Home

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: I. Larrea

Txe-fidel-ratzinger

“Birra batekin beroa arintzeko asmoz denda-taberna apal horretara  barruratu bezain laster, danba! horman jarri duten collage horrek eragiten dizun barregura ezkutatzeko ahalegindu behar zara. Che, Fidel eta Ratzinger horma berean!! Ez dira enteratu materialismo dialektikoa eta historikoa bateraezina direla mistika eta erlijioarekin?”

Izan nituen antzeko burutazioak gogorazi zizkidan duela egun batzuk Iñaki Larrañagak idatzitako “Hugo Chavez sendatuta, jainkoari esker? artikuluak. Bertan Chavezek jainkoari eskaintzen dion gurtza eta Hego Amerikan, baita ezkerreko mugimenduetan ere, kristautasunaren hedapena dira aztergai.

Ikuspegi ateo berberetik oro har bat nator artikuluan azaltzen denarekin; Chavez eta beste iraultzaile batzuk haien fedea aldarrikatzen ikusteak barruko kirrinka sentiarazten dit; batzuetan barregura, bestetan haserrea. Halaber, gogoratu beharra dago ez direla gutxi Euskal Herrian bere fede kristauan oinarrituta nazio eta gizarte askapen borrokaren alde egiten dutenak.

Albo batera utziko ditugu bai Chavezen egoera pertsonal latza bai erlijiotasuna iraunarazteko bizi baldintza gogorrek daukaten garrantzia eta baita ere, Ekialdean eta Afrikan islamismoarekin bezala, bizi baldintza gogor horiek existitzeko Mendebaleko inperialismoak gauzatzen dituen lapurreta ekonomikoa eta zanpaketa politiko eta militarra.

Esan bezala ezer gutxi erantsi dezaket Iñaki Larrañagak esandakoari; nire ekarpena beste bide batetik doa, osagarria izan daitekeena: erlijioa atzerakoia begitantzen zaigun legez, askotan automatikoki aurrerakoitasunarekin eta ezkerrarekin lotzen dugu ateismoa, eta ez da beti horrela.

Duela gutxi irakurri dudan ateismoaren aldeko liburu batean ustekabeko aurkikuntza egin nuen; egilea Irak eta Afganistanen inbasioen alde agertzen zen. Liburua Christopher Hitchensek idatzitako “Dios no es bueno. Alegato contra la religión” da eta esaten duen gehienarekin ados egon arren zur eta lur utzi ninduen aurrerakoitasunaren izenean eta nazioarte mailan ateismoaren hedatzailea hain ospetsua zenaren eskutik inbasioen aldeko argudioak irakurtzeak; nire ustez hau ez lukete inoiz egingo Chavez bezalako fededunek.

Zientzia, erlijioa eta ateismoa

Usu zientzia aipatzen dugu ateismoaren oinarri gisa, sinonimoak izango balira bezala, baina zientzialarien artean mota guztietako fededunak daude mundu osoan zehar. Gai honi buruz Stephen Jay Gould ezkerreko eta ateoa zen zientzialari estatubatuarrak erlijioa eta zientziaren arteko elkarbizitzaren aldeko liburua argitaratu zuen: “Ciencia versus Religión: un falso conflicto”. Erlijioa etika eta moralaz arduratzen dela  eta Zientzia, berriz, mundu naturalaren gertaera zehatzen azterketaz, eta beraz,  gainezarri behar ez diren arloak direla argudiatzen zuen Gouldek. Zoritzarrez arrakasta gutxi eduki zuen niretzat interesgarria den Goulden planteamenduak, mundu osoko elizek haien kideak ez garen bizitzan sartzeko daukaten ohiturak adierazten duen bezala.

Zientzia arloan gehien kezkatzen nauen joera bat determinismo biologikoaren planteamendua da, eta honen bultzatzaile nagusienetako bat ateismoaren aldeko hedatzaile ezagunenetako bat da: Richard Dawkins; “El gen egoista” liburu ospetsuaren egilea hain zuzen ere. Determinismoak planteatzen duena, gutxi gorabehera, gure geneek, gure biologiak, izaera, gizartea eta jarduera zehazten dutela; ingurugirok, kulturak eta baldintza sozio-ekonomikoek berriz ezer gutxi egin dezakete hori aldatzeko.

Ikuspegi hau eskumako sektore batek berehala egin zuen berea; zuek pobreak bazarete eta guk aberatsak, zuen herria menperatuta baldin badago eta gure inperioak menperatzen  bazaituzte, lapurrak eta hiltzaileak baldin badaude…. gure geneetan, gure naturan dagoelako da, eta gizarte zuzena eta askearen alde borroka egitea alferrikakoa da. Baztertua eta gutxitua daudenen aldeko gizarte laguntzak edo irakaskuntza unibertsala naturan eta gizartean gauzatzen den “selekzio naturalaren” aurka doaz. Esklaboak eta jabeak, morroiak eta jauntxoak, langileak eta ugazabak izatea, gure oinazea eta larritasunak orain erabakitzen dituztenak ez dira jaungoikoak; gure geneek erabakitzen dute. Darwinismo sozialarekin harremana zuzena daukan planteamendua da; arrain handiak txikia jaten du, kitto.

Determinismo biologikoa berez ez da zergatik lotu behar ateismoarekin, baina ateismoaren alde sutsu agertzen diren batzuk irmo agertzen dira ere ikuspegi determinista honen alde. Eta egia esanda, ezkerreko kristauen sinesmenak askoz gizatiarrago iruditzen zaizkit.

Determinismo biologikoaren aurka ezkerreko eta ateismoaren aldeko zientzialari batzuk agertzen dira ere; esaterako “Ez dago gure geneetan” (euskaraz dauka Gaiak argitaletxeak) liburuan Lewontin, S. Rose eta L.J. Kaminek egiten duten bezala. Zientzialari hauek argudiatzen dute biologia, kultura, ingurugiro eta bizitza baldintzen arteko elkarrekintza dinamikoaren emaitza direla gure norbanako izaera eta gizarte eredua, eta beraz, aldagarriak izateaz gain irauli  beharrekoak bidegabekoak baldin badira.

Amaitzeko eta nire ekarpen xumea laburbilduz; jainko, “indar kosmiko” eta esoterikoekin dauzkagun sineskeria guztietatik libre egongo bagina askatasuna eta zuzentasunetik hurbilago egongo ginela nik ere pentsatu arren, ateismoa eskuma, faxismoa eta atzerakoitasunaren bidaidea izan daitekeela uste dut, erlijiozkotasuna hainbatetan askatasuna eta zuzentasunaren laguntzailea izan den bezala. Chavez, Evo Morales, Correa eta abar  eredu.

7 thoughts on “Ateismoa bai, baina….

  1. Honi buruz Andoni Olariagak idatzi du, ateimoa beste kosmopolitismo berri baten bide bezala erabili daitekeela (ateismoa vs erlijioa kontraesana sublimatzeak, erlijioak edota sinesmenek komunitate bat elkartzeko eta bere nortasuna mantentzeko suposatzen duen defentsa birrintzea ekarri ahal dutela; globalismoak auka bezala jann dezan). Ateismoaren pentsamendua akritikoki hartuz “Giza Eskubideak” bezala izan daitezela. Niri Iranen eredua etortzen zait burura.

    Baina ez bakarrik Iran ez eta erlijioa zela eta. Adibidez, ondo ikus dezakegu ekialdeko “Koloreetako irualtzek”, asmo kolonialistekin Mendebaldetik bultzatutakom Estatu-kolpeek, oinarrian gazte “insumiso”, “desobediente” eta “ez-biolentoak” zituztela. eta hauen ideologia zein zen? Eskuinekoa? Ez!! (beno, liberalismo basatia bai, baina ez zuten hau esango) Izan ere ezkerreko itxurak plaaratzen zituzten eta baita ere “Moderniatate” itxura bat, eurena balioek irautlza izan zen, euren gurasoen balioen aurka “antzinalo balioen aurka: disfrutatzea, teknologia, Mendebaldeko moda eta abar…

  2. Artikulu ona, bai.
    Irudiari buruz, hau esango nuke: ulergaitza egiten dena aita santuaren irudia agertzea da. Izan ere, jerarkia katolikoa da kristautasunaren mezuaren antipodetan dagoena. Niri, adibidez, Jesus eta Marxen irudiak elkarren ondoan ikustea iradokitzailea egiten zait beste ezer baino gehiago.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA