Home

enirio_doniturrieta_bide-2

Eguzki

Eguzkik kritikatzen du Aralarko Natur Parkean legez kanpoko pista berri bat eraikitzeari EH BILDUk emandako onarpena eta bultzada.

Intzensao eta Goroskintxu artean pista bat eraikitzea, Aralarko Parke Naturala eta Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE, Natura 2000 Sarea) babestua, auzitegietan epaitzen ari da Landarlan eta Eguzki erakunde ekologistek Ingurumeneko Fiskaltzan salaketa jartzearen ondorioz. Bide penal honi jarraiki, Gipuzkoako Aldundiko Mendi eta Natura Inguruneko (Arantxa Ariztimuño) eta Ingurumeneko (Felix Asensio) Zuzendari Nagusiak inputatuta daude, kargu publiko hauen jarduera ikertuz.

Enirio-Aralar Mankomunitatearen, non EHBilduk ordezkarien gehiengoa duen, azken bileran, Mankomunitateko lehendakariak deituta uztailaren 30ean ospatu zena udako oporren garai bete-betean, EHBilduko hautetsi batzuen bozkak erabakigarriak izan ziren Enirio eta Igaratza artean ia 3 km-tako luzera eta 3 metro zabalerako pista bat eraikitzea onartzeko. Bertan ia 18.000 m2-ko azalerako lur mugimenduak eraginez Aralarko bihotzean. Eremua herri lurretan kokatzen da, 3076.1 Herri Onurako Mendian hain zuzen. Era berean, kapritxozko pista honen inguruko xahuketaren adierazle gisa, ingurumeneko zentzugabekeriaz gain, maiatza eta azaroaren bitartean astean 6 kotxe/egun erabiltzea aurrekusten du Mankomunitateak, urteko beste sasoietan astean soilik 1-2 kotxe/egun izanik. Luxu asiatiko bat gutxiengo pribilegiatu batentzat.

Orain arte EAJ izan da Aralar edo Aizkorri-Aratz bezalako eremu babestuen artifizializazioa bultzatu duena, dirulaguntza publiko iraunkorren onuradun diren zenbait abeltzainen alde eginez, eta natura babesteko araudiaren aurka sarritan. Orain aldiz EHBilduk jauzi handi bat eman du, lurraldea gehiago suntsitzeko norabidean EAJrekin batera kokatuz, are gehiago Intzensaon eraikitako pistarengatik Aldundiko bi goi karguen inputazioa jakitun izanik. EHBilduk hartutako eta mugimendu ekologistari jakinarazitako konpromiso bikoitza hautsi du: Parke Naturalean pista gehiago ez eraikitzeko moratoria ezartzea, eta derrigorrezko (1994. urtetik!) Azpiegitura Plana aldez aurretik onartzea, hau eta gero pistak eraikitzeko beharra irizpide anitzeko aldagaiak erabiliz aztertuko zelarik. Izan ere, Igaratzako zentzugabekeri hau Aralarren zehar 20 km-ko luzerako pista-sarea eraikitzeko proposamen baten ataria besterik ez da.

Era osagarri batetan, 2018ko uztailaren 25eko Ebazpena, Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendari nagusiarena, Enirio-Aralar Mankomunitateak sustatu duen “Eniriotik Igaratzako txaboletara doan bidea motordun ibilgailuentzat egokitzeko proiektua” onartzen duena argitaratu zen. Gure erakundea Landarlan Elkartearekin batera aurkako errekurtsoa aurkeztu dugu. Egindako helegiteen oinarri teknikoa EHBilduk eta EAJk elkarrekin onartutako proiektu hau legearekiko iruzurragatik baliagabea izatea da hain zuzen, hurrengo araudien aurka doalarik: Habitat naturalen eta basafauna eta floraren kontserbazioari buruzko 92/43/CEE Arteztaraua, Aralarko Parke Naturalaren Natur baliabideen Antolaketa Plana, eta Aralarko KBEren Kudeaketa Plana (Natura 2000 Sarea). Era berean, ez dugu ahaztu behar proiektu honek Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailaren Ondare Naturala eta Klima Aldaketako Zuzendaritzaren aurkako txostena duela, eta Gipuzkoako Aldundiko Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren zalantza itzelak ere badaudela.

Horregatik, Eguzki erakunde ekologista eta antinuklearrak exijitzen dio EHBilduri bere erabakiak zuzentzeko eta Aralarko Parke Naturalaren artifizializazioa areagotzeko proiektuei uko egitea. Eremu hau da Gipuzkoa mailan kontserbazio egoera onean aurkitzen diren eta motorrezko ibilgailuen trafikotik babestuta dauden lurralde eskas horietako bat. Are gehiago, Gipuzkoan dagoeneko eraikita dugun errepide eta bide sare itzela ikusita. Era berean, Gipuzkoa eta Euskal Herria mailako Aralarko arazoaren dimentsioa dela eta, Eguzkik eskatzen dio EHBilduri Aralarri buruzko eztabaida zabal eta anitza ireki dezala bere artizializazioari buruz erabaki baino lehen. Eta parte hartzen dituen erakundeetako foroetan lan egin dezala:

1. Gure mendien babesaren alde eta bioaniztasunaren galeraren aurka, eta

2. Gaur egun eragin sozio-ekonomiko handiak sortzen dituen ekoizpen intentsiboa baztertuko duen eredu agroekologiko baten alde.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA