Home

maxresdefault

Mikel Garcia Idiakez / Argia

Maila sozioekonomiko baxuko ikasleak ikastetxe jakinetan kontzentratzeko joera gero eta handiagoa da Euskal Herrian; datuek argi diote. Alegia, pobreak –horietako ugari ijitoak eta jatorri migratzailea dutenak– aparteko eskoletan pilatzen ditugula, horrek haientzat eta gainerakoentzat dituen ondorioekin. Zein da ikastetxe horietako errealitatea, zeintzuk eguneroko behar, aldarrikapen eta pozak?

“Eskola zaila da gurea, bai, baina nik ez dut beste inongo eskolatan aritu nahi”, dio Gasteizko Miguel de Cervantes ikastetxeko zuzendari Juanan Garcíak. 350 ikasle ditu Miguel de Cervantesek, %90ak beka jasotzen du eta gizarte zerbitzuek artaturiko familien kopurua handia da. Eta eskola zaila da, adibidez, ikasleen mugikortasuna handia delako: ohikoa da ikasturtea hasita ikasle berriak etortzea edo ikasleek eskola uztea –ekonomiagatik gurasoek etxez, auzoz, herriz aldatu behar izan dutelako, esaterako–, eta ikaslearen heziketan eta taldearen erritmoan eragina du horrek.

“Faktore afektiboa ere hor dago”, azpimarratu du Garcíak, hainbatek hutsune emozionalak dituelako. Ikasle batzuek bizkar gainean daramaten zama ez baita makala: “Kontatzen dizkizute pasatakoak, edo gurasoek jasandakoak, eta pentsatzen duzu, gertatuak gertatu hemen daude egunero, eskolan, eta asko da hori”, dio Ima Ortega irakasleak. Gasteizko Angel Ganivet ikastetxean egiten du lan eta bertako 700-800 ikasleetatik gehientsuenak baliabide ekonomiko urriko familietan bizi dira. “Ume batzuek ekainean negar egiten dute, oporretara doazelako –kontatu digu–. Haietako askoren gurasoek lanean jarraitzen dute umearen oporraldi osoan, eta umeek aukera gutxi dute aisialdirako”. “Guri –gaineratu du Garcíak– ikasle batek behin esan zigun ez zuela oporrik nahi, oporretan tripako mina zuelako”. Alegia, gosea pasatzen zuelako, eskola garaian doan bazkaldu baitezakete, bekei esker.

Zer da orri-markatzaile bat?

Ibilbide akademikoan ere, eragina du gurasoen maila sozioekonomiko eta kulturalak. “Lehengoan, Lehenengo mailako gelan (6-7 urteko haurrak) irakurtzen hasiak direla-eta, orri-markatzaile bat egin genuen –azaldu digu Ortegak–. Bat-batean konturatu nintzen ikasgelaren erdiak ez zekiela zer zen orri-markatzailea. Zergatik? Etxean ez dutelako libururik. Gero proba diagnostiko bera egingo diegu Euskal Herriko ikasle guztiei, baina egoera ez da konparagarria”.

Bestelako ikuspuntua eman digu Imanol Martinezek: “Gure esperientzia da ikaslearen egoera baldintzatzen duena ez dela hainbeste egoera sozioekonomikoa, gurasoek eskolarekiko eta ikastearekiko duten jarrera baizik. Ikasleen jarrera eta moduetan (baita emaitzetan ere) sekulako aldaketa ikusi dugu, gurasoak ikasketa prozesuan parte hartzen hasi direnean. Guretzat hori da gakoa. Zer gertatzen da? Sarri, profil sozioekonomiko baxuko ikastetxeetan irakasleek, gurasoek, ikasleek eurek… apenas dutela espektatibarik”. Bilboko Elejabarri ikastetxean egiten du lan Martinezek. 80 ikasle inguru ditu Elejabarrik eta ikasle horien familien %100ak Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen du.

Ibilbide akademiko horretan, hizkuntza buruhauste da hainbatetan. Ima Ortegak azaldu digunez, gela batzuetan erdiak baino gehiagok lehen hizkuntza du ez euskara ez gaztelania, eta denbora eta ahalegin handiagoa behar da euskararen jabekuntzarako. “Gaztelaniaz bakarrik dakienarekin errazagoa da, nik ere hizkuntza hori badakidalako, eta nik ulertu egingo diot, eta horren arabera jokatuko, nahiz eta nik hari euskaraz bakarrik hitz egin. Baina ukranieraz edo arabieraz hitz egiten didan umeari ez diot ulertzen, eta kultura talkak berak (gure keinuak, gure hitz egiteko modua… ezberdina izateak) eragiten du hizkuntza barneratzeko zailtasunetan”. Elejabarrin, duela hiru urte bilakatu ziren D ereduko ikastetxe. Martinezentzat, “funtsezkoena da ikasleek zein garrantzi ematen dioten euskarari, zein sentimendu sortzen dien euskarak egunerokoan, eta horretan zeresan handia du testuinguruak: ikusten badute ingurukoek erabili eta ikasten dutela, berdin jokatuko dute”. Dirua duten euskaldunak, baina, beste ikastetxe batzuetara joan ohi dira.

Zenbat esperientzia partekatzeko

Aipatuak aipatu, elkarrizketatuek sutsuki defendatzen dute euren eskoletako aniztasuna, inplikazioa eta proiektua. Halako zentroen inguruan dauden aurreiritziak eta irudi txarra arbuiatzen dute. “Askok uste du gurea bezalako ikastetxeetan ikasleak gatazkatsuak direla, borrokan aritzen direla elkarren artean. Inondik inora. Giro baketsua da nagusi”, adierazi du Garcíak. “Gu ghetto-eskola bat gara, eta panorama ikusita, epe laburrean behintzat gauzak ez dira aldatuko, baina ikuspegi positiboa baliatzen dugu: zenbat historia dituzten ikasle eta familia hauek, ezagutzen ez ditugunak; zenbat esperientzia partekatzeko… Gure ikastetxea aberatsa da oso! –dio Martinezek– Nire planteamendua erraza da: eskola bat nahi dut nire seme-alabak bertan matrikulatuko nituzkeena. Duela sei urte ez nituzke Elejabarrira eramango, gaur egun bai”.

Duela sei urte iritsi zen Imanol Martinez Elejabarrira. Hiru arazo nagusi identifikatu zituzten: gurasoek eskolarekiko zuten konfiantza falta, auzoarekiko gertutasun falta, eta elkarbizitza gatazkatsua. Fokua hiru ardatz horietan jarri eta batetik gurasoen eta inguruko eragileen inplikazioa bilatu zuten (“parte-hartze hori ez izatea soilik bileretara etortzea, baizik eta benetan erabakietan, arazoetan, neurrietan… inplikatzea”); eta bestetik, ikasleen arteko elkarbizitzan eta egoera akademikoan indarrak jarri zituzten. “Gurasoen konfiantza lortu ahala, ikasleengandik errespetua lortzen joan ginen eta modu integralean arlo akademikoari ere hobeto heldu ahal izan genion. Talde interaktiboak eta tertulia dialogikoak erabiliz, ikasleengana beste modu batean hurbiltzen gara, euren esperientziak partekatzea eta gugana irekitzea lortu dugu”. Gurasoek eurek eskatuta, gurasoentzako klaseak ematen ere hasi ziren, besteak beste seme-alabei etxean ikasketekin lagundu ahal izateko.

Dirurik gabe, aukera gutxiago?

Eskolak antolaturiko txango eta emanaldietarako irteeretan ere badu eraginik ekonomiak. Elejabarrin esaterako, astebeteko irteerarik ezin dute egin, gurasoek ez baitute dirurik halakorik ordaintzeko; irteera motzagoak egiten dituzte. Cervantesen eta Ganiveten ere, doako emanaldietara baino ez dituzte eramaten ikasleak. “Guk beti egin izan ditugu barnetegiak –dio Ortegak–, baina aurten gela erdia joan gabe geratu zaigu, 120 euro ordaindu behar direlako. Eta eztabaida piztu da ikastetxean: bidezkoa da joatea? Aldi berean, aukera hori galdu behar dute ahal dutenek? Horri buruz hausnartzen ari gara… Diruak baldintzatzen du irtenaldia, baina hori gero eta ikastetxe gehiagotan ari da gertatzen”.

Eskolaz kanpoko jardueretan ere, luzea da pobreziaren itzala. Duela urte batzuk, itxaron zerrenda zegoen Miguel de Cervanteseko guraso elkarteak antolatzen zituen eskolaz kanpoko ekintzetarako: “Zeramika, marrazketa, futbitoa, saskibaloia… zuten aukeran, baina orain apenas dagoen ezer, ordaindu egin behar delako. Gure ikasleek ez dituzte beste ikastetxeetan dituzten aukera berberak, eta hori bidegabekeria sozial handia da. Administrazioak monitoreak eta baliabideak jarri beharko lituzke”. Halakoetan, auzoaren inplikazioa funtsezkoa izan ohi da, aisialdirako eskaintza duina bermatzeko. Elejabarriren kasuan esaterako, auzoko Gaztelekuak doako jarduerak sustatzen ditu.

Baliabide gehiago, burokrazia gutxiago, aitortza eta babesa

Ikastetxe hauentzat baliabide gehiago eskatu dituzte elkarrizketatuek, baliabide humano eta materialak. Gizarte zerbitzuetan eta afera sozialetan denbora asko inbertitzen baitute, baita burokrazian ere. “Ikasleen bekak kudeatzea bakarrik sekulako lana da, eta konplexua; horretan aritzen gara denok, 40 euro kobratzeko soberako burokrazian murgilduta”. Aitortza aldarrikatu dute: “Babes handiagoa behar dugu. Eskola publikoan lan hau egiten ari garenak lehentasuna izan beharko ginateke administrazioarentzat –uste du Ima Ortegak–. Ez du balio denekin berdin jokatzeak; gehien behar dugunoi, gehiago dagokigu”.

Irakasleen mugikortasuna amaitzea eta ikasturtero zerotik formatu beharreko ordezkoak jaso beharrean irakasleen egoera egonkortzea ere funtsezkoa deritzote. Hori bai, halako eskoletan aritzeak sentsibilizazioa eta inplikazioa eskatzen dituela azpimarratu digute. “Erronka ere bada irakasleontzat, jakinik oso lan baliagarria egiten ari garela ikasle hauek bizitzan aurrera atera ahal izateko. Satisfazioa handia da, nik ez dut nire ikastetxea aldatzen”, dio Garcíak.

Ate batetik batzuk sartu ahala, besteak atera

Baliabide gehiago eskatzetik harago, sakoneko konponbidea beste bat da: ghetto-eskolak desagertu eta eskola anitz eta orekatuak bermatzea, lehenengo eta bigarren mailako eskolak eta lehenengo eta bigarren mailako ikasleak egon ez daitezen. Gaur-gaurkoz, oso urrun ikusten dute aukera hori elkarrizketatuek. Errealitatea da inguruaren isla ez diren zentro artifizialak sortzen ari garela: “Ez gara auzoko ikastetxe bakarra, baina gure atetik migratzaileak eta pobreak sartzen hasi eta beste atetik ateratzen hasten dira gainerako familiak; fenomeno hori leku guztietan errepikatzen da”.

Itunpekoetan, ordaindu behar izatea oztopo da familientzat. Edo lekuz kanpo sentitzen dira, eta ikasturte bakarra egiten dute bertan. Ghetto-eskola gehienak publikoak dira, eta publikoen barruan ere, familiek aintzat hartzen dute ikastetxeak egiten dien harrera eta nola tratatzen dituzten. “Zuzendaritza taldeek egiten duten apustuaren eta lanaren arabera, familien aurrean nola kokatzen diren, horrek eragina dauka”.

Gisa horretako ikastetxeak dira, batzuk aipatzearren, Ordiziako Urdaneta, Andoaingo Ondarreta, Txantrea auzoko (Iruñea) García Galdeano eta Tuterako Monte San Julián. Nafarroan, A edota G hizkuntza-eredua duten zentroetan pilatu ohi dira baliabide ekonomiko gutxiko familiak.

Ikastetxeen arteko oreka bilatze aldera, administrazioari eskatzen zaizkion neurri ugarien artean, proposamen nagusietakoa da matrikulazio bulego edo leihatila bakarra –sindikatu eta familien ordezkariak barne hartuko dituena–, matrikulazioa zentralizatu eta irizpide ekitatiboak ziurtatzea errazagoa izan dadin. Alderdi guztien artean eta eskola eredu guztien artean egin beharreko eztabaida politikoa dela garbi du Ortegak: “Gizartea nola antolatu nahi dugun erabaki behar da, gaiaren inguruan adostasun politikoa lortu”. Martinezentzat, “gurasook ere badugu gure ardura zatia eta nahiko ikuspegi hipokrita dugu gai honetan”.

Ikastetxe orekatua denentzat onuragarria dela dio Ortegak, ikasleen arteko elkar eragina izugarri lagungarria delako, ikasle berriak integratuago eta gogotsuago sentitzen direlako, euskaraz ez dakitenek aiseago ikasiko dutelako hizkuntza alboan euskaldunak baldin badituzte, irakasleak errazago kudeatuko duelako ikasgela…

“Hezkuntzak ez badu gizarte kohesioa bere egiten, jai dugu”

Klase ertaineko euskaldunek ez dituzte beti mota honetako eskolak saihesten. “Beldurrak izatea normala da, baina gero ez dira beldur errealak eta gainditu egiten dira, aurreiritziak bezalatsu. Guk geuk geneuzkan mugak gainetik kendu eta asko ikasi dugu. Hautu indibidualetik harago, babesa lortzea ere inportantea da, guraso batzuen konpromisoa eta lan egiteko gogoa erdiestea, orduak sartu behar direlako. Bitartean, jakina, sinetsi behar duzu zure seme-alaba lekurik onenean ari dela ikasten”. Hala azaldu digute Ioseba Apilanez eta Maika Diaz de Aldak. Duela hamabost urte, Gasteizko Alde Zaharrean dagoen Ramon Bajo ikastetxe publikoa ghetto-eskola zenean, bertan matrikulatu zuten semea. A ereduko ikastetxea zena D ereduko bilakatzea ere lortu zuten, gurasoek eskatuta.

Une zailagoak eta hobeak dituzte gogoan, baina bi semeek ikasi dute eskola horretan, eta ibilbide oparoa egin dute biek ere, bai harremanetan, bai hainbat gurasorentzat traba nagusi diren arloetan: arlo akademikoa eta hizkuntza. “Areago, euskara izan dute kohesiorako ardatz, ikasle batzuek gainera ez zutelako oraindik gaztelania lehenengo edo bigarren hizkuntza gisa finkatuta, eta euskarak batu ditu”. Baliabide eskasak zituen ikastetxeak, egia da, eta auzoa ezinbestekoa izan da zeregin horretan: jende inplikatua eta kontzientziatua aurkitu dute Alde Zaharrean, eta eskolaren luzapena izan da kalea; auzora zabaldu zen eskola eta honek zituen beharrak eta hutsuneak betetzen lagundu zuen horrek. Eskolaz kanpoko jardueretan adibidez, aukera urria zuen Ramon Bajok, eta Goian elkartea sortu zuten, aisialdi eskaintza zabaltzeko.

Argi dute Apilanez eta Diaz de Aldak: “Hezkuntzak ez badu gizarte kohesioa bere egiten, jai dugu. Arriskutsua da norbere burbuilan bizitzea eta aniztasuna oso ona da, denontzat. Guraso batzuek diote ez dutela haien seme-alaba nahi kanpotarrez edota txiroez betetako ikasgelan, beldur dira, baina gizarte hobea nahi badugu borroka egin behar dugu, ezin dugu beste alde batera begiratu”.

One thought on “Ghetto-ikastetxeen egunerokoa

  1. Kultur aniztasuna hain gustuko duten horien hipokrisiaren adibide bat gehiago. Sar ditzatela beren haurrak bertan, hain progreak badira. Inmigrazio politika desastre hutsa ari da suertatzen, bai gure gizartearentzat eta bai etorri berrientzat. 3. munduari beren herrialdeak altxatzen lagundu, bizimodu duina bertan izan dezaten. Egiazko internazionalismoa

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s