Home

itaia

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Itaia (Emakume sozialisten sarea).

http://www.itaia.eus

Kaixo burkide,

Egia esan ez dakigu nor zaren, ez ditugu zure korapiloak ezagutzen, ez dakigu momentuko zure kezkak zeintzuk diren, ez blog honetan sartzera bultzatu zaituzten arrazoiak zeintzuk izan diren ere. Eta pentsatuko duzun bezala, pantailaz bestalde irakurtzen dabilena ez ezagutzeak, zaildu egiten digu komunikazioan asmatzea. Hala ere, sarrera honen bitartez, geure buruak zein asmoak aurkeztu nahi dizkizugu; argi daukagun arren, jarduna izango dela elkar ezagutzeko modurik zuzenena.

Sortu berri dugun interneteko txoko honetara hurbildu bazara, Itaia izeneko blog honen inguruko jakin-mina piztu zaizulakoan gaude. Bertako kideok argi daukagu blog hau Euskal Herrian gure jarduna beso zabalik jasoko duen orori zuzentzen diogula: geure bizien gaineko botere osoa eskuratu nahi duzun horri, emakume langileak inpotentziara kondenatzen gaituzten bizi baldintzak borrokatzeko prest zauden horri, geure zalantza berberak dauzkazun horri, emakume langileok bizi dugun esplotazioarekin errotik bukatu nahi duzun horri… finean, iraultza sozialista gauzatzeko prest dagoen edonori!

Itaiaren jarduna, bai Euskal Herria bizitzen ari den garapen politikoarekiko, baita mundu mailan ematen diren gertakariekiko daukagun ulerkera plazaratzera bideratuko dugu. Emakume langileok askapen prozesu eraginkor bat martxan jartzeko kontuan eduki beharreko auzien inguruko eztabaida sortu nahi dugu, eta hortaz, gure helburua militanteongan hausnarketa sustatzea izango da: subjektu politikoaren inguruan, eratu beharreko aliantzen inguruan, eman beharreko pausuen inguruan, jarraitu beharreko estrategiaren inguruan… Hau da, emakume langileok askapen prozesu eraginkor bat martxan jartzeko kontuan eduki beharreko auzien inguruko eztabaida sortu nahi dugu; horretarako, langile klaseko emakumeok bizitzen dugun esplotazio forma zehatza identifikatu, ezagutu, eta berau gainditzea ahalbidetuko digun jarduna sustatuz.

Ondoriozta dezakezun bezala, Itaia sortzeko beharra sentitu badugu, Euskal Herriko egoera politikoan geure tokia aurkitzen ez genuelako edo mugak topatzen genituelako izan da. Eta ez pentsa muga hauek eztabaida abstraktuetan edo inolako oinarririk ez duten saiakera eroetan topatu ditugunik; zailtasun hauek, geure eguneroko beharrei erantzuteko orduan aurkitu baititugu. Familiarekiko daukagun menpekotasun ekonomiko zein morala gainditu, eta geure bizien erreprodukzioa era integral batean gauzatzeko; militantzia espazioetan batak bestea merkantzia gisa ikusteari utzi, eta borondate zein ongizate kolektiboa sortzeko; hilerokoaren ondorioz daukagun gastu ekonomikoa deuseztatu, eta prozesu hau dagokion naturaltasunez bizitzeko; gazte asanbladetan dauzkagun zailtasunei aurre egin, eta langileon arteko elkartasuna antolatzeko; harreman sexu-afektiboek gugan pizten duten sentimendu ekaitza kontrolatu, eta zaintzan oinarritzen diren harremanak sortzeko; edozein harreman garatzeko soldatarekiko daukagun menpekotasuna gainditu, eta trukean oinarritzen ez den forma sozial bat garatzeko; azaleko koadrilatako harremanekin bukatu, eta laguntasun harreman osasuntsuak eraikitzeko; gaztetxeetan daukagun lan banaketa sexistarekin amaitu, eta antolakuntza forma eraginkorrak eratzeko; esleitutako genero rolen kateetatik ihes egin, eta garena zein izan nahi duguna gorpuzteko…
Egia esan, ez daukagu Itaiak mugarik topatuko ez duenaren bermerik, eta beraz, ez dakigu blog hau nora arte iritsiko den. Baina, behintzat, orain arteko esperientzia historikotik ikasitako guztia martxan jartzeko determinazioa daukagu: emakume langileok zein burgesek forma ezberdinetan jasotzen dugula genero zapalkuntza, are gehiago, interes kontrajarriak dauzkagula berau gainditzeko; norbanakoaren askatasuna soilik era kolektibo batean gauzatu ahal izango dugula; emakume langileok gure klase sozialeko gainontzeko kideekin harreman eredu parekideak eratu behar ditugula; emakume langileok bizitzen dugun zapalkuntza egoera gainditzeko gizarte antolakuntza sozialista eraiki behar dugula…

Geure eguneroko bizitzan pairatzen ditugun zapalkuntza zein ezintasun guztiak gainditzeko eta geure bizien gaineko boterea eskuratzeko daukagun grin guzti honek, Itaia gisa izendatu dugun blog hau osatzera bultzatu gaitu: genero problematika lantzerakoan abiapuntutzat geure langile izaera eta perspektibatzat ikuskera integrala izango duen jarduna sustatzeko asmoz. Era honetan, orain arteko inertziekin puskatu eta militantzia kontziente zein irmoa bultzatzeko tresna izatea nahi dugu bisitatzen ari zaren blog hau; eta horretarako, egunez egun txoko hau geroz eta emankorragoa eta oparoagoa izan dadin jardungo gara. Zeregin honek pizten digun ilusio zein gogo guztiaz, prest gaude lanerako!

Gaurkoz esateko geneuzkan guztiak bukatu zaizkigunez, zuri ongi etorria emanez amaitu nahi dugu gaurko sarrera. Elkarrekin lanean aritzeak pizten digun ilusioz idazten dizugu: berandu baino lehen lortuko baitugu, gora emakume langileon borroka!

Laster zu ere gure kide izango zarelakoan,
besarkada bat

http://www.itaia.eus

One thought on “Itaia, Emakume sozialisten sarea

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s