Home

timthumb-php

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Ikasle Abertzaleak

Otsailaren 23an zita garrantzitsua dugu ikasleok Euskal Herriko zein estatu Espainiarreko hamaika txokotan. LOMCE-ri aurkakotasuna adieraziko diogu beste behin herri langileko kidegoak, gutxieneko bizi-baldintzak ukatzen dituen erreformaren aurrean planto egiten ari garela eta eginen diogula adieraziko baitugu. Otsailean zehar Herrialde Katalanetako zein Galiziako ikasleekin batera kaleak hartuko ditugu Hego Euskal Herriko ikasleok, kurtso honetan emango diren ikasle mobilizazio zikloan lehen urratsa jartzeko asmoz. Izan ere, aurten are ikasle gehiago izanen dira erasotuak LOMCE legearen aplikazioaren bitartez, EAEn Heziberri izenpean ezartzen ari direna eta estatu Espainiarreko gobernuak aurkeztu duen hezkuntza itun berriaren oinarri dena. Lege arrotzei aurre egiteko herri zapalduentzako nazio zein klase askatasuna aldarrikatzea ezinbesteko zaigu, baita zapalduen arteko batasunez ekitea ere. Mobilizazio honetan, ikasturtearen bigarren lauhilekorako ezarriak dituzten errebaliden aurrean egitea espero dugun jardun desobediente zein insumisoaren lehen urratsa ematea dugu izpide, kalera atera eta estatu zein botere egitura arrotzen aurkako garrasia ozen entzunarazteko asmoz. Lanaren banaketan estratifikazio are handiagoak sortu behar ditu kapitalismoak egungo errezesio fasean, honi erantzuteko hezkuntzan ere goiko zein beheko klaseen arteko bereizketan sakondu behar duelarik botere estatalak. Hain zuzen ere, horri eta Espainolizazio basati bati erantzuten dio LOMCE legeak. Otsailaren 23an mobilizatzearen iturburua estatu Espainiarreko ikasleria batzearen beharrean aurkitzen dugu, herri zapalduetako kideak lehen lerroan kokatuz, LOMCE-ri aurkakotasuna adieraziz eta hezkuntza eredu propio bat aldarrikatuz. LOMCE legea apurtu beharrean kokatzen da zapaldua den oro, eta heziketa eredu kapitalista ukatuko duen ezagutza eredua eraikitzeko hautuan berresten gara, datorren astean burutuko diren herri unibertsitateen bitartez.

Hezkuntza eredu eraldatzaile batean urratsak ematen gabiltza azken urteetan herri unibertsitateen bitartez, zita garrantzitsua dugularik otsailaren 20-23 bitarte Hego Euskal Herriko unibertsitate gehienetan. Langile mugimenduarekin batu eta gure klase interes espezifikoak babestuko dituen jakintza eta heziketa eredua gorpuzteko helburuari helduko dio aurtengoan ere, eta egituraketa aldetik nazionala eta lokalki autonomoa izanen da aldi berean. Azken urteetan garatu ditugun hamaika urratsek bat eginen dutela irudikatuko dugu San Mamesen garatuko den Euskal Herriko Herri Unibertsitatean, ikasle mugimenduari nazionalki batzearen beharra aldarrikatuz, kapitalismoaren langile kontzientziaren atomizazio saiakeren aurrean batasuna irudikatuz beste behin ere. Otsailaren 22 eta 23an batuko gara San Mamesen, indar-egitura erreakzionarioek kontrolatzen duten unibertsitatean hain zuzen ere, memoria eginez ohartuko baikara bertako ikasleria iazko herri unibertsitatean desalojatua izan zela, desalojoan erresistitu zuten kideak milaka eurotako isunak ordaintzera kondenatuz.

Beraz, aste berdinean eta bereziki otsailaren 23an bi mobilizazio kokatzen ditugu Hego Euskal Herrian, LOMCE-ren zein unibertsitate eredu kapitalistaren apurketa eta heziketa eredu berrien eraikuntza. Zentzu orokor bat eta bakarrari erantzuten dio beraz gure jardunak, koiunturalki bereizita mobilizatu arren (problematika espezifikoak ezberdinak baitira) ikasle problematika zein langile auzia osotasun baten bitartez ulertzen baitugu.

Amaitzeko, dei egiten diogu Euskal Herriko ikasleriari otsailaren 23an mobilizatzera, izan hezkuntza ertaineko ikasleriari LOMCE-ren aurkako borrokan mobilizatzera eta unibertsitateko ikasleei herri unibertsitateetan parte hartzera.

Hezkuntza herritik eta herriarentzat!

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA