Home

Ikasle Abertzaleak

Aurrekoa “Desobedientziaz irauli!” astea izan zen. Honek erreformen diagnostikoa egitea zuen helburu hezigunez hezigune, ikastetxeetan eta unibertsitateetan. Diagnostikoen bidez hezigune bakoitzean erreformen inposaketa zein egoeratan dagoen aztertu ahal izan dugu, inposatzaileak markatuz. Gainera, desobedientziarako bidea egiten hasi gara: zuzendaritzarekin bildu arte klaseetara ez sartzen, sentadak eginez, zuzendaritza markatz, UPVko errektorearekin EU2015n inguruan hitzegiteko bilkura lortu arte fakultateak blokeatzen… Hezkuntza ertainean LOMCE eta Heziberri, eta unibertsitateetan EU2015 ikasle borrokaz gelditzeko eta hezkuntza herritik eta herriaren mesedetan jartzeko behar handia dago eta horretarako desobedientzia eraikitzailea jada garatzen hastea beharrezkoa da.

Hona hemen aurreko asteko hainbat ekimen:

Oarsoaldea



Azaroak 27, Andoni Ortuzarrek Oiartzunen eman behar zuen hitzaldiaren aurrean, Oarsoaldeako ikasleok kontzentrazio zaratatsua burutzeko deialdia egin genuen, Heziberriren aurkako jarrera erakusteko asmoz.

Arratsaldeko 19:00etan HEZIBERRI=EUSKAL LOMCE pankartaren atzean elkartu ginen 70 bat herritar, kalez jantzitako polizia artean.

Ortuzar iritsi zenean, txistu eta oihu artean irribarre ironiko batez agurtu gintuen eskua altxatuz. Gainera hitzaldira zihoazen entzuleetako batzuk keinu lotsagarriak egin zizkiguten, haien heldutasun falta argi eta garbi erakutsiz.

Barnean zeudela, mugikorrekin grabatzeari ekin zioten eta honen aurrean atera hurbiltzera erabaki genuen. Tentsio momentu baten ondoren sirena hotsak entzun eta porraz zein gomazko pilota modukoak jaurtitzen dituzten eskopetekin armatutako ertzainek jarrera oldarkorrez inguratu gintuzten, hitzaldia burutuko zen liburutegitik asko aldenduz.

Gure jarrera erabat lasaia zen bitartean ezer egin ez zuten 3 gazte identifikatu zituzten, 600€ ko isuna jasoko dutela adieraziz. Honen aurrean kontzentrazioa bertan behera uztea erabaki genuen, identifikazio gehiago egon ez zitezen.

Atzoko gertaeren aurrean PNVri adierazi nahi diogu beraien aurrean egoten jarraituko dugula eta ez gaituztela beldurtuko. Heziberri plana bertan behera utzi arte borrokan tinko jarraituko dugu!

HEZIBERRIri EZ! GUK EUSKAL ESKOLA NAZIONALA!

oarso6
—————

Goierri

IMG-20141127-WA0002-1024x768

Zarautz

Zarautz2

Donostia

Luberri

Bilbo

ICE ikastetxearen kasuan aste osoa burrunbadak eta kontzentrak egiten ibili ziren. Azkenean, eserialdien bidez irakasleekin batzea eta astearterako biltzar bat finkatzea lortu zuten, benetan ikastetxean zuzendaritzak LOMCE nola inposatuko duen jakiteko edo desobedientzia nola egingo zaion adosteko.

Ibarrekolanda

>> “A27 eta gero zer?” ARGIPENAREN PDFa <<


Topatu.info-ren kronika:

Ehunka ikasle bildu dira EHUko Leioako Campusean EU2015 unibertsitate erreforma gaitzetsi eta herritik eta herriarentzat eraikia izango den hezkuntza sistema aldarrikatzeko. Martxak campus osoa zeharkatu ostean Errektoretzara sartzen ahalegindu dira lau ikasle Iñaki Goirizelaia errektorearekin hitz egitera. Eskari argi bat egin nahi izan diote: erreformak ez aplikatu eta herriaren mesedetan egongo den hezkuntza sistema eraikitzeko trantsizio mahai bat osatzea unibertsitateko zuzendaritzak eta ikasleek. Horrekin batera, baita ere euskaraz eta baldintza duinetan ikasteko eskubidea bermatzea. Elkarrizketarako prestutasunik ez duela ikusita, martxa lautan banatu eta Zuzenbide, Zientziak, Medikuntza eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateak okupatu dituzte. Lehenengoan errektoreordetza eta beste hiruetan dekanotzak, hain justu.

Gorizelaiarekin telefonoz hitz egitea lortu dute, eta hark ez du lehentasun gisa hartu gaia: “Hamabost egunean behintzat beteta dut agenda”. Bere ordez errektoreordea eta bitartekari bat bidali ditu ikasleengana, eta adostu dute asteartean bilduko direla Goirizelaia, bere taldea eta Ikasle Abertzaleetako ordezkariak. “Helburua hau zen, lortu dugu, baina borroka hasi besterik ez da egin”, adierazi dute ikasleek okupazioari amaiera emanez.

EHUko ikastegien berrantolaketa onartuko dute gaur, eta hori dela eta antolatu dute Ikasle Abertzaleek mobilizazio astea.

Ikasle Abertzaleaken irakurketa:

Azken urte hauetan eta batez ere Bologna plana aplikatu zutenetik, gure herriko unibertsitate publikoa izan beharko lukeen EHUren aurkako erasoak pairatzen dihardugu. Gainera, eraso hauek ez daude unibertsitatera zuzenduta bakarrik, baizik eta hezkuntza sistema osoan zapalkuntzak areagotzera. Aurreko urtean LOMCErekin saiatu ziren, eta orain EU2015 inposatzera datoz. Europar Batasunaren unibertsitatetarako estrategia GATS akordioan eta EE2020 estrategian oinarritzen dira, eta hauek zerbitzuen pribatizazioa (“liberalizazioa” deitzen dutena) dute helburu nagusienetakoa, hezkuntzarena besteak beste.

Estrategiaren helburuok markatutako datetarako bete ezean Estatu sinatzaileei santzioak egingo zaizkie, eta beraz, estatu espainiarra sinatzaile den heinean EU2015 aurrera eramango du. Era berean, EHUk bere 2017ra arteko Plan Estrategikoan EU2015 goraipatzen du, eta hori dela eta, aurrera eramango duela aurreikusten dugu, isilpean izan arren.

Hori dela eta, EU2015 ikasleoi eta Euskal Langile Herriari erabateko eraso larria den heinean, hau guri inposatu ezin izateko bermeak lortu behar ditugu. Honegatik Ikasle Abertzaleok EHUko errektoretza taldeari eta Eusko Jaurlaritzari honako hau eskatzen diogu:

  1. EU2015 eta 3+2 erreformak ez onartu eta aplikazioa ekiditera konprometitu daitezen. Ez dugu onartuko gure hezkuntza merkatuaren mesedetara egoteko errentagarritasunean, indibidualismoan eta lehian oinarritutako neurriak hartzea, ez eta jakintza eta kapital soziala eta gure etorkizuna bera ere,  esku pribatuetan uztea.
  1. Gaur egun bermatzen ez diren euskaraz ikasteko eskubidea eta ikas baldintza duinak berma ditzaten. Gure hizkuntzaren normalizaziorako pausoak ematen hastea exigitzen diegu. Bestalde, edozein herritarrek unibertsitatean baldintza duinetan ikastea bermatzea eskatzen diegu.
  1. Unibertsitatea herriaren mesedera jartzeko neurriak diseinatu eta martxan jartzeko ikasleokin batera trantsizio mahai bat sortzera konprometitzea. Honela ikasleok hainbestetan eskatu dugun herritik eta herriarentzat den hezkuntza bat eraikitzerako bidean kokatzeko.

Honetarako EHUko errektoretza taldeari gurekin negoziazio mahai bat sortzeko eskatzen diogu. Mahai hau, ikasleon nahiak eta beharrak errespetatuko dituztela bermatzeko beharrezkoa da, negoziazio mahai hau gabe, ez dugu inolako bermerik. Guk, mahai honetara ikasleon iritzia eta erabakiak eramateko fakultate guztietako gela guztietaraino helduko den prozesu parte-hartzailea martxan jartzeko asmoa dugu, baina erabakiok kontuan hartuko direnaren bermeak behar ditugu.

Hau hala izanik, Iñaki Goirizelaia eta errektoretza taldea bera gurekin batera negoziazio mahai hau egitera konprometitu eta lehen bileraren data jarri arte errektoreordetzan eta fakultatetako dekanotzetan itxialdian geldituko gara. Ez dugu onartuko inondik inora gure aldarrikapenei muzin egitea eta hartaz, modu mugagabean hemen geratuko gara unibertsitatearen funtzionamendua etenduz, berebiziko premia duen mahai hau sortuko denaren bermeak izan arte.

STOP EU2015!

Gora ikasleon borroka!

Eraiki dezagun hezkuntza herritik eta herriarentzat!

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA