Home

1551367413_384493_1551371836_album_normal

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Patxi Azparren

Batek daki zergatik izango ote den, baina, susmoa daukat tradizio katolikotik datorren jokabidea dela. Sinesmen katolikoen arabera, hil aurretik damutu eginez gero, jaungoikoak egindako guztia barkatzen du eta bere altzoan egoteko saria ematen dizu eternitate osorako. Ez da oso sari erakargarria, berriz, bizimodua horren latza zen garaietan, agian, jainko bizardun (edo lumadun, uso forma ere hartzeko ohitura baitzuen) baten besotan egotea liluragarria izango zen.

Jokabide horri eutsiz edo, hainbat jendek bere azkeneko urteetan bere bizitzaren zehar egindako barrabaskeriak konpondu nahi izaten ditu. Pertsonaia publikoen kasuetan, joera hori areagotu egiten da, batik bat botere handia izan duten pertsonengan. Erdi Aroko errege sadiko askok bere azkeneko urteak monasterio zoragarrietan ematen zituzten, transnazionaletako buru batzuek ere bereak eta bi egindakoan, filantropo bilakatzen dira, ilea urdintzen hasten zaienetik; eta gure politikari batzuek ere euren biografiaren azkeneko lerroetan, bertso gozoagoak idatzi nahi ohi dituzte.

Arestian aipatutako portaera hau, ondo baino hobeto ikusi ahal izan dugu Xabier Arzalluz buruzagi jeltzalea hiltzerakoan.

Egiari zor, neu ere pagano bezain ateoa izanagatik ere, “dolu ” egunak igarotzen utzi ditut artikulu honi ekin aurretik, edonorren senitartekoen mina errespetatzea gizakion arteko elkartasunaren adierazgarrietako delakoan.

Haatik, aste batzuk igarotakoan, eta laudorio zaparrada jasan egiteko aterkia hautsi zaidalarik, Azkoitiko politikariari buruzko nire iritzia eman nahi nuke, nire inguru hurbilean bere eskutik eginiko hainbat erabakik eragin itzela izan zutelako. Izan ere, nire inguruan ez ezik, milaka  eta milaka  pertsonen inguruan ere, eragin zuzena ukan zuen jesuita ohiak jardunak. Itzal handiko pertsona, eta ziur aski horregatik, zuzena izan da esatea “estatu-GIZONA” izan zela ; “estatu-gizona” hitzak askotan dardarka jartzen banau ere.

Azkeneko urteetan Arzalluzek irudikatu nahi izan zuen norabide aldaketak, -eskutan aterkiari eutsiz, “Eusko Gudariak” abesten hasi zenetik-, ezin ditu ezabatu guztiahalduna zen urteetan egindakoa. Pertsona batek egindakoa ezin da neurtu bere biografiaren azkeneko lerroak idazten zuriketa egin nahi izaten duenean, gutxiago pertsona boteretsuen biografia. Beraien jardunaren mamia, euren “lorezko urteetan” neurtu behar da, sasoi betean zeudenean, eta etorkizun posible batzuk egingarri zirenean. Hori dela eta, entzun ditugun laudorioetatik, behingoagatik -,eta espero dezagun azkeneko izatea- bere oinordekoa den Andoni Ortuzar jaunarekin bat egiten dut. “Egungo PNV, Arzalluzi zor diogu”.

Xabier Espainiako Parlamentuan diputatua zelarik, Espainiako konstituzioaren alde bozkatu nahi izan zuen, EBBren aginduaren aurka. Geroan,  PNVren buruzagia izango zenak, Mercedes Milari egindako elkarrizketa batean, Errepublika baino, Espainian errege bat egotea nahiago zuela aitortu zion.

Hego Euskal Herriak erreferendumean NATOri ezetz esan zion egunean, Arzalluzek “BAI” bozka zion eta ondo gogoratzen naiz. ” SI” ala “NO” bozkatzeko aukera besterik ez zegoen, eta San Ignazio zaleak eskuz, “BAI” idatzi zuen. Esan gabe doa bere bozka ez zela baliogabe gisa zenbatu, ordurako PSOEren aliatua baitzen, eta Gonzalez jaunaren antzera, NATOren aldeko jarraitzaile sutsua zen, eta bide batez,  soldaduskaren aurka ari ginen intsumisoen aurkaria.

Lemoizen egin nahi zuten zentral nuklearraren aldekoa ere bazen burukidea. Bere ohiko kabrioleta dialektikoen bidez, independentistoi “azajale” izatea leporatzen zigun bitartean; Lemoizkoa, burujabetzarako tresna gisa justifikatu nahi izan zuen. Geroago Iberdrolarekiko- eta oro har energia arloko multinazionalekiko-  menpekotasuna eta morrontzaren hasiera izan zen urte horietan PNVko buruak hartu zuen jarraibidea.

Donostiar euskaltzaleokin ere badu kitatu gabeko zor handi bat Azkoitiko semeak. Berari esker,  Odon Elorza 20 urtez pairatu genuen. Elorza alkate izatera iritsi zen Arzallusek pertsonalki horrela erabaki zuelako, Odon ez zituen-eta hauteskundeak irabazi. EAk eta EEk bigarren aldiz irabazi zituzten hauteskundeak Gipuzkoako hiriburuan, Xabierrek ezin izan zuen hori barkatu, ordea. Geroztik, Donostia, non berpizkunde euskaltzale geldiezina nagusitzen ari zen; Odon ,  Ernesto Gasco eta enparauen neurrira eraldatu eta herdoildu zen, egun dugun Parke Tematiko Noriadun izatera iritsi arte.

Nafarroako jeltzale historikoek ere jasan zuten apaiz ohiaren aginte-makilaren astindu bortitza. Arzallus buruzagi zorrotza eta autoritarioa baitzen etxekoekin; otzana, aldiz,  boteretsuekin. Nafarroako EAJ osoa birrindu zuen, alderdiaren zatiketaren txinparta pizten ari zela jakinda ere. EEBko presidenteari traba egiten zion Nafarroa Garaiak. Une horretatik, aurrera  Ipar Euskal Herria eta Nafarroa Garaia PNVren plangintzetatik at geratu ziren, PNVren hegemonia bermatzeko eta Xabierren buruzagitza ukaezina gotortzeko  Euskal Herria zatitzea beharrezkoa baitzen.  Harrezkero, Euskal Herria ezabatu zuten; Euzkadi-Euskadi-Basque Country delakoa nagusitu, eta duela gutxi Erkorekak epaitu duen moduan: “kanbo ez dago Euskadin” esan arte.

Gure Printzea

Aditu batzuek diotenaren arabera, Makiavelok Printzea liburua idazterakoan zenbait pertsonaia historikotan aurkitu zuen iturri, besteak beste Aragoiko Fernando katolikoa izan omen zen horietako bat. Ziur naiz, Makiavelo XX. Mendeko Euskal Herrian jaio izan balitz, Xabier Arzalluzengan aurkituko zuela inspirazio. Jeltzaleburuak ez zeukan muga etiko handirik helburu politikoak lortze aldera, ” batzuek zuhaitza astindu; eta bestok intxaurrak jasotzen ditugu” esanez, garbi adierazi zuen.

Makiavelokeriatan maisu, Euskal Herriko mendebaldeko hiru herrialdeen politikaren gidaria izan zen urtetan. PNVren  izaera aldatu zuen, kasta politikoaren aje guztiak barneratuz, sekretukeria hedatuz, trikimailuak erabiliz, lagunkeria zabalduz, bezero-sareak ehunduz, azpiegitura faraonikoak biderkatuz…dena, bere mesederako, “Estatu-Gizonek” ezin dute-eta gehienetan euren interesak eta euren nahiak herritarren beharretatik bereiztu.

Xabier Arzalluzen “burdinazko agintaldiaren” urteetan bidaide eta aliatu fidela aurkitu zuen: PSOE. Azkoitiarrak ez zituen “belarrimotzak” maite, baina askoz gutxiago ezkertiarrak. Ezkertiar euskalduna izatea herejiaren gailurrean kokatzen zuen. Horregatik, Felipe Gonzalezen eskutik, PSOE marxista izateari utzi zionetik, “hezurbeltz” RH+ izatea barkatu zien. Laguntza eskaini eta eskatu zien, Ezkerreko Abertzaletasunaren korronte guztiei su-etenik gabeko gerra iraunkorra egiteko. Aliantza horri zor dizkiogu Ardanzaren gobernuak, Ertzaintzaren militarizazioa , gazteleraren normalizazioa…

Gerra ostean Ajuariagerrak Agirre mendean hartzeko asmatu zuen “bizefalia”, Arzalluzek doktrina bihurtu zuen. EBBko presidenteak ez zuen hauteskundeetan parte hartzen, ez zen aurkezten, ezta zinegotzi xumeena izateko hauteskundeetara ere. Ez zuen arriskua bere gain hartzen. Barne egituraren erabateko kontrolari esker, behin betiko presidentek gisa jokatzen zuen “real politik” eta antzezpena ederki bereizten. Antzezpenak mendiko botak jantzita egiten zituen Alderdi eta Aberri Egunetan, “real politik” moketak eta alfonbrak laztantzen Errege, Iberdrola, Repsol eta Gonzalez zein Aznarren bulegoetan.

Bizefalia antzezpena zen, PNVren bi espiriturena antzezlana zen. Josu Jon Imaz eta Joseba Egibar ildoak, Arzallusek berak sortutako amua zen. Arzallusek agintea hartu zuen unetik, PNV independentista desagertu zen behin betiko, Ibarretxek berak larrutik ordaindu zuen ikasgai hori.

Bai, Bistan da Arzalluz itzal handiko pertsona izan zen. Aldiz, orain bada garaia itzal luze horrek estali zuen tokietan argiak pizteko, politika egiteko beste modu batzuk jorratzeko, politikaria izateko modu batzuk behin betiko baztertzeko, Arzalluzek egindako sarraskia konpontzen hasteko, Euskal Herri osorako ekimen askatzaile eta eraldatzaile bati ekiteko, Euskal Herria ezkerretik eraikitzeko, jatorri guztietako euskal herritarrekin. Aitortzeko beharra neukan, Arzalluz ez da “nitarra”; Arzalluz ez nuen maite.

One thought on “Bada… Xabier Arzalluz ez nuen maite

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s