Home

Errebalidei planto!

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Ikasle Abertzaleak

 “Hau ez da gure hezkuntza” kaleetan ozen oihukatu genuenetik ez da denbora asko pasa, eta iadanik kurtso amaiera usaintzen ari garen honetan, pare bat klase aste geratzen direla behin eta berriz esaten digute irakasleek, laister azterketak datoztela, azken “sprinta” geratzen zaigula eta erabaki beharra daukagula (beste kasu batzuetan pentsatzen hasi beharra daukagula) hurrengo urtetan zer ikasi nahi dugun, nora joango garen, etab luze bat. Azken txanpa honetan hezkuntza kapitalista bere azken ukituak ematen hasten da langile klaseko ikasleoi, egokien beteko duen soldatapeko lanera bultzatzeko asmoz.

Ikasturte osoan garatu ditugun borrokek hainbat lorpen eta irakaspen ekarri dizkigute. Ikastetxe bakoitzean aurrera eramandako borroka eta praktika intsumisoetatik elikatuz eta akatsetatik ikasiz indartsuagoak egin gara. Urte guztiko lan-karga akademikoen, irakasle zein bestelako presioen nekea nabari dugu, baina kontuz! Ikasturtea ez da oraindik amaitu, heziguneetako borroka dinamikak amaitu ez diren bezala. Azterketa arrotz eta zapaltzaileak datoz, eta nekeak ezin gaitu ezbaian harrapatu! Zein dira ordea azterketa arrotz eta zapaltzaile hauek? PISA batetik, eta LOMCE erreformaren baitan egin beharreko froga edo Errebalida bestetik.

PISA, 3 urtez behin, 15 urteko ikasleek egiten duten kanpo azterketa inposatua da. 3 distiplinatan neurtzen den (matematika, hizkuntza eta zientzia) mundu mailako ebaluazio sistema bat hain zuzen ere. Zehatzagoak izanda, OCDE (Organización para la Coperación y Desarrollo Economico) izeneko antolakundeak (35 erdigune inperialistetako estatuk parte hartzen dutenak) sortutako ebaluazioa da hau. Antolakunde hau hobeto ezagutzeko gerturapen bat egitearren, batetik, bere helburua “hazkunde ekonomikoa eta munduko merkataritza hedatzea” dela esan genezake. Eta bestetik, Azterketa hau egiteko aitzaki nagusia: “herrialde bakoitzeko ikasleen gaitasun maila aztertzea, ondoren hezkuntza politikan hainbat egokitzapen egiteko” izan ohi dela (nola ez, beste mila gauzekin bezala, gure hitza eta beharrak kontuan izan gabe) jakitea.

Badakigu ordea, funtsean, Beraien ikasle prototipoa (sumiso, akritiko, despolitizatu eta balore kapitalistekin heziak) ahalik eta egokien garatzeko helburuari jarraiki, tarteka horrelako frogak egin beharrean daudela, euren politikak “fintzeko”. Hau kontuan izanik, argi izan behar dugu, azterketa hauek atzetik hainbat helburu daudela, batzuk aipatze aldera, ikasleen konpetentzia sustatzea, ikastetxe gutxi batzuk duten kurrikulumaren autonomia baldintzatzea, kapital metaketa errentagarriagoa izateko edo soldatapeko lan garrantzitsuenei lehentasuna eta zentralitatea ematea, bezalakoak aipatu genitzazke. Guztiak lehenago aipatutako ikasle edo pertsona prototipo jakin bat sortzeko helburuari erantzuten diote noski. Azterketa hauek apirilaren 16etik maiatzaren 4 bitarte burutuko dira.

Errebalidak deiturikoak berriz, PISAren formato antzekoa duten beste kanpo ebaluazio frogak dira. Aurreko urtetik, lehen hezkuntzan, DBHko 4. mailan eta Batxilergoko 2.mailan egiten direlarik. Azterketa hauen inplementazioa LOMCE erreformak ezarri zuen estatu espainiarreko ikastetxeetan, eta funtsean PISAren oso antzekoak dira, interes berdinak bultzatzen dituztelako. Kasu honetan ordea, estatu mailako azterketak dira eta emaitzen rankina ikastetxeka izaten da, logika beraren baitan helburu jakin batzuetan gehiago sakontzen duelarik. Gure herriaren izaera eta existentziaren ukapen sistematikoa egitea (euskararen balio akademikoa jeitsiz, instituzio burgesetatik inposatutako lurraldetasun mugak lejitimatuz…), genero zapalkuntzan sakontzea (mutil edo neskaz bakarrik osatutako heziguneei mota ezberdinetako babesa emanez,…) edo ikasleon akritikotasuna indartzea (erlijioari indar gehiago emanez,…) adibidez. Aipatutako errebalida hauek, Maiatzaren 7tik 18ra bitarte burutuko dira.

Hau honela, ikasleok, hezkuntza komunitateko beste sektore batzuekin batera, sistema kapitalistaren erreprodukzioa helburu duen zapalkuntza forma hauen aurrean, intsumisio praktika ezberdinak martxan jartzeko hautua egin dugu, gure mesedetara eraikiak ez diren hezkuntza bateko ebaluazioak ez direlako gureak! Sistema hau elikatzera bideratutako antzerki oro baztertuko dugu, motzean esanda ez gaituelako errepresentatzen, ikasleok, Euskal Herriko langile klaseko kideok, ez dugulako bizi guztia kateaturik edukiko gaituzten kateak sendotzen lagunduko, gure lana kateak suntsitzea da!

Aitzitik, errebalida eta PISAri planto egingo diogun moduan, zapalduon hezkuntza eraikitzen jarraitu behar dugu, kateak suntsitzera eta Euskal eskola Nazionala sortzera bidean gure gaitasun propioa eraiki eta saretuz. Horregatik, ikasleria guztia azterketa arrotz hauei planto egiteko “hau ez da gure hezkuntza: PISA eta errebalidei planto” dinamikara batzea eta Ikasle Abertzaleak antolakundeak sustatuko dituen planto protokoloak (e-mail honetara idatziz hazia.ikasleabertzaleak@riseup.net) eskuratzea animatzen dugu. Dakigunez, PISA egiten den ikastetxe guztietan izango dira Errebalidak.

Azkenik, gogora ekarri nahi dugu, ikastetxe batzuetan azterketa edo froga hauek egingo ez badira ere, inguruko ikastetxeetako ikasleek asko eskertuko dutela gure elkartasun eta babesa, beraz ezinbestekoa izango zaigu elkartasun hau saretu, eta gure kideei intsumisio praktika hauetan laguntzea, animo eta aurrera!

Gora ikasleon borroka!

Antolatu eta intsumitu!

Hau ez da gure hezkuntza: PISA eta LOMCEri planto!

 

IMG_6007

1 thoughts on “Hau ez da gure hezkuntza: Pisa eta errebalidei planto!

  1. Pingback-a: ¿Qué ocultan tras relatos, memorias e historias? – La Patria Grande

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA