Home
CXQCMPQWEAESG27.jpg large

Artur Mas, Euskal Herritik ikusita

Asier Blas

Ez duzu zertan CUPen helburu politikoekin bat egin beharrik hautagaitza honek erakutsi duen prozedura eredugarria txalotzeko. Estatu espainiarreko alderdi politikoek jasotzen dituzten kritiken artean, besteak beste barne demokrazia gabezia eta gardentasun falta daude. Bi aspektu hauetan CUPek erakutsi du gauzak beste modu batetara egin daitezkeela, era garden, koherente, demokratiko eta partehartzailean. Beraien kasuan asanbladetan oinarrituriko demokrazia mota hautatu dute eta era kontsekuentean egikaritzen dute. Baina, badirudi bat batean zintzotasun politikoa, gardentasuna eta prozedura demokratikoak arbuiagarriak direla hedabide eta sare sozialetako iritzi sortzaile askorentzat. Tira, politikakeria baino ez da etsaitasunetik egiten zaizkion kritikak CUPen prozedurei. Hona hemen zenbait argudio:

a) Koherentzia. Gogoratu dezagun CUPek hauteskunde kanpainan iragarri zuela Mas ez zuela babestuko Presidente bezala eta bere aurka bozkatuko zuela. Hautagaitza honek bi zutarri zituen: BAI independentziari eta EZ Masi. Kontua da hauteskunde emaitzek CUP oso posizio zailean jarri dutela, esate baterako, abstentzioak ez du balio erabaki salomoniko gisa Masi bidea errazteko

b) Arazoa konpontzeko bide azkarra. Junts Pel Sí aspaldi egongo zen agintean koalizioak Mas Presidente gai bezala albo batera utzi eta beste edozein hautagai proposatu izan balu, baina ez, hori ez da gertatu. Hor bi irakurketa egin daitezke: (1) Mas  pertsona garrantzitsuagoa da prozesua baino; edo (2) Mas sektore politiko bat sinbolizatu eta trinkotu egiten duen artean prozesuarentzat ezinbestekoa da. Nago bi irakurketek errealitatearen parte bat esplikatzen dutela.

c) Barne kontsulta. Mas babestuz CUPek hauteskunde kanpainako promesa garrantzitsuenetako bat beteko ez badu, mugimenduko kideekin erabakia hartzeko prozesu demokratiko bat irekitzea zentzua du. Horrelako promesa borobilik ez zuten egin Andaluzia eta Extremadurako IUko erakundeek, baina halere, 2011ean PSOE Andaluzian babesteko eta PPren gobernua Extremaduran errazteko erabakiak militanteen esku utzi zituzten. Podemosek bere militanteen esku utzi duen bezala zenbait autonomia erkidegoko gobernu sozialistak erraztu edota babesteko aukera. Areago, 2013an Alemaniako CDU eta SPDren arteko koalizio handiaren akordioa sozialdemokraten militanteek berretsi  zuten kontsulta batean. Ez da izan beharrik alderdi “antisistema, antikapitalista eta asanbleario” bat militanteekin erabaki garrantzitsu bat kontsultatzeko, borondate demokratiko kontu bat da. Halere, CUPeko militanteek Masi botoa ematea erabaki izan balute ere, hauteskunde kanpainan esandakoa ez lukete beteko eta bere boto-emaile gehienek ez dute parte hartu erabakietan. Ez al luke zentzu gehiago hauteskundeetara joatea ikuspegi demokratiko-lotesle batetik?

d) Demokrazia parlamentarioa eta prozesua. Beste batzuk azpimarratu egiten dute CUPek ezin duela baldintzatu hamar diputaturekin Presidentearen izena. JxS-k dituen 62 eserlekuak hamar indepe-antikapitalistek dituzten hamarrekin kontrajartzen dituzte. Kontua da sistema parlamentario batean daudela, gogoratu horri esker zerrenda independentistek gehiengo  osoa lortu zutela eserlekuetan, nahiz eta botoen %48ra ez ziren iritsi. Kataluniako sistema parlamentarioan gobernu buruaren izendapenak gehiengo osoa behar du edo aldeko boto gehiago kontrakoak baino. Hor dago koxka eta lehen aipatu dugun moduan koxka hau marra gorri bat da JxSrentzat, ez ditu hauteskunde berriak nahi eta Masen izendapenean dagoela prozesuaren etorkizuna iradokitzen du.

e) Alderdikeria. Kritika batzuren arabera, CUPek prozesu sezesionista lehenetsi beharko luke bere alderdi interesak baztertuz Masen izendapenean, izan ere, iraileko plebiszituan CUPek bai esan zion independentziari eta prozesuari eta, CUPekoek ez bazekiten ere, badirudi sektore batzuentzat “Masen izendapena=prozesua” da. Bitxia da ikuskera hau, batez ere kontutan hartzen badugu Mas JxSren zerrendan laugarrena zela eta plebiszitua independentziari buruzkoa zela eta ez Masek gidatutako independentziari buruzkoa.

Beste batzuk CUPen ustezko alderdikeria intsinuatzeko diote denbora kontu bat dela. Ezin dela gehiago atzeratu deskonexio prozesua, abian jarri behar dela eta beste aukerarik egon ezean Masi babesa eman beharko lioketela pragmatismoagatik. Hemen kritika honek ere ez du ibilbide handirik. Izan ere, ERC eta Convergència hasieratik aritu dira  alderdikeriaz, pentsa 2014ko azaroaren 9ko kontsulta eta gero, segidan espero ziren hauteskundeak, baina bi alderdi nagusien arteko ika-mika alderdikoiak hauteskundeak irailaren 27ra eraman zituen, espainiar hauteskundeen atarian. Orduan antza ez zegoen presa gehiegi.

f) Sakoneko arazoa: sezesio prozesuak aurrera pausu garrantzitsuak eman ditu 2012tik. Halere, eztabaida guzti hauetan sakoneko arazo bat dago: hauteskunde plebiszitarioetan zerrenda independentistek botoen %47,8 lortu zuten eta parlamentuko eserlekuen %53,3. Aldebakarreko sezesioek beti izan dute babes demokratiko gisa gutxienez botoen bi heren hauteskundeetan edo parlamentuan. Hor dago benetako koxka eta ez Masen hautaketan. Independentismoak bere babes demokratikoa zabaldu egin behar du eta horretarako estrategia desberdinak egon daitezke mahai gainean. JxSk garbi izango balu babes zabal bat lortu dezakeela Masen lidergoarekin edo gabe, hauteskundeetara joango litzateke bere posizioak indartzeko. Baina ez du hori uste eta ahuldade horren aurrean estrategien arteko eztabadaida dago: CUPen zein erabakik laguntzen du sezesio prozesua eta noren eskuetan uzten du lidergoa? Eztabaida horrek ez du zerikusirik CUPen prozedura demokratiko eredugarriekin, horregatik komeni da bi eztabaidak ez nahastea, gauza bat da CUPek erakutsi duen gardentasuna eta barne demokrazia, eta beste gauza bat da prozedura horien bitartez burutzen ari den eztabaida. Azken honetaz, denbora badugu akaso hurrengo artikulu batean mintzatuko gara.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA