Home

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Aizkorri

sortu11– Kritika irekia egiteko askatasuna beti egon da ENAMen historian, baita izen horrekin ezagutu aurretik ere. Guztiontzako begi bistakoak diren kasuetan segurtasun neurriengatik izan ezik, eztabaida publikorako eskubidea erabakiorra izan da Ezker Abertzalearen garapenari begira. Eztabaidarako askatasunak ia forma guztiak ezagutu ditu, izan bileretan, prentsan, lagun artean, afari eta poteoan, martxa eta manifetan, ohean eta elkarrizketa pribatuetan. Joera politikorako eskubidea legezkoa eta zerbait normala izan da independentismoaren barnean; herri mugimenduarentzat ezinbesteko tresna izan da jorratu duen edozein arlotan eta klase borrokan orokorrean. Besteren ezinezko eskubide honi eusten diot Sorturen baitan ematekoa den eztabaidaren gainean gogoeta publiko batzuk abiatzeko.

2– Oraingo honetan kritika beharrezkoagoa da, dokumentu ofiziala zirriborro kolektibo bati erantsitako norbanakoen proposamenen sintesia delako, bere gabeziak agerian utziz eta ezker abertzalearen gainbehera azaleratuz. Horregatik eta beste arrazoi batzuengatik koherentzia ezak eta desdoitzeak ditu, bereziki bi ildoen arteko ezberdintasunak agertzen direlarik: “Jendarte zibila” eta “kontraboterearen” artekoa. Ez dut tarterik irakurketa kritiko borobil eta osatua egiteko, eta beraz, aspekturik premiazkoenei helduko diet beste batzuk alboratuz, nahiz eta hauek eztabaidan zehar ateratzen joango diren, kontraesan sozialak ugaritzen joan ahala, eta ildo interklasista eta instituzionalista kinka larrian ipiniz. Horregatik gai erabakiorrak, hala nola euskara eta kultura, esplotazio patriarkala, krisi ekosoziala, inperialismo europarra eta euroaren aurrean jarraitu beharreko politika etab. ez dira orain hemen aztertuko, nahiz eta denborarekin arazo horiek areagotzen joango diren arrazoi sinple batengatik: guztiek krisi kapitalistara garamatzate.

3– Ponentziak Ezker Abertzalearen hasieratik konstante bat izan denarekin puskatzen du: eztabaida ahalik eta zehatzena izatea. Aurreko eztabaida independentistak, orokorrean, kontraesan sozial objektiboak aintzat hartutako azterketen gainean finkatzen ziren. Egia da azken urteetan atzera pausu nabarmenak eman direla formazio teorikoetako ikastaroetan nahiz testuinguruaren gaineko hausnarketa publikoetan, oraindik larriagoa izanik oraingo krisia suposatzen ari dena, kolektiboki ia eztabaidatu ez izana. Ezbairik gabe, errepresioa izan da arrazoietako bat, baina ez bakarra.

4– Modu isil eta puskatzailean, ideologia burgesaren osagaiek gorputz hartu dute ezker abertzaleko sektore batzuetan. Ponentziako 46-47-48 paragrafoetan agertzen zaizkigu zantzu horiek, nahiz eta 49an hobetu egiten den. Puntu hauetan borroka ideologiko deritzona anbiguotasunez ageri zaigu, zehaztasunik gabeko praktika politiko bigun bat eramatea ahalbideratzen duelarik erradikalagoak izan beharko ginatekeen gaietan, nahiz eta itxuraz terminologia erradikal, independentista eta sozialista erabili.

5– Orain arte, ENAMen baitan eman diren ia eztabaida erabakigarri guztiekin alderatuta, oraingoa, hutsaren gainean dabil, errealitatetik at. Dokumentuak ez dakar bere orrietara 2007tik bizitzen ari garen eta okerrera doan krisiaren aipamenik. Ezarriko diguten Euskal Herria oso desberdina da eta  izango da orain hamar urtekoarekin alderatuta; menpekotasun patriarkala, nazio eta klase zapalkuntza ugaritu egingo dira. Jadanik badagoen errealitate horri aipamenik ez egitea suizidioa da. Begiak itxi eta militantziari fedea izan dezala eskatzea da, nahiz eta 30. paragrafoan “basakeria kapitalistaz” hitz egin, 58.ean “kapitalismoak mozorroa kendu duelakoren” gainean eta 92an “egiturazko krisia” eta ekologikoaz mintzatu. Hori besterik ez.

6– Ahatik, 14. paragrafoan leherketa sozial baten aukeraz mintzo da, prozesua azkartu dezakeena, baina hau gertatu ezean aurreikusitako tarteko fase eta helburuekin jarraitu behar dela azpimarratzen da. Aukera hau krisia eta bere ondorioen gaineko azterketan oinarritzen al da? Eta hala bada zergatik ez da laburpen bat egiten eztabaidarako? Ze harreman egon daiteke azterketa hau eta 20. paragrafoaren esaten denaren artean, hau da, gobernu espainiarrak gatazkaren konponbiderako asmorik ez duelakoren artean? Espainiartzeko erasoaldia nabarmena da, eta ez hizkuntza edo kulturari dagokionean soilik, adibidez, 2013ko aurrekontuek %1.780ean igotzen dute gastu errepresiboetan. Eta gainontzeko herrialdetan berdintsu; Alemaniako armadak, hau da, NATOek, 1945az geroztik lehen aldiz,  bere herria erreprimitzeko “baimen demokratikoa” du.

7– Inolako funtsik gabe, ponentziak, 15. paragrafoan euskal subjektua eratu behar dela dio. Ze oinarri sozioekonomikoren gainean? Nolakoa da Subjektu horrek aritu behar dueneko Euskal Herria? Ez al da militantzia prestatu behar egoeran gogortasuna eta areagotzen joango diren kontraesanak azaltzeko? Are gehiago, ze aldaketak eman dira eta emango dira euskal subjektu horretan? Azken galdera hau erantzun gabe, ponentzia teilatutik hasten da.

8– Inongo momentutan ez da zehazten subjektu hori. “Langile klase edo multzo herritarrak” bezalako kontzeptu anbiguoak azaltzen dira baina ez burgesia langile herriarekin lotzen duen adiskidetu ezinezko aurkari bezala. Ezin da subjektu iraultzailea definitu, bere aurkakoa, kontrairaultzailea alegia, definitu gabe. Egia da kapitalismoaz mintzo dela, eta 48. paragrafoan “klase dominatzailea” ere aipatzen duela, baina ez ETAren V. Biltzarrean zehazten zen bezala, subjektu iraultzailea, Euskal Langile Herria, ikuspuntu dialektiko batetik aztertuta, burgesiaren kontzeptua gabe erabili gabe azaldua, eta alderantziz. 66. paragrafoan klase borrokaz ari bada ere, ponentziak isildu edo ez-jakitun da puntu horrekiko.

9– Ekarpen hau kontutan ez hartzea, edo 2012ko egoera batean, ez hobetzea ez da ulergarria. Are okerrago, erreformismoari lotutako terminoak ageri zaizkigu, gaztelerazko “hiritarrak” bezalakoa euskaraz “herritar” bezala itzuli izanagatik. Baita 62. paragrafoan agertzen den “jendarte zibila” termino eurokomunista ere. Eta burgesia ertaina eta burgesia txikiaz hitzik ez, errealitatea ulertzeko beharrezkoak direnean.

10– Oraindik okerrago, 7. paragrafoan atzeman daitekeenez, txostenak harrokeria bat erakusten du, dogmatismoa eta itxikerien gainetik azaldu nahi duenean. TNBE (gaztelerazko ONU) hau 52. paragrafoan igo egiten da helburu historikoak errealitateari egokitu behar zaizkiola aipatzen duenean, 30-40 urte beranduago, ulertzeko moduak aldatu daitezkeelako edo zehazten ez diren “behar berriak” daudelako.  65. paragrafoa ere kezkagarria da, SORTUren baitan sozialismoa ulertzeko modu guztiek tokia izango dutela aipatzen denean, inolako zehaztasunik gabe. Adierazpide hauek tipikoak dira iraganarekin puskatu eta “gauza berriak” ezarri nahi dituztenentzat, ez-dogmatiko eta irekiak, bereizketarik gabe, guztiei tokia eginez.

11– Ia entzun ditzaket erdi-aroko eztabaida nominalista eta errealistetan murgilduta nagoela diotenen salaketa. Baina errealitatea bere osotasunean eta kontraesanean ulertzeko kontzeptu egokiak behar dira, testuan azaltzen ez direnak.

12– Testuan zehar erabiltzen den ideologiaren kontzeptua kritikatu beharra dago. 46. paragrafoak dioenez “jendartean zentzu komun bat eraikitzeko da ideologia”, baina askoz ere gehiago da ideologia, errealitatea faltsutzen duen hori da, ondorioak zergatiekin aldatuz. Kontzientzi faltsua da, esplotaziorik ez dagoela pentsatzen duena, edo behintzat arazoa ez dagoela kapitalismoaren jabetza pribatuan, jendearen “berekoikerian” eta “maltzurkerian” baizik. 47. paragrafoan ponentziak onartzen du ideologia menperatzaile bat badagoela, kapitalista, alienatzailea dena, baina segituan akatsean erortzen da berriro “ideologia herriarentzako idei, teoria eta sinesmen alienatzailea” dela baieztatzean. Ponentziaren mugak 125,126, 127, 128 eta 129 paragrafoetan ageri dira, borroka ideologikoa, batez ere prentsari lotua agertzen denean, eta pixka bat formazio teorikoari. Eta ez jabetza burgesa, kontzientzia faltsua eta irrazionaltasun unibertsoaren aurka.

13– Ideia bat, teoria bat, sinesmen alienatzaile bat zer diren gehiago zehaztu behar da, nahiz eta badakidan leku mugatua dagoela eta laburtu behar dela. Adibidez, ideologia ofizialaren definizioa 76. paragrafoko kulturaren azpian agertzen da; bertan “kultura demokratizatu eta herritarren zerbitzura jartzea” aipatzen da. Baina ideologia kontzientzia faltsua denaren definiziotik abiatuta, benetako kultura, herritarra, erabilpenerako balioak kolektiboki antolatu eta sortzen direnean izaten da, eta kultura dominatzailea aldaketaren balioen gainean antolatzen dena, merkantzian, diruan. Kulturarekiko agertzen diren bi ikusmolde hauek sozialismoa eta kapitalismoaren arteko antagonismora garamatza. Euskal kultura, benetan “demokratikoa” sozialismo pean soilik eman daiteke. Kapitalismoa eta nazio zapalkuntza pean euskal kultura eman beharra dago, baina azpimarratuz gorantza doan oinarri militante bat dela sozialismorako bidean.

14– 48. paragrafoa akats berdinarekin hasten da Malcon Xen esaldi ezaguna aipatzean. Zapaltzailea maitatu eta zapaldua gorrotatzera garamatzan ideologia ez da komunikabideetatik sortzen, ekoizteko modu kapitalistatik baizik. Komunikabideek gorroto hori indartu egiten dute, helburu batera edo bestera bideratu. Hain erraza balitza, iraultzak herri ugaritan garaipena lortuko zuketeen.

15– Borroka ideologikoa ideologiaren aurkako borrokarekin nahastu daiteke testuan. Anbiguetate hau 48. paragrafoan agertzen da “praktika askatzaileez” ari denean. Eta batez ere 49. paragrafoan zera aipatzen duenean: ekintza eta jarduera zehatzak” (…) “borroka instituzionalaren bidez eta kontraboterea sustatuko duen masa borrokaren bidez, bi borroka molde horiek emantzipazio bide osagarriak baitira”. 70. paragrafoan ideia horretan sakontzen du.

16– Klasekoa eta herritarra den kontrabotereak, forma guztietan talka egin behar du jabetza pribatuarekin, ekonomikoetatik afektibo eta sexualetara, kultura eta sinboloetatik igaroaz. Baina dokumentuan jabetza pribatuaren kontzeptua bere horretan ez da inon ere azaltzen eta imajinatu egin behar dugu independentzia edo sozialismoa bezalako terminoen atzean. Borroka ideologikoa eta borroka praktikoaren arteko anbiguetate horri eusten bazaio zaila izango da modu eraginkorrean  kontraboterea garatzea.

17– Adibide bezala bandera espainiarren eta Alderdien Legearen onarpena ditugu. Indar metaketa edo botoen pilaketa argudiotzat hartuta, norabide horretan egindako propaganda on batekin erantzun nahi zaio halako oinarrizko kontuak onartu izanari. Baina ez zaio ideologia horri erantzuten ari, garrantzi gutxiago duten beste gai batzuekin mozorrotzen baino. Orain dela 10 urte onartezinak lirateke halako men egiteak, baina egun ezker abertzaleko sektore batek onartu egiten ditu modu batera edo bestera. Zergatik? Arrazoietako bat hain zuzen ere ideologia burgesaren kutsadura da, eta bere aurkako borroka eza edo eskasa, ideologiaren definizio ofiziala, menderatzailea onartu baita.

18– Definizio honekin ezinezkoa da euskal subjektu batean aurreratzea. Eman dezagun beste urrats bat, zertarako sortu subjektua? Independentzia ukaezinezko helburua da, baina modu abstraktuan agertzen zaigu. Independentziaren edukian zehazteko gutxienez bi puntutan sakondu behar dugu: Estatu sozialistaren eredua eta antolakuntza eredua. Bata helburua da eta bestea bitartekoa.

19– Ponentziaren auzi kritikoa Estatu sozialistari dagokionean ez dago 62. paragrafoan “jendarte zibilaren eta egitura politikoen arteko uztarketa izango da, proiektu politiko emantzipatzailearen bidean” aipatzen denean. 102an dago puntu kritikoa, desobedientzia zibilaz ari denean, eta zapalkuntza eta injustiziaren aurkako erresistentziarako oinarrizko giza eskubideari uko egiten dionean. Nahi adina hitz egin liteke Euskal Estatu Sozialistaz, baina ponentzia atzera botatzen da momentu erabakigarrietan, helburuak eta bitartekoak zehazterakoan.

1 thoughts on “Sortu ★ 38 Tesi kritiko oinarri ideologiko eta antolakuntza ereduen gainean (lehen atala)

  1. Pingback-a: Sortu ★ 38 Tesi kritiko oinarri ideologiko eta antolakuntza ereduen gainean (2. atala) « Borroka Garaia da!

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA