Home

emakumeak

Nahia eta Garazi – Topatu

Hainbat herrialde zapaldutako emakumeen borrokak izan ditugu hizpide, baina, gu zer? Euskal Herrian bizi gara, nazio zapaldu batean, klase langilerian kokatzen gara, burgesiak zapaldutako klasean hain zuzen ere, eta emakume gara, genero zapalkuntza pairatzen dugu. Zapalkuntza hirukoitza jasaten dugu. Eta, egoera horren aurrean zer? Zer egin dugu? Zer egiten ari gara? Eta, etorkizunean zer egin genezake?

Gure zilborretik begirada altxatzea ez dator batere gaizki, azken finean, asko dugu beste herri zapalduengandik ikasteko: borroka moldeak, antolakuntza ereduak, proiektu politikoak etab. Baina, gure burua ezagutzen ez badugu, ez goaz inora. Horregatik, beharrezkoa ikusten dugu Euskal Herrian Mugimendu Feministak izandako bilakaeraz hitz egitea.

Euskal Herrian garatu diren feminismoaren joera teorikoak nazioartean garatutakoen isla izan dira. Baina, 70. hamarkadan herri honek jasaten zuen egoera politikoak eta herri zapaldua izateak zuzenean eragin zuen Euskal Herriko Mugimendu Feministaren hastapenetan.

Euskal Feminismoaren sorrera Ipar Euskal Herrian kokatzen dela esan daiteke, 1974. urtean, Ezker Abertzalean militatzen zuten emakumeen egoera aztertzeko asmoarekin. Ordura arte, erakunde mixtoetan militatu izan zuten emakumeek, espazio propiorik hartu gabe. Une horretan, ikusi zuten genero zapalkuntzari aurre egiteko elkartu beharra zutela. Garaiko emakumeek, nahiz eta Frantziako mugimendu feministan oinarritu, ideia hauek praktika politiko abertzalearekin uztartzeko beharra ikusi zuten. 1976an Euskal Emazteak Beren Askatasunaren Alde (EEBAA) sortu zen, Euskal Herriko emakume langileek jasaten duten zapalkuntza identifikatzeko asmoarekin, eta zapalkuntza hirukoitzaren kontzeptua proposatu zuten: sexu, klase eta nazio zapalkuntza.

EEBAA, KASeko hainbat kidek eta inguruko feminista batzuk, KAS Emakumeak sortu zuten 1978an Hego Euskal Herrian, gauzatzen ari zen erreforma politikoari aurre egiteko asmoz. KASek zituen helburu estrategikoei (Euskadi independientea, sozialista, batua eta euskalduna) Euskal Herri ez-patriarkarra gehitu zioten. Horretarako, lau helburu zehaztu zituzten: sexuaren araberako lan-banaketa indargabetzea, nork bere gorputza kontrolatzea, sexu harremanen garapen librea eta berdintasunezko parte hartzea (kudeaketa politiko eta ekonomikoan).

80. hamarkadan, Aizan! Erakundea sortu zuten, eta nahiz eta KASen barruan ez egon, borroka feminista gainontzeko borrokekin erlazionatzen zuen. Euskal emakumearen egoera azaltzeko, Marxismoan oinarritu ziren, Euskal Emakume Langilearen kontzeptua sortuz zapalkuntza hirukoitzean sakondu ahal izateko.

1984ean, Euskadiko Emakumeen Bigarren Topaketa hegoaldeko emakume asanbladekin batera antolatu zen. Bertan, Aizan!-ek azpimarratu zuen emakumeen eskubideen aldeko borroka nazio eta klase borrokarekin uztartzearen garrantzia. Ikusi zuen emakumeen askapen borroka ez zela bigarren plano batean geratu behar, eta planteatu zuen euskal emakume langilearen askapena aurrera eramateko ezinbestekoa zela nazio eta klase eskubideak lortzea.

1987an, Ezker Abertzaleak KAS-en barnean kokatuko zen erakunde feminista sortzeko hautua egin zuen: Egizan. Baina, eraketa prozesu argi utzi zuen Europako ezkerreko mugimendu iraultzaileek feminismoari buruz zituzten topiko berdinak gurean ere errotuta zeudela: feminismoa burgesa zela, arrazoi sozial eta nazionalak kontutan ez izatea leporatzen zuten (dute), erakunde espezifiko baten sorrera beharrezkoa ez zuten (dute) ikusten etab. Kritika horiek guztiak jaso arren, aurrera eraman zen Egizan, emakumeentzako borroka borroka-eremu espezifiko bezala definituz. Mugimendu feminista subjektu politiko bihurtzeko beharra azpimarratu zuen, honela, subjektu politiko feminista berriak eratzeko hautua hartuz.

90. hamarkadatik aurrera, Feminismoa erakundetzeko ekimenek mugimendu feminista ahuldu zuten (INAM, Emakunde). Borroka feminista beharrezkoa ez zenaren ideia zabaltzen zen heinean, militante kopurua ere jaisten zen. Testuinguru horretan, Euskadiko Emakumeen III. Jardunaldiak antolatu ziren Euskal Mugimendu Feministaren inguruan hausnartzeko, batez ere, diskurtso eta praktika gaurkotzearen beharrarekin.

2000. urteko Emakumeon Mundu Martxa antolatzeko, feministek lehen Plataforma Nazionala antolatu zuten. Nahiz eta plataforma horrek, sortu ziren liskarrengatik, ez zuen etorkizun handirik izan, 2001eko martxoaren 8an 200 emakume abertzalek Berdintasunean oinarritutako Euskal Herria sortzera goaz adierazpena sinatu zuten. Horrela, urte amaieran, Emakume Abertzaleen I. Topaketak antolatu ziren.

Topaketa horietan emakume abertzaleen saretzea beharrezkoa ikusita, 2002an Euskal Herriko Bilgune Feminista sortu zuten. Helburu zehatz hauek betetzeko tresna gisa sortu zuten: Euskal Herriko burujabetza feministarako bidea jorratzea, Euskal Herrian eraldaketa politiko eta sozialerako abian dauden prozesu kolektiboetan ikuspegi feminista txertatzea, “berdintasun faltsuarekin” amaitzea, gaur egungo harremanetan dauden kalteak azalaraztea eta emakume abertzale feministon sarea indartzea. Dagoeneko bost topaketa gehiago antolatu ditu kolektibo horrek, Euskal Herriko mugimendu feministaren erreferente bilakatuz.

Urteetako borroka horien ondorio da gaur egungo Ezker Abertzaleko erakundeek feminismoa haien helburu estrategikoetan sartu izana eta barne-prozesu feministak martxan jarri izana, erakunde mixtoetan ere emakumeentzako espazio propioak sortuz, erakundeak feministak izatea lortzeko helburuarekin.

Borroka luzea izan da eta izanen da oraindik ere. Artikulu honetan ezin izan dugu azken hamarkadetan Euskal Herrian Mugimendu Feministak egin duen lan guztia islatu, ezinezkoa baita. Argazki orokor bat ateratzen saiatu gara, eta konsziente gara gauza asko bidean utzi dugula, bidea ez batia erraza izan. Aurrera pauso, korapilo, ez adostasun, hausnarketa, atzera pauso, eta berriz ere aurrera pauso asko egon delako. Horregatik, zuen ekarpenak irakurri nahiko genituzke. Gune hau ez baitago bakarrik eztabaidarako irekita. Bota ba zuen iritziz prozesu honetan esanguratsua iruditzen zaizuena!

1 thoughts on “Lehen urratsa: Euskal Herria

  1. Mila esker argazkiagatik.

    Feminismoa ezker abertzalearen ildo “tronkal” bilakatu izanak ezinbestelo aurrerapausoa ikusten dut.

    Eta gizonok lan erreproduktiboan espazioa bereganatuko beharko genuke (adibidez), benetako maskulinitatearen eskubideak defendituz.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA