Home

silencio

Irune Iturbe / klitto

Entzun dezaket, baina gor egon nahi dut. Hitz egin dezaket, baina mutu egon nahi dut. Behin, birritan, hirutan,.. zenbatetan?

Nire buruarekin etengabeko guda batean sartuta, ezin atera. Nondik atera da kremailera hori? Nork josi ote dit?

Klasean nago. Erantzuna badaukat, nire buruak behin eta berriz erantzuten dio galderari, baina ni, ordea, isilik nago, beste ahots grabeago batek erantzungo du, tenore baten doinuan, gainera, eta erantzundakoari heltzera bakarrik mugatzen naiz ni.

Bitartean, egonezina dut, burmuinetik gora-behera, neurona batetik bestera, mihia irensteko agindua bidaltzen didalarik. Orain, galderak nire buruan, eta ez inguruan. Konfidantza ezak eramaten nau horrela jokatzera, nire ahoa kremailera bati josita egongo balitz moduan. Ezin ireki, ezin kendu, maisuaren -eta ez beste inoren- papera betetzen duen bitartean.

Sarri lanean nago, bilera batean, baina gor eta mutu. Kalean nago, erosketak egiten, baina gor eta mutu. Taberna batean nago, poteoan, baina gor-mutu. Esparru guztietan horrela!

Betidanik isilik mantendu naiz, nire emaitza baliogabetzen, nire buruari ikasteko aukera ukatzen, erantzuna irensten.

Ahots galdua eta entzumena desaktibatua duen emakumearen itxura hartzen diot nire buruari. Badaezpada, itxuran lasai, gainontzekoak ohartu ez daitezen; mentalki, berriz, gora-behera, itsututa, nazkatuta.

Oraindik ez naiz ohartu, baina entzuten dudan hein berean, hitz egin dezaket. Guda horrekin amaitu, ahotsa “contralto” batean entonatuz, lanean, kalean edota tabernan… edozein unean! Isiltasuna behingoz isilaraziz.

Hauxe baita nire buruari idazten diodan oharrik garrantzitsuena, hemendik aurrera ahaztu ezina izango dena.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA