Home

52(8)

Argia

Izaera sozialistan oinarritutako pintzipio etikoek definitzen dute Nadia Perez Hidalgoren (Ordizia, 1995) borroka politikoa. Genero problematika ikuspegi horretatik lantzen dihardu duela ia urtebete sortu zuten Itaia emakume sozialisten sarearen baitan. Barne eztabaida eta hausnarketa publiko izateko nahiak sortu zituen, formakuntzara begirako blog bat kudeatuz, besteak beste. Kontzientzia burgesa borrokatzera datoz.

Zein testuingurutan jaiotzen da Itaia?

Euskal Herrian ematen ari den militantzia haustura edo prozesu sozialista hau orokorrean ulertu behar ditugu. Gurasoen belaunaldietan ongizate estatu forma batzuk garatu ziren Europan zein Euskal Herrian. Bizi maila hobetu zenez, ez zen beharrezkoa aldarri batzuk borrokatzea, eta horrek despolitizazioa ekarri zuen. Klase ertainei zuzenduriko paktu sozialak sortu ziren, proletalgoa alboratuz.

Krisi ondorengo ziklo ekonomiko berri honetan proletarizazio prozesu bat ematen da, jada ez gara bizi ongizate estatu horretan. Mugimendu sozial berri asko ari dira sortzen, begi-bistakoa da feminismoak mundu mailan hartu duen indarra. Dena den, sortzen diren tresnak ez dira klase ikuspegi batetik garatzen, proletalgoaren interesak alboratu eta tresna burgesak erabiltzen dira. Forma politiko hauek zalantzan jartzen hasi gara.

Non islatzen da genero problematika?

Langile klase osoaren kontrako ofentsiba bat bada ere, subjektu debaluatua emakumea da. Denon bizi baldintzak okertzen badira, gureak are eta gehiago.

Zein garrantzia du klase ikuspegiak emakumearen askapenean?

Kapitalismoa formazio sozial orokor bat da. Mila faktoretan eragiten du milaka zapalkuntza erabiliz. Oinarria ekonomikoa dela esango da, baina ezin da modu sinplista horretan ulertu. Genero zapalkuntza kapitalismoaren aurretiazkoa dela ulertzen dugu, baina bere interesetara birmoldatu duena. Emakumea subjektu debaluatu gisa mantentzea komeni zaio etekin handiena lortzeko. Bestetik, langile klasearen baitan etsaitasuna sortzea interesatzen zaio. Klaseetan banatutako sistemak irauten duen bitartean ezingo da genero zapalkuntza gainditu.

Eta zer garrantzi du genero problematika lantzeak langile mugimenduan?

Gure kontzientzia gizarte burges honen baitakoa da. Militantzia esparruetan ere erreproduzitzen ditugu zapalkuntzak eta erasoak. Esplotazio eta zapalkuntza guztiekin bukatuko duen gizarte bat osatu nahi badugu beharrezkoa da guztiak lantzea. Zapalkuntza ez da modu mekanikoan gaindituko, baina prozesu horretarako baldintzak soilik iraultza sozialistak eskaini ditzake.

Zergatik da subjektua emakume langilea?

Emakumeak ekoizpen prozesuan betetzen duen paperak determinatzen du genero zapalkuntza. Funtzio horrek emakumeekiko forma kultural bat osatzen du, oso era desberdinetan, baina guztiei eragiten diena. Aldiz, genero problematikaren funtzio estrategikoa ulertzean konturatzen gara borroka subjektua ezin dela orokorrean kokatu, proletalgoaren baitako auzian baizik.

Ideia hauek defendatzeak zer eragiten dizue?

Gure ideiak ekarpen bat bezala ikusi beharrean mehatxu gisa ulertzen dituzte zenbaitek. Zapalkuntzaren ondorioak hain dira lazgarriak mundu mailan garatu dela borrokatu behar denaren kontzientzia. Sentsibilitate horri kritika egiteak mugimendu horrekin haustera gentozenaren ustea ekarri du, baina ez gatoz feminismoarekin bukatzera, dauzkan adierazpen postmodernoekin baizik.

Feminismoa gero eta gehiago ari da zabaltzen. Zein iritzi duzue honekiko?

Emakumearen askapenaren alde egiten duen mugimendu gisa ulertzen badugu, gu ere feminista kontsidera gaitezke. Baina garrantzitsua da feminismoa ideologia gisa ulertzea, historikoki garatu dituen estrategiak aztertzea. Gure iritziz estrategia interklasista jarraitu duen ideologia izan da gehienean.

Emakume askoren borroka grina ere pizten hasi da.

Egoera ekonomiko eta politiko honek erantzuteko beharra sortu du, emakume askoren kontzientzia politikoa piztu eta kalera ateratzeko motibo izan da. Goradaka hori kapitalak asimilatua izan da. Egun edozein da feminista eta alderdi politiko guztiek lantzen dute feminismoa. Positiboa da emakumeen borroka grina mundura azaleratzea, baina ez da bizi baldintzak hobetzeko mekanismo errealik garatzea lortu. Aurrera egiteko, grina hori estrategia iraultzaile batean kokatzen jakin behar da.

Zeintzuk dira askapenerako gakoak?

Gure lana, oraingoz, fenomeno desberdinen ikerketan sakontzea da, emakume langileen beharrak analizatzea, inertziazko militantzia batetik urrun. Despolitizazio une honetan heziketa politikoa eta formakuntza beharrezkotzat jotzen ditugu. Ez badaukagu gaitasunik zeri erantzuten ari garen jakiteko, borondate politikoa hutsala bilakatzen da.

Zeintzuk dira aurrera begira dituzuen erronka edo nahiak?

Emakume langileen antolakuntza ahalbidetuko duten mekanismoak sortzea bizi baldintza kultural eta sozialak hobetzeko. Bestalde, ildo sozialistaren baitan genero zapalkuntzaren lanketa ematea eta harreman eredu berriak sortzea. Azkenik, emakume langileek politikari osotasun batetik erantzuteko gaitasunak bultzatzea.

Korrontea jarraitu gabe
“Genero problematika asko landu da historikoki. Ideologia ezagunenak feminismoa eta hark dituen azpi-korronteak dira, baina ez da lanketa hori egiten duen bakarra eta, beraz, zilegi den bakarra. Guk marxismoa erabiltzen dugu tresna analitiko gisa, osotasun batean kokatzeko aukera ematen digulako. Ez dugu ulertzen lan partzial horiek izate independente bat dutenik. Ez gara sortzen korronte bat gehiago izateko, langileria guztia printzipio sozialistaren baitan antolatzeko baizik”.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s