Home

g7

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Aman Komunak sarea

Biarritzeko G7 denboran antolatu hedatze militar eta polizialak argiki erakutsi digu bere burua demokratatzat duen gobernu batek zer nolako jarrera totalitarioak har ditzaken. Herritarrek aurrekaririk gabeko setio egoera jasan dute, frantses eta europar gorputz errepresiboen eskutik.

Inongo mugarik gabe, indar armatu horiek fitxaketak eta kontrolak burutu dituzte, baita lurraldea bereganatu, G7aren kontra egon zitezkeen ekintza bortitzen galarazteko omen.

Orotara 146 atxiloketa gertatu dira, haietariko ehun bat polizia-etxeetan atxikiz, bost presondegiratzeekin eta 50 bat prozedura juridikoekin. Azpimarratzekoa da atxiloketa bakarra ere ez dela bortizkeri kasuengatik burutu. Nahiz Baionako prokuradoreak kontrakoa adierazi, ia atxiloketa guztiak neurri “prebentiboen” baitan egin dituzte, G7ko maskaradaren kontra zegoen edo une eta leku txarrean aurkitzen zen pertsona oro susmagarri bihurtuz. Aipatzekoak dira ere gutxienez 16 lagunek jasan dituzten urruntze neurriak, Frantziatik kanporatuak izanki lanjerosak kontsideratuak zirelako, baita autoritate espainolek frantsesei helarazi zerrenda beltza, 500 euskal militanteri Iparraldera epe batez etortzera debekatuz.

Atxilotuen eta presondegiratuen lekukotasunak pixkanaka azalarazten diren heinean, poliziak zer nolako bortizkeria eta inpunitatea erabili dituzten konturatzen gara. “G7aren kontrako itxura” soila ukaiteagatik, manifestaldi batean parte hartu nahi izateagatik, gailurraren eta kontra gailurraren inguruko eremuetan egoteagatik, jende askok miaketa, irain, probokazio eta mehatxu ordu luzeak pairatu behar izan dituzte, hala nola Brigade Anti Criminalité taldeko polizien partetik. Maulen, CRSentzat konfiskatu eskola baten aurrean kazolekin harrabotsa egiteagatik, manifestariei gaza aurpegira bota diete mozkorrak zeuden polizi batzuek. Hainbat kazetarik eta ikuskatzaileek ere poliziek haiekin ukan tratu arbitrarioa azpimarratu dute, eta atxilotu zein abokatu batzuek polizia-etxeetan izandako baldintza dorpeak baita legal team-aren lan juridikoaren kriminalizazioa salatu dituzte.

Estatu poliziala da nagusitu eta hemengo hainbat hautetsiek osoki kolaboratu dute eskalada errepresibo honetan : gailurra goresteko hitzak baizik ez dituzte ukan, okupazio hau beren herrien zaintzeko plantan jarri zela justifikatuz.

Anartean, audientziak finkatu dira eta hamarnaka lagun epaituko dituzte datozen egun eta asteetan. Hau dena testuinguru lokal berezian : iazko abenduan Lola Biarritzen zauritu zuen poliziaren inguruko IGPNaren inkestak ez du batere aitzina egin, baita Rita italiarraren kasua dela medio (otsailean Baionako auzitegiak froga zehatzik gabe kondenatu zuen, Paueko dei auzitegiak berantago zuritzeko). Aparatu judiziala politikaren menpe lerratzen ari denaren seinale ?

Jende guztia inkulpatuen sustengatzea dei egiten dugu. Datorren hitzordua irailak 20 izanen da, arratsaldeko 2etan Baionako auzitegian. Bertan dozena bat pertsona epaituko dituzte. Eguerditik aitzina, errepresioaren kontrako bazkaria izanen da epaitegiaren aitzinean eta arratsean, Baiona txikiko Epaiska elkarteak ateak irekiko ditu, auziperatuen sostenguz.

3 thoughts on “G7 : atxilotu, inkulpatu eta presondegiratuekin elkartasuna !

  1. Aman komunak sarea ez al da guztiz integratu ezker abertzale ofizialak antolatutako G7 alternatiboan?

  2. Zehatzago izateko, Aman Komunak sareak baita orohar Euskal Herriko mugida antikapitalistek ez dute nahiko gaitasun eta ausardi eduki “integratze” horretatik haratago dinamika propio indartsu batzuen bultzatzeko, Intentzio batzuk markatu ziren eta horretan gelditu dira.
    G7 Ez plataforman, urte osoan zehar barne eztabaida sutsuak egon dira helburuei eta ekinmoldeei dagokienez eta kohesio eta bitarteko gehien dituenak du, azkenean, bidea markatu.
    Etorkizunerako, ikasgai aberatsa !

  3. Biarritzeko “G7 denboran”?
    Bere burua demokratatzat duen gobernu batek Jarrera “totalitarioak”
    Herritarrek setio egoera

    Analisi exkaxak dituzten ikuspegi infantilista batek ezkutatzen duen ezezagutza historiko-politikoaren usaia ageri da

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s