Home

uib

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Unibertsitateko Indar Batasuna (UIB)

Leioako Campusean bildu gara hamarnaka ikasle, UIBren sorreraren berri emateko. Hego Euskal Herriko Campus ezberdinetako ikasleak batu gara, unibertsitate esparruan sufritzen ditugun ezintasun, muga eta zapalkuntza ezberdinei erantzun bateratua antolatzen ari garela azaltzeko.

Unibertsitateko Indar Batasuna (UIB), ordea, ez da ikasle eragile bat gehiago. Ikasle mugimenduan dinamika askoren parte izan garen ikasleak gara gaur hemen elkartu garenok. Indar ezberdinak batuz, Euskal Herriko Unibertsitate eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan langile sektore ezberdinen bizi baldintzak hobetzea da gure hautua eta xedea.

Gaur egungo unibertsitate ereduak, lan poltsa internazionalen arabera funtzionatzen du. Hau da, sistema kapitalista globalizatuaren dinamikari erantzuten dion instituzio bat da, eta horrek hainbat forma hartzen ditu unibertsitatearen baitan eta geografia ezberdinen arabera. Inbertsio enpresa ahalguztidunek eskaintzen dituzten lan kualifikatuak erakusten dira, geografikoki errentagarriak diren jakintza zientifiko eta prestakuntza laborala eskaintzen delarik unibertsitate bakoitzean. Horren hainbat adibide aurki ditzakegu, izan “El Correo”-rekin zuzenean lotuta dauden kazetaritza masterrak, edota izan langile ahalik eta kualifikatuenak sortzera bidean Mercedes enpresak Gasteizko Ingenieritza eskolan sortutako ikasgaiak. Adibide horietan argi ikusi dezakegu unibertsitate honetan ikasleok jasotzen dugun edukia edo ikerlariek jorratu behar izaten duten edukia, zuzen-zuzenean enpresa handien interesetara bideratuak egoten direla. Bestetik, ekoizten den edukiaz gain, unibertsitate esparruan lanean dabiltzan eta ikasketa prozesua gauzatzen ari diren ikasleek gero eta baldintza gogorragoetan aritu behar izaten dute. Kasu gordin ugari ditugu gaurko egunean, izan hilabete amaierara iristea zaila duten garbitzaileen baldintzak, izan unibertsitateak exijitzen dien alokairuaren prezioaren ondorioz kafetegiak eta kopistegiak istera behartuta dauden langileak, izan ikasleek ordaindu behar duten diru kopuru guztia ikasketak aurrera atera ahal izateko, edo eta ikerlariek bekak jasotzeko dituzten oztopo guztiak.

Unibertsitate esparruko egoera oso lazgarria da, eta gure gaitasunak eta bizi baldintzak gero eta gordinagoak bihurtu dira. Horren aurrean, egoerari buelta erdi eman behar diogu, eta unibertsitatean beharrezkoak ikusten ditugun aldaketak egikaritu behar ditugu. Etengabeak dira gure azalean jasaten ditugun erasoaldiak; hala ere, erasoaldi horiek ez ditugu kalte isolatu bezala identifikatu behar, unibertsitate esparruan gehiengoak jasaten duen zapalkuntza moduan baizik. Unibertsitate mailan inongo erabakitze gaitasunik eta botererik ez duen subjektuak jasaten duen zapalkuntza da honakoa, eta horren aurrean gu guztiok batu behar gara. Egunerokotasunean sufritzen ditugun oldarraldi horien guztien aurrean defentsa antolatzea dagokigu. Unibertsitate mailan beharrezko ikusten ditugun aldaketak aurrera eraman behar ditugu, horrela, gure bizi baldintzen gain erabaki ahalmen gutxien dugunon gaitasun politiko, ekonomiko eta sozialak hobetu daitezen.

Euskal Herriko hainbat unibertsitatetan, ugariak izan dira ikasle prekarizatuenen eta bestelako kapa proletarizatuen aurkako araudi, lege edo baldintza baten aurrean, martxan jarritako borrokak eta aldarrikapenak. Erasoaldi zehatzei erantzun bat emateko antolatu gara behin baino gehiagotan. Horren adibide ditugu Bologna prozesuan Europako inposizio hau geratzeko borrokatzea, garbitzaileek 2017ko urrian beraien lan baldintza kaxkarren aurka grebara irtetea, ikerlariek beka jasotzeko dituzten zailtasunak salatzea, NUPeko euskararen egoera tamalgarriaren aurrean honen aldeko kanpainak gauzatzea, edota iazko martxoak 8an irakasle baten erasoari aurre egiteko talde feministek borroka antolatzea. Hamaika izan dira geure baitan sufritutako latzeriei aurre egiteko asmotan garatu ditugun borrokak.

Unibertsitateko Indar Batasunaren bidez, unibertsitate esparruan beharrezkoak ikusten diren aldarrikapen eta aldaketa modu bateratuan gauzatuko ditugu. Zapalkuntzak pairatzen ditugun subjektuontzat, hots, unibertsitateetako langile sektore zabalentzat, beharrezkoak zaizkigun baldintzen hobekuntzak gauzatzen joango gara, eta horretarako gu guztion batasuna beharrezkoa izango dugu. Indarrak batuz, gaitasunak biderkatu da gure lema, eta horixe da gure proposamena. Orotariko zapalkuntzak jasaten ditugunon indarrak batuz gero, gure egoera iraultzeko eta gure aldarrikapen eta exijentziak gauzatzeko gaitasun handiagoa izango dugu. Beraz, antolakuntza tresna honen bitartez, gure ikas zein lan baldintzak hobetzera gatoz, modu honetara lortuko baititugo hain beharrezko ditugun garaipenak eta hobekuntzak.

Ez gatoz, ordea, hobekuntzen gorazarre abstraktu bat egitera. UIB unibertsitateko langileon hobekuntza material eta zehatzak erdiesteko jaio da, eta aldarrikapen konkretu batekin gatoz.

Izan ere, prentsaurreko hau UIBren aurkezpenaz harago, gure lehenengo dinamikaren berri emateko antolatu dugu. Gure iparroratza den ikas baldintzen hobekuntzari jarraiki, EHUko legediaren 12. artikuluko 2. puntua kentzearen aldeko dinamika jarri dugu martxan.

Argi dago gaur indarrean dagoen ebaluazio arautegiak ikasleen interesak erabat mugatzen dituela. Zehazki ebaluazio arautegiak, ikasleak etorkizuneko lanean beharrezko izango dituen jokamolde eta ohiturak barneratzeko egina dago, hau da, lanaren banaketak exigitzen dituen forma berrietara egokitzeko egina: diziplinamendua, erritmo azkarrak, konpententziak ikasleon artean, nagusiaren behar eta nahiaren arabera zure bizia moldatu beharra une oro. Honek guztiak eragin zuzena du gure egoera animikoan, ikasgai guztietara iritsi ezinak, ikasleon artean dugun konpetitibitateak, azterketak ez gainditzeak… frustaziora eta egonezinera eramaten gaituztelarik zuzen- zuzenean. 12. 2 artikulua eta gure aldarrikapena ere zentzu honetan ulertu behar dugu.

Horrela dio araudiak:

12. artikulua – Deialdiari uko egitea.
2.- Etengabeko ebaluazioaren kasuan, deialdiari uko egin nahi dioten ikasleek kasuan kasuko irakasgaiaren irakaskuntza aldia bukatu baino, gutxienez, hilabete lehenago egin beharko dute eskaria. Eskari hori idatziz aurkeztu beharko zaio irakasgaiaren ardura duen irakasleari.

12.2 artikulua irakurrita honako ondorioa ateratzen dugu: irakasgaiaren irakaskuntza aldia bukatu baino hilabete lehenago, ikasleriari zail egiten zaigula zehazki ikasgai bakoitzarekin zer eta nola lan egin behar dugun erabakitzea. Eta beraz, hilabete lehenago aukeraketa bat egiteak gure ikasketa prozesua erabat baldintzatzen duela. Honakoa da gure aldarrikapen zehatza: 12. 2 artikulua bertan behera uztea. Etengabeko ebaluazioa hautatuz gero, ikasleok deialdiari uko egiteko aukera izan dezagun kasuan kasuko irakasgaiaren irakaskuntza aldia bukatu arte.

Aldarrikapen hau gauzatu ahal izateko, alde batetik ezinbestekoa ikusten dugu errektoretzaren papera. Jakina baita, errektoretzak horrelako erabaki eta aldaketetan duen eskumen eta erabakimena. Eta beste alde batetik, Gradu Batzordeari arduraz jokatzeko eskatzen diogu, eta aldarrikapen hau aurrera eramateko dituen baliabide guztiak martxan jar ditzan eskatzen diogu. Ikaslerarien behar eta interesetara egokitua egongo den ebaluazio arautegiaren bidean, gaur gaurkoz, aldaketa hau gauzatzea eskatzen dugu, eta aldaketa hau ahalik eta azkarren onar dadin eskatzen dugu.

Guk bien bitartean, aldarrikapen hau gauzatzera bidean, dinamika bat martxan jarri dugu. Hasteko eta behin, martxoak 12tik aurrera, firma bilketa gauzatzen ari gara EHUko Campus guztietan, errektoretzak jakin dezan ikasleriaren gehiengoaren behar eta nahia dela 12.2 artikulua aldatzea.

Aipatutako guztiagatik, unibertsitateko ikasleei eta orokorrean langile sektore ezberdinei dei egiten diogu dinamika honen parte izan eta ikas baldintzen hobekuntzan pausu bat ematera. Indar batasunaren bidez lortuko dugu ikas eta lan baldintzen hobekuntzak erdiestea. Orain 12.2 artikulua kentzearen alde, honen ondoren pausu handiago eta indartsuagoa.

12.2 ALDATU, ERABAKIA EDONOIZ!

Gora langileon borroka!

Gora UIB!

1 thoughts on “Unibertsitateko Indar Batasuna sortu da

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA