizonezkoen arteko berdintasun kota gehien parekatu zuen herrialdea izan zen. Hala ere, familia nuklearra mantendu zen, lanpostu askoren “kristalezko sabaia” ez zen hautsi goi-karguetan eta erreprodukzio lanen zama gehienbat emakumeek pairatzen jarraitu zituzten.

Aipagarria da gainerako munduarentzat SESB-ak zientzia alorrean ekarri zuena. Adibide gutxi batzuk aipatzearren, Viktor Zhadanov biologo sobietikoak txertatze plan baten bitartez biruela ezabatzeko plana aurkeztu zuen OMS-aren aurrean, gizadiak lehen aldiz – sobietarrak funtsezko izanik – gaixotasun bat deuseztatzen zuen. Lehen satelitea orbitaratzen lehenak, sona handiko Sputnik-a, lehen gizona espazioan; Yuri Gagarin, lehen emakume eta zibila espazioan; Valentina Thereskova, lehen espazio-estazioa; MIR-a, lehen zunden lur hartzeak Marte eta Venusen. Lehen telefono mugikorra, trenbide bidezko garraio-publiko sare zabalena historian (guztiz doakoa), transiberianoa… Jabetza pribatua ezbaian jarriz, gutxi ez ziren gizabanako guztien oinarrizko ongizatea bermatzea lortu zuen lehen sistema, etxebizitza, ura, berokuntza unibertsala (oroitarazi Euskal Herriak eta Siberiak ez dutela klimatologia bera). Gainera, gastu guzti hauek sobietarren soldataren ehuneko hogeita hamarrera ez ziren iristen.

Mendabaldean sozialismoak gaitzespena jasaten zuen. Reaganek honen baliogabetasuna eta sortzen zuen txirotasuna behin eta berriro azpimarratzen zuen bitartean, bere inteligentzia zerbitzuek kontrakoa esaten zuten. El País-ek 1983an argitaratutako artikulu batean argi irakurri daiteke: “CIA-ren ikarketa batek adierazi zuen SESB-ak hazkuntza ekonomiko jarraitua jasan zuela eta honek jendartearen bizi-maila nabari igo zuela”. Ez naiz ni CIA-ren informeak edo El País-eko artikuluak zurituko dituenik izango, baina ez didazute ukatuko argigarria ez denik. Honekin batera informeak hau bera ere gehitzen du: “azpimagarria da sobietar ekonomiaren trebetasuna; inportazioak aurrera eraman gabe, seguruenik, industrializatutako beste ekonomia guztien parean honen bideragarritasuna mantentzeko daukan abilezia.

Norbanakoak bizitza bera nola adierazten duten bezalakoak dira. Bat etortzen dena, beraz, hauen ekoizpenarekin, zer ekoizten duten eta nola ekoizten duten. Norbanakoak zer diren ekoizpenaren baldintza materialen baitan dago, komunismoaren instituzioa nagusiki ekonomikoa da horrenbestez. Hala ere, ez dugu ahaztu behar haratago doala, mundua beraren kontzepzio iraultzaile bat dela eta baita gizakion askatasunaren ikuskera barneratzen duena ere, behin planifikazio sozialistaren bitartez, diruaren fetitxismoa, merkantziaren fetitxismoa, lan-abstraktua, lan-banatzea, jabetza pribatua etb, gainditurik ere, oraindik beharraren erresuman aurkituko ginateke. Marxek berak honen inguruan hausnartu eta benetako askatasuna harantzago doala aipatu zuen, behar materialen haratago.

Ez dugu, beraz, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna idealizatu behar, Pariseko komuna bera ere ez, baina bai bigarrena eta baita lehenengoa ere esperientzia komunista iraultzaile bezala hartu, hauetaz ikasi, dialektikoki gainditu eta marxismo-leninismoa itsasargi bezala ulerturik, etorkizun komunistari ekiteari dagokigu.

2 thoughts on “Etorkizun komunistari ekiteari dagokigu

  1. Iepa Arkaitz! Nire lehen artikulua da. Erabat hasiberria kontu hauekin beraz! Hala ere, espero azkena ez izatea. Adi egon!

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s