Home

11928498_1

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea : ELEAK mugimendua

Arabako Probintzia Auzitegiak atzera bota du Xuban Nafarrete gasteiztarrak Ertzaintzaren kontra jarritako salaketa. 2012ko martxoaren 29an, lan erreformari erantzuteko greba orokor egunarekin, Ertzaintzak Gasteizen kargatu eta gomazko pilota batek buruan jo zion gazteari. Kolpe horren ondorioz, ospitalean egon behar izan zuen gazteak sei egunez, eta luze jo zuen ondoren osatzeak. Kaltetuak aurkeztutako ebidentzia argi guztiei ezikusiarena egin, eta orain, hiru urte geroago, Probintzia Auzitegiak ebatzi du buruko zauria ez zela pilotakada baten ondorio izan.

Ertzaintzaren arrazoiketan kontraesanak ugariak izan arren, epaileek auzitegiko medikuaren txostenari eta polizia nazionalaren balistika txostenei sinesgarritasun handiagoa ematen diete, horien ustezko “inpartzialtasunagatik”. Horrela, Xuban Nafarretek ez du epaiketa egiteko aukerarik ere izango, eta Auzitegiak ez du ikerketa sakonagorik egingo. Halako bidegabekeria baten aurrean, herritarron babesgabetasuna agerikoa dirudi. Babes judizial eta instituzionalik gabe, herritarrok ahaldundu behar dugu, kalean, taldean, tokian tokiko mobilizazioetan, eskura ditugun askotariko tresnen bidez. Eleak-ek, eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak, bide horretan sakontzeko deia egin nahi die herritarrei; eta nola ez, gure elkartasunik handiena Xuban Nafarreteri.

——————————————————————————————————————————————————

2013/01/26

Martxoaren 29ko Greba Orokorraren aurkako poliziaren iharduera errepresiboaren barruan Gasteizko Xuban Nafarrete gaztea larri zauritu zuten; traumatismo kraneoenzefaliko handia izan zuen. Bizirik atera zen, baina gogoratu behar dugu hemen garai hartan Iñigo Cabacas gaztea ertzantzaren pilotakadek hil egin zutela. Oso epe laburrean bigarren hildakoa izan zitekeen Xuban.

Orain gutxi ezagutu dugu epailearen erabakia lotsagarria Xubanen salaketa artxibatzek. Borroka garaia da! blogetik elkarrizketatu da Xuban, hona hemen haren erantzunak:

Borroka garaia da! – Lehendabizi Xuban, zer moduz zaude ertzantzaren erasoaren ondorioz jasandako zaurietatik?

Xuban Nafarrete – Dagoeneko ia urte bete pasa da eta zorionez poliziaren erasoak ez dizkit ondorio fisikorik utzi. Berreskurapena motela izan zen hiru hilabetetan zehar, baina orain ongi nago Hala ere, zorionekoa aurkitzen dut nire burua hau esatean, izan ere, hainbatek ezingo zuketelako hau esan. Gehiegik…

BGD! – Azken greba orokorretan polizien oldarraldiak oso bortitzak izan dira, batez ere gazteen aurka. Zure ustez, zergaitik da hori?

X.N – Beti izan dira orain bezain bortitzak eta ez zitzaien hainbesteko garrantzia ematen komunikabideetan. Egia da azken urtean bereziki gogorrak izan direla, eta jarraiagoak; Iñigo Cabacasen kasua baino adibide garbiagorik ezin daiteke aurkitu.

Hala ere, egun koiuntura sozioekonomiko mugitu eta ezegonkor batean bizi gara eta historian beti gertatu izan den moduan, gizarte gatazkak eta protestak bikoiztu diren uneetan, organo errepresiboen krudelkeria era berean biderkatzen da, biolentzia “legala” inpunitate osoz erabiliz.

Gazteen aurka? Noski. Azken batean, gatazka sozialetan parte hartzen dugun gehiengoak gazteak gara, eta guk osatu beharko genuke eredu ekonomiko-politiko honen aurkako abangoardia, beti gertatu den bezalaxe. Sistemaren lana da aldaketaren bila dabiltzan eragile sozialak zapaltzea. Dena den, horrek ez du kentzen adinegokoek bortizkeria hori ez dutenik jasaten. Galdetu diezaietela bestela aurreko urtean greban zebiltzan Amurrioko “Tubos Reunidos”-eko langileei.

BGD! – Gasteizko 2 epaitegiak zuk jarritako salaketa artxibatzea erabaki du. Zer sentitu duzu hori jakitean?

X.N – Ez genuen itxaropen handiegirik egia esan, baina beti mintzen zaitu zure inguruan hainbesteko erraztasunez gezurrak esaten direnean.

Zailtasunez ahaztuko zaizkit Ares jaunak ni eta nire familiaren inguruan esan zituen hitz gogorrak. Barrenean jotzen zaitu, baina aurrera jotzea baino irtenbiderik ez zaizu gelditzen. Zoritxarrez, herri honetan ohituak gaude erakunde publikoetatik era hontako bidegabekeriak jasatera.

BGD! – Lehendabiziko unetik, Iñigo Cabacasen kasuan gertatu zen bezalaxe, ertzantzak salatutako zauriekin zerikusirik izatea ukatu egin du. Ararteko berak salatu egin du barne sailaren laguntza eza gertatutakoa argitzen laguntzeko. Estatuaren makinaria errepresiboaren aurrean indefentsioa sentitzen duzu? Gazteria eta orohar euskal gizartea babesgabe dago?

X.N – Horrelako gauzak lehenengo pertsonan pairatzen dituzunean eta sistemaren aparatu guztiak zure aurka dituzunean, orduan konturatzen zara zure kabuz ez duzula ezer egiterik. Zure azalean dastatzen duzu “gohikoen” gordintasuna.

Dena den, gizarteko sektore guztiek jasaten dute bortizkeria hori, era batean edo bestean. Euren lanpostuetatik kanporatuak diren langileek, espetxeetan dauden senideak bisitatzeko ehundaka kilometro egiten dituztenek, atzapar kapitalistengandik etxea galtzen duten familiek… Zerrenda oso luzea eta tamalgarria da. Argi dago, beraz, bai gazteria zein euskal gizartea babesgabe dagoela. Horren aurrean, gelditzen zaigun irtenbide bakarra elkartzea, antolatzea eta borrokatzea da.

BGD! – Epaileak zuk proposaturiko lekuko guztiei ez die deklaraziorik hartu eta bai zu zein beste hainbat gazteren aurka salaketa bideratu du, “aginteraren aurkako delitua” egin duzuelakoan. Badirudi hain ezaguna den esaera “ salatzen baduzu…. salatua izango zara” zure kasuan guztiz bete egin dela. Zer egin daiteke hau bezalako inpunitate poliziala kasurik berriro gerta ez dadin?

X.N – Hasieratik egotzi nahi zizkiguten delitu horiek. Ohiko jarduera da indar errepresiboetan erasotuak sentitzen dutenean euren burua, erantzun legalei jotzea beraien ekintza zakarrak justifikatzeko asmoz. Urteak daramatzagu dinamika berdina ezagutzen.

Horrelako kasuak betidanik gertatu dira, eta tamalez, gertatzen jarraituko dira. Momentu horietarako prestatuak egon behar gara eta lehen esan dudan bezalaxe, antolatzeko eta erantzuteko gaitasuna eta indarra izan behar dugu.

BGD! – Zure kasuak elkartasun olatu handia eragin du bai Euskal Herrian zein beste hainbat tokitan, Zer mezu helaraziko zenieke zure alde justiziaren eske agertu diren pertsona guzti horiei?

X.N- Dudarik gabe, bide luze eta mingarri hauetan zehar izandako argi bakarra izan dira eta aurrera jarraitzeko indarrak eman dizkidatenak, senide gertukoenetik bere babesa eman didan ezezaguneraino.

Guzti horiei eman beharreko eskerrak ez da inoiz nahikoa izango. Honek erakusten du gure herriak duen kontzientzia sozial altua eta enpatia maila ikaragarria. Benetan hunkituta hilabete guzti hauetan jasotako laguntzagatik. Guzti-guztiei mila esker bihotz-bihotzetik. Besarkada haundi bat!

2 thoughts on “Xuban Nafarrate kasua dela eta

  1. Pingback-a: Arabako Auzitegiak Xuban Nafarrateren kasua artxibatu du | GAZTE IRAULTZA

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA