Home

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egileak: Herri mugimenduetako kideak

I. SARRERA

Testu hau ez da balorazio bat, ez iritzi artikulu bat, ez eta hausnarketa bat. Hona kontuak argitu eta posizionatzera etorri gara.

Abuztuaren 19tik 26rako astean izandako gailurra eta kontra-gailurra azken hilabeteetako prestaketa luzearen une gorena izan dira. Eta argi ez balego, hilabete horietan eta are gehiago azken aste horretan gertakari ugari izan dira. Gertakari horiek Euskal Herriko mapa politikoan, eta hori osatzen duten ia guztiengan eragin handia izan dute (zoritxarrez baita haratagoko mugimendu antikapitalistentzat ere). Eragin horiek ezin dira hor geratu, oraindik ere kontu asko kitatu behar dira. Horretarako idatzi dugu testu hau.

Alde batetik gertakari horietako batzuk azpimarratu eta beste batzuk argitaratu ditugu; bestaldetik bertaratu ez direnei bizitakoa partekatzen saiatu gara. Uste baitugu soilik horrela egingo dela –eta egingo dugula– bakoitza bere ekintzen erantzule. Eta Euskal Herriak, giro itogarritik ihesi, erresistentzia eta eraikuntza gune izan nahi badu, erantzukizun horiek etorkizuneko mapa politikoa moldatu beharra dutelako.

Batzuek publikoki bestela agertu badute ere, uste dugu G7aren aurrean emandako erantzunak, oro har, porrot egin duela eta hortan euskal eragileek dugula erantzunkizun nagusia. Estatuaren errepresioa eta desmobilizazioa, besteren artean, gogorregiak izan dira. Horren aurrean autokritika eta kritika egiteko garaia da, lan egin eta egindako akatsak aztertzeko garaia. Porrot handia, beste kontra-gailur askok ehundaka mila pertsona kalera atera eta gailurrak kinka larrian jartzea lortu dutelako eta euskal mugimenduek ere, helburu hori jartzen badiote bere buruari, hamarnaka milaka ateratzea lortzen dutelako (Altsasu, urtarrilako presoen manifak…). Porrot handia ere, herri mugimenduentzat, gune ezin aproposagoa delako kapitalistei aurre egiteko. Hau Monako berria bilakatuta, frantses estatuko kapitalista hadienek hemen baitute haien oporlekua.

Baina gailurra Miarritzen egiteak bazituen berezitasun batzuk: alde batetik, Euskal Herrian egin dutelako, hamarkada luzez mendebaldean erresistentzian mantendu den zonalde bakarrenetarikoa, eta duela gutxi arte gatazka armatu batean murgildutako eta egun “pazifikatzen” ari diren herri batean –azken detaile hori garrantzitsua dela ikusiko dugu–. Horretarako eskualde oso bat inbaditu du Estatu Frantsesak Estatu Espaniolaren konplizitatearekin, benetan diktaduren pareko egoera jasanezina sortzeraino. Bestalde, Frantziako Gobernua kolokan jarri duen protesta mugimendu gogorra bizi izan dute Frantziako Estatuan (herritarrek estatuaren orden militarrari aurre egin ditoe heriotz, kolpatu eta atxiloketen gainetik). G7a hemen egitea Macronek frantses estatuko herritarrei baita euskal herritarrei egindako azken hordagoa eta iraina da. Horrexegatik zen garrantzitsua Macronen hordagoa hartu eta buelta ematea. Eta horrek egiten zuen berezia G7 honi aurre egiteko aukera, bi mundu horiek elkartu eta batera lan egiteak aukera asko ireki zitzakeelako.

Labur esanda, Macron komantxeen territorioan sartzera ausartu zen, baina testuinguru horretan hara zer gertatu zen: hitzaldiak 60 000 eurotan alokatutako gune batean; gehienez, 15.000 pertsonako manifestazio lasai bat Miarritzetik 30 kilometrora, gutxieneko istiluren bat… Gobernariek gailurra erabateko normaltasun osoz egin zuten. Porrot kolektibo latza. Hala, emandako erantzuna “arrakastatsutzat” jotzen dutenek soilik bi arrazoi izan ditzakete horretarako: bata, aurreranzko ihesa da, jasandako porrota aitortu beharrean, kosta ala kosta porrot hori ezkutatu, besteei eta beren buruei garaipentzat saldu eta errealitaterik ez duen ilusioa sortzeko nahia da.

Beste arrazoia, are perbertsoagoa da. Izan ere, kontragailurra antolatzen ibili diren batzuen interesa, zergatik ez argitu, Ezker Abertzaleko agintariena, aurreko astean ”EZER EZ GERTATZEA” zen. Hots, emandako erantzuna milimetroz milimetro kontrolatuta egotea, aurreikusi gabeko ezer ez gertatzea, Estatua molestatuko zuen ezer ez gertatzea eta horretarako ziurrenik haien adostasun osoa itunduta (azken egun hauetan Parisen aurkitutako ETAren armamentua itun horren barne ote?). Hau da, erantzuna bai baina hutsala eta kaltegabea izatea. Egiazki, kontragailurraren antolaketan bazen azken hori bilatzeko arrazoi pisutsuak zituenik, eta horientzako kontragailurra “arrakastatsua” izan da haiek bilatzen zutena gertatu delako: ezer gutxi.

II. INBASIOAREN DESKRIBAPENA: INPOSIZIOA, BUNKERIZAZIOA, KONTROLA ETA ZAPALKUNTZA TOTALA.

Guk egindakoa aztertu aurretik, komeni da aurrean genuenaren azalpen txiki bat ematea. Gutxi gora behera denok irakurri ditugu albisteak eta entzun ditugu gertatutako kontu batzuk, baina horren larritasuna azaltzeko merezi du Iparraldearen inbasio militarraren detaile batzuk agertzea.

Herritarrei egindako inposizioa:

Inongo abisurik gabe bideak moztuta: igandean Kanbo ezin pasa bide alternatiborik gabe, Ezpeleta ezin pasa. Barnekaldetik kostaldera igotzen ari ginen eta bidea berriz hartu behar Hazparnetik, inongo indikazio zehatzik gabe. Bakarrik bertakoak jakin dezake Hazparnetik posible dela. Euskal irratietan ziotenez, herri horietako herritarrak ere ez omen dira abisatuak izan herri osoen itxiera horietaz.

– Asteburu hartan Baiona osoa –ez soilik Baiona ttipia– ia hutsik zegoen, apenas kotxerik eta jenderik kaleetan, komertzio gehienak oholekin itxita, arratsalde erdian larrialdi egoeran hustutzen zituzten merkatal guneak, garraio publikoa etenda, Lapurdin zehar eta hiriko sarrera guztietan kontrolak. Errobi gaineko zubiak poliziak itxita. Hiri hutsa. Zinez beldurgarria. Orokorrean inongo abisu zehatzik gabe herriak gau eta egun bunkerizatuak izan dira: Baiona bezala, Miarritze, Angelu, Ezpeleta, Kanbo: esan bezala saltoki guziak itxita edo itxiak momentu batetik bestera; zonbia bailitzan hiri hiletako kaleetan jarraitzen zuen herritarrak: bi lagun oraindik irekia zen supermerkatu batera iritsi ziren erosketa batzuk egitera, baina bertan zirela urduritasun itzela: -Denda itxiko dugu. -Ezin dugu erosketarik egin? Bai baina zure erantzukizunpean. Pare bat janari erosteko momentu horretan frenesia supermerkatuan Urakan bat baletor bezala, dena itxi eta jende guzia ihesian, kotxea hartu eta alde: parkinga hustu zen, ehundaka pertsona ihesi joan ziren momentu batetik bestera. Frenesia. Jaka horiek elgarretaratze bat deitu zuten bostehun metrotara.

Frankismotik hona gutxitan ikusi ahal izan da halakorik berriro Euskal Herrian.

Herri mugimenduetako herritarrentzat gehitu zaiena:

Inork ezagutzen eta ulertzen ez dituen legedi autoritarioak:

Kontrolak: Kontragailurraren prestaketan eta lehenengo egunetan Hendaiako kaleetan sekreten kopurua ia militante eta turisten parekoa zen. Edozer zen aitzakia identifikazioa eskatu eta miaketa egiteko. Baita txakurrak erabiliz ere.

Lagun batzuk kotxean zihozela dron batek jarraitzen zien; dronak aurpegiak grabatzen zituen. Beste lagun batzuk ordu erdi baino gehiago erretenituak kartel bat jartzeagik. Hasieran 4 sekreta, gero furgoneta bat beste hiru jendarmerekin, gero beste kotxe bat, beste bi gehi txakur bat, eta kale horretako 4 izkinetan sekreta gehiago. Poltsak bi aldiz miatu, gorputzeko katxeoak eta identifikazioak.

Segurtasun-bigilantzia: Ezkutuko kamara bat topatu dute akanpalekuan normalean jendea ibiltzen ez zen leku bati begira. Beraz pentsa zenbat beste izan zitezkeen.

Akanpalekua inibidorez betea? Akanpalekuak kobertura eta interneta zituen aste batzuk lehenago. Kontragailurra hasi orduko kobertura eta interneta desagertu ziren bertakoei komunikatzeko gaitasunak murriztuz.

Kalean egotea debekatua: “Hemendik hiru minututara oraindik kale honetan bazira, estatu frantsesetik kanporatua izago zara”, dio okupazio militarraren soldadu batek lagun gipuzkoarrari.

Baionan hiru lagunen aurrean bidea moztu ta espaloian ziztu bizian aparkatu duen kotxetik zibilez jantzitako okupazio militarreko muskuloz betetako hiru gizon jetsi eta denak miatzen dituzte. Lagunaren zakuaren hirugarren miaketa zen horretan: “harropa beltzak edukitzea debekatuta dago” esan dio poliziak. Ez dira soilik harropa beltzak, hirukotean inork halakorik ez zuen arren jaka horia ere debekatua da. Eta bistan dena, guziz debekatuta zegoen bakoitzaren burua babesteko eduki zenezaken edozen elementu: betaurrekoak, maskarillak, kaskoak…

Bi edo hiru lagun baino lagun gehiagoko taldeetan egotea debekatuta: Elkarretaratze delituaren arriskua.

Larunbat atsaldean egon zen protesta bakarra Baiona ttipian bazen ere, Baiona kanpoaldetik erdigunera iristeko hainbat eta hainbat kontrol igaro behar ziren. Eta hiri osoan etengabe bueltaka kalez jantzitako poliziek susmagarri oro gelditu eta miatzen zuten. Helikopteroa goian bueltaka. Behin erdigunera iritsita, ehundaka polizia, ur-kanoiak, voltigeur-ak, negar-gasa, gas-granadak, hamarnaka atxiloketa. Soilik ehundaka gutxi batzuek lortu genuen elkartzea, baina ordu erdi igarota Poliziaren eta BACaren kargak hasi ziren. Hamarnaka batzuek berriz elkartzeza lortzen genuenean berriro zetozen kargak. Onartu genuen arte ezinezkoa zela taldeka elkarrekin mantentzea. Banaka, binaka edo hirunaka banatuta, oraindik ere atxilotu gabe hiritik irteteko erronka genuen aurrean.

Bikoteka edo hirukoteka ibilita ere beti zebilen pertsona bat (okupazio militarraren beste soldadu forma bat) atzetik bost metrotara jarraika: neska argal diskreto bat hor… Horietako bat ikusi orduko abiadura moteldu edo gelditu joaten uzteko eta sahiestea lortu orduko, beste kale batetik beste bat agertzen zen.

Plataformak negoziatu ez dituen elkarretaratze edo manifetara joatea debekatuta: kale guztiak pribatizatu eta elkarretaratze guztiak debekatuak egin dituzte. Mobilizazio batera hurbiltzea bera debekatuta dago eta gogor zigortuta: Baionan, igande arratsaldean, “Atxilotuak askatu” manifa saiakera. Azkenean kontzentra bilakatu zenera joatekotan zen laguna. Iristen saiatu zen eta giroa ikusita alde egitera zijoala atxilotua. Urte eta erdiko presondegi zigor eskaera bizkaitar lagunarentzat.

Burgostik (BABtik berrehun kilometrotara) zebilen zen lagunari kontrol berezia. Guardia zibilak gelditu zuen eta galderak: “Zergatik atera zara hain goiz handik?” galdetu zioten ez zegoelako BAB aldean gailurraren bitartean. Nondik eta zer dakite lagunari buruz?

Gutxienez bostehun herritarrei buruzko fitxak elkarbanatu dituzte Espainiako Estatuak eta Frantziakoak. Berriz ere hor dugu, bi estatu inperialista, kolonialista eta inposatzaileen artean GALen garaietako kolaborazioa.

Hiru lagunen fitxak ezagutzen ditugu fitxa horiengatik atxilotuak izan direlako:

– Lehenengoan jendarmeen informeak dio: “polizia zerbitzuek aktibista gisa ezagutzen dute… Mugimentu anarkista eta antifaxistetan loturak edukitzeagatik ezaguna da. Gazteizeko Errekaleor auzoaren okupazio ilegalean inplikatuta dago, eta ezaguna da Errekaleor G7ren kontra dagoela…

Informe horretan latzena da ez dela lege-hausterik agertzen.

– Bigarrena, gipuzkoar lagun bat. Bere informean delitu arinen errepasoa egiten diote eta kontragailur batean egun bat eta erdiz atxilotu zutela agertzen da. Beraz debekua. Atxilotu dute. Atxiloaldian egon da. Gero inork jakin gabe gau erdian utzi dute Irun erdialdean.

– Hirugarrena, ENAM eta plataformako kide bat. Ez dakigu ENAMen egindako militantzia agertzen denik informean, baina herri mugimenduetako bere aktibismoa aipatzen dute. Atxilotua bera ere.

– Beste hainbat izango dira. Jakin frantses militante bat zuzenean espetxeratu dutela epaiketarik gabe, aurrekari penalak zituelako: 3-4 hilabeteko kondena betetzen ari da. Abokatuek ezin dute epaiketarik eskatu, eskatu dezaketen bakarra kondena murriztea da. Oraingoz pertsona 6 espetxeratu dituzte, beste berrogei eta hamahiru epaiketaren zain daude eta dagoeneko 119 pertsona atxilotu dituzte.

– Infiltratutako polizia akanpalekuan, asanbladetan eta antolaketan: Frantziako Estatuan herri mugimenduen kontrola dispositibo itzelekin egiten ari dira. Inglaterrako Mark Stone polizi infiltratuaren kasu ospetsuaren ostean (sei urtez herri mugimenduetan ibilitakoa europan zehar), hor dugu bere burua «Dan», «Rose», «Rose des sables» edo «Clara» deitzen zuena. Hirurogei bat urte ditu, argala da, asko erretzen du eta askotan betaurreko beltzak erabiltzen ditu. Saiatu bere aurpegia begiratzen eta akanpalekuan edo mobilizaziotan zuren inguruan ibili bada kasu! Ehundaka argazki eta grabazioak hartu ditu. Plano handiekin hartutako aurpegiekin sistematikoki informe oso bat bidaltzen zien bere buruei. Aspaldi honetan mugimenduetan dabil, bereziki jaka horien mugimenduan Tolosa, Bordele eta Montpellierren. Akanpalekuan zebilen eta frantses estatutik etortzen zirenei harrera egiten zien. Loturak zituen plataformako batzuekin, eta urtean zehar jendea mobilizatu du kontragailurrera etortzeko esanez defentsibarako eta ofentsibarako materiala prestatuta zuela bertan. Akanpadako asanblada batean harrapatu dute argazkiak hartzen, eta hori bukatzean urrunago eraman eta telefonoko datu guztiak ikusi dizkiote.

Inbasio militarraren eraso fisikoak: Errepresioaren bortizkeria jasan dugu ere Baionako kaleetan (Urruñan eta akanpalekuan bezala). Ez dira soilik atxilotuak egon, kolpatuak ere egon dira: hogeinaka kolpatu. TNTdun granada ere erabili dute. Izugarria izan da Errobi gaineko zubitik Baiona ttipiruntz nola botatatzen zituzten haien granadak. Nahita ari ziren etxeetan begira zirenen kontra botatzen. Andana iritsi da lehioetara. Erraz uler daiteke nola hil zuten Zineb Redouane, laurogei urteko emakumea, Marseillako manifestazio batean balkoitik begira zela.

Merezi du, zinez, Polizia frankistak protestak itotzeko erabiltzen zituen moduekin alderatzea, ikusteko zenbateko antza duten bi egoerek. Eta oroitzeko, edo garai horietan bizi ez zirenentzako, hona Iker Casanovak garai hartako protestetaz egiten duen errelatoa1: “El Aberri Eguna de 1968 se convocó unilateralmente por el PNV en Donostia, llamamiento que fue secundado por ETA. El 14 de abril, día de la convocatoria, Donostia registró un nuevo récord en lo que ocupación policial se refería. La ciudad fue literalmente cercada por la Policía, que en número de varios millares, algunas fuentes hablan de 15.000, apoyada por cuatro helicópteros y 500 agentes a caballo dividió la ciudad con alambre de espino, colocó controles en todos los accesos e impidió cualquier conato de manifestación. Los miles de asistentes a la convocatoria tuvieron que pasar la jornada huyendo de una actuación policial que se cobró centenares de detenciones”. “[Aberri Eguna, Irun, 1966] La jornada del 10 de abril el dispositivo que las policías francesas y española desplegaron a ambos lados de la frontera era impresionante. La localidad apareció tomada por cientos de policías mientras que todas las carreteras de acceso estaban cerradas por los controles; los transportes públicos fueron suprimidos, incluso desde la víspera la Policía había controlado en otras localidades a grupos de jóvenes que parecían tener intención de acudir a este acto, llegándose a producir detenciones e incluso algunos disparos. Las zonas montañosas circundantes también estaban ocupadas e incluso varios aviones militares patrullaban los cielos. En estas cirscunstancias fueron unos pocos centenares los que consiguieron acceder a Irun, gran parte de ellos militantes de ETA. Éstos sólo lograron concentrarse en pequeños grupos que fueron violentamente dispersados por la Policía, que practicó decenas de detenciones e hizo uso de fuego real, provocando al menos dos heridos de bala. En Hendaia 200 personas secundaron la convocatoria”. Detaileak gutxi gora behera, errelato berak.

Horra diktadura garaietako egoerak, diferentzia handi batekin, gaur egun demokrazietan bizi garela. Eta plataformakoekin berriz, garaiko EAJreki edo 1972 urtean Maulen Enbata zaharrarekin bezala ziurrenik: plataforma urrun, urrun bertan ginen lagunek senditzen ginuen erantzun beharretik (ikus behean).

Zer egin dugu horren aurrean? Iragarritako poliziaren despliegea ikusita, askok eta askok esan zuten G7a “ratonera” bat izango zela. Eta hala izan zen. Baina hala izan zen aurretik Frantziako Estatuaren amua irentsi zutelako. Beldurraren mezua zabaldu zuen Macronek, eta asko eta asko, inbasioaren kontra erantzuna indartu beharrean, etxean geratzera edo azken egunean komunikatu bat zabaltzera mugatu ziren, edo iragarritako ekimenak bertan behera uztera mugatu ziren (ikus behean). Haiek ere egin zuten posible Macronek iragarritako “ratonera” egia bilakatzea. Milaka bagina funtzionatuko ez zuen tranpak funtzionatu zuen; askok etxean geratzea erabaki eta soilik ehundaka gutxi batzuk joan zirelako Baionara. Hamarkadetan ez genuen halako salbuespen egoerarik bizi izan. Eta nola erantzun diogu egoera horri? Errepresioari aurre egin eta baliogabetu beharrean, errepresioari irabazten utzi diogu. Baina merezi du bakoitzak egindakoa zorrotzago aztertzea.

III. PLATAFORMA, ETA HORREN BARNEAN EZKER ABERTZALEA:

INBASIO MILITARRARI GEHITZEN ZAIO REAL POLITIC-AN IBILI DIRENEN KONTROL SOZIALA: ESTATU ARMATUAREKIN ELKARLANA, HERRITARREN KONTROLA, ZIGOR SOZIALA ETA PRAKTIKOA ERAGITERAINO.

Azken egunetan egindako kritikan askok plataforma eduki dute jopuntutzat bere orokortasunean. Baina kritika hori azalekoa eta erraza da. Plataforma unean uneko batura puntu bat besterik ez baita, baina bere barnean bildu diren eragileak izan dira plataforma eraman dutenak. Horien artean pisu handia eduki duenetako bat, esaterako, Ezker Abertzalea. Plataformak rol handia eduki du zapalkuntza totalitarioari erantzuteko orduan. Hemen bide horretan hemandako pausuei buruzko puntu batzuk:

G7aren AURRETIK:

Badakigu plataformak ere zailtasun handiak izan dituela beren azpiegitura planak aurrera ateratzeko. Zentzu horretan, puntu hau eta ondorengoa ez dira kritika zuzenak plataformari, baizik eta egoeraren deskribapen bat.

– Plataformaren lehenengo proposamena kontragailurra Baionan egitea izan zen. Honen aurrean Suprefektak ezezkoa eman eta beste leku batzuk proposatu zituen: Landak, Akize, Donibane Garazi… eta azkenean, Urruña, Hendaia eta Irun finkatu zituzten. Jakina da herri hauen artean inposatutako muga bat dagoela eta horrek lege berezien aplikazioa dakarrela: identifikazioak, miaketak etab. justifikaziorik gabe egin ditzaketela2. Eta hori bai indar militar Frantsesak, bai indar militar Espaniolak egin dezaketela. Eskuak libre elkarlan itzelerako.

– Akanpalekua hain urrun izateak eragina izan du. Hendaiatik 6 kilometrotara egoteak eta sarrera bakarra edukitzeak are kontrolagarriagoa egin du. Baldintza hauek onartzeak kontrol soziala helburu zutenei bidea erreztu die. Kontra gailurraren kokapen hori G7a ospatzen zen tokietatik urrun zegoen, beraz han eragiteko aukerak oso murritzak ziren. Hain zuzen, bertan eragiteko aukera bakarra igandeko ortzadarraren deialdia zen, eta hori ere bertan behera geratu zen (ikus behean).

Hemendik aurrerakoek bai plataformaren erabakiekin lotura zuzena du.

– Plataformako batzuek kontragailurra Benallarekin negoziatu omen zuten (ez dakitenentzat, merezi du Benalla nor den begiratzeak). Badakigu plataformako guztiek ez zutela hori onartzen. Baina batzuek G7aren egoera aprobetsatu dute real politic-an aritzeko. “G7 lasaia biziko duzue eta horren ordainez…” (ikus aurreragoko paragrafo bat).

– Abuztuaren 15ean ekintza mota onargarria zein den erakusten digute Iratzar fundaziokoek3. Hamaika gizonek eta emakume batek Le Palais-ren sarrera blokeatu dute ordu batez eta ez minutu bat gehio, “poliziak baimendu bezala” zioen Gara-k. Irudi ederra erakusteko zer den onartzen duten eta irudikatu nahi duten “alternatiba” sistema kapitalista patriarkalari. Irudi horrek asko gogoratzen du 7 estatuetako 6 gizon boteretsu eta emakume baten irudia. Harritzekoa erabaki politiko hori, hortxe agertzen direnen boterea ezagututa. Hau ez bada jendarteari presio soziala egitea zer da? (Eta real politic-aren izenean herri mugimendu batzuen ekintza motak gutxietsi nahi badituzue ere, noizko borroka feministen eragina ezker abertzaleko iparraldeko erreakzionario boteretsuenen artean?) Kontutan hartu gabe ere ekintzan hitza hartzen duena plataformaren bozeramaile izan dela azken hilabeteetako erabaki inposatuan.

– Aipatzekoa da ere bertako pertsona destakatu batek Frantziako mugimenduko medioetan gailurra hasi baino bi aste lehenago zabaldutako testua. Labur esateko, eskatzen zuen inor ez zedila etorri Euskal Herrira bazterrak nahastera, hemen orain “gure estrategia bake prozesua” omen delako. Irakurri duenak, badaki zertaz ari garen.

– Borroka feministen harira. Akanpadan izan zen asanblada ez mixto batean, feministek manifestazio ez-mixto bat antolatzen dute G7ren kontra (eta ez, euskal prentsa batek idatzi bezala, eraso bat salatzeko). Asanbladaren erabakiari uko egin eta plataformako agintari batek suprefeturari deitu zion manifestazioa egingo zela abisatzeko. Agintaria negoziatzen ibili da. Paternalismoa baino okerrago, manifaren antolatzaileen oztopatze jokoa da hori! Plataformako agintariaren negoziaketetan etsaiaren indar militarrak onartu zuen manifestazioa egitea baldin eta espaloietik egiten bazen. Zer da txiste hau! Bistan dena, feministek manifestaldia egin zuten asanbladan erabaki bezala, kasu egin gabe plataformako agintariak egindako negoziaketari.

Ostiraleko manifestazioari dagokionez, ekintza prest zegoela, ekintza hasteko hitzorduan bertan plataformako hiru kidek ehundaka pertsonen aurrean haien iritzia emateko tartea eskatu zuten. Azpimarratzekoa da hitzhartze horretan garrantzia gehiago eman ziotela ekintza anulatzeari, ekintza plataformarekin ez lotzeari baino. Hona hemen plataformakoen argumentu batzuk: “Urtebeteko lana pikutara botako duzue” ala “Ez duzue euskal gatazka ezagutzen”, euskal gatazka erabiliz mobilizazioa deuseztatzeko. Baina argumentu pisutsuenetariko bat: “Lasai, blokeatze ekintzak egongo dira igandean.” Eta, ezustekoa, blokeatzeak bertan behera utzi zituzten.

Bestalde, jakin, plataformako kide batzu presionatuak izan direla mota jakin batzuetako ekintzak egin ez zitezen. Horrek baliteke inpakto bat izan duela plataforma kide horien jardueragan akanpada eta G7 kontrako mobilizazioetan.

G7 MANIFA:

Aipatutakoan jada batzuentzat muga batzuk pasa badira, manifestazioan limite gorria behin betiko pasa dute. Manifestazio pazifista egitearen izenean egin diren eginbideak ezin onartuak dira kapitalismoaren kontra dagon edozein herri mugimendurentzat: 1) Orokorki, har dezagun mani pazifistaren ideia. Gandhik bere ekintza pazifistak egiten zituenean kolonizatzaile eta indar militar inglesa etsaia zuen eta ez lagun. 2) Existitzen dira helburu bera duten jendea elkartu eta mota guztietako ekinbideak onartzen dituzten manifestazio anitzak. Manifestazio monolitiko homogeneizatu horiek euskal berezitasun bat dira. Hau da, 2000 urtean soilik kale borroka eta Molotv koktelak eta 2019an manifestazio pazifista totala: homogeneitate alienatu erabateko hori jendartearen kontrol sozial baten ondorioa da. Pentsamendu kolektibo eta altxamendu kolektibo anitzak egiten dituzten mugimenduek ainiztasun pratikoa barnebiltzen dute. Gonbidatuak zarete Nanteseko edozein manifetara, non jendeari krepak banatzen dituenak, pankartarekin oihu batzuk egiten dituenak edo ibiltzera etortzen denak aurrean den inbasio militarrari erantzun nahi dion herritarrari uzten dioten aurrean aritzen zapaltzaileei erantzuten. EZ DA INKONPATIBILITATERIK! Hori euskal ilusio bat da, real politic-ren estrategek inposatu nahi duten ilusio bat. Manifestazioen aniztasunerako eta ekimenetan intersekzionalitatea egoteko baldintza bakarra dago, etsaia amankomuna izan behar dela: hau da, etsaiak berdina izan behar duela denentzat eta ez batzuen aliatua!

Baina plataformakoek:

– Banketxeak babestu dituzte.

– Kamixeta bat bere buru gainean ezartzen hasi zen lagunarengana ziztu bizian joan eta ken arazi egin diote.

– Bestalde, plataformakoek militanteen material potentziala sekatzen pasa dute denbora.

Honen harira, jakin alaere, plataforma barnean mediazio taldeak martxan jartzerakoan ez zela banketxeak babestea, ez jendea destapatzea adostu. Baina norbaitek hori egitea agindu zuen plataformari bizkarra emanez.

– Manifestari batek kamaradun kazetari bati kamara kentzen saiatzea eta gaitzetsi dute, egindako erasoa lehen bai lehen salatuz, kamaren gaia mahai gaineratu gabe. Plataformakoak eta orokorrean, aliatutzat nahiko genituzkeen medio batzuetako kazetariak ez al dira ohartzen militanteen aurpegia argitaratzean polizia infiltratuak bildu zuen informazio berdina eskaintzen dutela?

Kamaren kritiken harira, beste manifa batean -mani feministan- ibilitako kazetari batzuek argumentatu duzue sare sozialetan hau gaizki bizi izan duzutela. Ez al zarete herri mugimenduen oihartzun eta lagun? Benetan osatu nahi dituzue zapaltzaileak laguntzeko herri mugimenduetan ibiltzen direnen informeak, haien zigorren kargu izan nahi zenukete?

Guttienez 20 000 polizi zirela badakigu. Baina hori baino gehiago da, kontragailurra bere gain hartu duten antolatzaileek G7aren kontra dagoen jendea kontrolatu baitute. Beste maila batean dago egoera. Erreferente eta bidelagun izan beharko zuena indar militarren aliatu izan da egun hauetako hainbat momentutan. Ez luke inor harrituko istiluak izan eta gero plataformako kideren bat estatuko buruekin hitz egiten egoteak. Plataformakoek badakite errepresentatzen dutena. Bertako kide batek transmititzen duena influentzia handikoa da gailurraren kontra mobilizatzera etorri den edozein pertsonarentzat. Etsaiarekin egindako joko horiek G7ren kontra dagoen jende xumea ezbaian jarri du: ekinbide batzuk deslegitimatuz eta onartuz edota ia bat ere ez oldartuz iparraldeak bizitako zapalkuntza eta errepresio maila handiaren aurrean.

IGANDEKO ORTZADARRA:

Plataformako kide bat delarik atxilotua- beste laurogehien arteko bat- aitzaki bezala erabiltzen du plataformak egindako proposamen ausartena anulatzeko, plataformako kideak berak sekula ez zuelarik horrelakorik nahiko. Ez dugu ahaztu behar, ortzadarraren ekimena, ezker abertzaleko agintariek aspalditik anulatu nahi zuten ekimena zela, haien sare sozialetako deialdi eta karteletatik desagerraraziz adibidez. Pertsona batek ez du ekimena egiten. Jende andana prest zen igandeko ekimenerako. Barnekalde osotik, jendea antolatu zen auto partekatzetan hurbiltzeko kostaldeko zazpi puntuetara. Beste eskualdeko hainbat pertsona hortaratzekoak ziren ere. Eta goian akanpalekuan izan truke deskribapenan ikusi bezala, ekintza hori askok itxoiten zuten ekimena zen.

Jendeak bazekien ilegala zela baina prest zen etortzeko eta antolatu egin zen. Ekimena egunean bertan anulatzea jende horrenganako errespetu falta osoa da. Barnekaldeko pertsona batzuk, adibidez, bortxaz amaitu dute Biziren ekimenera joaten, nahiz eta ez zuten asmo hori.

Plataformak ezin du real politic-aren menpe egon, real politic-ak ezin du kontragailurra monopolizatu. Iparraldeak inbasio militar itzela bizi izan du eta jendea prest zegoen hor mugitzeko.

Canard Enchainé-k zabaldutako informazioak diote plataformakoek zuzenean Nunezekin adostu zutela Biziren ekitaldia mantentzea plataformaren ortzadarra anulatzearen truk. Geroak esango du nork zer egin duen hor. Baina anulatze horrek jendea guztiz ezbaian jarri du.

Zergatik egin nahiko luke halakorik herri mugimenduak errepresentatu nahi omen dituen Ezker Abertzaleak? Izan ere baditu arrazoi pisutsuak hori egitera eraman dutena: nahiz eta hamarkada bat igaro den gatazka armatua amaitu zenetik, preso guztiek haien kondena betetzen jarraitu dute. Ezker Abertzaleak uste du Euskal Herrian “bake prozesuz” mozorratutako bake soziala inposatzea lortzen badu, Frantziako eta Espainiako gobernuak limurtu eta presoak lehenago aterako direla kalera. Horixe adierazi dute Ezker Abertzaleko kide batek baino gehiagok medio desberdinetan zabaldutako testu desberdinetan: “Euskal Herria bake prozesu batean murgilduta dago eta orain ez da momentua…”. Badakigu egoera ez dela erraza, baina presoek ezin dute arrazoi izan herri sumitu bat sortzeko.

Gailurrean munduko boteretsuenak elkartzen zirenez, munduko herri mugimendu guztiek haien borroka adierazteko leku eduki behar zuten. Baina real politic-akoek kontra mugimendua monopolizatu dute. Horrek esan nahi du beste herrietako altxamenduei babesa kendu eta blokeatzea, solidaritaterik ez edukitzea, harik eta besteak oztopatzeraino. Horixe salatu dute St. Nazaireko Jaka Horiek Plataformaren Kontragailurraren irekieran, Ficoban bertan4. Baina noski, plataformakoek –beren aurkezpena izan arren– eta hemengo medioek ez digute horren berri eman.

Esan bezala, plataforma unean uneko elkargune bat izan da. Baina iraungo dutenak eta hemendik aurrera Euskal Herriko mapa politikoan jokatzen jarraituko dutenak, plataformaren baitako kolektiboak dira. Beraz, etorkizunera begira egindako kritika sakona egiteko plataforma zein kolektibok osatu duen aztertu behar da, zein ziren bakoitzaren interesak, eta nola jardun duten plataforma barnean eta kanpoan. Plataformaren kanpokoek ere autokritika egin behar dugu.

IV. AUTOKRITIKA HASIERA BATZUK: ELKAR-INDARTZE FALTA

Autokritika sakonago baten beharrean, hemen jada faltan bota ditugun eta adieraz ditzakegun autokritika batzuk:

Lagun talde batek Baionara iristea lortu du Baionan bizi eta Baionatik oinez ateratzen ari ziren berrogeita hamar bat urteko lau emakumeri esker: lagunak haiengana joan ziren bidearen egoerari buruz jakiteko. Lagun taldearentzat momentu ederrenetariko bat izan da. Bideari buruz galdetu zieten eta horiek euskaraz: “Zentroruntz joan nahi duzue? Ez pasa hemendik.” Hasieran nondik igaro esplikatzen hasi ziren, gero berriz pentsatu eta haien artean antolatu ziren. Bata, bere etxea ondoan zuela, etxeruntz doa, eta beste hiruek bidea irekiko zietela: “jZuen aurretik joango gara eta eta zuek piska bat urrunagotik jarraitu.” Lehenago jada haien telefono zenbakia emana zieten eta non bizi ziren esana zieten “edozein arazo baldin baduzue etorri etxera babestera”.

Beti pentsatu dugu Herri erresistente batean sortu ginela, non zapalkuntzaren aurrean jendeak betidanik jakin duen elkar-laguntzen, ateak irekiz errefuxiatu nahi duen militante politikoari. Hau da, militantzian dabilena errespetatzen eta inposizioei aurre egin nahi duenari bide egiten. Polita izan zen momentu horrek erakusten duena; kontra-gailurrean parte hartzen duen Ezker Abertzaleko agintarien kontroletik at, badela herri bat bihotzez erresistente, solidario eta elkar-laguntzarako beti prest dena.

Pena da gailurraren kontra geunden bertako jendeak ez dugula jakin izan herri solidario hori aktibatzen eta antolatzen gure zapaltzailearen kontra altxatzen diren lagunei babesa emaiteko.

Legal team-eko lagunak beti hor: Espero gabe, hortik eta handik agertzen dira abokatuen izenen papertxoarekin. “Kontuz, ez egon taldean”, zioen horietako batek zortzi laguneko taldeak ez zekienean nondik joan. Eskerrak legal team-a beti aktibo zela, jendea zebilen lekuetan laguntzeko prest, ekinbideen inongo epaiketarik gabe.

– Mediku talde trebatua berdin egon da, militante kolpatuak lagunduz. Istiluetatik metro batzutara, beti adi, eta kolpatuengana ziztu bizian joanez bat erori orduko. Inpresionante eta eredugarri.

Bi talde hauek plataformatik nahiko autonomoki eraiki ta antolatu dira. Azpiegitura mailan deslotze bera behar genuela argi geratu da. Dudatu zen. Ez da egin. Akats handi bat izan da.

– Legal-team-ak ere transmititu ditu G7borroka.info webgunean eduki genitzazkeen informazioak kontragailurrera etorritako lagunen egoeren inguruan. Webgune horretan deialdi guztiak aktualitate zehatza agertzen zen. Zoritxarrez euskarazko bertsioa egiteko gaitasunik ez, edo elkarlanik ez.

Pena ere hemengo kazetarien artean ez direla interesatu informazio horietan gailurraren bitartean (orain bai Berria hasi da bertako datu batzuk zabaltzen). Euskal prentsa herri mugimenduei hurbilagoa zela uste genuen bertakoek. Seguruenik lau emakume baionarrek erakutsitako kutsua edukiko zutela espero zuten batzuek.

– Jaka horiek haien elkarretaratzeak mantenduta militante aukera eman dio militante xumeari mobilizaziotara hurbiltzeko: Eskertzekoa da. Indar militarraren aurrean sumisioa erakutsi ordez, eta oztopoz josita bada ere, elkarretaratzeko deialdia etsaiaren indar armatu inbasorearen parean mantentzeak badu bere balioa, batzutan elkarretaratzea egitea bizirautea bada ere (gehienez hogei bat, hogeita hamar bat, berrogei bat, ehun bat, berrehun bat pertsona iritsi direnean). Pena hitzorduak etengabe kamaraz jositako lekuetan egitea. Hala ere jaka horiek argi erakusten digute posible zela beste hitzorduak antolatzea.

– Mauletarrek, autonomia osoz, kazeroladak antolatu dituzte bertan lo egiten zuten indar polizialei loa kentzeko. Manifak ere egin dituzte, eta manifa batean indar polizialak lagun bat atxilotu du. Euskal irratiek sare sozialetan zabaldu dute inguruko bat idaztera ausartu dena: “Manifestaldi pazifista zen eta atxilotu bat izan da…” Baina Maulen ere manifak debekatuta zeuden eta mauletarrek indar poliziala etsaia zuten eta ez lagun. Hor dago diferentzia!

(G7a hasi aurretik berdin egin zuten Uztaritzen; manifa baita kontzertu basatia CRSek bertan lo egiten zutelako).

– Ondoan ginen bertako borroka desberdinetan ibiltzen garen jendea, etsaiari kontra egiteko nahian, eta horrek elkarrekin etsaia borrokatzeko aukeraren potentziala erakusten digu. Pena da etsaiaren nozioa eta antikapitalismoa horren amankomun dugunok lehenago elkarrekin prestatu ez izana. Bagenuen gaitasuna ekimen propioak antolatzeko, gaitasun horren kontzientzia falta zitzaigun.

Beraz dudarik ez da gaiaren inguruan plataformatik kanpo antolatu garenok ere autokritika dugula egiteko. Hemen ez gara gai izan bestelako planteamendu bat bururaino eramateko hainbat faktore tarteko. Horien artean mota ezberdinetako hainbat beldur: errepresioari eta jarraipenei, bidean lagun antolatuak galduta; Ezker Abertzalearen presio sozialari, beste lagun batzuk galduta; eta kontra gailur baten neurriko zerbait kudeatzea sortzen duen ezgaitasunaren sentsazioa. Horretaz gain, aipatzekoa dugu ere hasieratik plataformarengan izan dugun konfiantza. Paraleloki ere, hemengo beste antolakunde asko distantziara mantendu dira. Mobida guzti honek ez du hartu euskal borroka komunitatea modu orokorrean. Zergatik? Zergati guztiak ez ditugu oraindik neurtzen. Kanpotik ere frantses gutxi batzuk iritsi dira. Jaka horiak ere apenas iritsi dira. Zergatik ez dira iritsi lehenagotik galdetzera, laguntzera…? Galdera guzti horiek galdera irekita geratzen dira.

V. ONDORIOAK

G7a ez da inondik inora oztopatu. G7ko gizonek eta haien bikoteek egun garbi liluragarriak pasa dituzte Iparraldean. Aurreskua dantzatzen duen dantzari bat ere izan dute bikoteek (Dantzaria ohartzen da zer den haiei aurresku bat egitea?). Herri oso baten sumisioaren sinboloa.

Real politic-an ibiltzen diren agintariak kontziente al dira ze desastre gorpuzten den errelatoa eta oraina norberaren balore eta biziaren guztiz kontrakoa denean? Ezin hobeto egin euskal militante ohiak askatu orduko psikiatrikoan amaitzea nahi bada. Egin duten guztiaren gaitzespen politiko. Euskal Herrian militantzia egon da hamarnaka urtez herri zapalduak erantzun duelako (modu hautatu batzuetan noski, ez gara horretan sartuko). Hemengo herri erresistentea izan da luzaroan; eta erresistentzia gune permanente izanda, kapitalismoa eta turismogintzaren garapena, nahi ala ez, oztopatu egin dira. Jendeak bizia eman du herri erresistente eta aske baten alde. Real politic-ak ez luke ahantzi behar preso bat militante zela arrazoi politiko batzuengatik, eta arrazoi horien artean sartzen da zapalkuntza ez onartzea! Herri menperatu baten truke militante ohien inguruan negoziatzea zen plana? Benetan uste duzue herritarren onurarako dela? Eta zer esanik ez agintari batzuek haien estrategia herri oso bati inposatzeari buruz. Gainera herri oso baten onurarako erabakiak hartzeko zilegitasuna dutela uste balute bezala.

Herri hau aspaldian ez zela hain sumitua erakutsi.

Nahikeri politikoa izan da. Ondorioak asumitu beharko dira.

Dominazio eta enfrentamenduen aurrean garaiko borroka amaitutzat jotzeagatik edo batzuek galdutzat jotzetik, beste pausu bat da errelatoa eta borrokaren zergatia adierazpenetan galtzea ere. Mundu mailan lehen borroka litzake horren erraz ematen duena bere errelatoa galdutzat. Beren kdieak errelatoan ondoratzeraino prest dira.

Garai berriak direla… dudarik gabe, baina munduan zehar herri mugimenduetan borroka mota desberdinak loratzen diren honetan, bake sozialerako inposaketa kutre baten haizea sentitzen da Iparraldean eta Hegoaldean, autoritarismoari luzeegi ohituta. Bake prozesuaren izenean bake sozila inposatuz. Despolitizazioa lehenik, militante presoak ez militante bezala ikusita; altsasukoen kasuan, kutsu politikoa kenduta, edo erraustegiaren kasuan, umeen gaixotasunaren analisira mugatuz, kapitalismoaren oinarria eta kapitalisten jukutriak salatu gabe. Orain G7aren etorrerarekin bake sozialaren inposaketa beste maila batera iritsi da: etsaiaren autoritarismoa babesteraino. Kanpoko herri mugimenduen altxamenduak bideratu, kontrolatu eta saltzeko prest eta herri sumituaren irudia lortzeko helburua edukitzeraino.

“Ongi etorri Euskal Herrira” zion fan klubak ironikoki, “Ikusi duzue gu txintxo egon garela; espero dugu ongi pasa duzutela Euskal Herrian”, diote plataformakoek edo Ezker Abertzaleko agintariek errealki. “Min hartu dugu eta asko izan gara minduak”, diogu herritar batzuk. Real politic-aren ustez herritar hero, herritar kutre, baina besterik gabe inbasio eta zapalkuntza jasan eta onartu nahi ez duten herritar batzuk.

Eta bai beste mugimenduek ez dute ezer lortu, egia da. Baina lasai erresistentzia beharrezkotzat jotzen dugunontzat, garai berrian munduan zehar den haizea etorriko zaigu Euskal Herrietan altxamendurako eta erresistentziarako sorkuntza kolektiboei bide eginez. Ez dugu presarik, eta gainera, euskal mundua ttipia denez, gure presentzia nahi ala ez hor edukiko duzue.

1 Iker Casanova 2014, ETA 1958-2008 Medio siglo de historia. 71 eta 95. orrialdeak.

2 http://www.senat.fr/rap/l02-273/l02-273/_mono.html

3 https://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gara/editions/2019-08-16/hemeroteca_articles/doce-activistas-contra-el-g7-bloquean-durante-una-hora-el-acceso-al-hotel-du-palais

4 https://sudouest.fr/2019/08/21/g7-de-biarritz-les-gilets-jaunes-fustigent-le-consensus-d-actions-non-violentes-fixe-par-le-contre-sommet-6467404-4018.php

4 thoughts on “Mundua astindu ez zituzten egunak: G7a Euskal Herrian

  1. Egia esan artikulu luze honetan diozun gehienaren ados nator baina ideiak behin eta berriro errepikatzeak ez dio mesederik egiten, irakurtzeko aspergarria eta astuna baino eta aspaldi konturatu ginen euskaldunok ez garela indar errepresiboenganako ez zapaltzen gaituzten bi estatuenganako batere intsumiso,beraz, ezuste handirik ez eta gure antolakuntza ahalmena azkenengo hamarkadetan hutsaren hurrengoa dela ere nahiko nabarmen utzi dugu, hau da teoria eta praktikaren artean amildegi sakona dugula aspaldion eta hori zuzentzeko ze urrats eman daitezkeen pentsatzen hasteko ordua dugula beranduegi izan baino lehen.

  2. Bai luzea artikulua.
    Analisiari gehitzeko elementu txiki bat: iparraldean hauteskundeak datoz urrengo urtean, eta hortan bonbardatuak izango gara prentsaren eta batzuen partetik. Beraz jendearen gogo edo herri mugimenduen beharrak eta agendak bost.

    entzun hemen diotena nahigabean

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA