Home

PORTFOLIO-1.jpeg

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea:  Herri Mugimenduko neska gazte bat

Pasaden martxoaren 8an zabaldu nuen idatziak nire inguruan sortu zituen eztabaiden harira, bertan azaletik landu nuen gako bati heldu nahi nioke gaurkoan: subjektu politikoarena (aurreko testuan laugarren kontraesan gisa landutakoa). Asko izan ziren entzundako galderak: “zergatik gizon langileak gure kideak badira, emakume burgesak ez?”, “zergatik ezin dugu emakume burges zein langileok eskubide zehatzen alde elkarrekin borrokatu?”…

Aipatutako zalantzak argitzeko asmotan, hurrengo lerroetan honako ideia hau garatzen saiatuko naiz: ea zergatik den langile klasea genero zapalkuntza gainditzeko potentzialtasuna daukan subjektu bakarra.

Jakina da, militante orok egungo errealitatea iraultzea duela helburu, baina kosta egiten zaigu ulertzea testuinguru honen erroko aldaketa bat emateko, ezinbestekoa zaigula errealitate honen ezagutza sakona edukitzea. Zehatzago esanda, formazio sozial kapitalistan emakume langileok bizitzen dugun zapalkuntzarekin amaitu ahal izateko, ezinbestekoa zaigula gure egoeraren eragileak eta hauen bilakaera ezagutzea.

Hala, egun jasaten dugun ezaugarri zehatzak ekoizpen eredu kapitalistak eratu dituela baiezta dezakegu. Jarraian, hau argi identifika dezakegun hainbat egungo testuinguruko adibide zerrendatuko ditut, zeinetan, garbi azaleratzen den emakume langileon gorputza bere osotasunean merkantilizatua egon dadin bizitzen ari garen eraso bortitza. Ugalketari dagokionean, erdigune inperialistako emakumeek (izan burges zein langile aristokrata) haurdunaldia buruhauste handirik gabe burutu dezaten ematen ari den periferiako emakume langileen umetokien espropiazioa (lagunartean vientres de alquiler gisa ezaguna), baita erdigune inperialistan bertan emakume langileok burutzen dugun gure obuluen salmenta (legala izan dadin ofizialki dohaintza gisa jasotzen dena).

Gure nortasunari eta gorputzari dagokionean ere, argi ikusten dugu arauketa hori kapitalaren interesengatik burutzen dela. Era honetan, modaren eta kosmetikaren industrien bidez botere burgesa ekoiztea eta emakume langileak ideal horren menpeko bilakatuz gugan zapaldu nortasuna eratzearen bidez, botere burgesa erreproduzitzea erdiesten dute.

Besteak beste, instagramerrek sustatzen dituzten moden bitartez emakumeon eredu perfektua sortzen dute, hala, emakumeok harremandu ahal izateko gutxieneko edertasun baldintzak ezarriz: depilazioa, arropak, makillajea, takoiak… finean, emakume eredugarria (baita onargarria) izateko bete beharreko patroia ezartzen digute. Gertakari hauek ulertzeko, ezinbestean hauen eragile diren industriak ezagutu behar ditugu: eredu hauek burgesiak kapitala metatzeko tresna bilakatu baitira.

Argi eduki behar dugu, egoera honek emakumeon gorputza eta itxura arautzetik haratago, emakume langileongan zapaldu nortasuna eraikitzen duela. Hots, gu geu aitortzeko zein maitatzeko hobezinak izan behar dugula sinestarazten digutenez, geure buruak subjektu osatugabe eta ezgai gisa ulertzen ditugu. Ametsetako emakume hori inoiz bilakatuko ez garenez, gure inpotentzia eta sumisioa betikotzen dute; hala, guk geuk geure menpekotasuna naturalizatuz.

Aipatutako adibideetan agerikoa da genero zapalkuntza botere harreman prekapitalista bat dela, hots, ekoizpen eredu kapitalista sortu baino lehen ere emakumeak zapalduak zeudela. Baina hori bezain argi geratzen da, egun ekoizpen eredu kapitalistak formazio sozial osoa ezaugarritzeko gaitasuna duela; eta gaira ekarrita, kapital metaketa mugagabea ahalbidetzeko, emakume langileok betetzen ditugun funtzio sozialak eraberritzeko gaitasuna daukala.

Haatik, ezin dugu pentsatu kapitalismoaren gaindipenak emakumeon zapalkuntza modu mekaniko batean deuseztatuko duenik. Honek, esplotatu izateari utzi eta geure buruez jabetzea ahalbidetuko digu, baina geure esku egongo da aukera hori egikaritzea: formazio sozial kapitalistaren ordez, formazio sozial komunista eraikitzea. Hau da, geure komunitatearekiko daukagun elkartasun eta konpromisoa indartuz, kideen arteko harremanak indartzea; hala, norbanakoen zaintzan zein konfiantzan oinarritzen den askatasun kolektibo bat erdiesteko.

Behin zeregin nagusia identifikatuta, berau burutzeko gaitasuna duen subjektua nor den galdetu beharko genioke geure buruei. Hau da, ea nork duen formazio sozial kapitalistaren deuseztapena eta metabolismo sozial aske baten antolaketa gauzatzeko potentzialtasuna. Subjektua objektibotasunetik eratu behar dela esaten denean, subjektu politikoa errealitatetik abiatuta hautatu behar dugula esan nahi da, hots, testuinguru honetan zeregin hori burutzeko gaitasuna duenetik: esplotazioaren objektibotasunetik.

Kapitalismoa burgesiak agintzen duen harreman soziala bada, botere hau langileriari gainbalioa lapurtzetik lortzen badute, eta esplotazioa klase desjabetu bat existitzen delako eman badaiteke, langile klasea kapitalismoaren sustengua dela baieztatu dezakegu. Ondorioz, berau dela zeregin hau burutzeko potentzialtasuna daukan bakarra. Honek baina, ez du esan nahi ez langile klasea subjektu homogeneo bat denik, ez desjabetu guztiak inpotentzia era berean bizitzen dugunik, eta are gutxiago langile guztiok gure kideak zaintzen ditugunik.

Hau da, langile klaseak bere baitan identitate asko dauzka egun, kide bakoitzak bere burua, eta oro har mundua, ulertzeko daukan eran aniztasun handia dagoelarik: trans-bolloak, anarkistak, feministak, kontserbadoreak, nazionalistak… Forma kualitatibo ezberdinetan jasaten dugu desjabetu izatea, honek, geure bizitzak garatzeko baldintzak ezartzen dizkigularik: emigranteak, emakumeak, periferiako biztanleak, haurrak, ijitoak… Eta langile klasearen baitan badauzkagu ere arau, kontrol zein zigor mekanismoak; desjabetuon artean botere harremanak, eta horrenbestean, botere hori jasotzen zein gauzatzen duten pertsonak sortzen dituztenak: lagunarteko inbidiak, gurasoen errietak, irakasleen diziplina jartzeak, bikotearen kontrolak, laneko enkargatuaren aginduak…

Hala ere, honek ez du esan nahi zapalkuntza bakoitza botere foku desberdin batetik datorrenik; kapitalaren akumulazio dinamika formazio sozial kapitalistaren mugimendu esentziala izanik, horien arabera egituratzen baititu zapalkuntza forma zehatz guztiak. Guzti honek dominazio burgesaren forma orokorra osatzen du, burgesiaren boterea gure bizitzaren eremu guztietara hedatuz. Beraz, bi arrazoi nagusi dela eta, ezinbestekoa zaio gure etsaiari zapalkuntza forma anitzak sortzea: batetik, irabazi ekonomiko handiagoak ateratzeko, eta bestetik, langile klase sumiso zein akritikoa sortzeko. Honek, aldi berean langileon arteko aurkakotasunak sustatzen ditu.

Aniztasun guzti honek, baina, ez du esan nahi langile klaseak era bateratu batean borrokatu behar ez duenik edo ezin duenik. Baizik eta, dagokigun zeregin historikoa burutu ahal izateko, kontzientzia burgesaren forma guztiak era integralean borrokatu behar ditugula: emakume langileoi sozializatzeko egiten zaizkigun exijentzietatik, gure bizitzaren gaineko kontrol erreala eskuratzera; kontzientzia indibidualistatik, kontzientzia kolektibora; harreman afektibo-sexualetan gure desirak jazartzetik, elkar zaintzera; militanteen artean ematen diren norgehiagoketatik, elkartasunez harremantzera…

Egoera honen aurrean, bi aukera dauzkagu: borrokarako subjektu berriak asmatzea ala langile klasea ardatz hartzea. Ikus dezakegunez, hartu beharreko erabakia ezin da nahimenean oinarritu, aukera bakoitzak de facto ondorio ezberdinak baitakartza. Nire kasuan, beraz, hautua garbia da. Errealitateak argi uzten digunez gainerakoek ez dutela potentzialtasun iraultzailerik izango (sinpleki ezin dutelako logika kapitalista gainditu), nire burua langile klasea iraultza komunista antolatzeko prestatzen kokatzen dut; besteak beste, geure harremanetan erreproduzitzen ditugun asmo eta jarrera indibidualista oro gainditzeko apustua eginez.

Orain arte esandakoak kontuan hartuz, sarreran aipatutako bi galderak erantzun ditzakegu: “zergatik gizon langileak gure kideak badira, emakume burgesak ez?” eta “zergatik ezin dugu emakume burges zein langileok eskubide zehatzen alde elkarrekin borrokatu?”.

Lehenari dagokionean, azaleko begirada batean gizon langileek zein emakume burgesek emakume langileokiko botere harremanak gauzatzen dituztela ikusten dugu. Aldiz, bakoitzaren nolakotasunari erreparatuta, ohartuko gara harreman bakoitzaren esentzia ezberdina dela. Hau da, gizon langile batek eta emakume burges batek emakume langile batekiko gauzatzen duten indarkeriak arrazoi ezberdinak dituela; eta horrenbestean, forma ezberdinean ematen direnez, ezberdin borrokatu behar ditugula. Lehena zapalkuntza harreman bat da, eta bigarrena, aldiz, esplotazio harreman bat: lehena gauzatzeko arrazoia nagusitasuna lortzea da eta bigarrenarena gainbalioaren lapurreta. Gauzak hala, argi izan behar dugu lehen botere harremanarekin amaitzeko langileon arteko harreman zapaltzaileak gainditu behar ditugula, eta bigarrenarekin amaitzeko formazio sozial kapitalista gainditu behar dugula.

Lehenengo kasuan, gizon langileak daukan kontzientzia burgesa dela eta, interes indibidual bat edukiko du emakume langilea zapaltzeko. Haatik, gizon langileak indarkeria honen bitartez abantaila eta gaitasunak eskuratzen baditu ere, aldi berean, harreman honek berak langile klasearen existentzia betikotzen du. Ondorioz, kontzientzia faltsua dela eta ohartzen ez bada ere, bere interes indibiduala baino are handiagoa da bere klase sozialarekin amaitzeko daukan interes kolektiboa, eta horregatik; ezinbestekoa zaio gizon langileari bere izatearen kontzientzia hartu eta emakume langilearekiko gauzatzen duen zapalkuntzarekin amaitzea.

Bigarrengo kasuan, aldiz, pentsatzekoa da emakume burgesak ez duela kapitalismoa gainditzeko inolako interesik izango. Horrek, bere klase izaerarekin amaituko lukeenez, emakume langileen askatasunaren gainetik burgesiaren boterearen defentsa egingo du. Horrenbestean, egindako galderari erantzunez, gizon langilea emakume langileon aliatua da ezinbestekoa zaigulako kapitalismoarekin amaitu eta komunismoa eratzeko; emakume burgesa, aldiz, gure etsaia da gure inpotentzia sortzen eta betikotzen duen subjektua delako.

Bigarren galderari dagokionena, argi eduki behar dugu emakume langileon eta burgesen interesen artean dagoena ez dela ezberdintasuna, antagonismoa baizik. Lanpostuaren kasuan adibidez, kontua ez da lehenak lan baldintza hobeak eta bigarrenak enpresetako goi karguak betetzeko eskubideak nahi dituztela, eta bien interesak emakumeak gizonek dauzkaten lan baldintza berberen defentsan sintetizatu daitezkeela. Baizik eta, emakume langileak soldatapeko lana abolitzeko premia duela, eta emakume burgesak, aldiz, bera esplotatzaile zuzena edo eraginkorragoa bilakatzekoa.

Beste adibide bat jartzeagatik, etxeko giroan egiten diren lan erreproduktiboei erreparatuko diegu. Honetan ere, hasiera batean bi klase sozialetako emakumeen interesak bat etor daitezkeela uste badugu ere (emakumeak funtzio hori betetzeko betebehar soziala edukitzeari uztea), bakoitzak daukan interesa sakonki aztertuta, ohartuko gara kontraesanean sartzen direla. Emakume langileak lan horiek sozializatzeko premia dauka, eta emakume burgesak, ordea, lan horiek sinpleki berak ez betetzeko interesa, edo zehatzago esanda, emakume langile batek soldata baten truk egiteko interesa.

Ondorioz, agerikoa da emakume guztion interesak bakoitzaren klase izaeragatik determinatuak daudela; norbanako bakoitzaren beharrak errealitateak ezartzen dituela, alegia. Eta horrenbestean, galderari erantzunez, determinazio sozialak emakume langileon eta burgesen arteko interesak antagoniko bilakatzen dituenez, emakumeak (berau unibertsalki ulertuta) ezin duela sekula subjektu politiko bat eratu. Esandako guzti honekin, beraz, sarreran aipatutako zalantza (ea zergatik den langile klasea genero zapalkuntza gainditzeko potentzialtasuna daukan subjektu bakarra) argitutzat emango dut.

Gauzak hala, emakume langileok maiatzaren 1ean kaleak hartzeak daukan garrantzia azpimarratu nahi nuke: geure borrokak ikustarazteko, geure buruez jabetzeko, geure buruak perspektiba orokorraren baitan kokatzeko… Finean, gure klase interesen aldeko borroka hauspotzeko: iraultza sozialistak esanahia galtzen baitu berau emakumez osatua ez badago. Hots, prozesu honen xedea langileriak bere bizitzaren gaineko erabakitzeko ahalmen erreala edukitzea den momentutik, iraultza sozialistak berak ez duela zentzurik emakume langileok berau garatzeari uko egiten badiogu (izan era kontziente ala inkontzientean).

Egunez egun garatzen ari garen langileon gaitasunak eta boterearen defentsan… maiatzaren lehenean ere Euskal Herriko kaleak hartu behar ditugu!

Komunismoa ipar… GORA EMAKUME LANGILEON BORROKA!
JTK!

3 thoughts on “M1, emakume langileok kalera!

  1. Nere galdera hurrengoa izango litzateke, historiaren ze puntu objetiboan gaude, zein baldintzapean, lan soldatapetuaren desagerpena aldarrikatzeko? Borroka teorikoa zilegia da, baina uste dut borroka pragmatikoa ere beharko lukeela. Aintzat hartu beharko genituzke biak, norabide berdinean baldin badoaz gutxinean..

  2. Oso ongi dago testua, emakumeen zapalkuntzaren desberdintasun kualitatiboak argiki adierazten dira. Praxia falta da Kurgan, baina argi ibili “pragmatismoaren” erreibindikazio etengabearekin. Kritika teorikoa burutzen da honako testuan, praxia artikulatzeko aurretiazko pausoa dena; badu nahikoa lan azken hiruzpalau hamarkadetatik herri mugimenduan botere posizioetan den metafisika post- ari kritikatxoa burutzen, azken honek eskaini dituen hainbat elementu gureganatuz eta beste zenbaiti kritika artikulatuz. Testu honen gaineko kritikak kasu honetan teoriara mugatu beharko luke, diot nik. Azken aldian blog honetan nahikotxo aldiz errepikatu den kontzeptua dela uste badut ere, ongi dago azpimarratzea: langile subjektua kapitalismoan ez da “preexistentea”, ematen dena langileria objektu gisara da, subjektu burges bezala artikulatua. Kapitalak langileria bere buruarentzako artikulatzen du, eta gure zeregina langileria bere buruarentzat artikulatzean datza, alterazio honek bere baitan ekartzen duena gizarte antolamendurako egitura berri baten beharra delarik. Langileriaren antolakuntza ez da nolanahikoa, ez dira gizon langile guztiak aliatuak izanen, komunismoaren antolakuntza gaurdanik eratzen da eta bertan zapalkuntza ororen gaindipenerako baldintzak zaintzea ezinbestekoa da. Botere erlazioak ez dira parekatzen indar harreman kapitalistan, jerarkiak eta indar motorrak daude, “esentzia” nahiago bada, gizartearen konplexutasun osoaren dinamizazioa burutzeko ahalmena duena, dirua bere forma kapitalistan eta honen atzean dagoen klase kontraesana, soldatapeko forma duena. Honekin bukatzea premiazko zeregina dugu beraz.

  3. Testu interesgarria. Egilearentzako hauxe nire galdera: Marxen teoriatik gaur egunera jauzi eginez, zer kontsideratzen duzu gaur langile klasea eta zer burgesia?

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA