Home

Zer gertatu zen igandean San Mamesen? ¿Que sucedió el domingo en San Mamés?

Egoitz Askasibar

———-

Kolpeka josi

Boligrafo gorria / Argia

Detaile bat da, letra txikian idazten den zerbait, baina kontratuetan ere txikiskulaz paratzen diren esaldiek ekartzen dituzte ondorio handienak eta komeni da arreta pixka bat jartzea. Kontua da igandean Gure Esku Dagok deituta Euskal Herriko bost plaza handitan ospatutako ebentoan behin baino gehiagotan entzun nuen zerbaitek zalantza handiak eragiten dizkidala.

Modu diferentetan formulatu da, baina Iruñeko ekitaldi hasieran Estitxu Fernandezen ahotik entzundakoak laburbildu dezake: “Magia egin duzue. Politikaren eztabaidetatik aldendu egin zarete, eguneroko kalakatik atera egin zarete, herri honen gatazketatik urrundu egin zarete”.

Badakit, esaldi bat baino ez da. Esaldiekin osatzen dira diskurtsoak ordea. Eta diskurtsoekin egiten da politika.

Ezin diogu bizitzari dimentsio politikoa erauzi. Ez genuke Gure Esku Dago ulertu behar gure egunerokoarekin zerikusirik ez daukan zerbait bezala, aldarrikapen politikoa ez balitz bezala. Besterik da alderdi politikoek zer paper jokatzen duten, bigarren mailakoa izan behar duela haien esku hartzeak, herritarrek izan behar dutela protagonista partiduetako kideen gainetik.

Baina herritarrak herritar dira, beren eguneroko bizitzarekin, gatazkekin eta eztabaidekin. Eta erronka hor dago, horiek denak uztartzen asmatzean. Herria herri da, hura osatzen dutenak gai baldin badira interes kontrajarriak eta gatazkak izango dituztela onartuta ere, beren burua osotasun gisa imajinatzeko. Aldiz, herria ez da herri aipatutako diskurtsoari segiz, beren burua imajinatzeko diferentziak alfonbra azpian gordetzea inperatibo bihurtzen denean.

Joera ez da berri-berria ere. Euskal kulturan maiz ikusi duguna mugimendu sozial batera transportatu dela dirudi, gutxi gorabehera, igandeko mezu horrekin.

Ze, kulturak higiene kolektiborako tresna gisa funtzionatu izan du hemen. Beste esparruetan elkarri mutur-joka jardun zezakeen Euskal Herriak, baina seventiesetako kantautorearen kontzertuan edo lau urtean behingo bertso txapelketan halako katarsi bat bizitzen zuen, eguneroko lagunekin, adiskideekin eta beste zenbait etsairekin proiektu amankomun bat partekatzearen ilusioa –horretarako prezisoa den jende pilaketa handi eta guzti, gertakarien garrantzia kopuruak definitzen baitu antza esparru guztietan–.

Ez naiz kulturgintza ulertzeko modu horren oso fan. Eta espero dut Gure Esku Dago gai izango dela, hasiko duen fase berrian, gizartearen berezko konplexutasuna ulertzeko eta baliatzeko erabakitzeko eskubidearen alde. Kolpeka ere josi.

———-

Superpotentzia emozional batek jota bezela

Separata.wordpress.org

Joan den urtean Giza Katera joatearekin euskaldun zintzoaren kuota bosturteko baterako behintzat beterik nuela sinetsirik, aurten kale egin dut estadioetarako erromesaldian. Esan gabe doa, asko izango dira uste dutenak iazkoarekin bakarrik nire konpromiso maila hutsaren hurrena dela –inoiz ez baita aski euskaldun jatorra zarela demostratzeko eginahaletan–, baina, aizuek, erabakitzeko eskubidea ez ezik nekatzekoarena ere aldarrikatzen dugu batzuek. Nire protesta txikia izan da beraz aurtengo ausentzia, apur bat gogaituta jadanik betiko paripé eta folklorismo artean ibiltzeaz. Zoritxarrez, estadioetan ikusitakoek –Anoetan behintzat– nire usteak konfirmatu besterik ez dituzte egin. Izan ere, iazko Giza Kateko jende erakustaldi, balentria eta abarren ostean, zer eta urtebete geroago estadioak jendez betetzea baino proposamen taxuzkoagorik ez egitea… Alaporai esan nuen nire kolkorako, eta kale egin.

Euskaldunok hogeitaka urte daramatzagu demostratzen muntaiak montatzen parekorik ez dugula, ekitaldigintzan txapeldun olinpiko garela. Bale, hori ongi frogatu dugularik, beste zerbait egiteko garaia bazela imajinatzen nuen; baina bai zera, berriz ere ebento ikusgarri bat, zer eta duela 17 urteko ereduaren kopia gainera (orduan han izan ginen baita ere, enegarren egun historikoan, Benito Lertxundi entzuten eta gauza horiek).

Harrigarria da nola betiko eskemak errepikatzen diren, ezaguna denaren bertangoxoan eroso. Esaterako, famosoen atxikimenduen ohiko zerrenda eta argazkia. Sinadura berriren bat gorabehera, holako argazki batek jendea sarrerak saldoka erostera eramango duela sinistea ez dakit zer den, xalokeria edo erosokeria, baina, edonola ere, espero dut atzoko zapuztxoaren ondoren famosoei urte batzuetarako bake pixka bat ematea. Merezita dute eta deskantsua. Alderdi politikoei begira egote hori ere –azken orduan EAJ gehitu zelako poza eta guzti–, ez ote aski zaharmindurik dagoeneko? Zorionez, kontuaren muina aparatu horien kalkuluengandik aski aparte dagoela esango nuke. “Bildu+ EAJ = Egina zagok” (bai, -k) ekuazioaren amarrua behintzat argi geratuko al zen! Bestetik, egitaraua ikusi eta, baiki, marmotaren eguna. Betikoak betikoa egiten: Jon Maia, Eñaut Elorrieta, Alkain, Pirritx eta Porrotx… Aurretik, oihal katean, hortxe ikusi nituen joaldunak, entzun nituen adarra, trikititxa. Kontua ez da halako egitarau eta sinbologiarekin jai izango dugula sektore sozial berriak erabakitze eskubidera agregatzeko (to, Errejon), ezpada betiko euskaldunak ere gogaituko ditugula luze gabe. Abertzale ez garenok aspaldi garatu dugu halakoetarako jasangarritasun –hots, pairagarritasun– azaltxoa, baina nago jada kaskotik oinetarako abertzaleak ere hasiak direla ernegatzen. Betikoa betikoek betiko moduan egiten, nola arraio sortu ezer erakargarririk? Nola eraman erabakitze eskubide demokratikoa euskal abertzaleez haratago?

Egiazki, ez naiz batere harritzen estadioak bete ez izanaz, baina oraindik argigarriagoak egiten zaizkit joan zirenen bueltako nekadura eta ilusio falta. Anoetako ekitaldia, behintzat, luze eta, topikotik topikora, ezin ernegarriagoa izan omen zen. Han esan zirenen arteko harribitxiren bat hartzea besterik ez dago. Jon Maiak “Euskal Herria superpotentzia emozional bat da” bota omen zuen lotsagorritu gabe. Ana Malagonek “hunkigarrismoa” deitu zion behin gure arteko epatatzeko joera horri, bertsolari –bon, puntulari– frankok, tipikoki, etengabe ustiatzen duten sentimentalkeriari. Alemaniarrek, berriz, kitscha deitu zioten aspaldi handian hunkitu-nahi jaidura horri, eta aski erreakzionarioa dela azaldu. Baiki, hunkitu nahiaren hunkitu nahiaz, jendea gurean ere paripé eta folklorismoez kokoteraino ez ote dagoen. Euskal Herria, superpotentzia izatekotan, hitz fazati eta jaialdi historikoena baita.

———-

Gure Esku Dago dinamika

kimo.blogariak.net

Podemosi gehien leporatzen dotzedana, gehien sumintzen nauena, azken urtean zehar egin dauen moderazio bira izan da. Eusko Alkartasunari azken hamarkadan gehien goratzen/aitortzen dotzedana aldiz, erdipurdiko eslogan autonomistak baztertu eta independentzia eta ezker norabidea argi eta garbi besarkatzea.

Ondorioa uste dot nahiko argi dauela. Bildur ematen dozte gatazkaren amaierarako dinamika hauek ez ote direzen epelegiak. Ez dot Orreagatarren kritika hutsala errepikatu nahi, zinez sinisten dot Ezker Abertzalearen estrategia barria beharrezkoa zala eta norabide aproposa markatu zauela. Baina Gure Esku Dago bezalako dinamikak, alderdikerietatik urruntzen saiatzen direnak, inklusibo eta aglutinante izan nahi dabenak Josu Jon Imazen Estatuak seduzitzearen aldeko proposamena gogoratzen doztie. Aldarrikapenetatik urruntzea, helburuetatik urruntzea, norabidea difuminatzea, eskubidea eman diezaguten eskatu, konbentzitzen saiatu eta eman arte itxarotea. Kakaputza.

Sinplea da. Nik Euskal Herriarentzako subiranotasun nazionala nahi dot. Estatu Independientea. Autodeterminazio eskubidea (ukatzen zaiguna) gauzatu ahal izatea. Eskubidearekin edo gabe, erabakia bera hartua daukat aspaldi. Eta gainera, argi daukat nik nahi dodana beste batzuek ez dabela nahi, ezinezkoa izango dala gatazka soziopolitiko honi irtenbidea emon alde danak konforme utzita. Erraza da, independentzia bai ala ez? Alde ala kontra? Ba gatazkaren irtenbideak asetuko zaitu edo ez zaitu asetuko. Eta hori hala da.

Demokraziaren babesa, gizarte pluralaren onarpena, eta kongruentzia edo aglutinazioa ardatz dekozen mugimendu hau nahikoa garrantzitsua dala deritzot, bai, eta mugimendu honen baitan ulertzen dot independentziaren aurkakoei ere luzatzea Gure Esku Dagoren gonbitea. Ez dodana gustoko da, mugimendu hau saldu izan digutela, nazio gatazka luzearen amaiera kontsentsuatua lortuko dauen mugimendu sozial hegemoniko bezala, eta gainera independentistok asetuko gaituen irtenbidea emango dotzela transmititzea, ulertzera emotea. Ez dot sinisten.

Hausnarketa hau enauen igandeko ekitaldia baino lehen argitaratu nahi, ez naz ni izango honi babesa ez zaiola eman behar esango dauena. Baina… Ez dakit zelan esan… epel ixten nau Gure Esku Dagok.

———-

Ez genituen bostak bete

Gaizka Aranguren

Iruñeko zezen plaza, Baionako Christian Belaskain errugbi zelaia, Anoeta eta San Mames Barria estadioak, eta Gasteizko karrikak (Buesa-Arenaren debekuaren ondorioz). Bost elkargune eta lau areto erraldoi horiek bete nahi izan zituen Gure Esku Dago (GED) ekimenak joan den igande arratsaldean. Ez zen areto bakar bat ere bete.

Norbanako eta giza komunitate orok bere etorkizunari buruz erabakitzeko duen eskubidearen aldarrikapenaren aldeko ekimena izan zen igandekoa. Bertze behin. Eta aldarrikapen horren aldeko sare herritarra oinarritik antolatzen ari dela argi gelditu zen. Bost ekitaldi horiek antolatzeko eta, batez ere, protagonistekin garatzeko behar den jende engaiatuaren kopurua oso handia da.

Bi ondorio ekimen berberarentzat. Aretoak betetzeko gihar aski ez, baina jendartearen ekimen politikoa bideratzeko lagungarri izan daitekeen erakundearen hezurdura gero eta antolatuago, gero eta erro gehiagorekin. Gero eta herri-talde gehiago.

Igandeko ekimenaren emaitza eta edukiei buruz azken orduotan argitara eman diren kritika guztiak dira baliagarriak. Akatsak zuzendu eta etorkizuneko proposamenak unean uneko giharraren mailakoak izan daitezen laguntzen dute. Guzti-guztiek balio dute; baita, enfant terrible-aren sindrome kronikoak jota, proposamen alternatiboak egiteko beharrik sentitzen ez dutenena ere.

Iruñeko zezen plazak eskaini zigun ikuskizuna ez zen guztien gogokoa izanen, baina parte hartze anitza eta koloretsua erakutsi zuen. Hiriburuko ekitaldiaren arrakastarekiko aldez aitzin ezkor ginenok gure beldurrak uxatu ahal izan genituen plaza erdia bete zela ikusita. Nafarroa Garaiko populazioaren %1,66 plazan zegoen, xedea %3,32 baldin bazen ere; eta hori azken hauteskundeek ekarri duten emaitzengatiko poza oraindik digeritzeke dagoenean, Iruñeko udala erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengoaren kontrolpean erori berri denean eta, inportanteena, Erkidegoko Gobernu berria osatzeke dagoen abagune politiko historikoan. Hori bakarrik ez. Iruñean mundua bukatzen den uztailaren 6a baino hamabost egun lehenago. Hala ere, munduko laugarren zezen plazarik handienaren erdia beteta. 10.000 sarrera baino gehiago. Helburuaren erdia.

Gihar falta ala antolatzaileen ustez egon badagoen giharra elikatzeko energia falta?

Politikoki bereziki aktiboa den gure jendartearen zati horretan nekea antzematen dela diote batzuek. Fronte gehiegi eta batera zabalik daudela: preso, errefuxiatu edo ihesean direnen egoera batetik; bake prozesuaren aldebakarrekotasunaren aldebakarrekokeria aldebakarrekoa bertzetik; prozesu gehiago martxan, kartzela kondena gehiago, lapurreta ofizialak; erabakimen subjektu/eremuari buruzko egokitzapen taktiko eta estrategikoak; Nafarroa Garaiko instituzioen kudeaketa alternatiborako elkarlanerako aukera; indar politiko abertzaleen arteko etengabeko lehia Gipuzkoan mendebaldeko lurraldeetan…

Gure Esku Dago ekimenean jardun garenon aldetik hausnarketarako garaia ere bada. Gure testuinguru politikoaren irakurketa egokiena egiten ari ote garen galdetu behar diogu geure buruari. Ekimen erraldoiak antolatzeko prozesuek eskatzen dituzten urrats guztiak oraingoan behar bezala egin ote ditugun hausnartu beharko dugu.

Edozein sistema politikoren kalitate demokratikoa agerian uzten duen erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaida herritarren lehentasunen artean ote dagoen ongi aztertu, eta, ez egotekotan, zergatik ez dagoen edo zergatik ez garen gai hor jartzeko.

Ildo horretatik, erabakitzeko eskubidearen defentsa eta egikaritzea etorkizun zoriontsuaren gako gisa behar bezala aurkezten ez dugu oraindik asmatu. Etorkizun hobea edozein auzokideren lehen xedea da. Nor bere etorkizunaren jabe izatea ate hori irekitzen duen giltza dela ez dugu behar bezala demostratu. Oraindik ez. Nolanahi ere, egiten denak balio du, ez egiten ez denak.

———-

Moderazio erradikala

 Kattalin Miner

Klase ertaina, moderazioa da zure patua», dio Jule Goikoetxearen poema batek. Ozen oihukatzen dugu Erractuseko emanaldietan, eta gaur, egilearen baimenarekin, hortik tiraka ekingo diot nirea ez den uste eta susmo bati. Euskal Herrian, are gehiago EAEn, baskoak, klase ertainduta bizi gara aspaldian. Edo gutxienez, klase ertain hori da bizi dugun subjektu politiko hiritar zilegia. Nahiz badakigun Euskal Herria beste hainbat klasek ere osatzen dutela: batzuk are eta gorago daude, agintzen; beste batzuk are eta beherago, jasaten. Baina egun, euskalduna –uler bedi nahi bezala– klase ertainekoa da. Klase ertaindua, eta bai, moderatua.

Herri honek zerbait izan badu, klase borrokalari bat izan du. Ertain klasea izanda ere, moderaziotik urrun aritu dena. Erradikaltasunetik gertu. Erradikaltasunean. Eta orain, Erractusen, «erradikaltasun bat oparituko dizut, aro berri, miseria zahar normalizatuan burua galdu gabe bizitzeko» diogu. Erradikaltasunez eskas gabiltzan susmoan edo.

Pentsatzen jarri naiz noiz bilakatu ote garen hain moderatu, hain ez-erradikal, hain berdinzale, hain bakezale.

Egun artikuluetan «erradikal» hitza erabiltzen dutenek, sarri atzetik azalpen bat eman ohi dute, esanez «uler bedi erradikal, errora doan hori dela». Ba nik hortik harago, erradikal erabiltzen dut forma moderatu eta diskurtso atseginak erabiltzen ez dituen hori izendatzeko, esaten duena kontundentziaz esaten duelako, barkamenik eta baimenik eskatu gabe, arrazoi hutsagatik, uste hutsagatik.

Baina urtetan «badatoz erradikalak» esan digute eta sinetsi egin dugu. Sinetsi, erradikal ginela, eta horrek berak arrazoia kentzen zigula. Beraz, moderazioa izan da gure patua. Ez dakiguna da, agian, ez ginela hain erradikal, eta agian, ez genuela hainbeste arrazoi ere.

Gaur egun, ordea, moderazioan gabiltza murgilduta, hitzak neurtuz, aniztasuna bilatuz, denak kontent izan nahian, horrek berak nahi dugun hori irabazten lagunduko bailigu bezala.

Horregatik defendatzen ditugu Giza Eskubideak eta ez preso politikoen eskariak, horregatik defendatzen dugu erabakitzeko eskubidea eta ez independentzia; horregatik berdintasuna eta ez feminismoa, jasangarritasuna eta ez ekologismoa… Eta dirudienez, hala ere, erradikal gisa izendatzen gaituzte, hala ere, batere moderaziorik gabe botatzen dizkiguten ezezkoak jasotzen jarraitzen dugu.

Euskal Herria, moderazioa al da zure patua? Noiz amestu zenuen klase ertain subirano, bakezale, argudiatzaile, lerdena izatea? Euskal Herria, noiz sinetsi zenuen erradikalegia zinela? Noiz, arrazoiaren bideak xaloak, pazientziazkoak, mesedez eskatzekoak zirela?

Euskal Herria, herria da zure patua, eta herria ez da klase ertain, euskaldun, zuri, familia nuklearduna soilik. Euskal Herria, ez zara zutaz ziotena, ezta izan nahi duzun hori bakarrik ere. Euskal Herria, herri asko ahazten zabiltza, euskal hori indartu nahian.

Bihar, agian, moderatuki, polit, batasunez, alegera, josiz, aniztasunez (klase ertain-altuko aniztasunez, esan bedi), mesedez eta faborez, arren, eskubide hutsagatik, eskatuko duzu zerbait.

Eta etzi berriro.

Ondoren ere bai.

Eta nik diotsut Euskal Herria, lasai egiteko bidea, saiatzeko erradikaltasunik gabe, urkoa besarkatu edo eskutik oratu, edo irrintzi bat bota, eta zabaldu badoan itsasontzi horren oihalak. Goazen Euskal Herria, zarata koloretsu eta baketsu batean murgilduta.

Eta noizbait inora heltzen bagara, ez bihar, ez etzi, lasai Euskal Herria, presarik ez. Noizbait Euskal Estatu Moderatu bat lortzen dugunean, beti izango da erradikaltasun apur bat oparitzera etorriko denik, nondik gatozen baino, zer behar genukeen iradokitzera. Eta hartuko dugu, lasai. •

3 thoughts on “Gure Esku Dago dinamikaren inguruan hausnarketa batzuk

  1. Zorionak GED! Larunbatekoa bikaina izan zen, beste urrats bat erabakitzeko eskubidearen bidean. Urratsak egiten jarraituko badugu bi erronka ditugula iritzi dut: a) “El derecho a decidir no se percibe como instrumento de resolución de necesidades básicas”. Sektore gehiago (batik bat ez-abertzaleak) agregatzeko horri buelta ematea dugu erronka. “Dena erabaki, dena aldatzeko”. b) Iruditegiari dagokionean, EHren irudi arketipoa bazter utzi eta irudimenez jokatu beharko dugu, gainontzean “abertzaleon” arteko kontu gisa irudikatu baitezake sektore andanak. Animo eta jo ta ke!

  2. arraru xamar Gaizka Arangureren komentario hau :”Guzti-guztiek balio dute; baita, enfant terrible-aren sindrome kronikoak jota, proposamen alternatiboak egiteko beharrik sentitzen ez dutenena ere.” Enfent terribleren papera askotan jokatu duen pertsona baten ahotik

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA