Home

logo-ehhb-txikia-2

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Itziar Bardaji Goikoetxea | Herri Boterea – EH. Gogoeta dinamika

Aurretik

Gustatzen zait testu bat irakurtzean nondik idatzita dagoen azaltzen denean. Horregatik, nik gauza pare bat argitu nahi ditut zentzu horretan.

Pribilegio pila bat metatzen dituen emakume hetero txuria naiz, klase ertainekoa, unibertsitarioa baina ez intelektuala. Nafarroatik idazten dut.

Hausnarketa hau lehenengo pertsonan idatzita dago, nire esperientzia militantetik – okupazio mugimendua, autonomia komunala, internazionalismoa, feminismo autonomoa, talde fazilitazioa – abiatzen delako. Hau ez da kanpoko behaketa batetik egindako analisi sasineutroa. Kokaleku zehatz batetik, pribilegio eta bizipen jakin batzuez zeharkatuta, egiten den ekarpen halabeharrez partziala baizik.

Hemen azaltzen dudana nik feminismotik bizi izan dut, feminismoak eman dizkit gako batzuk. Horregatik, feminismoan asko inziditzen dut eta azaldu nahi dudanaren adibideak ere maiz bertatik datoz. Ez dut borroka hau beste batzuen gainetik jarri nahi, ezaguna zaidanetik idazten dut.

Sarrera

Herri botereaz, eta lehenik eta behin botereaz mintzatzeko, euskarak eskaintzen digun aukera bat har dezakegu abiapuntu.

Boterea batzuk besteen menpe jartzen dituen erlazio bezala ulertzen badugu, poder-sobre, menderatzaile menderatu marko baten barne, orduan hauxe da, botere, hain zuzen, behar dugun hitza. Poder hitzaren asimilazio zuzena euskarara.

Gaztelerazko poder, hitzak, ordea, badu beste esanahi bat, euskaraz ahalmen, gaitasun edo potentzia moduan itzuliko genukeena. Poder-hacer eta poder-con. Boterea modu honetan ulertzen badugu, subjektuaren ezaugarria da, subjektu kolektiboa gure kasuan.

Estrategia iraultzaileari begiratuta, estatuaren, kapitalismoaren eta patriarkatuaren botereari herri boterea, hitz berdinaz, izaera eta esentzia amankomun batekin, kontrajartzen badiogu, menderatzaile-menderatu rolak aldatu baina funtsa bere horretan mantendu liteke, garrantzia ez bait zaio eman boterearen forma aldatzeari, boterea nork duen lehiatzeari baizik.

Iraultzaren helburua, ordea, boterea bera disolbatu eta desagerraraztea da. Horretarako, menderatuak garen heinean emantzipazio prozesu bat bilatzen dugu, zeinetan herriaren ahalmena, autonomia, geure bizitzen jabe izateko gaitasuna, askatasuna azken finean, sortzen den. Eta menderatzaileak garen heinean, geure pribilegioez jabetuz, botereaz gabetzea bilatzen dugu. Horrela, herri ahalmena sortzen duen bigarren bide bat irekitzen da.

Aurrera jarraitu baino lehen, herri1 hitzari buruz ere hausnartzea komeni da, zenbait pribileiok zeharkatua baitago2. Latinoamerikako testuinguruan herri boterea aipatzen badugu, agian militar harritu bati oihuka ari zaion Andeetako emakume bat irudikatuko genuke. Baina hemen herri mugimendua belarrian aro pare bat daramatzan mutil gazte eta flekilo motza eta buruan zapia daraman neska guapoak dira. Herri hitza euskaltasunaren aldarria izan da eta gaur egun kutsu arrazista izan dezake, ezker abertzalearen hegemoniaren erakusle. Eta horrekin apurtzea ezinbestekoa da, subjektu iraultzailea beste bat delako.

Hemendik aurrera bi kontzeptu hauek ezberdinduko ditut: sistemaren3 boterea eta herri ahalmena. Termino hauek modu honetan ulertzen baditugu, orduan, herri boterea herriak beste subjektu batzuekiko duen menderakuntza da eta autodefentsaren esparrura mugatuko litzateke.

Iraultzak herri boterea behar du, eta konfrontazioa lehenesten duen fase batetan funtsezkoa izango da. Honek ez du eragin behar, ordea, herri boterearen nagusitasuna estrategia iraultzailean. Herri ahalmena sortzea eta boterearen formen eraldaketa aurretiko baldintza da. Hau da hain zuzen testu honetan egiten dena: herri botereari kritika bat eta ahalmenaren aldarria. Ez dut egi bat ezarri nahi, eztabaidari ekarpena egiteko asmoz ezinbesteko eta lehenetsi beharreko elementu bat markatu baizik.

boterea herri mugimenduan

Erdigune hegemonikoa

Boterea hartzearen, eta ez bere desagerpenaren, logikan mugitzen garenean, antolakuntza ierarkikoa da, abangoardia eratzen da: botere hartzea gauzatuko duen elite politiko eta/edo militarra. Estrategia bakarra da, edo izan nahi du, zentralizatua eta abangoardia horrek zuzendua. Egitura honek herri mugimenduaren gaineko botere bat sortzen du, potentzialki gutxienez.

Bestalde, sistemak zeharkaturik dagoelako, herri mugimendua ere erdigune-periferia eskemak egituratzen du. Erdigune hori pribileioek markatzen dute. Aski ezaguna denez, erdigunea gizonezko cis heterosexual osasuntsu guapo adin ertaineko txuri euskaldunek4 okupatzen dute erosoen eta gradualki, pribileio gutxiago dutenek neketsuago habitatzen dute erdigune hori. Pribileioek faktore anitzen bitartez baldintzatzen dute erdigunerako irisgarritasuna ikusgarritasun, botere eta hitzartzearekiko erlazioa; militantziari denbora eskaintzeko aukera, zaintza lanen zamak5 osasun egoerak eta abarrek murriztua; jakintza ezberdinei irisgarritasuna eta jasotako hezkuntza; herri mugimenduan aliantzak eraikitzeko gaitasuna6 eta egoera legala7 besteak beste

Pribileioek, beraz, herri mugimenduaren sektore batzuetan boterea metatzen dute. Baina azpimarratu nahiko nuke pribileio hauek norbanakoenak direla eta norbanakoen erlazioetan operatzen dutela lehenengoz. Herri mugimenduan modu makroan operatzen duenak, kolektiboen barruan maila mikroan operatzen du. Pribileioei lan egiten baimentzea herri mugimenduaren kulturan txertatuta dago eta kultura hori kolektiboz kolektibo eraikia eta onartua izan da. Kolektiboetan botere harremanak ez badira modu zentralean aztertzen, sistema honek erlazio moduak birproduzitzen dira.

Beraz, nolabait, botere hartzean oinarrituriko estrategian, erdigunea garaituz herri mugimenduaren gaineko boterea hartu eta estrategia iraultzailearen zuzendaritza gauzatzeko lehia bat ematen da eta subjektu iraultzailearen baitan fakzio ezberdinek lehia horretarako dituzten baliabideak desorekatuak dira. Lehia honek, hein batean, pribileiodunak eta boterearekiko filia bat dutenak selekzionatzen ditu: elite baten parte izateko baldintzak eta nahia dituztenak, merkatuak edo botere instituzionalak egiten duen elite selekzioaren antzera.

Erdigunea irabazteko tresnak

Erdigunearen konkistarako metodoak, diskurtso eta praktikaz gain, pribileioen erabilera, indarkeria eta muturrean autoritarismoa izan daitezke. Pribileioen inguruan lehen esan den modura, gainontzeko metodoak ere ezkerreko borroka tradizioari atxikituta daude. Ez da prozesu iraultzaile konkretu baten une batetan ematen den ezaugarria, herri mugimenduaren kulturaren parte da, hots, herri borrokaren moduekin dago lotuta. Horregatik, ez da dimentsio makroan soilik agertzen den kultura, eskala guztietan agertzen da.Erdigune hau okupatzen duten edo okupatu nahi duten norbanakoek, hori baino lehenago, kolektibo edo erakundeen zuzendaritza (formal edo inplizitua) lortu dute, metodo berdinen bitartez. Kontrako zentzuan, botereak ahalbidetzen du indarkeriaren erabilera, autoritarismoa, elikatzen ditu pribileioak eta sortzen du diskurtso hegemonikoa. Hortaz, berrelikatzen den dinamika bat da.

Indarkeria eta autoritarismoaren hamaika adibide ditugu mugimendu iraultzaileen mapa historikoan, aski ezagunak, eta ez dut horretan sakonduko. Baina bai desberdinduko nituzke, alde batetik, estrategia inposatzeko edo boterea mantentzeko eragindako indarkeria zuzena eta, bestetik, pribileiotik bestearen gutxiespen konziente edo inkonzientetik eta ustezko gehiagotasunetik eragindakoa. Herri mugimenduaren baitan ematen den indarkeria matxista bigarrenean kokatuko nuke. Azpimarratu behar da indarkeria hau arazo kolektibo moduan landu behar dela, ez kasu isolatuak bailira. Herri mugimenduaren barruan gertatzen diren erasoak – matxistak eta gainontzekoak – sistemikoak dira, ez indibidualak.

Diskurtsoaz bi auzi, erretorikarekin eta berriro ere pribileioekin lotuta lehena. Subjektu iraultzailearen aniztasunean jakintza modu batzuetara irisgarritasuna ez da guztientzat berdin, ideia edo iritziak zabaltzeko ez ditugu denek baliabide eta abilezia berdinak eta entzunak izateko disposizioa ez da batere neutroa. Funtsezkoa da erretorikarekiko pribilegioek duten pisuari bere garrantzia ematea.

Bigarrenik, diskurtsoaren edukia aipatu nahiko nuke, eduki hori subjektu iraultzailearen erdigunetik edo erdigune hori konkistatzeko helburuarekin elaboratzen denean. Lehenik, menderatu menderatzaileen eskematik, botereari ofentsiba egiteko, abangoardia hegemonikoak bere burua menderatu bezala ikusteko beharra du. Masa mobilizatzeko subjektu iraultzailea homogeneizatzen du, menderakuntza baten inguruan metatu klase kontzientzia bilatu. Bere burua erdigunean kokatzen duen fakzioak jasaten duen zapalkuntza izango da funtsezkoa eta gainontzeko zapalkuntzak, onartuak diren arren, bigarren mailakoak izango dira, bigarren fase baterako helburuak, edota lehenengo zapalkuntza gainditze hutsarekin disolbatuak izango direla argudiatuko da. Berriki klase feminismoaren diskurtsoa berreskuratu izanak, mugimendu feminista subjektu iraultzailearen erdigunetik desplazatzeko beharrari erantzuten dio, gazte mugimenduan ematen ari den erdigunearekiko lehiaren markoan.

Erdigunea okupatzeko zilegitasunaren bila, zapaltzaile izaera ukatzeko beharra eta horrekin batera biktimizazio joera agertzen dira. Subjektu iraultzailearen zapaltzaile izaera, honek jasaten duen zapalkuntzaren nahi gabeko ondorioa izango da edota kontraesan ez antagonikoa. Eta zapaltzaile izaera horretatik eragindako indarkeria, abemaria pare baten truke barkatuak eta ahaztuak izango diren pekatu sahietsezinak.

Puntu honetan, bereziki gelditu nahiko nuke langile klasearen inguruko hausnarketa batzuk egitera. Proletargo eta langile klase kontzeptuak erosoak zaizkio hegemonia pribileiatuari. Alde batetik, lantegiko gizon txuria irudikatzen da automatikoki, langilea imaginario kolektiboan subjektu honekin lotzen delako eta bestetik, marxismoaren eta sozialismoaren izenean, iraultza zapalkuntza ororen aurkako borroka dela argudiatzen da. Hitz hauen bitartez subjektuaren aniztasuna ezkutatzen da.

Bestetik, burges langile dikotomiak, merkatuz kanpoko lanak ezikusten ditu. Analisi marxista klasikoetan, produkzio osoa lan abstraktuaren8 bitartez egiten da, beharrak asetzeko modu bakarra merkatua da eta ordaintzen ez diren lanak osotasunean langile klasearen erreprodukziora asimilatzen dira. Zaintzaren eta merkatutik kanpoko jardueren ikuspegi honek merkatua erdigunean jartzen du, berriz ere geure izaera printzipala menderatuak izatean ardazten du. Honen ondorio da herri mugimenduan langilearen baldintzak hobetzean energia gehien jarri izana. Sindikalismoak protagonismoa hartu du, helburu estrategikoa ez denean, taktikoa baizik.

Aurrera argudiatuko denez, herriaren ahalduntzearen funtsezko bideetako bat autogestioa da, merkatuak produzitzen duena merkatutik kanpo produzitzea. Eta horiek ez dira soilik lan indarraren erreprodukzioarentzako lanak. Merkatuz kanpoko produkzioa, produkzioaren berkomunalizazioa, lan askea, helburu iraultzaile estrategikoa da eta ikusgarritasuna eman behar zaio.

Sarreran esan bezala, helburua ez da herri botereari erabateko kritika egitea, iraultza ez da gauzatuko konfrontaziorik, biolentziarik eta botere hartzerik gabe. Baina botere hartze horretarako baldintzak ematen ez direnean eta fase hori urrun dagoenean, eta hau da egun Euskal Herrian gure kasua, botere hartze horri elkartzen zaion hizkera, jarrerak eta diskurtsoa ez daude testuinguruari egokituak. Ez da zinean boterean dagoen klasearekiko boterea, herri mugimenduaren kideen gainekoa baizik

Emantzipazioaren une politikoa da, erretaguardian etika iraultzaile bat sendotzekoa, masa kritiko bat eratzekoa. Masa kritikoa, ez soilik konfrontazio, botere hartzearen eta amorruaren inguruan; ez biktimizazioaren inguruan baizik eta desboteretzetik, eraikuntzatik eta autonomiatik ere.

Herri ahamena. Emantzipazioa

Irudika dezagun, zapaldu zapaltzaile erlazioa (boterea) momentuz alde batera utzirik, ahalmena, gaitasuna edo potentzia. Ez da geureganatzeko aurkariari kentzen zaion zerbait, baizik eta sortu naiz desegin, hazi edo iraungi, eraiki eta suntsitu daitekeen indar bat.

Ikuspuntu honetatik, emantzipazio prozesua geure askatasuna ukatzen duten indarrak desaktibatzean eta geure baitan herriaren eta herri mugimenduaren indarra handitzean datza. Bi prozesu dira, sinergikoak , elkar elikatzen eta baldintzatzen dutenak. Prozesu batetan zapalduak gara eta bestean aldiz, geure zapaltzaile propioak gara – batetik, sistema erreproduzituz herriak bere buruari eragiten dio zapalkuntza eta bestetik herriaren parte batzuek besteak zapaltzen dituzte – . Lenin beraren esanetan, makina burokratikoa eta militarra deuseztatu, ez beste eskuetara pasa Esaldi honi gure makina propioa eraiki ere gehituko nioke – eta gero makina ez beste modu batez deitu – eta burokratiko-militar horri beste dimentsio batzuk txertatuko nizkioke, jarraian aipatzen ditudanak.

Askapenaren etikaren eraikuntza

Askapenaren etika garatzea boterearen forma gainditzean datza. Feminismoak erakusten digunez, patriarkatu kapitalistak pare dikotomikoak ezartzen ditu: normatibo hegemonikoa vs subalternoa. erarkia sinbolikoen bitartez sistemari funtzionalak diren zapalkuntza ardatz guztiak ezartzen dira: genero zapalkuntza, arrazakeria, kapazitismoa, heteronorma, … sozialki ikusgaitasun ezberdina duten zapalkuntza zerrenda luze bat. Mailakatze sinboliko honek guztiz zeharkatzen gaitu pertsonok, erabat zeharkatzen baititu kultura eta instituzioak, eta sistemaren iraunkortasunerako erabat funtsezkoa da. Askapenaren etika dikotomia hauek apurtzeko helburuarekin eraikitzen da.

Zapalkuntzen deseraikuntzan, menderatzaile-menderatu dikotomia zapalkuntza ardatz bakar bat lehenetsiz eta modu totalista batean hartzeari uko egitea funtsezkoa da. Askatasunaren etika garatzean, pribileioak aztertu eta onartzen dira, zapalduen zapaltzaile izaeratik abiatuta. Pribileiatuak bere pribileioaren desagerpenarekiko ardura bat hartzen du.

Herria osatzen dugunon identitate ezberdinen arteko erlazioetan arreta jartzea eta herri mugimenduaren baitan erlazio horiek transformatzea da lehendabiziko urratsa, ezinbestekoa. Herri mugimendua gune hegemonikoetatik eraikita izan delako, sistemak gutxietsitakoari gutxi begiratu zaio. Baina sistemaren margena izateagatik, hain zuzen ere, margenetan aurkitzen diren balioak, jakintzak, moduak eta abar erdiguneak garatu ezin dituen baliabideen iturri emankorra eta baliotsua dira9. Gainera, hegemoniaren homogeneotasunak lurra pobretzen duen monokultiboaren ahultasuna du. Aldiz, dibertsitateak eta lidergo aniztasunak resilientzia dakar

Proposamena beraz, erdigunerik gabeko herri mugimenduada.

Herri mugimendu dinamikoa, saretua, erdigunea etengabe husten diharduena.

Lehen aipatu modura, erlazioen (boterearen) auzia kolektiboen eta elkarbizitzaren egunerokotasunera eraman behar da, txikienetik eta pribatuenetik eraiki. Iraultza prozesu pertsonala ere da, bigarren olatu feministak erakutsi zigun moduan pertsonala politikoa delako. Gure kolektiboetan zinezko horizontaltasuna bilatzea da erronka eta gure jarduera politikoaren formak helburuak adina garrantzi hartu behar du, akaso gehiago, lehentasunezko helburu estrategiko bihurtzen dugulako.

Maila mikroan kolektiboak ez badu botere metaketarik onartzen eta maila makroago batean herri mugimenduak ez badie pribileiodun sektoreei10 subjektu iraultzailearen erdigunean kokatzen uzten, orduan erdigunean ahalduntzea eta emantzipazioa kokatzen dira eta nahitaez, bestelako lidergo eta parte-hartze ereduak sortzen dira, orain ezagutzen ez ditugunak. Hortaz, askapenaren etika, erantzukizun indibiduala eta kolektiboa da.

Puntu honetan feminismoaren aldarria egin nahiko nuke. Boterearen kultura patriarkatutik eraikia da eta hegemonia kapitalistaren baloreak sexu-genero sisteman maskulinitateari atxikiturikoak dira: arrazionalitatea, lehiakortasuna, oldarkortasuna eta kontraz, zahurgarritasunaren, emozioaren eta zaintzaren ukapena, adibide batzuk jartzearren. Gizon bezala sozializatutako pertsonek, orokorrean esanda eta orokortzearen arazo eta mugak onartuz, boterearen etika birproduzitzeko joera handiagoa dute. Feminismoaren ekarpenak funtsezkoa dira boterearen etika gainditzeko eta feminismoak beraz gure kolektibo, proiektu eta ekimenetan ezin da alboko gogoeta bat izan, hauek egituratzen dituen parte bat baizik.

Eta badaude ere askatasunaren etikarekin bat ez datozen jarrerak mugimendu feministaren barruan, boterearen etikarekin lerrokatuak daudenak.

Aldarri hau ekartzen dut, emakume modua zapalkuntza hau jasaten dudan heinean zapalduaren espaziotik gionezko CIS-ak erdigunetik alderatzeko argumentuak erdiratzeko zilegitasunetik. Nolabait, aurretik azaldutakoaren adibide moduan. Beste mugimendu batzuetatik datozen ekarpenak ez ditut hemen erdiratzen ez ditudalako ezagutzen eta ez naizelako subjektu horien parte. Toki honetatik erdigunea ezin duela feminismo txuri unibertsitario urbano kapaz eta abarrak hartu jakitea dagokit. Beraz horrek berriz eramaten nau erdigune hori etengabe hustearen eta margenek dakartenari arreta jartzearen beharrera. Ideia berdina beste modu batera adieraztearren, herri subjektu iraultzailearen barruan eta zapalkuntza ardatz bakoitzean, zapalduaren tokitik zapalkuntza gauzatzen ari denari kritika da zilegi eta norantza horretan behar du izan diskurtsoen eraikuntzak.

Elkartasun egiturak eta merkatuarekiko autonomia

Sistemaren boterearen ahultzea eta herriaren ahalduntzearen prozesu horretarako aintzat hartu behar den hurrengo elementua merkatua da. Merkatuarekiko dependentzia, sistemak eta sistema horren eliteek gurekiko duten boterearen zutabe baita.

Dependentzia honen bi ardatz aipatuko ditut, berez bereizgarriak ez direnak, guztiz lotuta daude.

Lehena, komunitate egituren desagerpena eta horrek iraganean betetzen zituen zaintza esparruen merkaturatzea. Familia nuklearraren monopolioa sendotu da azken hamarkadetan eta gerora egitura hau ere ahultzen ikusi dugu. Indibidualismoa zorroztu egin da eta zaintzaren bermearen zati nagusia merkatuak hartu du. Dirua aurreztea da zahartzaroan zaindua izatearen berme nagusia, adibide bat emateko.

Ekofeminismoak bi elementu ezinbesteko txertatxen ditu gai honi dagokionez: interdependentzia eta ekodepentzia. Eta hausnarketa hauetatik abiatuz komunitate egiturak, hau da, elkarlaguntza eta elkarzaintza sareak eraikitzea emantzipazio prozesuaren parte direla garbi geratzen da. Komunitate egitura hauek, baina, ezin dira zuzenean berreskuratu, historikoki eta gaur egun arte familia eta komunitatea indarkeria esparru (izan) direlako. Bertan operatzen duten indar zapaltzaileak – hala nola amodio erromantikoa, erru kristaua, heteronorma… – ezagutu eta desaktibatzea tarteko pausoa da. Baina desaktibazio horrek ezin gaitu deskomunalizaziora eraman, komunitatearen desmuntaiak indibiduoa merkatuaren eskuetan babesgabe uzten duelako, komunitatea eraikitzeko baliabide berrietara baizik

Elkarbanatzeko egituren defentsarako beste bi auzi ere azpimarratzea beharrezkoa da. Teorikoki hartuta edozeinek lorturiko emaitza bat, produktua, metabolismo sozialaren emaitza da, eta ezin da ezarri bakoitzari zenbat dagokion. Horrela hartuta, jabetza pribatuak ez du zilegitasunik. Eta, argumentu honetaz haratago, errealitateari begiratuta, apropiazio patriarkala, koloniala eta kapitalistaren bitartez garatu den baliabideen banaketa onartezina da. Hausnarketa honek elkartasuna erdigunera ekartzen du.

Bigarrenik, produkzioa. Geureganatu nahi ditugun produktu eta zerbitzuak eskuratzeko modu nagusia merkatua da. Merkatuan eskuratzen ditugunak gehiengoa dira eta merkatutik kanpoko ekoizpen eta banaketaren bitartez hornitzen ditugunak – eta ez naiz soilik zaintzari buruz ari 11 – gutxienekoak,historikoki beherako etengabeko tendentziarekin eta gainera errekonozimendu eta ikusgarritasun sozial urriarekin. Beste modu batez esanda,merkatuarekiko dependientea den antolakuntza sozialean txertatuta gaude.

Hortaz, estrategia iraultzaileak, sistema kapitalistaren kategoriak – trukea, dirua, lan abstraktua, Marxek ikaspenetatik – gainditzea eta ordeztea barne hartu behar du. Eskala mikrora eramanda, merkatuz kanpoko praktikaz, autogestioaz, autoprodukzioaz, soiltasuna hautatuaz, doakotasunean eta ematean oinarrituriko trukerik gabeko elkarbanatzeaz eta lan askeaz12 ari gara. Halaber, kontsumo eta lan merkatutik ateratzeko prozesuaz ari gara.

Lan eta kontsumo merkatuetatik ateratzen garen heinean sistemak gurekiko duen boterea gutxitzen du kolektiboki eta herri ahalmena handitzen dugu.

Lan askearen perspektibak lan abstraktua eta zaintza lanaren arteko muga lausotzen du eta erabilgarria zaigun hirugarren kategoria ezartzen du, iraultzailea dena. Ez da lana kapitalarentzat eta lana kapitalarentzako lan indarra erreproduzitzeko, baizik eta modu aske eta kolektiboan bere nahiak asetzeko beharrezko diren lanak burutzen dituen herria. Aldi berean, genero perspektiba txertatuta, sozialki errekonozimendu eskasa duten zaintza lanen birbalorazioa medio, lanaren banaketa sexuala gainditzea funtsezkoa da.

Hemen berriro ere pribileioen inguruko apunte bat beharrezkoa da. Pertsona guztiok ez ditugu aukera berdinak lan abstraktuarekin eta merkatuarekin modu malguan erlazionatzeko: lan abstraktutik irteteko eta itzultzeko erraztasuna, sistemaz probesteko aukera, osasuntsu egotea fisiko, mental naiz emozionalki, posizio sozial abantailatsua, kontaktuak, zaintza lanen zama, norbait kargura edukitzea adibidez, formakuntza, soldata altua edukitzeko aukera, familiaren estruktura probesteko aukera, legaltasunari desobedientzia egitean ondorio ezberdinak, adibidez egoera legala…

Atzera itzulita, elkartasunak ahuldu ditzake egoera pertsonalek baldintzatutako emantzipaziorako aukeren ezberdintasunak. Komunitateak indartzen du subjektu iraultzailea.

Autodefentsa

Askapenaren etikaren garapenari eta prozesu emantzipatzaileari noski, erantzun erreakzionarioak ematen dira. Pribileioa duenak, elite baten parte denak, ez dio noski beti pribileio horri uko egingo. Sistemaren boteregabetzea tresna iraultzaile moduan motz geratzen da – ez beti – eta herri boterea autodefentsarako helburu taktiko, ez estrategiko, moduan emantzipaziorako baliabide beharrezkoa da.

Egoera honen adibide paradigmatikoa klase burgesaren aurkako borroka da, iraultzaren osotasunarekin nahastu izan dena. Baina indar erreakzionarioak anitzak dira, faxismoak aurpegi ugari ditu eta autodefentsa eragile ezberdinei aurre eginez antolatu behar da, subjektu deszentralizatu anitzek eragina. Hau ez da bi bandoko guda.

Estrategia

Hemen proposatzen denaren ildoko planteamenduei egotzi ohi zaie egitura eta estrategia eza eta, haratago, egitura, estrategia eta konfrontaziorik gabe sistema iraultzea posible dela sinestearen inozotasuna.

Hemen esaten dena da, egungo sistema sostengatzen duten instituzio administratibo, politiko eta militarrei herritik erasoa egiteko helburua lehenesteko fasera iritsi baino lehenago emantzipazioak, bere dimentsio guztietan, ibilbidea egiten hasia eduki behar duela, subjektu iraultzailea hegemoniarekiko beste termino batzuetan artikulatu behar dela eta askatasunaren etika garatua eta hein batean barneratua eduki behar duela herri mugimenduak eta herriak.

Ikuspuntu honen ondorioa da estrategia ezin dela aurrez diseinatu, baizik eta erdigunerik gabeko subjektuak etengabe estrategiaren norabidea seinalatuko duela modu dinamikoan. Botere hartzean oinarritutako estrategia abangoardia hegemonikoak aurrez diseinatzea saihestea ez da estrategiarik eta konfrontaziorik gabeko iraultzan sinestearen berdina.

1 Herri hitza subjektu iraultzailearen sinonimo bezala erabiliko dut.

2 Eta ziur aski herri hitzari alternatiba ez dut testu honetan proposatzen, pribilegio horretatik idatzia izan delako.

3 Botere patriarkal, kapitalista, kolonial, kapazitista eta abar luze bat ez idaztearren, sistema hitzarekin zapalkuntza horietan guztietan oinarritzen den giza antolakuntza adieraziko dut, zapalkuntza guztiak barnebilduz.

4 Euskal Herriko herri mugimenduan euskara eta natibotasuna pribilegioak dira. Testu honetan Euskal Herriko testuingurua hartuko da erreferentzia moduan, hausnarketa ezaguna zaigunaren inguruan egin dezagun.

5 Amaia Perez Orozcok langile txanpinoia identifikatzen duen modura, militante txanpinoia ere gure artean da: besteen zaintzaren gaineko ardurarik ez duelako (hartzen) eta bere zaintza beharrak ere beste norbaitek asetzen dituelako militantziari energia eta denbora izugarria eskaintzen diona. Pertsonai honek izugarrizko errekonozimendu soziala jasotzen du, eta ez du zaintza lanik ez burutzeagatik kritikarik jasotzen.”

6 Irudiztatzeko, aipatu nahi nuke gizonezkoen arteko elkar errekonozimendua eta korporatibismoa. Eta beste adibide bat aipatzearren baita ere gizon-emakume aliantzetan heterosexualitatearen papera eta aliantza horien ierarkia generoak zeharkaturik.

7 Kasu honetan, egoera irregularrean dauden pertsonen bazterketa burokratikoaz gain, hauek ekintza zuzena, desobedientzia edo greba egiteko zailtasunak har ditzakegu adibide.

8 Diruaren truke egiten den lana.

9 Arrazionalitateari kontrajarriz gorputzari eta emozioari tokia ematea, naturaren ikuspegia, “buen vivir” kontzeptua, osasuna eta medikuntzaren beste ikuspegi bat, komunitatea, efizientziari desobedientzia, ematearen etika, heriotzaren ikuspegi ezberdina eta abar amaigabea emakumeek, ijitoek, budistek, indigenek, umeek… erakusten dizkigute.

10 Hemen pribilegiodun hitza erabiltzearekin ez da pribilegioa duen eta ez duena bi sektore soilen artean ezberdindu nahi. Pribilegio maila ezberdinak daude, pribilegioak ere egoera eta kontextuak areagotu edo lausotu ditzake. Hemen adierazi nahi denez, edozein delarik zapalkuntza ardatza, pribilegio gutxien duenaren eginkizuna da pribilegio gehiago metatzen duten eragileei botere espazioak hartzea eragoztea eta aldi berean, eragile eta norbanako guztien betebeharra da erdigunetik erretiratzea.

11 Zaintza zer den eta zer ez den zaintza batzuetan eztabaida hutsa da, eta bestetan beharrezkoa. Dena zaintza dela esatera iritsi gintezke eta puntu horretan zaintza existitzen ez denaren susmoa euki. Hitza bere anbiguetate horretan uzten dut, zaintzaren nozio zehaztugabe baina amankomun bat badagoela onestuta.

12 Diru edo beste zerbaiten truke egiten ez den lana.


 

 

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s