Home

ATEA BOTA ONDORENGOAK
[Goizeko seiak. Etxerako maldan gora ziztu bizian datozen autoen zaratak esnatu gintuen. Txakurrak! Minutu gutxiren buruan, sarrerako atetzarra botata barruan zeuden armekin destatzen gintuzten mozorrodunak: altxa besoak, etzan lurrean, eskuak atzera, eskuburdinak, «zure izena!», ostikada. Bukatu da aldi bat. Hasi da beste bat. Jarraitzen du borrokak].

IDENTIFIKAZIOA
Nor naizen. Ez dut agiri beharrik, neronek esaten duen huraxe naiz: Lurrean ahuspez, eskuak bizkarrean lotuta, mozorrodunak buruan ostikada joz, ton nom!, nortasuna eskatzerakoan, deus esateko ez duela erantzuten duena naiz. Emaztearen senarra. Semearen aita. Euskalduna. Euskal Herriaren aldeko borrokalaria.

ITZULTZAILEA
Elkar ulertzen ez duten bi pertsonen arteko komunikazioa bideratzen duen hirugarren pertsona da itzultzailea. Baina zertarako da bat-bateko itzultzailea bi pertsona horien artean hizkuntza komuna dagoenean, eta ustez itzuli beharrekoa jadanik ulertua izan denean.

Zertarako da bat-bateko itzultzailea, bi pertsona horietako batek, jadanik ondo ulertu duen galderari itzultzaileak ulertzen ez duen hirugarren hizkuntza batean erantzuten duenean?

Poliziak frantsesez egiten du.
Bahituak frantsesez badaki.
Itzultzaileak frantsesetik gaztelerara itzultzen dio Bahituari.
Bahituak ez du ahorik irekitzen.

Galdeketarekin jarraitzen du poliziak, harik eta frantsesez egin eta gaztelerara itzulitako galderari, Bahituak Itzultzaileari euskaraz erantzuten dion arte:

POLIZIAK: Nationalité?
ITZULTZAILEAK: Nacionalidad?
BAHITUAK: Euskal herritarra.

“Euskal Herriaren askatasun borroka dela-eta, noizbait etsaien eskuetan erori eta bahituta izateko arriskua duenak ez luke zertan ondoan datorrena irakurri, tamalez, lerro hauen iturburuan dagoen egoera latza bere kabuz deskubritzeko aukera izango baitu. Gainera, ez du orriotan aurkituko biziko duen egoera horri aurre egiteko bide orririk. Ez baitago egoera horri aurre egiteko formula magikorik, duintasuna kosta ahala kosta gordetzea ez bada. Haien eskuetan gaudenean kendu ez diezaguketen bakarra horixe da eta”.

Mikel Antza.

LIBURUA IRAKURRI >>>>>

Ataramiñe euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen sorkuntza lanak sustatu eta argitaratzeaz arduratzen da. Errepresaliatuen gogoetak, sentimenduak edo bizipenak lau haizetara hedatzea da gure nahia. Espetxea, erbestea eta deportazioa Euskal Herriari estuki loturik dauden errealitateak dira, zure, gure, haien azaleko zaurietan itsatsirik gelditu direnak. Murgildu zaitez deportatuaren askatasun hertsian, isolamenduaren gogorrean. Irakurri itzazu eta idatz iezaiezu. Asko daukate esateko eta guk asko aditzeko.

www.literaturakoadernoak.org

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA