Home

2018_04_16_lhk_firma_acuerdo_08

Asier Blas Mendoza / Argia

Etorkinen eta errefuxiatuen etorrera udako albistegietako protagonista izan da. Ez da gauza berria, urteak daramatza Europar Batasunak errealitate horren kudeaketa kaskarra egiten. Adierazle gisa dugu eskuin muturreko populismoaren gorakada hauteskundeetan. Muturreko zentro progresistaren hegemonia garaietan gutxi hitz egiten da eskuin populistaren arrakasta ulertzeko sakoneko faktoreez. Egokitasun politikoaren diskurtsoak, nagusitasun morala adieraziz, nahiago du eskuin muturreko boto-emailea kritikatu humanitarismo teoriko-filosofiko batetik, benetako arazoaren erroa den neoliberalismoaren aurka egitea baino.

Izan ere, herritar batzuek etorkinek dakartzaten onurak maizago gozatzen dituzten artean, beste batzuek eragozpenak ikusten dituzte egunerokotasunean. Erdi-mailako klasearen zati esanguratsu batek nekez ordaindu ahal izango lituzke etxeko garbitzaileak eta menpeko familiarren zaintza etorkinik ez balego, ez behintzat egungo ordu kopuru berean. Klase apalenei aldiz, azkar exijitzen zaie ekonomian master bat, uler dezaten beraien lan baldintzen kaskartzea ez dela nagusiki etorkinen etorreragatik, baizik eta kapitalismo neoliberalaren (abstraktuan!) ondorioagatik; ez badiete zuzenean esaten meritukrazia kontua dela eta alferrak direla. Langile klase pobretuek goizetik gauera jakin behar omen dute ez direla gizarte segmentu ahulena, eta beraz, prest agertu behar dute beraien pastel zati txikiaren parte bat partekatzen ailegatu berriekin. Hori guztia gutxi bada, muturreko zentro progresistak uste du klase apalek kulturartekotasunean dotoreak izan behar dutela biztanle berriekin harremanetan jartzeko, klase ertain aberatsak abandonatu dituen auzoetan eta eskoletan.

Egia esan, auzo pobreetako biztanleak ez dira izango dotoreak progresismoan, baina ari dira eskarmentua hartzen. Arazoak arazo, geroz eta gehiago ari dira harremanak lantzen diskurtso moralak egiten dituzten gehiengoaren laguntza barik. Benetako kulturartekotasuna egiten dutenak, hiri-lur segregazioaz gain, eskola segregazioa pairatzera behartu dituzte klase ertain ilustratuek, horrela, hezkuntza maila baxuagoa izatera derrigortuta dauden moduan, sare sozial pribilegiatuetatik baztertuta daude era sistematikoan.

Auzoetan elkarbizitza arazoak egotea ez da arraroa, arraroa ez den bezala soldata dumpinga dagoenean edo diru laguntzengatik lehiakortasuna egotean ezinikusiak sortzea. Adibidez, zergatik progresismo hegemonikoarentzat lehentasuna da Hungariako Gobernuak duen jarrera, herrialde horretan egon nahi ez duten etorkin eta errefuxiatuekin, eta ez berriz, herrialde horretan bertan urtero beraien etxeetan hotzez hiltzen diren 150 pertsonak? Arazo sozial horietan atentzioa jartzen du eskuin muturrak, errezeta erraz bat eskainiz etorkinak estigmatizatuz eta jazarriz. Argudio antzua da, badakigu etorkinena ez dela egiturazko arazoa. Pertsonen historia migrazioen historia da, denak gara edo izan gara etorkinak. Kontua da ez dagoela borondaterik eskuin muturraren diskurtsoari aurre egiteko neoliberalismoaren aurkako diskurtso eta praxi erradikal batekin. Aberatsek pobreekin laguntza humanitarioaren auto-satisfazioa beti disfrutatu dute eta nago egun horren antzeko zer edo zer dagoela etorkinen aldeko diskurtso eta praxi hegemonikoetan.

Eskuin muturra garaitzeko jendearen arazo materialez (etxebizitza, soldatak, aberastasunaren banaketa…) hitz egin behar da, eta aldi berean, segregazioaren aurka gogor egin behar da. Lan egiteko paperik ez izatea segregatzea da eta horrek eskulanaren prezioa merkatzen du. Antzera segurtasuna hobetzeko, desberdinen arteko elkar ezagutza errazteko eta justizia soziala bultzatzeko hiri-lur eta eskola segregazioekin bukatu behar da.

2 thoughts on “Eskuin muturra garaitu

  1. Nago zapalkuntza nazionala pairatzen duen herrialde batean zailtasun gehigarriak daudela herri langilearen sektore berri hauek mugimendu iraultzailera batzeko.

  2. Ez dut esango ezker ilustratu hori kritikatu behar ez denik, baina egia da ere egungo garai hauetan non langile klaseak segurtasun mota asko galdu dituen, eskuin muturraren errezeta askoz ere errezagoa dela “saltzeko”, ezkerretik landutako proiektu eraldatzaile bat baino.

    Eskuinaren errezeta da egungo gizarte ereduko balorerik txarrenak hartu, oso interoriorizatuak dituguna por zierto, eta hauek indartu eta areagotu.

    Ezkerrak bestelako baloreeekin egin behar du lan, ezin ditu soluzio magikoak “saldu”, konpromioso bat eskatzen du……. ez da erreza nire ustez.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA