Home

64773cabacas

Argia

Cabacasen gurasoak haserre, fiskalak ertzainen absoluzioa eskatu ostean

Iñigo Cabacasen heriotza argitzeko epaiketaren azken aurreko egunean, behin betiko ondorioak eta eskaerak aurkeztu dituzte alde guztiek. Hasierako eskaerari eutsi dio fiskalak: ez du deliturik ikusten eta absoluzioa eskatu du akusatuentzat. Minduta, haserre, malko artean atera dira saiotik Fina Lizeranzu eta Manu Cabacas. “Gure semea hilerrian dago eta fiskalak ez du horretan delitu aztarnarik ikusten?”.

Akusazioak ere hasierako planteamenduari eutsi dio: launa urteko kartzela zigorra eta beste sei urteko inhabilitazioa eskatu du akusatuentzat.

Azken aurreko saioan, 2012ko apirilaren 5ean ertzainek erabili zituzten bala, eskopeta eta gomazko pilotak aztertu dituzten Espainiako poliziek deklaratu dute. Urriaren 15ean epaiketa abiatu zenetik, bertsio kontrajarriak, adosturiko testigantzak eta goi karguen zigorgabetasuna izan dira protagonistetako batzuk.

 

Cabacas auzia: Epaiketa azken txanpan sartuta, eta bertsio kontrajarriak bere horretan

Amaia Lekunberri / Argia

  • Urriaren 15ean ekin zitzaion Iñigo Cabacasen heriotzaren gaineko epaiketari, eta azaroaren 9an amaituko da. Orain arteko saioetan kontrajarri egin dira ertzainen gehiengoen eta kaleko testiguen bertsioak. Asteartetik aurrera adituek deklaratuko dute.

Iñigo Cabacas Liceranzu Ertzaintzak jaurtitako pilotakada batek hil zuen 2012ko apirilaren 5ean, eta sei urte eta erdiren ostean kasuaren gaineko epaiketa abiatu dute. “Zuhurtziagabekeria larrizko hilketa” delituagatik akusatutako sei ertzainen deklarazioekin eman zitzaion hasiera epaiketaren lehen saioari urriaren 15ean, eta ordutik testigu ugari (Ertzaintzako agenteak, kaleko jendea eta Cabacas artatu zuten osasun arloko langileak, besteak beste) igaro dira Bilboko Justizia Auzitegitik. Epaiketan barne hartuko dituen hamalau saioetan 100 pertsonatik gorak deklaratuko dute guztira, eta azaroaren 6ko asteartetik aurrera adituek hartuko dute hitza.

Epaiketaren herena burutu zenerako, bi bertsio kontrajarri nagusituak ziren auzitegian: lekukoena alde batetik, eta Cabacasen heriotza eragin zuen Ertzaintzaren operatiboan parte hartu zuten auzipetutako agente gehienena beste aldetik. Testigu gisa deklaratutako hainbat hiritarrek emandako bertsioek antzekoa diote: poliziaren oldarraldia justifikatzen zuen gertakaririk ez zela eman, ertzainek abisurik gabe ekin ziotela kargari, aurrez aurre eta jendea “jotzera” tirokatu zutela, Cabacas zauritu ostean jendearen anbulantzia eskakizunei entzungor egin zietela agenteek, eta laguntza eske hurbildutako jendearen kontra indarkeria erabili zela. Auzipetutako ertzainek, aldiz, polizia operatiboa “zuzena eta egokia” izateaz gain, jende andanaren aurrean “kontrola hartzeko modu bakarra” zela adierazi zuten.

Ertzainen gehiengoak emandako bertsio nagusitik aldendu zen Cabacas zauritu zen gau hartako operatiboan ofizial gisa aritutako agente ohia ordea, eta bera plazan sartzearen aldekoa izan ez arren, Deustuko (Bilbo) egoitzan zegoen operazio buru Ugartekoren aginduei jarraitu ziela adierazi zuen. Testigu honen arabera, operatiboan ofizial gisa aritu bazen ere, gertakarien gaineko erantzukizuna bere gainetik zeuden arduradunengan dagoela eman zuen ulertzera. Ertzain ohi honen deklarazioaz geroztik, gertakarien gaineko ardura agente honi leporatzeko estrategia erabili dute gainontzeko polizia agenteek eta Ertzaintzako goi karguek.

Adostutako testigantza

Urriaren 24an burututako epaiketaren seigarren saioan, ertzainen gehiengoak defendatutako bertsioa indartzen zuten adierazpenak egiten zebilen agente baten testigantzak biraketa eman zuen akusazio partikularrak egindako galdera baten aurrean. Testigantza prestatzeko Eusko Jaurlaritzako abokatuekin edo Ertzaintzako nagusiekin bildu ote zen galdetu ziotenean, agenteak baiezkoa erantzun eta amaitutzat eman zuen deklarazioa.

Testigantza hau tartean izan arren, hurrengo saioetan ere hasierako estrategiari eutsi diote auzitegitik igarotako ertzainek, ardura operatiboko ofizialari leporatuz. Horrez gain, agenteen erantzukizuna zehaztea eragozten duen beste estrategia bat ere erabili du akusatutako ertzainen abokatuak. Urriaren 30ean burututako zortzigarren saioan, adibidez, 2012ko apirilaren 5ean furgoneta berean zihoazen hainbat agentek deklaratu zuten, beraiek Cabacasen heriotzarekin zerikusirik ez zeukatela berretsiz. Kasuaren jarraipena egiten ari den Berriako kazetari Gotzon Hermosillak azaldu zuenez, “akusatutako ertzainen abokatuak saiatzen ari dira frogatzen beste furgoneta batzuetako agenteek ere esku hartu zutela Maria Diaz de Haro kale ondoko kalezuloan, horrek zailduko lukeelako haiek defendatzen dituzten ertzainen erantzukizuna zehaztea, baina orain arte ez dute arrakasta handirik izan”.

Eskopeten eta frogen garbiketa

Adituen deklarazioei bidea eman aurretik burututako urriaren 31ko bederatzigarren saioan, lekuko bezala deklaratutako azken ertzainetako batek beste behin eta zuzenean azpimarratu zuen operatiboko ofizialarena zela gertaturikoaren ardura. Lekuko honek tokiko arduraduna zen agenteari oker jokatzea egotzi zion.

Saio berean deklaratu zuen gertakariak eman zirenean Deustuko ertzain etxeko nagusiorde Raul Otaolak ere, zeinak onartu zuen ez zuela operatiboan erabilitako eskopetak ez garbitzeko agindurik eman. Cabacasen zauriak “hain larriak zirenik” ez zekiela adierazi zuen, eta eskopetak ez garbitzea kasua argitzeko lagungarri izan zitekeenik ez zuela pentsatzen gehitu. Horretaz gain, kasuaren gaineko ikerketarik zabaldu ote zen edo ez, “ziur ez zekiela” esan zuen.

Erantzukizunen eskala eta goi karguen zigorgabetasuna

Cabacasen familiak eta Justizia Iñigorentzat plataformak hasieratik salatu dutenez, hilketaren arduradun guztiak ez dira eseriko akusatuen aulkian, Ugarteko goitizenez ezaguna den ertzaina kasu, egun hartako polizia operazioaren kargu zegoena. Ildo horretan, Herrialde Katalanetatik begirale gisa aritzera etorritako Laia Serra abokatuak Ertzaintzaren baitan erantzukizun eskala bat dagoela azpimarratu zuen. Bere adierazpenak jaso ditu Berriak: “Epaiketa hau ezin da bihurtu eskopetari nork sakatu zion argitzeko auzia. Hemen erantzukizun mailakatuak daude, eta polizia nagusiek erantzukizun organikoa dute. Hilgarriak edo kaltegarriak diren ondorioak eragoztea da haien egitekoa. Aldagai honek gure arreta osoa behar du, eta espero dugu epaitegiak ere aintzat hartzea”.

Ertzainen sindikatua den Ernek, bere aldetik, “buruzagitza politiko eta poliziala” jarri du jo-puntuan publiko egindako ohar batean. Sindikatuaren hitzetan “arduradun nagusiak ez dira ia inoiz egoten ekitaldiak koordinatzen” eta hurrengo galdera aireratu du: “Eta orain, nork eseriko ditu aulkian benetako arduradunak?”.

Mobilizazioak

Epaiketa azken txanpan sartu den honetan, Justizia Iñigorentzat plataformak mobilizazio deialdi gehiago egin ditu. Asteazkenean, azaroak 7, elkarretaratzea deitu dute Auzitegi parean, 09:00etan. Eskoziatik etorritako John Finnie begiraleak hitz egingo du bertan. Ostegunean, azaroak 8, manifestazioa egingo dute Indautxuko Kirruli tabernatik Justizia Auzitegiraino, 19:30etan.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s