Home

1225143304695_f-copia1-300x265

Gaztekeriak

Printzesak. Arropa arrosetan jantziak eta erantziak. Ile horia belaunak arte igurtziz. Goian, oso goian dorrerik altuenaren muturrean zain, beti zain. Urteak, egunak, orduak eta segundoak printzeari itxoiten. Mutil urdinari, gizon prestuari, politari, ausartari.

Txikitatik marrazten arrosa kolorezko arrosak, esperoan, edertasuna joan aurretik agertuko den mutil begi urdinaren zain. Emakumearen zeregina lorontzian, dorrean edo sukaldean preso. Txikitako marrazkietan, etxe bat, eta aitaxo eta amatxo etxearen ondoan, txakurra ere bai noski. Famili prototipoa, famili egokia, bakarra. Marraztu ditugu, irentsi ditugu.

Ikusi nahi nituzke emakumeen Giroak siesta orduetan. Maillot arrosek ere badakizkite mendateak igotzen. Kontatu nahi dizkiet nire seme alabei, elkarren artean maitemindu ziren bi printzesa eta bi printzeen historiak, baina printzeak eta pintzesak izan gabe. Ohera sartzerakoan xuxurlatu nahi diet belarrira, taberna zuloan, unibertsitateko ikasgelatan, lantegian, mendian zein hondartzan ezagutu zirenen historiak. Pertsonen arteko amodio kontuak. Kontatuko dizkiet txakurrik gabeko familia zoriontsuak, bi amatxo eta bi aitaxo dituztenen abenturak. Edo amatxo bakarrik, edo aitatxo bakarrik.

Ikusi nahi nituzke emakume biluzietan soilik oinarritzen ez diren iragarkiak; haragiaren tentazioa, ikus lehioetan jarrita, objektu sexuala bailitzan telebistaren beste aldean. Ikusi nahi nituzke edertasunaren kanon inposatuak hausten dituzten telesailak eta arbuiatu azken ile arteko depilazioak eta modaren arau itxiak inposatzen dituztenak.

Bukatu da printzesen aroa, gaur, sorginak dira nagusi.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA