Home

Topatu

Europako ikasleak Boloniaren eta egun egiten ari diren erreformen aurka antolatzeko baliatu nahi dute foroa. Uste dute azken urteetako neurriek hezkuntza pribatizatzeko ateak zabaldu dizkiela Europar Batasunari eta bertako kide diren estatuei.

Espainiar Estatuak zapaltzen dituen nazioetako ikasle antolakundeek osatzen duten Para Los Pueblos plataformak deitu du indarrak biltzera. Europako ikasleen ahotsak batu nahi dituzte, hezkuntza publiko eta duinaren aldeko mezu “irmoa” helarazteko.

Bolonia prozesuarekin Europako unibertsitate publikoak pribatu bilakatzeko pausoak ematen hasi zirela gogorarazi dute; tasak igotzen eta eduki akademikoak murrizten, besteak beste. Uste dute gaur egun ere bide hori jarraitzeko asmoa dutela hainbat estatuk, eta horren adibidetzat jarri dute Espainiak unibertsitateetan ezarri nahi duen EU2015 erreforma. Ikasleen esanetan, beste izen batzuekin bada ere, Europako beste hainbat lekutan ere ari direla gisa horretako neurriak hartzen: 3+2 sistema, unibertsitateetako organoetan indar pribatuen nagusitzea etab. Funtsean, unibertsitateak eraldatzea, zerbitzu publikoa izateari utzi eta merkatuaren interesak aseko dituen langileria prekarioa sortzea salatzen dute.

ANTOLATZAILEAK

Ikasle Abertzaleak (Euskal Herria), SEPC (Herrialde Katalanak), Consejo de Estudiantes Independiente (Gaztela), Yesca (Gaztela), AGIR (Galizia), Liga estudiantil galega (Galizia), Seira (Aragoi), Xunta estudiantil asturiana (Asturias) eta SAT juventud (Andaluzia).

GAINERAKO PARTE HARTZAILEAK

CUA (Turin), CUA (Palermo), CASP (Erroma), Noi Restiamo (Bologna), YXK (Kurdistan, Alemania), Vänsterns studentförbund VSF (Suedia), Aitzina (Euskal Herria), Ass. EduPsico URV (Tarragona), FEL (Madril), GERS (Segovia), CEC (Cuenca), CEPA (Aragoi), Solidaires étudiant-e-s (Pau), Left Unity students (Ingalaterra), National Campaingn against fees & cuts (Ingalaterra) eta CUAE (Genova).

1635e757064fdf2eda23054f2b080a65forum-to-fight-ikasle-foroa-laudio-egitaraua-1jpg

————-

p4g8r5k

Forum to fight

Oharra:

Espainiar Estatuak zapaltzen dituen nazioetako ikasle antolakundeok deialdi berria egin dugu elkarrekin, Europa mailako ikasleon ahotsak batu eta mezu irmoa helarazteko, bai Europar Batasunari, zein Europako jendarteari ere.

Izan ere, Bologna prozesuak bide argia utzi zuen zabalik: Europako unibertsitate publikoak gero eta pribatuago bihurtzea, horretarako tasen igoera gauzatuz, eduki akademikoak murriztuz, unibertsitateetako organoetan interes pribatuak gailenduz, eta abar luze bat. Bologna hurbiltzen ari zen garai hartan ere, Europako ikasleok gure ahotsak batu eta hainbat ekimen egin genituen elkarrekin: nazioarteko foroak eta protesta bateratuak antolatu genituen besteak beste, eta ikasle manifestu bat ere sinatu genuen, 2006an Bakaikun egin zen ikasle foroan, hain zuzen.

Gaur egun ere argi ikusten ari gara Bolognak zabaldutako bideari jarraitu nahian dabiltzala Europar Batasuna zein bertako kide diren gobernuak ere. Horren adibide argia da EU2015, Europatik datozen aginduen aitzakiapean Espainiar Estatuak unibertsitateetan aplikatu nahi duen erreforma berria. EU2015 izena Espainiar Estatuan bakarrik jarri bazaio ere, ikusten ari gara nola Europako herri guztietan neurri berberak hartzen ari diren: 3+2 sistema, unibertsitateetako organoetan indar pribatuen nagusitzea, etab. Funtsean, unibertsitateak eraldatzea, zerbitzu publikoa izateari utzi eta merkatuaren interesak aseko dituen langileria prekarioa sortzeko.

Hori guztia dela eta, Espainiar Estatuak zapaltzen dituen nazioetako ikasleok beharrizan argia ikusi dugu Europako ikasleon ahotsak batu eta denon arteko batasun irmoa eratzeko, jakin baitakigu elkartasunak indartsu egiten gaituela. Horrenbestez, Europako Ikasleon Foroa antolatuko dugula jakinarazi nahi dugu; 2016ko otsailaren 26, 27 eta 28an gauzatuko da, eta Euskal Herria izango du topaleku (Aiaraldea, zehazki).

Internazionalismoaz, ikasle boterea eraiki!

Gora Eskola Internazionalista!

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA