Home

14web

XIX. mende amaieran sasi-esklabotzan egin zuten lan meatzariek Triano eta Somorrostro inguruan, gizon zein emakume. Irudian, hainbat amona derrigorrean lan osagarriak egiten. (arg: Muskitzeko Udal Artxiboa)

Urko Apaolaza Avila | Argia

Hankaz gora jarri zaigu mundu borobil hau eta erantzun bila gabiltza edonon, larrialdi sanitarioari, egoera ekologiko jasanezinari eta ekonomia globalaren kolapsoari ezin neurria hartu. Nola iritsi gara honaino? Atzera begira, jabetu gara egungo sistemaren errak engainu historiografiko sakona duela jatorri: kapitalismoa bateraezina da demokraziarekin. Desberdintasunean eta indarkerian oinarritzen da, esklabotzan, azken batean.

Suge baten tankeran denboran zehar azala mudatu duen fenomeno aldakorra da esklabotza, forma eta kolore asko hartu dituena, eta ez beti izen horrekin. Ahaztu irudi klasikoak; lehen hor zegoen eta orain ere hemen dago. Multinazionala da. Euskal Herriko historia liburuetan apenas aipatzen da, baina azkenaldiko ikerketek erakutsi dute gorputzen desjabetzearekin egin dugula aurrera itsasoetan barrena, haiei esker jaso ditugula lehengo armarriak eta oraingo industriak. Prest zaude euskal historia kapitalista deseroso hau ezagutzeko?

Europako obreroen “esklabotza ezkutua”, Ameriketako plantazioetako esklabotza irekiaren osagarri zela uste zuen Karl Marxek; bi horiek ezinbesteko izan zirela kotoizko ehun industria iraultzaren motor bihurtzeko XX. mendera arte. Historiako gezur handienetako bat da kapitalismoak esklabotzaren abolizioa ekarri zuela; beste itxura bat hartu zuen, baina jarraitu zuen industriaren garapenerako ezinbesteko lan indarra izaten.

Mozorroa etengabe aldatzen duen piztia baten antzera, denboretan zehar iraun duen gaitza da esklabotzarena, Erdi Aroko joputzatik hasi, Afrikako gorputz kapitalizazio masiboarekin segi, eta gaur arte. Adibidez, zorpetzea izan da bere hobi ekonomiko garrantzitsuenetako bat. Koskak ezin berdindu geratu diren nekazari edo migratzaileak menperatzea oso ohikoa izan da historian zehar; “esklabo ez diren esklaboak, baina egiaz badirenak”, deitu zien Alain Testart antropologo frantziarrak jende horiei (1). Covid-19aren ondorioz, Indian, familia askok interes tasa ordain ezinezko zorretan ito du bere burua eta bitartekarien esku utzi du daukan gauza bakarra: lan indarra. Ez da hain urrun joan behar ordea, Europako –eta Euskal Herriko– migratzaileen kanpaleku askotan antzeko egoerak gertatzen ari dira. Pandemia honek zain asko ireki ditu esklabotzak kosk egin dezan, eta kapitalismoak badu odola nondik zurrupatu.

Baina saihetsezina al da? Desberdintasun sozialak prozesu ekonomiko logiko eta naturalen ondorio direla diotenen kontrara, historia ez ofizialean gero eta sarriago aipatzen dira beste jendarte bat –komunala eta igualitarioa– defendatu izan duten mugimenduak, kapitalismoak eta botere politikoak behin eta berriz zapalduak izan direnak. Artisau eta baserritar txikiak, matxinatuak, heretikoak, sorginak, zimarroiak, komuneroak… Euskal Herriaren iraganean ere etengabe ageri zaigu tiranoen eta “esklabo ez diren esklaboen” arteko dikotomia hori, horren lekuko da Matalazen burua iltzatu zuten Mauleko gazteluko kanoia.

Esklabo S-rekin idazten da

Esklabo hitzaren esanahia metonimia baten ondorioa da eta herri eslaviarrekin dauka zerikusia. Erromatarrek eslaviarrei “esklabo” deitzen zieten, baina herri gisa identifikatzeko, ez besterik. IX. mende inguruan, ordea, Bizantzioren garaian gero eta razzia eta harrapaketa gehiago egin zen Balkanetan, eslaviarrak benetako esklabo bihurtuta. Hala, herrialde arabiarretan eta bizantziar eremuetan sakäliba edo sklábos hitzak orokortu ziren giza merkatuan salmentan zegoen jendeei deitzeko. Esklaboa esanahi horrek azpiratu zuen geroztik.

Inork galdetu al dio bere buruari munduko inperioaren diruak, dolarrak, S-aren gainean azaltzen duen marratxoa zer den? Zenbaiten iritziz, XV. mendean esklaboari gorputzean irartzen zioten hizki edo carimba-k iltze bat dauka goitik behera sartua.
Baina jendearen gorpuak indarrez erabiltzeko ohitura txarra, hitza sortu baino askoz lehenagokoa da. Agian Sapiens-aren sorrerara jo beharko genuke? Aldizkari zientifikoetan azaldu digute Neanderthal gizakiak eta egungo gizaki modernoak uste baino lotura luzeago eta estuagoa izan zutela Europan (2), askotan elkarren artean nahasteraino. Bataren etorrerak ez zuen bestea berehalakoan desagerrarazi… bada orduan, zein izan zen euren arteko harremana? Galdera kezkagarria suerta liteke. Akaso gure haitzuloetako labarretan azken urteetan egiten ari diren arte abstraktuaren aurkikuntzek egunen batean emango digute erantzun sinbolikoren bat horren inguruan.

Bitartean konformatuko gara arkeologiak esaten digunarekin. Ehiztari-biltzaileen garaian ez bezala, neolitikoko estratuetan gerra eta indar erabileraren arrasto ugari topatu da, seguruenik lotura zuzena izan dezakeena nekazal soberakinen sorrerak ekarritako aldaketa sozialekin. Euskal Herrian Guardiako La Hoya aztarnategian dozenaka buru-hezur aurkitu zituzten 70eko hamarkadan, zeltek etsaiak dekapitatu eta haien buruak gordetzeko zuten erritoari jarraiki. K.a V. mende inguruan burdina moldatzeko teknikek jauzia eman zuten eta nekazaritzarako edo eraikuntzarako tresnez gain, metal horrekin beste gauza bat egiten ikasi zuen gizakiak: armak. Euskal Herriko nekropolietan ezpatak, lantzak, jabalinak, kaskoak eta ezkutuak azaldu dira. Adituen ustez, baliteke “aginte mota baten” menpeko jendartea sortu izana orduan (3), baina zaila da klase sozial horien berri jakitea.

“Zenbat balio duzue?”

Gure imajinarioan geratu zaigun esklaboen irudi ezagunenetakoa Aro Klasikoko gladiadoreena da. Eta ez da brometan hartzekoa, hainbat kalkuluren arabera erromatar zirkuetan hiru milioi bizidun hil ziren elkarri borrokan edo piztien hatzaparretan. Erromatar zuzenbidean esklabotza instituzionalizaturiko egitura zen eta esklaboa jabearen ondasunen parte baino ez. Ez dira gutxi erromatarrek Europa mendebaldean hedaturiko aurrerapenak, baina ezin ahaztu haien inperioaren marmolezko zutoinak ere gerra eta harrapakinean oinarritzen zirela.

Julio Cesarrek Galiako kanpaina famatuan milioi bat lagun atzeman eta saldu zuen esklabo gisa, Plutarko historialari greziarraren arabera. Asterix eta Obelix sagan, Tifusen esklabo egiten dira gure bi lagun galiarrak, nahita, eta haren jauregian “objektu delikatu” gisa tratatzen dituzte; esklaboen merkatua eta gizakiaren ankerkeria zein finak izan daitezkeen erakutsi zigun ironikoki Renné Goscinnyk: “Zenbat balio duzue?”, galdetzen diete komikiko enkante surrealista batean. “Jarri prezioa, zureak izango gara”, erantzuten du bibotedun txikiak.

Euskal Herrian esklaboen presentzia dokumentatua dago erromatarren Behe Inperioa desagertzen ari zelarik ere. K.o 442 inguruan, Hispaniako Tarraconensis probintzian –Ebro ibar osoan– “bagauden” lehen erasoak jazo ziren; XIX. mendeko idazleek lehen iraultzailetzat zituzten insoletam bacaudarum delakoak, krisi garai hartan zegoen deskontentu sozialaren erakusle, baina egiaz ezer gutxi dakigu euren motibazioez, oso jende anitzek osatzen baitzituzten matxino taldeak: lurra galdu zuten nekazariek, lapurrek eta baita ihes egindako esklaboek ere. Iturri klasikoek baskoien lurraldean kokatu zituzten hasiera batean, baina Tarazona eraso eta hango gotzaina hil herioan utzi ostean, Lleidaraino ailegatu ziren. Erromak bisigodo aliatuen laguntzaz borratu zituen mapatik azkenean.

Aro ilun baten hasiera zen hura, bisigodoek “domuit vasconum” esaten zuten indarkeriazko mendeak; Aldaietako (Araba) nekropoliko gerlarien arrastoak dira horren lekuko, non eragin germaniarra nabaria baiten.

Jauntxoen asaltoa

Goi Erdi Aroan (V-X mendeak) esklabotza dekadentzian zegoen erromatar tradizioan ezagutu bezala, baina ez zen guztiz desagertu. Historialarien artean eztabaida sakona dago horren inguruan. Pierre Bonnassie maisu frantziarraren arabera, esklabotza hainbat kolpetan ezabatu zen –bagauden matxinadatik hasita– eta 1000. urte inguruan nekazari “libreak” baino ez zeuden Europako toki gehienetan (4). Alabaina, nobleziako militarren asalto baten ondorioz, suge zaharrak beste forma bat hartu zuen: joputza.

“Antzinako esklaboen eta nekazal langileen baldintzak homogeneizatu zituen klase harreman bat sortu zen”, dio Silvia Federeci ekintzaile feministak. Askoren ustez, esklabotza kolektiboaren bariantea zen joputza: lurrarekin batera, pertsonek jarraitzen zuten jauntxoaren ondasun izaten eta bere legepean egoten, bilurrik gabe bazen ere. “Feudoan lan esplotazioa beti zegoen indarraren erabilerari baldintzatuta”, dio Federicik (5).

Euskal Herrian hain ezagun eta sinpatiko zaizkigun banderizoen liskarrak ez ziren txikikeria eta ohore kontuek eraginda gertatu. Usurpazioan eta haien “lapurtzeko eskubidean” oinarritzen zituzten aberastasunak eta abizenaren iraupena. XIV. mendean, jauntxoen neurri hertsatzaileek goia jo zuten. Azkoitian, adibidez, seme-alabak ezkontzeko ahaide nagusien oniritzia behar izaten zuten herritar umilek (6). 1348ko Izurri Beltzak lan-eskua murriztu –Europako biztanleriaren herena hil zen– eta nekazari pobreek botere harremana irauli nahi izan zutenean, herrialde askotan esklabotza instituzionalizatu zen berriz araudietan, “alferkerian” edo eskean ibiltzen zirenak soldatarik gabe lan egitera derrigortuz, euren lepoa zepoan ikusi nahi ez bazuten.

Hereje komuneroak sutara

Erdi Aro amaierako egoera itogarriaren erantzunetako bat mugimendu heretikoak izan ziren. 1440 inguruan Alonso de Mella frantziskotarra Durangoko Tabirara iritsi zen, halako batean “dena komuna izango zela” predikatzera. Heresiek –eta beste gizatalde disidenteek, agotak kasu– ez zituzten soilik erlijio dogmatikoak dilindan jartzen, egitura sozial eta ekonomikoak ere bai, ez alferrik erre zituzten Durangon 70 herritar sutan urte horietan.

Estamentu sozialen arteko borrokan, esan digute jauntxoak azkenean “galtzaile” atera zirela XV. mende amaieran. Herri askotan ikus ditzakegu haien dorretxeak erditik lepatuta errege eta korrejidoreen aginduz. Baina zein atera zen irabazle? Historian sarritan ikusiko dugun iruzurra gertatu zen: herritar xeheak bere odolez borrokaturikoa, artisau eta merkatari aberatsen –ondoren nobletutakoak– eskuetan geratu zen. “Kommozio herrikoien aurrean jarrera garbirik eduki gabe, aginte taldea berrantolatuko dute fortunaren pisuaren arabera”, dio Emiliano Fernández de Pinedo EHUko historia ekonomikoko katedradunak bere liburu ezagunenean (7).

Munduko potentzia, zeinen diruarekin?

Mende horietan euskaldunok itsasoan munduko potentzia bilakatu ginela diote gaur egungo teoriek. Baserri-dolareen ingeniaritza eta basoko egurra erabili genuela, nola barkuen gilak egiteko edo metalezko piezentzako burdinolak sutzeko –Albaola Pasaian erreplikatzen ari den San Juan baleontzia dugu adibide–. Baina unibertso itsastar horretan bada pieza bat oraindik ondo sartzen ez dena: nondik atera zen itsasontzi horiek egiteko dirua? Orduko eliteen kapital metatzean badago zer ikertua. Euskal proto-industria edo verlagssystema, itsas produkzioaren arrazionalizazioa, ezin liteke ulertu harrapaketaren osagairik gabe.

Pasai Donibane zen ontzigintzaren gune nagusietako bat. Lezoko Villaviciosa leinuak –musulmanen kontrako gurutzadetan zutoihala irabazitakoak– Bordalabordako ontzioletan eraikiarazi zituen orduko itsasontzi handienetako batzuk, esaterako Espainiako Itsas Armadarentzako edo 1519ko Fernando Magallanesen espediziorako.

1522. urtean “munduko historiaren eta historia globalaren arteko haustura garbia” eman zen Michael Zeuske historialariaren aburuz. Coloniako (Alemania) unibertsitatean irakasle, Sklaverei liburua kaleratu du –berrikitan Katakrakek gaztelaniaz ere argitaratua–, eta bere ikerketek iraultza txikia ekarri dute esklabotzaren historia ulertzeko moduan, tipula kapak bezala denboran zehar gainjartzen joan diren esklabotza mota oso desberdinak egon direla baitio, eskubide erromatarraren definizio juridikotik harago. 1522ko irailean Magallanesen espedizioko itsasontzietako bat Sevillara iritsi zen Juan Sebastian Elkano getariarra kapitain zuela. Mundu bira horrek, “harreman historiko estuan jarri zituen kolonialismo europarra, masa esklabotza, inperioak eta kapitalismoa”.

Orduko genozidak, gaurko heroi

Izan ere, 1571n espainiarrek Manila fundatu zutenean –honetan ere euskaldun batek zeresan handia izan zuen, Andres Urdanetak–, Lurreko kontinente guztiak belaontziz lotuta geratu ziren, eskala handiko produkzioari ateak zabalduz. “Munduko historiaren fase globala hasi zen, gaur egun arte irauten duena”, dio Zeuskek. Elkano eta konpainia ez ziren merkataritza bide berriak esploratzera soilik joan, bere balentriaren bosgarren mendeurrenean euskal erakunde ia gehienek azpimarratu duten moduan. Itsasontzian eraman zituzten artilleria piezak, baleztak eta eskopetak salatzen dituzte: “Bidean aurkitzen dituzuen animalia, landare eta gizakiak ekarri”, agindu omen zien Carlos V.a espainiar erregeak.

Amerikako konkistaren lehen ondorioetako bat jatorrizko herrien genozidioa izan zen. Biztanleria indigenaren %95 suntsitu zen, gehienean europarrek eramandako gaixotasunen ondorioz, baina baita bestelako indarkeriengatik ere.

Kristobal Kolonek Hispaniola deituriko irlara iritsi eta urte gutxira, hango taino herriko jendeak desagerrarazi zituzten, eta ondoren, 1510ean inguruko beste irletakoen kontra hasi ziren konkistatzaileak. Urte hartan Francisco Garaik, Kolonen bigarren bidaian joandako Sopuertako militarrak, lehen armada antolatu zuen karibeak harrapatu eta azienda nahiz urre meategietan lan egitera derrigortzeko, antropofagoak zirela argudiatuz: “…visto questa rasón e justiçia avía para destruir los dichos caribes los mandamos dar por esclavos” (8). 2011n Enkarterrietako museoak liburua aurkeztu zuen Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak lagunduta, “lehen euskal esploratzaile handia” izan zela esanez.

Baina hainbestekoa izan zen konkistatzaileen sarraskia, ezen espainiar enperadoreak baimena eman baitzien hortik aurrera irla hura afrikar esklaboz birpopulatzeko. Enkarterrietako beste leinu batek berehala hartu zuen horretarako ardura, Sancho Ortiz Urrutia eta Juan Urrutia osaba-ilobek: 1530ean Cabo Verdetik 60 beltz eraman zituzten Hispaniolara; negozio handi baten “izerbegaren punta” baino ez zen (9). Hanka bat Sevillan eta bestea Ameriketan zutela, merkataritza makabro horren bidez sekulako dirutza egin zuten urte gutxian, eta horren lekuko da Balmasedako San Severino elizan dagoen egurrezko kapera distiratsua.

Sevillako euskal esklabista poliedrikoak

Euskaldunek parte hartu al zuten pertsonen salerosketan? Harrigarria badirudi ere, galdera horrek gaur egun arte iraun du akademiaren arloan. Mendeetan, euskal historiografiak apenas ikertu izan du esklabo-transakzioetan izan genuen parte hartzea, gai ilun eta bazterrekoa bailitzan. Seguruenik euskal lurralde isolatuaren mitoak, berton odol garbitasuna mantendu zela zioena, badu zerikusirik esklabotza gauza arrotz gisa ikustearekin. Baina zaila da imajinario horretan sinestea, Atlantikoko komertzioan txapeldun ziren euskaldunak, eta komertzio horrek beltza zuen azala.

Javier Ortiz Arza ikerlariak Sevillan XVI. mendean bizi zen euskal komunitateaz datu argigarriak eman ditu duela gutxi defendatu duen tesian. Hiri andaluziarra Atlantikorako atea bilakatu zen eta hamarkada gutxian 170.000 lagun aldatu ziren hara, tartean ez euskal merkatari gutxi. Euskal ontzigintzaren eta trafiko horren arteko dependentzia erabatekoa zen –Indietako “karreran” erabilitako ontzien %80 hemen egiten zituzten–. Hala, burdinazko piezen esportazioak eta esklaboen eskariak triangelu perfektua sortu zuten euskaldunak Gaztelako merkatuan aklimatatzeko.

Izan garraiolari bezala, nola kargadore, merkatari edo nabigatzaile, haien izenak etengabe ageri dira kontratazio espedienteetan. Ortizen kalkuluen arabera, 1518. eta 1600. urteen artean, euskaldunek gutxienez 10.000 esklabo garraiatu zituzten Sevillatik Amerikara. Esanguratsuena da, ez zela bidean ausaz topatu zuten negozio aukera bat izan, haien iniziatibaz sorturikoa baizik. Esklabotzaren katearen hasieran aurki ditzakegu, baimen edo “lizentzia mardulak” hornitzen –Juan Echagoya almiranteak, adibidez, 60.000 dukadu irabazi zituen horrela, fortuna izugarria–, baita garraiolari bezala funtsezko lanak egiten ere. Beste zenbaitetan zerbitzu-paketeak eskaintzen zituzten (lizentzia, esklaboen ontziratzea…), “benetako todo incluído bat”, dio Ortizek. Pedro Murueta bilbotarra izan zen horretan aurreratuena, Nuestra Señora de Begoña ontzian Sevillako trafikatzaile handienentzat garraiatu zituen esklaboak.

Sevillako euskal merkatari eta nabigatzaileok “esklabista totalak” eta “poliedrikoak” ziren Ortizen esanetan, eta irabazitako dirutzak maiorazkoetan, errentetan eta higiezinetan inbertitu zituzten. Esklabotzaren finantzaketan ere aritu ziren, eta horretan jaun eta jabe izan zen Pedro Morga, Gernikako kaparea. Sevillara iristen ziren euskaldunek bankariarengana jotzen zuten likidezia bila, Santa Cruz auzoan zuen jauregira –Morgak konpainia esklabista propioa ere bazuen, Bermeo eta Azpeitiko bazkideekin–.

Inkisizioko parte izanez lortu zuen gernikarrak botere ekonomikoa, herejeei atzemandako ondasunen errezeptore bezala. Ez zen bakarra izan Ofizio Santuaren armak erabiltzen ingurukoei txapela erantzi arazteko. Berdin Sevillan nola Lima, Cartagena eta Mexikoko tribunaletan euskaldun mordoa ibili zen kontu-hartzaile, idazkari edo zerga biltzaile lanetan.

Giza gorputzen stocka

Hain justu, aurretik herejeak pertsegitu ziren gisan, sorgin-ehizak gailurra jo zuen XVI. mende amaiera eta XVII. hasieran, eta Eliza Katolikoak elikaturiko oinarri metafisikoari esker, emakumeen gorputza eta lan erreproduktiboa kapital metatzearen zerbitzura jarri zuen patriarkatuak. Amerikako kolonietan ere disidenteak makurtzeko politika horrek eragina izan zuen, eta indigenak euren senarren mende azpiratu zituzten, Inkisizioaren ikuspegiz “adimen gabeak” zirelako: “Bizitza komunala suntsitzea zen kontua, ekonomia kapitalista baterako baldintzak sortzeko estrategiak bultzatuta”, dio Federicik.

Atlantikoa baliabideak metatzeko espazio handi bat bilakatu zen Mendebaldeko Europarentzat, kapitalismoa garatu zedin, eta Afrika giza gorputzen stocka segurtatzeko iturri agortezina zen: “Gorputzek kapital gisa duten kontzeptualizazio historiko eta transkultural hori funtsezkoa da esklabotza fenomeno global gisa ulertzeko –laburbildu du Zeuskek bere liburuan–. Kapital humano horren polibalentziarik gabe, ez zen hedapen inperialik, ez kolonialismorik, ez kosmopolitismorik, ez kapitalismorik izango”.

Lau mende geroago, Minneapoliseko Poliziak George Floyd afroamerikarra hil ondoren arrazakeria instituzionala salatzeko hedatutako protestetan, manifestariek lehen lerroan jarri dute zapalkuntza historia hori: “AEBak demokraziaren sehaska direla… hori lelokeria da! AEBak natiboen genozidioaren eta esklabotzaren gainean eraiki ziren. Hori da Amerikako Estatu Batuen fabrika”, dio Spike Lee zine zuzendariak asko zabaldu den bideo batean.

Kataluniako euskal tratulariak

2018ko martxoaren 4an Bartzelonako Udalak Antonio López Comillasko markesaren ohorez egindako eskultura izen bereko plazatik kendu zuen. Tamquem es CIE plataformak plazari “Idrissa Diallo” izena jartzeko eskatu zuen –Bartzelonako Atzerritarren Barneratze Zentrotik igaro ondoren hildako migratzaile ginearra–, gogoraraziz markesak bete-betean hartu zuela parte XIX. mendeko esklabo trafikoan. Katalan familia aberats askok urte horietan dirua nola egin zuten ageriago geratu da auzi horrekin: oharkabean igaro den jardun esklabistaren bidez.

Izan ere, Lópezena ez da esklabo tratulari baten omenez eraikitako eskultura bakarra hiri hartan. Martin Rodrigo Alharilla eta Lizbeth J. Chaviano Pompeu Fabra Unibertsitateko historialariek negrero horiei buruz 2017an argitaraturiko liburu kolektiboak eztabaida plazaratzeko oinarriak jarri zituen. Bartzelonako enpresari askorentzat esklabo trafikoa “kapitala metatzeko bidea” izan zela dio Rodrigok; are gehiago, ziur da Europako gaur egungo eliteen zati bat familia esklabistetatik datorrela. Artur Mas Kataluniako presidente ohiari bere iragan nabigatzaile eta ekintzailea aipatzean, ahazten zaio esatea herenaitonak esklaboak garraiatzen zituela.

Vidal-Cuadras edo Güell abizenak ere ezagunak dira Katalunian, baina ez hainbeste esklabotza praktikatu eta defendatu zutelako. Azkeneko horren kideetako batek, Eusebi Güellek, Gaudiren obra ezagunenak finantzatu zituen. Bartzelonako Eixampleko eraikin esanguratsu gehienak beltzak torturatu eta esplotatuz egin ahal izan ziren, Kubatik eramandako diruarekin. Zaila da kuantifikatzea esklabotzak Kataluniako ekonomiari egindako ekarpena, baina historialari askorentzat industrializazioaren gakoetako bat izan zen.

Esklabista katalanen unibertso ekonomiko horretan euskaldunek bazuten toki garrantzitsu bat, askok sistema endogamiko hertsian ahaidetzea lortu baitzuten. Dorotea Chopitearen kasua aipa dezakegu. Haren aitak, Mendexatik emigratu eta Txileko Santiago nahiz Rio de la Platan negozio handiak egin zituen, besteak beste esklabo kontrabandoarekin (10). Alaba Dorotea katalan bankari ezagun batekin ezkondu zen eta filantropiara eman zuen bizitza Bartzelonan: eskolak, ospitaleak, elizak… hiriaren egungo pasaia ez litzateke berdina izango “obra sozial” hori gabe. Aita Santua aztertzen ari da beatifikatuko ote duen. Beste bizkaitar batek ere, Agustin Goytisolo lekeitiarrak –Juan Goytisolo idazlearen arbasoa–, Bartzelona hautatu zuen Kubako Cienfuegosen bere esklaboek produzitzen zioten azukrearen diruak inbertitzeko; Katalunia Plazaren ondoan etxe erraldoia zuen, XX. mendean Banco de Vizcayaren eskuetan amaitu zuena.

Adiskideen Elkarteko merkantziak

Euskal Herrian ez al dago esklabistak omentzen dituen monumenturik? Ez al dago eraikinik beltzen odolez tindatua? Jakina baietz. Hein batean halaxe gertatzen da Donostiako alde zaharrean arro ageri zaigun Koruko Andre Mariaren basilikarekin, Caracaseko Errege Konpainia Gipuzkoarreko akziodunen diruz eta ekimenez jasoa.

Merkantilismoari haginak berdindu zitzaizkion denborez ari gara, eta Caracaseko konpainia XVIII. mendean oparotasunaren sinonimo izan zen urte luzetan. “Kultura eta zientziaren” hedapenean lagundu zuen, entziklopedia orokorretan irakur daitekeenez. Itsasontziko sotoetan liburu ilustratu debekatuak eramaten zituela nabarmendu izan du zenbaitek. Baina dokumentaturik dago konpainia horrek esklaboak ere eraman zituela soto horietan, liburu eta kakaoaz gain. Hugh Thomas historialari entzutetsuak dio 12.000 lagun inguru mugitu zituela 1753tik gutxienez 1775 arte.

Haren babesean sorturiko Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak, “ezjakintasuna, nagikeria eta alferkeria” borrokatzea zuen helburu. Bada, bere kide ez gutxik esklaboekin ustiatu zituzten Ameriketako soroak, eta afrikarren trafikoan ere parte hartu zuten, batzuetan horretarako espresuki sorturiko enpresatan –Cadizeko Beltzen Konpainia kasu–. Antzerki tragiko honetan, elkarte, konpainia eta negozioetan kiribilduta agertzen zaizkigu orduko euskal abizen ugari (Agirre, Uriarte, Aristegi, Goikoa, Azkarate, Mekoleta, Olazabal, Lasa…), gizakien salerosketa eta esplotazioa atzeko oihal gisa dutela.

Habanako Hiriaren Museoan bada margolan eder bat Montalvoko kondea irudikatzen duena, atzean baporezko makina bat duela, bere ideia “aurrerakoien” seinale. Ignacio Pedro Montalvo Ambulodi Arriola da protagonista, arbaso oiartzuarrak zituen enpresaria, zortzi azukre-olen eta 500 esklaboren jabea, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kidea.

Bigarren esklabotza: etekinen maximizazioa

Gizakien trafikoa ilegal bihurtu zen 1807an ingelesek Act for the Abolition of the Slave Trade (esklabo trafikoa abolitzeko legea) sinatu zutenean. Baina abolizioarena jukutria ederra izan zen, esklaboen plusbalioa izugarri handitu eta etekin askoz gehiago ekarri baitzizkien kontrabandistei. “Bigarren esklabotza” deitzen zaio hemendik aurrerako garaiari, Afrikan milioika beltz bahitu zituzten Kubara, Brasilera zein New Orleansera kondizio jasangaitzetan esportatzeko. XIX. mendean Jesus María bergantinak 252 esklabo eraman zituen Habanara, horietatik 97 hamahiru eta hamalau urteko neskatoak ziren. Denak bortxatu zituzten.

Esklabotzaren fase berri horretan, merkatu aukera berrietan eta lanaren erauzketan sakontzeko probestu zuen euskaldun askok. AEBetako kotoiarekin batera, Kuba izan zen XIX. mendeko esklabotzaren beste epizentroa, azukrearen eskariak akuilatuta –mendebaldarron gaurko dieta glukosadun neurrigabeak ere badu bere esplikazio kapitalista–. Orduko fortuna handienek Antilletako irla hartan dute jatorria; nekez uler dezakegu Euskal Herriko ekonomiaren historia Kuba eta kanaberak aipatu gabe.

Jose Matia Calvo laudiotarra –egungo Matia Fundazioaren sortzailea–, Manuel Calvo Agirre portugaletetarra –Comillasko markesaren bazkidea–, Julio Apeztegia –munduko azukre-ola handienaren jabea–, Pascual Goikoetxea –1883an esklabotza abolitzen zuen deklarazioari muzin egin zion terratenientea–… Baina ororen gainetik, Julian Zulueta zegoen. Sekula ez da nahikoa idatziko hainbeste botere ekonomiko eta politiko ukan zuen baina egun itzalpean ezkutaturik daukaten Arabako esklabista handiaren inguruan.

Zein magnoliotan daude Zuluetaren sosak?

Zuluetak esklabotza muturrera eraman zuen etekinen maximizazioa lortzeko helburuz. Adierazgarriena da esklaboak jadanik ez zirela esklabo, “kolono” baizik. Eufemismo horrekin, arabarrak milaka txinatar garraiatu zituen indarrez lan eginarazteko, Oquendo ontziak 1847an Xiamendik Habanara lehen bidaia egin zuenetik. Zeinek esan zuen kontratu-harreman batean bi aldeek ados egon behar dutenik?

Beraz, esklabotza ez zen soilik metatze primitiboaren eta industrializazioaren aurrebaldintza bat izan –Eric Williamsek Kapitalismoa eta esklabotza lanean duela mende erdi zioen bezala (11)–, baizik eta aro industrialaren habeetako bat bihurtu zen, baita koloniek metropoliaren kateak hautsi zituztenean ere. Izan ere, nongo magnoliotan daude beltzen odola zurrupatuz aberastu ziren indiano horien guztien diruak? Non gelditu dira munduko fortuna handienetako bat pilatu zuen Julian Zuluetak hildakoan utzi zituen milioika erreal eta urrezko pesoak? (12)  XIX. mende amaieran kapital-aldaketa handi bat egin zen Kubatik Europara, eta esklabista askoren sosek amaitu zuten Londreseko eta Pariseko burtsetan, meatzeetan, trenbide eta itsasontzi konpainietan, bankuetan… Lorratz horri jarraituta iritsiko gara egungo City eta Ibexetan agintzen duten enpresetaraino.

Zerramenduak eta lurren arpilatzea

Amerikaren natur eta giza arpilatze masiboak bazuen nolabaiteko baliokiderik Europan. XVIII. mendean lur komunalen pribatizazio eta itxiturei ekin zitzaien, Ingalaterran enclosure hitzarekin ezagun zirenak –1750 eta 1820 artean herrialde hartako lurren %30 “itxi” zen–. Euskal Herrian ere “larre parteak zerratzerat” (13) eman ziren, baina desamortizazio horiek konplexutasun handia izan zuten eta gatazkak asko luzatu ziren.

Adibide baterako, Goizuetan herritarrek mendeetan iratzeak ustiatzeko erabilitako basoetako iralekuak oraindik konfrontazio gai ziren 1970eko hamarkadan, aurreko mendean familia aberats alfabetatuek eurentzako erregistratu zituztelako haietako asko. Gauza bera gertatu zen Nafarroako Erriberan korralizekin: XIX. mendeko gerrek eragindako zorpetzearen ondorioz lur-komunak kazikeen esku geratu ziren, eta Bigarren Errepublikan lurrak itzultzea izan zen aldarrikapen komunero nagusia. Joaquin Baleztenak ebatsi zituen korraliza gehientsuen 1840ko hamarkadan; Kubako Candelariako kafe-soroetan esklaboak erabiliz irabazitako milioi errealekin Nafarroako errentadunen negozioan sartu zen Leitzako familia karlista ezagunaren arbasoa.

Oro har, pribatizaturiko herri-lurren %25 kontzentratu zen %3aren eskuetan. Azpeitian, bederatzi lurjabek herriko errentaren erdia pilatzen zuen, Ildefonso Gurrutxagak kontatu zuenez; eta Domezainen, hiru jauntxok beste guztien adina itegun-lur zuten, Manex Goyenecheren arabera.

Marxek zioen prozesu hori ez zela eboluzio ekonomiko baten ondorio izan, lurren errendimendua eskasagoa izaten baitzen gutxi batzuen esku geratzen zirenean, baizik eta “herriaren desjabetze biolentoaren bidez”. Ondare publikoaren lapurreta. Burgesek, operazioarekin, lurra merkatal artikulu huts bilakatu zuten eta maizterrei kendutako generoarekin espekulatzen hasi ziren: gariaren fluktuazioa harrapakin gozoegia zen trafikanteentzat, harekin ez lukratzeko. Gatazka sozial hori dago 1766ko Azpeitia eta Azkoitiko matxinadaren erraietan; baina burgesia aristokratikoak –Peñafloridako kondea buru– gupidagabe zapaldu zituen mende bateko aurrerapenarekin jaiotako sozialista haiek.

Bankarien erreinua

Eta zer gertatu zen lurra landu ezinik geratu zirenekin? Zerbitzariak, jornalariak, mandazainak, meatzariak, eskaleak, alderraiak, baztertuak… “beso biluziak” deitu izan zaie. Asko gerrarako erabili zituzten, beste zenbait bandolero sozial bihurtu ziren –Bizkaiko Patakon edo Tretatxu-ren gisan–, eta gehienek emigratu edo hiriko proletarioen kasta osatu zuten. Testuinguru horretan, iraultzaren txinpartak sutea eragin zuen Europan XIX. mendean, askatasunaren oihupean. Baina aurretik sarritan gertatu bezala, abarka zaharrik janzteko ere ez zutenak berriz ere mutur-huts gelditu ziren.

1830eko iraultza amaitu zen Luis Filipe Orleanseko duke liberalari buruan Frantziako koroa jarri ziotenean. “Herriak iraultza egin zuen eta politikariek lapurtu egin zioten”, azaldu du Josep Fontana historialari katalanak. Errelato akademikoak iraultzaren garaipen gisa aurkeztu diguna “bankarien erreinuaren hasiera” baino ez zen izan. Horrela hasi zen kapitalismoaren eta demokraziaren arteko engainu determinista –“Ez dago alternatibarik” esango zuen Margaret Tatcherrek geroago–.

Fontanaren esanetan, ordea, bazen alternatiba igualitario bat industria garatzeko, artisau familiekin, etxeko produkzio txikiarekin eta “tailer sozialekin” zerikusia zuena, eta ez hainbeste baporezko makina eta antzeko asmakizun fantastikoekin. Baina Ingalaterran fabrika sortu zenetik –esklaboek produzituriko kotoia lantzeko–, ugazabak efizientzia teknologikoa beharrean lan indarraren kontrola lehenetsi zuen soberakin gehiago lortzeko.

20.000 lagunen indarra

Engelsek azpimarratu zuen fabrikaren sistema “esklabotza modernoa” bezalakoa zela. Eta zinez hala zen. Ingalaterrako industrializazioaren aro basatienean milaka haur errekrutatu zituzten jipoi eta tortura bidez ehun-makinetan haien eskuak erabiltzeko. Bizkaian ere antzeko kondizioak jasan zituzten 1870eko hamarkadan Triano inguruan aritzen ziren meatzariek. Cronicas desde la arboleda (14) dokumentalean ageri denez, ohikoa zen 9 eta 12 urteko haurrak aritzea –Gallartan bizi itxaropena 18 urtekoa zen, erregistro zibilek gezurrik esaten ez badute–.

Txabolismoa eta superpopulazioa nagusitu ziren Meatzaldean urte horietan; Abanto Zierbenako 1877ko biztanleriaren zentsua, adibidez, lau aldiz handitu zen. Egurrezko barrakoietan pilatuta, langileek meatze-konpainiek jarritako kantinetan erosi behar izaten zuten oso kalitate eskaseko janaria. Tifusak eta kolerak makina bat eraman zuen satorraren herrira. Milioika tona burdin-mea erauzteko indarra 20.000 lagun inguruk jarri zuten, egunean 12 ordutik gora lan eginez. Esplotazio horren bidez, meatze burgesia bizkaitarrak (Ybarra, Chavarri, Lezama Leguizamon, Ulacia, Durañona…), ingeles konpainiekin baturik lortu zuten aktibo nahikoa industrializazioaren habe nagusi izango ziren labe garaiak martxan jartzeko. Lantegi siderurgiko horien beste inbertitzaile batzuk Madril, Londres eta Bartzelonakoak ziren. Ezaguna zaigu, adibidez Figuereseko Vilallonga familiak ybarratarrekin zuen lotura; azkeneko hauek esklaboen salerosketan ere aritu ziren XIX. mende erdialdean Cazador Santurzano izeneko ontziarekin.

Gizakien edo “bultoen” komertziotik eta meatzarien lepotik aberastu ondoren, Ybarra klanak eta Neguriko beste oligarka askok, ez zuten erreparorik izan XX. mendeko esklabotza handienetako batetik ere probetxua ateratzeko: gerrako gatibuak.

Esklabo H-rekin idazten da

Alemaniako Hirugarren Reichak iraun zuen bitartean, erregimen naziak 50 milioi pertsona inguru ustiatu zituen derrigorrezko lanaren bidez, kontzentrazio esparruetan ez ezik, baita gethoetan edo beste eremu itxietan ere. Gutxienez 24 multinazionalek baliatu zuten abagunea lan-esku merkea lortzeko, tartean Siemens, Volkswagen, BMW, Knorr…(15) Horien guztien artean IG Farbenindustrie nabarmendu dezakegu: etekinak hirukoiztu egin zituen urte gutxian, Auschwitzeko presoei izugarrikeriak eginaraziz.

IG Farben nazien egitura ekonomikoaren parte zen –bere arduradunak Nurembergen kondenatuak izan ziren esklabotzagatik– eta ez da harritzeko harekin tratua izan zuten enpresek iragan hori estali nahi izana. Baina konpainiaren paper desklasifikatuek askorako ematen dute, eta esaterako, Altos Hornos de Vizcayak “erlazio zuzena” izan zuela gogorarazi digu Antonio Maestre kazetariak Franquismo SA (Akal, 2019) liburuan. Euskal oligarkiako beste ikur batek ere, Banco de Vizcayak, Alemania naziaren agenteetako bat izan zuen kontseilari, Friederic Lipperheide. Izan ere, bankuko kargu gutxi dira 1936ko altxamenduarekin eta orduko korronte faxistekin konexiorik ez dutenak: Careaga, Bordegaray, Aguirre, Delclaux, Lezama Leguizamon… Francoren erregimenaren sostengatzaile oso garrantzitsu izan ziren. “BBVAk segitzen du operatzen bere etekinak liberalismo ekonomikoaren, enpresa jardun-onaren eta merkatuaren esku ikusezinaren fruitu balira bezala”, dio Maestrek.

Euskal Herriko errepide ugari langile batailoiek eginak dira, Bidangotze eta Erronkari artekoa izan liteke ezagunena, Edurne Beaumontek eta Fernando Mendiolak egindako ikerketari esker. Baina badira adibide gehiago: Donostiako Tolosa etorbidea, Jaizkibelen trabajadoreek egindako errepidea… Espainiako Estatuko egungo eraikuntzako trust-ak (Acciona, Dragados, ACS…) badu zer ezkutatu. Hala ere, frankismoaren esklaboei azalean hizki bat irarri izan baliete, seguruenik Huarteren “H” hizkia litzateke. OHL konpainiaren muinean dagoen Felix Huarte nafarraren enpresak, Madrilgo Erorien Harana bortxazko lanarekin jaso izanaren meritua dauka. 2020ko martxoaren 31n 5.260 milioi euroko negozio kartera deklaratu zuen eraikuntza-taldeak.

Kapitalismoa dekapitatu

Esklabotzaren abolizioa deklaratu zutenean, ingelesek garai ilun horri uko egin zioten –ordainsari bezala esklabo jabeek 17.000 milioi libra jaso ondoren, 2009ko banku-erreskatera arte estatu batek jarritako zifrarik altuena–; esklabotza oroimen-kolektibotik ahaztu beharreko zerbait bihurtu zen. Nazioarteko konbentzioetan “derrigorrezko lana” izenez hasi ziren deskribatzen sarriago.

Baina, tamalez, “amaierarik gabeko” fenomeno baten aurrean gaude, Michael Zeuskek ondorioztatu duen gisan. Hasierako esklabotza motek jarraitzen dute gure artean: zorretan itota daudenena, prostituitzera derrigortuta daudenena, haurren erabilera… Historialari feministen aburuz etxeko langileen esklabotza Amerikara garraiatu zituzten beltzena baino handiagoa da kopuruz. Nazioarteko Lan Erakundeak 2016an 40 milioi esklabo zenbatu zituen. GRAINek, berriz, ohartarazi du milioika hektarea lur usurpatzeko bidean direla Amerikan –tartean Iberdrola eta antzeko enpresak daude–, esklabotza “moderno” gehiagoren hornigai izango diren migrazioak sorraraziz.

Paperik gabeko migratzaile nekazariak, autonomo faltsuak, azpikontrataturiko langile prekarizatuak, beltzean kobratzen duten garbitzaileak… Euskal Herrian oso presente ditugun errealitateak dira. Hasi beharko genuke pentsatzen esklabotza ez dugula errotik ezabatuko, kapitalismoari burua mozten ez diogun bitartean.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA